Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

5/16 Irizpena

5/16 Irizpena

5/16 IRIZPENA Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzeko Araudia onartzen duen Dekretuaren proiektuari buruz

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2016ko ekainaren 22an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren idatzi bat sartu zen. Bertan, “Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzeko Araudia onartzen duen Dekretuaren proiektua”ri buruzko argibideak eskatu ziren, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko maiatzaren 27ko 8/2012 Legearen 3.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dekretuaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzeko Araudi berria onartzea da, ekainaren 22ko 124/2004 Dekretuak onartutakoa ordezteko; izan ere, onartu zenetik igaro den denbora dela-eta, aurrekoan jasota ez zeuden zenbait egoera daudela ikusi da. Egoera horiek Izatezko Bikoteen Erregistroan eskaerak aurkezteko aukera zailtzen zuten eta, batzuetan, bertan sartzea galarazten zuten. Halaber, inskripzioak egiteko izapideak antolatu eta indartzeko premia ikusi da, Izatezko Bikoteen Erregistroan has daitezkeen prozedurei berme handiagoa emateko, aldi berean segurtasun juridiko handiagoa ekarriz.

Berehala bidali zitzaien agiriaren kopia Batzordearen osoko bilkurako kide guztiei, euren proposamenak eta iritziak igor zitzaten eta haiek dagokion lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu arautegian xedatutakoaren arabera. 2016ko uztailaren 7an Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen, eta hartutako erabakietan oinarrituta, Irizpen Proiektu hau egin da, Batzordearen uztailaren 15eko osoko bilkurari igortzeko. Han aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzeko Araudia onartzen duen Dekretuaren proiektuak Arrazoien azalpena, Araudi berria onartzeko artikulu bakar bat, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen dauzka. Ondoren Izatezko Bikoteen Erregistroaren Araudi berria dakar, zeinak 5 kapitulutan egituratutako 33 artikulu baitauzka.

Lehenik, Arrazoien azalpenak gogorarazi egiten du Izatezko Bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen helburua izatezko bikotea eratzea erabakitzen duten pertsonei aplikatu behar zaien araubide juridikoa arautzea dela. Xede hori betetzeko, legeak berak, 4.1 artikuluaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa sortzen du, organikoki unean haren kudeaketa esleituta duen sailaren mendekoa, izaera administratibokoa eta funtzionamendu deszentralizatukoa.

Jarraian, 4. artikuluak berak Izatezko Bikoteen Erregistroak izan behar duen helburua ezartzen du; zehazki, izatezko bikoteak eratzeko eta azkentzeko eta elkarketako kideek ekonomia eta ondare eraentza arautzeko ezarri ahalko dituzten hitzarmen eta itunen  aitorpenak inskribatzea. Eta, azkenik, haren egitura eta funtzionamendua araudiaren bidez ezarriko dela xedatzen du.

Izatezko Bikoteen Erregistroa Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzeko Araudia onartzen duen ekainaren 22ko 124/2004 Dekretuaren bidez arautu zen. Araudi hori onartu zenetik igarotako denbora dela-eta, ikusi denez, bertan jaso ez ziren zenbait egoera daude eta egoera horiek Izatezko Bikoteen Erregistroan eskaerak aurkezteko aukera zailtzen dute eta, batzuetan, bertan sartzea galarazten dute. Halaber, ikusi denez, inskripzioak egiteko izapideak antolatu eta indartu behar dira, Izatezko Bikoteen Erregistroan has daitezkeen prozedurei berme handiagoa emateko, aldi berean segurtasun juridiko handiagoa ekarriz.

Dekretu honen bidez onartzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzeko Araudi berria bost kapitulutan dago egituratuta.

Lehenengo kapituluaren izenburua (1.-6. artikuluak) “EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroari eta antzeko izaera duten Udal Erregistroekiko koordinazioa” da, eta atal bik osatzen dute. Lehenengo atalean Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroari esleitu zaizkion helburua, antolamendua eta eginkizunak ezartzen dira. Administrazio organo hori, juridikoki, erregistro bakar gisa eratzen da, eta deszentralizazioaren printzipioa aplikatuz, haren kudeaketa izatezko bikoteen arloan eskumena duen Sailaren Lurralde Ordezkaritzen bidez egiten da. Ordezkaritzok hura kudeatzeko eskumena esleitu zaien lurralde historikoetan daude kokatuta. Horretarako, Lurralde Ordezkaritzen beharrezko koordinazioari buruzko berariazko xedapenak aurreikusi dira, baita haiei informazioa emateari eta inskribatzeko eta kudeatzeko prozedurari buruzko jarraibide komunak onartzeari buruzkoak ere; eginkizun horiek guztiak izatezko bikoteen arloko eskumena duen Saileko Zuzendaritzako zuzendariari dagozkio. Azkenik, bigarren atalean, bestalde, Izatezko Bikoteen Erregistroa izatezko bikote edo elkarketen udal erregistroekin koordinatu beharra jaso da.

Bigarren kapitulua, “Eskaerak” (7.-21. artikuluak), bost ataletan egituratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan egin daitezkeen eskaera guztiak arautzen ditu; hala, lehen atalean eskaera mota guztiek dituzten xedapen komunak ezartzen dira. Xedapen horiek zenbait alderdi biltzen dituzte, hala nola eskaerek bete behar dituzten baldintza orokorrak, haiek aurkezteko tokia eta modua, nortasuna frogatzeko modua eta atzerriko agirien baldintzak. Jarraian, bigarren eta bosgarren atalen artea, honako eskaera hauek bete behar dituzten baldintza bereziak lantzen dira: izatezko bikotea eratzeko aitorpena inskribatzeko eskaerak, aurreko inskripzioa ezerezteko eskaerak, izatezko bikotearen ekonomia eta ondare harremanak arautzeko ituna sartzeari edo aldatzeari buruzko eskaerak, eta egintzak eta egitateak nahiz Izatezko Bikoteen Erregistroan sartu diren izatezko bikoteen zein haiek ordezkatzeko zilegitasuna duten pertsonen harremanaren edukiari eragiten dien beste edozein inguruabar edo puntuak agiriz frogatzeko eskaerak.

Hirugarren kapituluak –“Erregistroak jarduteko prozedura komuna” (22.-27. artikuluak)- Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak aurkezten zaizkion eskaerei buruz jarduteko duen prozedura komuna garatzen du, eta eskaera onartzen denetik hura kalifikatu arte bete beharreko izapideak zehazten ditu, izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak eskatutako baldintzak nahiz Dekretu honetan jasotako xedapenak betetzen diren eta, kasuan kasu, eskaerekin batera ematen diren bikotearen ekonomia eta ondare harremanak arautzeko itunetan jasotako eskubideak eta betebeharrak legezkoak diren egiaztatzeko. Hori guztia, hasitako prozedura amaitu aurretik. Azken fase horri dagokionez, eskaerak ebatzi eta jakinarazteko epeari, isiltasunaren ondorioei eta aurkaratzeko bideei buruzko xedapenak ezartzen dira.

Laugarren kapituluaren izenburua (28.-31. artikuluak) “Inskripzioak” da eta izatezko bikote bati buruz Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan egiten diren inskripzioen forma, edukia eta eraginkortasuna jorratzen ditu, baita izatezko bikotea azkentzearen ondorioz hura ezereztea ere, ezereztea eragin duen kasu zehatzaren arabera kontuan hartu behar litzatekeen azkentzeko data zehaztuz. Azkenik, Izatezko Bikoteen Erregistroak edozein unetan, ofizioz nahiz alderdi interesdunek eskatuta, bere egintzetan dauden akats materialak zuzentzeko aukera aurreikusten du.

Azkenik, bosgarren kapituluaren izenburua (32. eta 33. artikuluak) “Erregistroaren publikotasuna” da eta, erregistroaren publikotasunaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak, horretarako zilegitasuna duten pertsonek eta organoek eskatuta, inskripzioen nahiz Erregistroko edukien beste edozein konturen ziurtagiriak egiteko duen aukera arautzen eta zehazten du, baita haietatik nahiz Izatezko Bikoteen Erregistroan aurkeztutako eskaerei buruz hartutako ebazpenetatik euretatik datozen frogatzeko ondorioak ere. Eta, halaber, berariazko xedapenak ezartzen ditu Izatezko Bikoteen Erregistroak izapidetu eta artxibatu egin diren espedienteak zuzenean kontsultatzeko.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzeko Araudia” onartzen duen Dekretua aurkeztu da hari buruzko iritzia eman dezagun. Erregistro hori, egun, ekainaren 22ko 124/2004 Dekretuak arautzen du. Arau hori ordeztua izango da, Erregistroaren eginkizunak hobeto mugatu eta haren funtzionamendua hobetuko duen Araudi berri baten premia hauteman baita. Kontu horiek funtsezkoak dira, bertan inskribatzeak izaera eratzailea duelako izatezko bikoteentzat, Izatezko Bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legea haiei aplikatzeko.

Arau berriak berariaz garatu nahi du Izatezko Bikoteen Erregistroan eska daitekeen prozedura bakoitzaren arauketa –inskripzio, ezereztea, ekonomia eta ondare harremanak arautzeko ituna sartzea eta/edo aldatzea eta egintzak eta egitateak nahiz Erregistroan sartu diren izatezko bikoteen harremanaren edukiari eragiten dien inguruabar edo puntu oro agiriz frogatzeko prozedurak-, baita prozedura bakoitzean egin behar diren izapideak eta haiek gauzatzeko modua zehaztasun handiagoz zehaztu ere.

Hori guztia arauketari segurtasun juridiko handiagoa eman eta egungo araudian dauden hutsuneak ezabatu xedez, positibotzat jotzen dugun helburua.

Aurkeztutako testua aztertuta, gure ustez, Erregistroaren arauketaren hobekuntza berresten da, egun jasota ez dauden egoerak jasoz (hala nola 15. artikuluan genero indarkeriaren biktimen berariazko trataera, bikotea osatzen duen beste pertsonari hura formalki ezeztatzeko erabakia jakinarazi beharra saihestuz), nahiz izatezko bikotea eratu, aldatu edo azkentzeko behar diren baldintzen xehetasunak handituz, zeinak segurtasun juridikoa eransten baitie prozedura horiei. Halaber, izatezko bikotean eraginik ez duten beste batzuk (hala nola seme-alabak aipatzea) desagertu dira, kasu horretan eratorritako eskubideak eta betebeharrak filiaziotik baitatoz.

Bestalde, 2004tik Eusko Jaurlaritzako sailen diseinuan eta eginkizunetan gertatu diren aldaketak direla-eta, egokia dirudi Dekretu berria ere horretara egokitzea, baita sartu duen modernizazioa ere, informazio euskarri bakar euskarri informatikoa ezarriz.

Hori esanda, kontu batzuk deigarriak dira. Zenbait gestio egiteko bertaratzeko eskatzea (12. art.), nortasuna frogatzeko sakontasunarekin batera (8. art.), segurtasun juridiko handiagoa bermatzen badute ere, deigarriak dira Erregistroan erroldatzea frogatzeko baldintza berrietatik begiratuta, egungo arauketan baino askoz murriztaileagoak baitira. Erroldatzea frogatzeko inskribatzeko eskaera aurkezteko egunetik hilabete baino lehenago (epea berez urria izanik) eman diren agiri guztiak baliozkotzat ez hartzeak berak (1. Eranskineko 2. orrialdea) Erregistroaren nolabaiteko ahuleziaren ideia sartzen duela ematen du. Hura egonez gero, hari aurre egiteko sartzen diren elementuek orekatuagoak behar lukete.

Ildo beretik, Erregistroan inskribatzea eskatu aurretik gutxienez urtebetez erroldatuta egoteko baldintza ez dirudi justifikatuta dagoenik, are gutxiago euskal erregistroan inskribatuta ez egotea ordezka lezakeen estatu erregistrorik ez dagoenean.

Azkenik, erabilitako hizkuntza generoaren ikuspuntutik berrikusteko eskatu behar da. Kasu horretan, kontua ez da beste araudi batzuetan bezain formala eta gehiago da funtsezko kontua; izan ere, Dekretu hori aplikatzen den egoera batzuetan (bikotea) maskulinoa ezin da inondik inora generikotzat hartu, haietan ez dagoelako osagai maskulinorik. Arrazoi hori dela-eta, izatezko bikoteari lotutako “los miembros” edo “los componentes” bezalako gaztelerazko esapideen ordez, beste batzuk erabiltzea gomendatzen dugu, hala nola “las personas componentes/integrantes…”.

IV.- GOGOETA ZEHATZAK

Arrazoien azalpena

Gure ustez, Arrazoien azalpenaren lehenengo paragrafoaren ondoren, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legea (2015eko uztailaren 3ko EHAA) aipatu behar litzatekeela, zehazki, haren bigarren xedapen gehigarria, zeinaren bidez Izatezko Bikoteak arautzen dituen martxoaren 7ko 2/2003 Legearen 2. eta 5. artikuluak aldatu baitziren; izan ere, Lege horrek sartutako aldaketek eragin zuzena dute Izatezko Bikoteen Erregistroko inskripzioan5/2015 Legeak sartu eta erregistroaren alderdietarako erabakigarriak diren aldaketak hauek dira:- 2. artikuluaren idazketa berriak hauxe xedatzen du: “Ondorio horietarako, izatezko bikoteak inskribatu ahal izateko, gutxienez kideetako batek izan beharko du euskal auzotasun zibila.”- 5. artikuluaren (Ekonomia eta ondare harremanaren eta eraentzaren arauketa), 2. eta 3. zenbakietan, hauxe xedatzen du:“2. Ezingo da itundu izatezko bikotea aldi baterako eratzea ezta hura baldintzaren baten pean jarri. Administrazio publikoek ez dituzte erregistroan inskribatuko haietako edozein kideren funtsezko eskubideei eta askatasun publikoei eraso egiten dieten itunak.3. Adierazitako itunik ezean lege honetan araututako izatezko bikoteen ekonomia eta ondare eraentza Kode Zibilean ezarritako ondasunen bananketakoa izango da”.  .

9. artikulua. Atzerriko agirien baldintzak

Artikulu horretako 1. artikuluak hau xedatzen du: “aurkezten den atzerriko agiri orok, kasuan kasu, euskara edo gaztelaniara ofizialki itzulita egon beharko du, hori dena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legea deritzon azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 3. eta 6. artikuluetan xedatutakoa betez”.

Hitzez hitz kopiatu den manuak lege bi aipatzen ditu, estatukoa bata eta autonomikoa bestea, aurkezten den atzerriko agiri oro euskara edo gaztelaniara itzulita egoteko baldintza legezkotzat jotzeko. Esan behar da, ordea, aipatu legediak ez duela baldintza hori ezartzen. 39/2015 Legearen 15. artikuluak adierazten duen gauza bakarra da Estatuko Administrazio Nagusiak izapidetutako prozeduren hizkuntza gaztelania izango dela. Autonomia erkidego bateko lurraldean egoitza duten Estatuko Administrazio Nagusiko organoetara jotzen duten interesdunek, ordea, harekin batera ofiziala den hizkuntza ere erabili ahalko dute.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskarari buruzko 10/1982 Legearen 3. eta 6. artikuluek, hurrenez hurren, hauxe xedatzen dute: Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania direla eta herritarrek eskubidea dutela administrazio publikoarekin autonomia erkidegoaren lurralde eremuan dituzten harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eta arreta hautatzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko eskubidea dutela.

Hortaz, esan behar da Araudiak ezarritako betebeharrak ez daukala legezko babesik.

Artikulu horretako 2. zenbakiari dagokionez, ordea, atzerriko agiri publikoak legeztatuta egoteko baldintza arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoaren Legearen (uztailaren 40eko 29/2015 Legea) 56. eta 57. artikuluetan dago babestuta. Eta, segurtasun juridikoko arrazoiengatik, egokia litzateke Lege horretara igortzea.

11. artikulua. Inskribatzeko eskaeren baldintza komunak

Inskribatzeko eskaeren baldintzen artean kontuan hartu behar litzateke bikotea osatzen duten pertsonen auzotasun zibila frogatzea, naziokoak balira (atzerritarrek ez daukate auzotasun zibilik); izan ere, 5/2015 Lege berriak, izatezko bikotearen eraketa eta hura inskribatzea balioduna izateko, bikotea osatzen duten pertsonetako batek euskal auzotasun zibila izateko eskatzen du.

Ikus berriz Izatezko Bikoteak arautzen dituen martxoaren 7ko 2/2003 Legearen 2. eta 5. artikuluak aldatzen dituen Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen bigarren Xedapen Gehigarria. Berariazko lehenengo gogoetan adierazi denez, 2/2003 Legearen 3. artikulu berriko azken paragrafoak xedatzen du izatezko bikoteak inskribatu ahal izateko gutxienez kideetako batek euskal auzotasun zibila izan beharko duela. Hortaz, bikotekideetako baten euskal auzotasun zibila agiriz frogatu beharko den baldintza bihurtzen da.

Baldintza hori beste manu batzuetara zabaldu behar litzateke (18.2, 25.3, 28.3, 30.2 artikuluak). Bestalde, argi dago auzotasun zibila galtzea inskripzioa ezezteko kausa izan daitekeela, Legearen arabera inskribatzeko baldintza bat den heinean.

Baldintza hori Dekretuaren proiektuan sartu diren eskabide-inprimakien ereduetan ere kontuan hartu behar litzateke.

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legeak Izatezko Bikoteen Legean (eta, ondorioz, aztertzen ari garen Dekretuan) duen eraginari dagokionez, eta aipatu kontu formaletatik harago, harritu eta kezkatu egiten gaituzte baldintza batek dituen ondorioek. Izan ere, baldintza horren arabera, Erregistroan sartu ahal izateko gutxienez bikotekide batek izan behar du euskal auzotasun zibila, eta hori muga bat izan daiteke EAEn bizi arren “euskal auzotasun zibil” hori ez duten pertsonen eskubide zibilentzat.

25. artikulua. Bikotea osatzen duten pertsonak bertaratzea

Duen garrantziagatik, egokia litzateke artikulu honetan baldintza hau sartzea: Erregistroko arduradunak ohartarazi behar izatea berariazko itunik edo kapitulaziorik ezean, izatezko bikotearen ekonomia eta ondare eraentza Kode Zibilean ezarritako ondasunen bananketakoa izango dela. Ildo horretatik, ikus arestian aipatu den Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen bigarren Xedapen Gehigarria, zeinak Izatezko Bikotea arautzen dituen 2/2003 Legearen 5. artikulua aldatzen baitu.

Halaber, azpimarratu behar da, duen garrantziagatik, aurreikuspen hori eskabide ereduetara ere eraman behar litzatekeela.

V.- ONDORIOAK

EGABek egokitzat jotzen du “Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzeko Araudia onartzen duen Dekretuaren proiektua”ren izapidetzea, erakunde aholku-emaile honek egindako gogoetekin.

Bilbon, 2016ko uztailaren 15ean

OE     Batzordeburua Idazkari Nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez