Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 2/16

Irizpena 2/16

2/16 Irizpena,Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoari eta Enplegurako Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistroari buruzko Dekretu Proiektuari dagokiona

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2016ko urtarrilaren 14an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazkia sartu zen eta Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoari eta Enplegurako Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistroari buruzko Dekretu Proiektuaren txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

“Arauaren xedea Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoa eta Enplegurako Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistroa sortzea da”.

Horren kopia berehala bidali zitzaien Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak egin eta iritziak emateko, baita lan-batzorde egokian lantzeko ere, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari dagokion Funtzionamendu Araudiak xedatutakoarekin bat.

Garapen Ekonomikorako Batzordea 2016ko urtarrilaren 25ean bildu zen, Irizpen Aurreproiektuaren proposamena eztabaidatzeko. 25ean bertan honako Irizpen Proiektua onartu zen Euskadiko EGABren Osoko Bilkurak 2016ko urtarrilaren 29an lantzeko. Aho batez/ onartu zen.

II.- EDUKIA

Dekretu Proiektuaren testuak zioen azalpena, 10 artikulu, Xedapen Gehigarri bakarra eta bi Azken Xedapen ditu.

Zioen azalpena

Horretan aipatutakoaren arabera, lan-administrazio aginpidedunek enplegurako prestakuntza profesional zabal, malgu, ireki, iraunkor eta irisgarriaren eskaintza bermatu behar dute, bai modularra, profesionaltasunaren ziurtagiriak lortzeko, baita lanerako eremuak eta langileen prestakuntza nahiz trebakuntzarako behar bereziak estaltzen dituen prestakuntza-eskaintza ere, oraindik profesionaltasunaren ziurtagiria ez izan arren.

Xede horiez duela gutxi Estatuan arauen sintesia onartu da eta gure Autonomia Erkidegoan zuzeneko eragina dute, EAEri lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide heziketaren eremuan lan-legeria gauzatzeari buruzko arloan funtzioak eta zerbitzuak transferitu ondoren. Ordura arte Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiten zuen.

Testuinguru honetan hurrengoak aipatzen dira:

  • 30/2015 Legea, irailaren 9koa, lanaren eremuan enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema arautzen duena (20. artikulua).
  • 3/2015 Errege Dekretu Legegilea, urriaren 23koa, Enpleguari buruzko Legearen testu bateratua onartzen duena (40. artikulua).
  • 30/2015 Legeak, irailaren 9koak, eta araubidezko araudi aplikagarriak xedatutakoarekin bat, enplegurako lanbide heziketa irakatsi ahal izateko, prestakuntza-erakundeek ziurtatuak edota administrazio eskudunak gaitutako erregistroan inskribatuak egon behar dute. Ildo horri jarraiki, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Prestakuntza Erakundeei buruzko Estatuko Erregistroa garatu eta modu iraunkorrean eguneratua mantenduko du. Gainera, datuen egitura erkidearekin, erkidegoetako erregistroekin koordinatua egongo da.
  • 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasunaren ziurtagiriak arautzen dituena.

a

Azaldutako guztiaren babesean, dekretu-proiektuaren helburua enplegurako prestakuntzaren kalitatea egiaztatzen duten funtsezko bi tresna sortzea da:

  • Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoa, EAEren lurralde-eremuan garatu behar diren prestakuntza-ekintzak eta prestakuntza-planak programa daitezen oinarritzat hartuko diren prestakuntza-espezialitateak identifikatu eta definitzeko.
  • Prestakuntza Erakundeei buruzko Euskal Erregistroa; horren bitartez prestakuntza erakundeak (publikoak eta pribatuak) ziurtatzeari edota inskribatzeari ekingo zaio, EAEn enplegurako prestakuntza irakasten badute.

Xedapen-gorputza

1. artikuluak Dekretuaren xedea jasotzen du, hain zuzen ere, bi tresna horiek sortzea: Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoa eta Enplegurako Prestakuntza Erakundeei buruzko Euskal Erregistroa. Halaber, arauaren aplikazio-eremua (EAE) xedatzen da.

2. artikuluak artikuluetan zehar erabiltzen den hainbat terminoren definizioa jasotzen du. Zehatz-mehatz esanda ondorengoak: prestakuntza-espezialitatea, prestakuntza-erakundea, erakunde ziurtatua eta inskribatutako erakundea.

3. artikuluan Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoaren xedea arautzen da.

4. artikuluak Katalogo hori Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikitzen dio eta kudeatzez nahiz eguneratzez arduratuko den organoa enplegurako prestakuntzaren arloan zuzendaritza aginpideduna izango da. Era berean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Prestakuntza eta Espezialitateen Katalogoarekin koordinatzearen erantzukizuna izango du.

5. artikuluan, batetik, prestakuntza-espezialitateen tipologia arautu eta, bestetik, enplegurako lanbide heziketaren arloan sail aginpideduneko titularraren aginduz dekretua garatzea aurrez ikusten da. Aurrekoaren harira, katalogoan prestakuntza-espezialitateak sartzeko, aldatzeko eta deuseztatzeko irizpideak eta prozedura zehaztuko dira.

6. artikuluan orokorrean katalogoaren edukia xedatzen da eta Lanbideko zuzendari nagusiari ondoren prestakuntza-espezialitate bakoitzak izango dituen datu zehatzak zehaztea uzten zaio. Era berean, euskarri informatikoak instalatzea, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin koordinatzea eta Lanbideren web orrian edukiari publizitatea ematea aurrez ikusten dira.

7. artikuluan Prestakuntza Erakundeei buruzko Erregistroaren edukia, izaera eta atxikipena arautzen dira.

8. artikuluak Erregistroaren funtzio nagusiak jasotzen ditu eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez antolaketa eta funtzionamendua zehaztea aurrez ikusten du.

9. artikuluan Erregistroaren edukia arautzen da eta Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez zehaztuko da. Hala eta guztiz ere, Prestakuntza Erakundeei buruzko Estatuko Erregistroarekin datu-egitura erkidea mantenduko du. Euskarri informatikoan instalatzea eta Lanbideren web orrian publizitatea ematea aurrez ikusia dago. Horrez gain, aginduaren bidez prestakuntza-erakundeak ziurtatu edota inskribatzeko baldintzak eta prozedura garatuko dira eta sail aginpidedunak hezkuntzaren arloan baimendutako zentro publiko eta pribatuei baztertuko zaie. Hala, berariaz jasotzen dira Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak aginpideak atxikiak dituen ustezkoak.

10. artikuluan prestakuntza-erakundeek izango dituzten kalitate-kontrolak eta ikuskaritzak aurrez ikusten dira.

Xedapen Gehigarria Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistroaren eta Estatuko Erregistroaren arteko elkarrekiko konexioari buruzkoa da. Ildo horri eutsiz, berariaz jasotzen da lehenengoan datuak sartu edo aldatuz gero, bigarrena berehala eguneratuko dela.

Amaitzeko, Azkeneko Xedapenek Dekretua garatu eta gauzatzeko xedapenak egin daitezen aginpidea eta indarrean sartzea arautzen dute.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Arauaren aukera eta justifikazioari buruz

Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogo eta Enplegurako Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistroari buruzko Dekretu Proiektua aurkeztu zaigu, guk gure iritzia eman dezagun. Arauari dagokion Zioen Azalpenean adierazten den bezala, bi tresna horiek funtsezkoak dira Euskadiko prestakuntza-erakunde guztien kalitatea bermatzeko. Ildo horri jarraiki, instalazioak, ekipamenduak eta giza baliabideak kontuan hartuko dira, prestakuntza guztia eduki estandarizatuekin eta administrazioak aldez aurretik onartutakoekin eskaintzeaz gain.

Aurrekoaren harira, honakoa adierazi behar da: xede bereko proiektuaren, baina onartu ez zenaren, inguruan Batzorde honek 2013ko maiatzaren 29an irizpena (2/2013 Irizpena) egin zuela. Bai hark, bai lantzen ari garen honek Batzordearen balioztapen positiboa izan dute, enplegurako lanbide heziketan hobeto jarduteari begira, oinarrizkoak eta funtsezkoak diren bi tresna araubidez garatzeko esparrua eskaintzen baitute.

Bertatik abiatuta, 30/2015 Legea, irailaren 9koa, eta 3/2015 Errege Dekretu Legegilea, urriaren 23koa, onartu ostean, dekretu-proiektu hau izapidetzea oraindik premiazkoagoa dela jakitun izan behar dugu. Hona hemen arrazoiak:

  • Irailaren 9ko 30/2015 Legeak 15. artikuluan xedatutakoaren babesean, enplegurako lanbide heziketa irakasteko, administrazio aginpidedunak erregistroa gaitu ondoren, prestakuntza erakundeek ziurtatuak edota inskribatuak egon behar dute. Horrez gain, aipatu legeak xedatutakoari jarraiki, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak garatu eta etengabe mantenduko du eguneratua Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroa. Datuen egitura erkidearen bitartez, erkidegoetako erregistroekin koordinatua egongo da.
  • 3/2015 Errege Dekretu Legegileak, urriaren 23koak, Enpleguari buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duenak, 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, herri-administrazio aginpidedunek prestakuntza-erakunde publiko eta pribatuen sarea mantentzea sustatuko dute eta zentro propioekin batera, kalitatezko enplegurako prestakuntza-eskaintza iraunkorra bermatuko dute.

Araua garatzeari buruz

Araua bi tresnen oinarrizko alderdiak sortu eta arautzera mugatzen da eta ondoren garatzeko uzten ditu eduki bereziak eta Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogora prestakuntza-espezialitateak nahiz Enplegurako Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistrora prestakuntza-erakundeak sartzeko baldintzak eta prozedurak (5.3., 6.1., 9. artikuluak 9. eta 4. atalak).

Edukiak zehazteko orduan, gure iritziz oso egokia da sailburuaren agindura edo Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenera bideratzea, kudeaketa arinagoa eta malguagoa izango baita eta errealitate berriaren beharretara azkarrago moldatuko baita ere bai. Izan ere, alderdi horiek enplegurako prestakuntzaren eremuan oso garrantzitsuak eta erabakigarriak dira.

Hala eta guztiz ere, hurrengoa azaldu behar dugu: 2/2013 Irizpenean jada adierazitakoarekin bat, EAEri politika aktiboak transferitu zitzaizkionetik bi urte eta erdi igaro ondoren, “halako tresnak arautzeko atzerapena nabarmena zela eta, ondorioz, kudeatzeko orduan eragozpenak zeudela”. Gaur egun atzerapena oraindik handiagoa da.

Horregatik, komenigarritzat jotzen dugu kasu bakoitzean erakunde aginpidedunak arau honek agintzen dizkien garapen-ebazpenak egiten ez atzeratzea. Hala, 5.3. (prestakuntza-espezialitate berriak sartu eta jada existitzen direnak aldatu edo deuseztatzeari buruzkoa), 6.1. (Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoan prestakuntza-espezialitate bakoitzeko sartu behar diren datuak) eta 9. artikuluetan, azkeneko kasuan 1. eta 4. ataletan (Prestakuntza Espezialitateen Euskal Erregistroaren edukia eta erregistroan ziurtatu edota inskribatzeko baldintzak nahiz prozedura) ebazpenak egiteko gehieneko epea zehaztu beharko litzateke.

30/2015 Legeko 9.3 IV artikuluan jasotako aukerari buruz

Dekretua egiteko prozeduraren txostenean Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren ekarpenak jasotzen dira. Proposamen asko Lanbidek onartu ditu, baina 30/2015 Legearen 9.3. artikuluko IV. artikuluari dagozkion ildo nagusietan jasotzen den aukerari buruzko azterketa eta eztabaida atzeratu egiten da eta hala dio:

Jarduera profesional zehatzetan jarduteko gaitze-prestakuntza irakas dezaten beste administrazio batzuek homologatutako erakundeak inskribatutzat edo ziurtatutzat joko dira”.

Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren proposamen berean azpimarratu nahi dugu: gure ustez egokia da Enplegurako Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistroaren konfigurazioan jarduera zehatzetan aritzeko gaitze-prestakuntza irakasten duten erakunde guztiak sartzea, beste administrazio batzuek homologatu badituzte.

Erregistroa eratzearen oinarrizko helburua prestakuntza eskaintzen duten erakundeei buruzko informazioa bateratu eta zentralizatzea da. Helburu hori ez da beteko baimen profesionalak izenekoak lortzeko prestakuntza irakasten duten guztiak kanpoan gelditzen badira.

IV.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABren iritziz Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogo eta Enplegurako Prestakuