Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Irizpena 10/15

Irizpena 10/15

10/15 Irizpena, ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako enpresei diru-laguntza ematea arautzen duen Dekretu Proiektuari dagokiona

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2015eko ekainaren 9an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ingurumen eta Lurralde Politikarako Sailaren idazkia sartu zen eta ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako enpresei diru-laguntza ematea arautzen duen Dekretu Proiektuari buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

 Euskal Autonomia Erkidegoak ingurumenaren arloan dituen aginpideen babesean eta estatuko laguntzen esparruan erkidegoko araudiari oso-osorik errespetatuz, Dekretu Proiektu honek 260/2010 Dekretua, urriaren 19koa, ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako enpresei diru-laguntzak ematen dizkiena, ordezkatzen du. Ildo horri jarraiki,  2014-2020 aldirako energia eta ingurumena babesteko estatuko laguntzei buruz Erkidegoko zuzentarau berriak eta 651/2014 EB Araudia, 2014ko ekainaren 17koa, laguntzen kategoria zehatzak barneko merkatuarekin bateragarriak aitortzen dituena, kontuan hartuta, erregulazioa koherentziaz hornitzen du.

2015eko ekainaren 9an lege-aurreproiektua Batzordeko Oso Bilkurako kide guztiei iritsarazi zitzaien, proposamenak eta iritziak bidaltzeko eta horiek guztiak lan-batzordean, hain zuzen ere, Ekonomia Garapenerako Batzordean landu dira, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak xedatutakoaren arabera.

2015eko ekainaren 22an lan-saioan Ekonomia Garapenerako Batzordea bildu zen, irizpenaren aurreproiektuari buruzko proposamena eztabaidatzeko. Ildo horri eutsiz, 2015eko uztailaren 3an Euskadiko EGABren Osoko Bilkuran lantzeko irizpen-proiektua egitea erabaki zen eta aho batez onartu zen.

II.- EDUKIA

Kontsultatzen den Dekretu Proiektuaren testuak Sarrera, 22 artikulu, Xedapen Iragankor bat, Xedapen Indargabetzaile bakarra eta lau Azken Xedapen ditu.

Sarrera

Zioen Azalpenak enpresei ingurumena babestera bideratutako inbertsioak egin ditzaten diru-laguntzak emateko erregulazioa adierazten duten mugarriak azpimarratzen ditu. Energia eta ingurumena babestearen arloan estatuko laguntzei buruzko Erkidegoko zuzentarau berriek, 2014ko ekainean argitaratutakoek, eta 651/2014 EB Araudiak, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz laguntza-kategoria zehatzak barneko merkatuarekin bateragarriak aitortzen dituenak, 2014ko uztailaren 1etik indarrean dagoenak, 260/2010 Dekretua ordezkatzera eta berria egitera bultzatzen dute.

Diru-laguntzei buruzko programa Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatu ahal izango da 2014-2020 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF Programa Operatiboaren esparruan eta diru-laguntzen onuradunek betebehar gehigarriak izango dituzte.

Xedapen-gorputza

1. artikuluak dekretuaren xedea definitzen du, hain zuzen ere, ingurumena babestera bideratuta, EAEn inbertsioetarako enpresei diru-laguntzak emateko arauak xedatzea, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 EB Araudian zehaztutako baldintza eta mugen barruan.

2. artikuluak Dekretuaren barruan dauden diru-laguntzen eta ingurumenaren arloan aholkularitza-zerbitzuetarako enpresa txiki eta ertainetarako laguntza-lerroen onuradunak definitzen ditu. Halaber, hauta daitezkeen enpresek diru-laguntzak lor ditzaten egoerak azaltzen dira.

3. artikuluak esleipen-prozedurak eta diru-laguntzen zenbatekoak xedatzen ditu, baita horien aldaera desberdinak arautu ere.

4. artikuluak dekretuaren babesean diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioek izan behar dituzten baldintza orokorrak zehazten ditu.

5. artikuluak dekretuan xedatutako laguntzen araubidean diruz lagun daitezkeen lerroak finkatzen ditu.

6. artikuluak diru-laguntzen kostuak definitzen ditu eta ingurumen-helburuak lortzeko beharrezko kostu osagarrietara eta horiek zehaztera mugatuak daude.

7. artikuluak eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa arautzen du.

8. artikuluak ohiko prozeduraren barruan diru-laguntzak esleitzeko irizpideak xedatzen ditu.

9. artikuluak laguntzak eskatzeko eta kontsultatzeko prozeduraren izapideak arautzen ditu. Nolanahi ere, horiek elektronikoak izango dira.

 10. artikuluak dekretuaren laguntza-araubidearen barruan diru-laguntzen eskaerekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa xedatzen du.

11. artikuluak dekretuan aurrez ikusitako laguntzen erakunde eskaintzaileek zenbait baldintza egiaztatzeko modalitateak arautzen ditu.

12. artikuluak aurkeztutako laguntza-eskaeretan hutsak konpontzea arautzen du.

13. artikuluak aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren Aginduz urtero zehaztu behar diren alderdiak xedatzen ditu.

14. artikuluak diru-laguntzak kudeatuko dituen organo arduraduna xedatzen du. Nolanahi ere, aipatu ardura dekretuan aurrez ikusitako laguntza-araudiarekin zerikusia duten eskumenak esleituak dituen zuzendaritzarena izango da.

15. artikuluak IHOBE Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoa dekretuan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko erakunde kolaboratzaile bezala izendatzeko aukera aurrez ikusten du eta egin ditzakeen funtzioak finkatzen ditu.

16. artikuluak dekretuan xedatutako araubidearen babesean diru-laguntzak eskatu ostean balioztapen-epaimahaiaren konposizioa arautzen du, baita horrek deialdiak ebazteko prozedura ere.

17. artikulua diru-laguntzen esleipen-prozedura bakoitzean hartutako ebazpenez arduratzen da eta horien jakinarazpena, argitalpena eta publizitatea arautzen ditu.

18. artikuluak ohiko prozedurarekin bat diruz lagundutako proiektuak egiteko baldintza-agirian jaso behar diren nahitaezko baldintza ekonomiko edo teknikoak arautzen ditu.

19. artikuluak arautzen du nola egiaztatu diruz lagundutako inbertsioa egiaz gauzatu dela eta horren kostua. Gainera, diru-laguntza emateko ebazpenean eta, hala badagokio, baldintzen agirian aurrez ikusitako betebeharrak bete direla ziurtatutako du organo kudeatzaileak. Azkenik, diru-laguntzaren xede den inbertsioa gauzatu dela ziurtatzeko ikuskaritzak egingo dira. Horiek guztiak lantzen ditu artikulu honek.

20. artikulua dekretuak arautzen dituen diru-laguntzen pertsona onuradunen beste betebehar batzuei buruzkoa da.

21. artikuluak diru-laguntzen baldintzak aldatzea eta laguntzak metatzea lantzen ditu.

22. artikuluak xedatutakoaren arabera, diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badira, ikuskaritza egiteko erraztasunak ematen ez badira eta pertsona onuradunari atxikitako eginbeharrak betetzen ez badira, jasotako zenbatekoak gehi dagozkion legezko interesak itzuli beharko dira.

Xedapen iragankorrak dekretu hau indarrean sartu baino lehen emandako laguntzei dagokienez, 260/2010 dekretuaren xedapenak bete behar direla zehazten du.

Xedapen indargabetzaileak ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako inbertsioei diru-laguntzak ematen dizkien 260/2010 Dekretua eta maila bereko edo txikiagoko xedapenak indargabetzen ditu, dekretu honek xedatutakoaren kontrakoak badira.

Lehenengo Azken Xedapenak azaldutakoaren arabera, Batzordearen 651/2014 EB Araudia, laguntzen zenbait kategoria barneko merkatuarekin bateragarriak aitortzen dituena, Parlamentu Europarraren eta Kontseiluaren EB Araudia eta 1/1997 Dekretu Legegilea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunaren Printzipio Antolatzaileei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duena, aplikagarriak dira, dekretu honek aurrez ikusten ez duen guztirako.

Bigarren Azken Xedapenak erkidegoko araudi bereziek erregulatutako sektoreetan dauden enpresei diru-laguntza ematen zaienean, horien irizpideak eta edukiak errespetatu behar dituztela xedatzen du.

Hirugarren Azken Xedapenak Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuari dekretu honen garapen-araudiak egiteko ahalmena ematen dio.

Laugarren Azken Xedapenak dekretu berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean sartzea aurrez ikusten du.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Duela bi hamarkada baino gehiago, euskal ingurumen-politikak diru-laguntzen programak eskaintzen ditu, euskal enpresaren sektorean ingurumen-inbertsioak sustatzeko. Helburua ekoizpen-sistemetan teknologia garbiak sartzea da, baita Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europako ingurumen-politikaren helburuak lortzea eta garapen iraunkorraren ildotik ibilbidea egitea ere. Horretarako, laguntzen dekretuak aldarrikatzeari ekin dio eta horren adibidea da irizpen honek xede duen dekretua; izan ere, diru-laguntzen araubidea oso-osorik zehaztu gabe, urteko deialdien aginduen bitartez osatu eta zehazteko esparrua ezartzen du.

Bereziki, enpresa txiki eta ertainen kasuan, diru-laguntzak baliabideak modu eraginkorragoan erabiliz eta ingurumen-babesari balio ekonomikoa ematearen bitartez enpresek ingurumena gehiago babesteko eta lehiakortasun handiagoa lortzeko inbertsioak egin ditzaten laguntza garrantzitsua dira, are gehiago, krisialdiaren ziklo ekonomikoan, enpresek ingurumena babesteko egindako inbertsioei dagokienez INEren datuak kontuan hartuta, 2008-2012 aldian jaitsi baitira.

Diru-laguntzen programen erreferentzia bikoitza da. Batetik, euskal administrazioaren ingurumen-estrategiek eta -programek gure Autonomia Erkidegoaren konpromisoak modu ebolutiboan eransten dituzte, garapen iraunkorraren bidea lortzeko. Bestetik, aginpideko erkidego-araudiak diru-laguntza hauek estatuko laguntzatzat jotzen ditu eta, beraz, bateraezinak dira barneko merkatuarekin.

Estatuko laguntzen kontrola merkatu bakar europarraren oinarrietako bat da, egiazko lehia eta merkataritza librea babestuz. Horrez gain, enpresa europarrei berdintasunezko baldintzak bermatzen dizkie eta lehiaren baldintzak faltsutu nahiz multzoan lehiakortasuna murrizten duten diru-laguntzekiko baliabidea saihesten du.

Estatuko laguntzen bateraezintasuna, ordea, ez da erabateko debekuaren sinonimoa, eraginkortasunez lagun baitiezaieke interes erkideko helburuak lortzen eta, beraz, Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Hitzarmenak salbuespenezko ustezkoak aurrez ikusten ditu, baldintza zehatzetan estatuko laguntzak onartu ahal izateko.

Puntu honetan Erkidegoko zuzentarauek eta kategorien araberako salbuespenezko araudiek funtsezko zeregina dute, estatuko laguntza barneko merkatuarekin bateragarria aitortzen al den zehazteko orduan, Batzorde Europarrak erabilitako irizpideak adierazi eta argitaratzen baitituzte. Halaber, aldez aurretik baimenik izan gabe, barneko merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoriak zehazten dituzte. Hala, arloari gardentasuna, aurreikuspena eta lege-segurtasuna eskaintzen dizkiote.

Testuinguru honetan, urriaren 19ko 206/2010 Dekretuari jarraiki, ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako diru-laguntzen egungo euskal erregulazioaren oinarrietan aldaketa garrantzitsuak izan dira. Ez du Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Sailak bakarrik ingurumen-politikaren eremuan etapa berria hasten, 2020rako ingurumen-esparru programa berria onartuta. Nolanahi ere, 2014ko ekainean Batzorde Europarrak energia eta ingurumena babestearen arloan estatuko laguntzei buruz Erkidegoaren zuzentarau berriak onartu zituen eta 2014ko uztailaren 1ean indarrean sartu zen 651/2014 EB Araudia, laguntzen kategoria zehatzak barneko merkatuarekin bateragarriak aitortzen dituena. Egoera horietan ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako diru-laguntzak emateari buruzko euskal araudia berraztertzea ezinbestekoa eta oso garrantzitsua da, bai diru-laguntzak emateko gure araudiaren eta arloan erkidegoaren irizpide aplikagarrien arteko adostasunik ezak diru-laguntzetarako eta onuradunentzat ondorio negatiboak izan baititzake, bai irizpide berriek eta araudiak diruz lagun baititzakete egun euskal araudiak aurrez ikusten ez dituen proiektuak, enpresetarako eta EAEko ingurumena babesteko onuragarriak.

Ondorioz, Euskadiko EGABk ingurumena babestearen arloan enpresa-inbertsioetarako diru-laguntzak arautzen dituen dekretu berria egitearekin Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Sailak izan duen arau-ekimena positibotzat eta beharrezkotzat jotzen du. Modu horretan, halako diru-laguntzak emateko araubidea estatuko laguntzen Erkidegoko balioztapen- eta kontrol-irizpideen edukiari moldatzen zaio. Horiek 2014-2020 aldirako energia eta ingurumena babestearen arloan eskatutako laguntzei buruzko zuzentarau berrietan eta 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Araudian, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz laguntzen kategoria zehatzak barneko merkatuarekin bateragarriak aitortzen dituenean, daude.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

2. artikulua. 1. atala.- Pertsona onuradunak

Enpresa txiki eta ertainek ingurumenaren arloan aholkularitza-zerbitzuak finantzatzeko laguntza-lerroa gordeta dute, beraz, aipatutakoen definizioa Batzordearen 2003/361/EB Gomendioak, 2003ko maiatzaren 6koak, mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainei buruzkoak (2003-5-20ko L Aldizkari Ofiziala), xedatutakoa da. Ildo horri eutsiz, Erkidegoaren egintzak halako laguntza-moten pertsona onuradunak zehazteko garrantzia duenez, orriaren oinean aipamen osoarekin, aldizkari ofizialarena barne, adieraztea iradoki dugu. Hala, interesdunak erraz aurkitu ahal izango du.

2.1. art.- “Ingurumenaren arloan aholkularitza-zerbitzuak izan ditzaten enpresa txiki eta ertainetarako laguntzen lerroa lortzeko, pertsona eskatzaileak enpresa txiki edo ertaina izatea beharrezkoa izango da Batzordearen 2003/361/EBCE Gomendioak, 2003ko maiatzaren 6koak, mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoak, xedatutakoarekin bat”.

5. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen lerroak

1.- 1. eta 2. ataletan aipatutakoaren arabera, dekretuaren araubide-esparruan laguntzak eman dakizkie EBn ingurumena babesteko arauetatik urrunago joatea ahalbidetzen duten inbertsioei, baita Batasunak araurik izan ezean, ingurumenaren babes-maila areagotzen dutenei eta Batasunaren etorkizuneko arauetara aldez aurretik moldatzen direnei ere. Testuinguru honetan, nahiz eta oraindik indarrean ez egon, jada Batasunak hartu dituen arauetara enpresak moldatzeko egin behar dituzten inbertsioak baztertzen direla berariaz aipatzea erabilgarritzat jotzen dugu, 651/2014 (EB) Araudiak, 2014ko ekainaren 17koak, 36.3. artikuluan xedatzen duen bezala. Hala, mota horretako inbertsioekiko dekretuaren egungo idazkerak izan dezakeen edozein zalantza desagertuko da eta dekretuaren esparruan aurrez ikusten diren diru-laguntzen izaerari buruzko nahasteak saihestuko dira.

 5.1. art.- “Ingurumena babestearen arloan Batasunaren arauetatik urrunago joatea ahalbidetzen duten inbertsioetarako laguntzak edo, bestela, Batasunak araurik izan ezean, ingurumenaren babes-maila areagotzen dutenak, enpresak indarrean ez egon arren, jada Batasunak onartu dituen arauei moldatzeko egindako inbertsioak kanpo”.

2.- Xedapen honek jaso ostean, diruz lagun daitezkeen beste lerro berezi batzuei dagokienez, ingurumen-azterlanetarako laguntzei eta enpresa txiki nahiz ertainentzat ingurumenaren arloan aholkularitza-zerbitzuetarako laguntzei buruzko hausnarketa egin nahiko genuke.

Diruz lagun daitezkeen bi lerro-mota horiek 5. artikuluan jasotzen diren gainerakoetatik bereizten dira, berez ingurumena babesteko inbertsiorik ez diren proiektuetarako diru-laguntzak jasotzen baitira. Horrez gain, amaitu ostean, ez da betiere ingurumen-inbertsioa egin behar, beraz, zalantza sor dezake ingurumenaren egoeran duen egiazko eraginez eta kostu/efektu erlazioez.

Ildo horri jarraiki, halako laguntza-motak enpresa txiki eta ertainak ingurumena hobetzera bideratutako kulturan sartzeko orduan ezinbesteko tresna bihurtu dira. Nolanahi ere, enpresa handiek ingurumenaren beharrak eta nahiak diagnostikatzeko berezko baliabideak dituzte, baina enpresa txiki eta ertainek lan horretan nahasteko ez dute barneko bitartekorik, ezta ahalmenik ere. Horrelako laguntza-motari esker, enpresa txikiak eta ertainak ingurumenaren ikuspegitik sentsibilizatzeko aurrerapen nabarmenak izan dira, ingurumenaren aldagaia lantzeko zailtasunak izan arren. Aurrekoa modu horretan izanik, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailari diruz lagun daitezkeen lerro horien proiektuak bereziki ebalua ditzan planteatzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Horrek diruz lagun daitezkeen proiektu-mota hauen kontrola hobetzeaz gain, halako azterlan- eta aholkularitza-moten emaitzei buruzko informazioa egongo da eta, bide batez, enpresa txiki eta ertainetarantz euskal ingurumen-politika orientatzea ahalbidetuko du.

8. artikulua.- Esleipen-irizpideak

Xedapen honek hainbat irizpide aipatzen du eta xedapenak dioen modura, besteak beste, diru-laguntzak emateko esleipen-irizpide bezala kontuan hartuko dira ohiko prozeduraren barruan.

Lehenik eta behin, diru-laguntzak emateko orduan irizpide horiek zehatz-mehatz ez aipatzeari eta “beste esleipen-irizpide batzuk” aplikatzeko atea irekia uzteari buruzko gogoeta egin behar dugu. Lege-segurtasunaren arrazoiei jarraiki, laguntza-deialdietan proiektuak kuantifikatu edota horiei laguntzak emateko esleipen-irizpideen zerrendaketak zehatza izan behar du eta deialdiak egin baino lehen dekretu esparruan finkatua egongo da. Izan ere, deialdi zehatzak estaltzeko aginduak egiten dituenean ez dira Sailaren aukeramenera utziko. Dekretu esparruaren zeregina da, hain zuzen ere, funtsezko esparru arautzailea zehaztea eta horretara moldatu beharko dute deialdiek; beraz, horrek esleipen-irizpideak ezin hobeki definituko ditu.

Bigarrenez, laguntzak emateko sektorearen araudian gizarte-irizpideen tratamenduari buruzko gogoeta egin nahi dugu. Aztertzen ari garen ingurumena babesteko laguntzen dekretuari dagokion kasu zehatzean, esleipen-irizpideen zerrendak h) klausulan langileak kudeatzeko orduan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun-plana izatea, “emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako erakunde kolaboratzaile” bezala onartua egotea edo emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunera bideratutako politikak edo jarduerak garatzean ibilbidea izatea eskatzen du; bien bitartean, gainerako irizpideak ingurumenaren arloan enpresek betetzen al duten eta ingurumena hobetzeko beren ahalegin ekonomikoa eta berriztatzailea balioztatzeari mugatzen dira.

Jakitun gara laguntzak emateko orduan esleipen-irizpide bezala egituratuz eremu zehatzek tratu-berdintasuna zeharka sustatu nahi dutela eta aztertzen ari garen dekretuan bere isla izan duela, baina zalantza ondorengoa da: zergatik ematen zaio lehentasunezko tratamendua berdintasunari eta ez gizarte-interesa izan dezaketen beste alderdi batzuei, besteak beste, lan-arriskuak prebenitzeari, gazteen enplegua sustatzeari edo dekretu honetan aipatzen ez den beste askori? Bestetik, jakitun gara eremu jakinek zalantzan jartzen dutela diru-laguntzen dekretu desberdinak diru-laguntzen ekintzaren xedearekin zerikusirik ez duten gaiak zeharka sustatzeko erabiltzearen onura.

Horregatik, gure iritziz EAEk gizarte-irizpideak erabiltzeari buruzko hausnarketa orokorra egin beharko luke eta bertatik gidalerro argiak atera beharko lituzke: diru-laguntzen arau sektorialei zer ustezkotan aplikatu behar zaizkie eta nola sar daitezke edo erantsi behar dira? Gidalerro orokor horiek ez daudenez, diru-laguntzen arau sektorial bakoitzean tratamendu zatitua eta ausazkoa eskaintzen ari zaie eta, ondorioz, gizarte-irizpideek tratamendu desberdina dute, guztiek herri-aginteen aldetik bultzada bera izatea merezi dutenean. Gainera, laguntzaren beraren helburua, lantzen ari garen kasu zehatz honetan ingurumena sustatzea, hutsaltzen da, berez gizartean biziki sustatu behar denean eta enpresetan, bereziki, txikienetan hain beharrezkoa suertatzen denean.

Azkenik, f) klausulan pertsona juridiko eskatzaileek enpresa txiki edo ertainaren baldintza egiaztatu behar dute eta 5.6. artikuluan aurrez ikusitako diru-laguntzen lerro zehatza, ingurumenaren arloan enpresa txiki eta ertainei aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeari buruzkoa, lortzeko baldintza da. Hori kontuan hartuta, baldintza denez, 11. artikuluan agertu beharko litzateke eta ez 8. artikuluan, esleipen-irizpideei baitagokie.

 9. artikulua.- Izapidetze elektronikoa

 Diru-laguntza hauek aurkeztu eta justifikatzeko orduan izapidetze telematikoa sartzea positiboa iruditzen zaigu, beharrezko administrazio- eta prozedura-sinplifikazioan lagun dezakeelakoan baikaude Praktikan administrazio- eta prozedura-sinplifikazioa eraginkortasunez gauzatzeko, egokia iruditzen zaigu honako iradokizuna: betiere ahal denean, dauden aplikazio telematikoak erabili eta optimizatzea, ingurumenaren arloan behar bezala funtzionatzen ari badira eta administrazioaren aurrean ingurumen-gaietan ardura duten erabiltzaile gehienek (enpresa gehienetako teknikariek eta kudeatzaileek) jada ezagutzen badituzte. Ahal den neurrian, arloan dauden tresnak ezagutzen dituztenak tresna berrietara berriz ez hurbiltzea du helburu, praktikan laguntzekin zerikusia duten administrazio-izapideak osatzean izapidetze elektronikoak eskain ditzakeen ahalegina eta denbora arintzea zapuztuko bailitzateke.

Argudiatutakoaren ildotik, 9. artikuluak izapidetze elektronikoak erantzuten duen administrazio-sinplifikazioaren helburua berariaz aipatzea proposatzen dugu. Halaber, administrazioa izapidetze elektroniko xumea eta sinplifikatua erabiltzailearen eskura jartzen saiatzearen edo, gutxienez, izapidetze elektroniko sinple eta optimizatua bilatzearen ideia azaldu beharko litzateke.

 Horregatik, hurrengo aldaketa proposatzen da:

9.1. art.- Pertsona onuradun interesdunek, administrazio- eta prozedura-sinplifikazioan aurrera egiteko, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz erraz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte.

20. artikulua.- Pertsona onuradunen beste betebehar batzuk

Xedapen honek dekretuak arautzen dituen diru-laguntzen pertsona onuradunek bete behar dituzten eginbeharrak xedatzen ditu. Ondorioz, eskakizun horiek arauak ezartzen dizkie jada diru-laguntzaren eskatze- eta esleipen-prozesua gainditu duten horiei. Beraz, zegokion unean jada gainditu zituzten laguntzak lortu ahal izateko dekretuak eskatutako baldintza guztiak. Testuinguru honetan, j) klausulan jasotzen den betebeharra, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunari buruzkoak, 2.3. artikuluan xedatutakoa bete dadin, alegia, sartzea teknikoki ez da zuzena, bete behar diren legezko betebeharren eremuari baitagokio. Ildo horri jarraiki, 11.4.d) artikuluak onuradunak zentzu horretan zinpeko aitorpena egitea aurrez ikusten du.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABren iritziz ingurumena babestera bideratutako inbertsioetarako enpresei diru-laguntzak ematea arautzen duen Dekretu Proiektua izapidetzea egokia da, irizpen honetan egindako oharrekin.

 

Bilbon, 2015eko uztailaren 3an

 

 

O.E. Presidentea  Idazkari Nagusia
 Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez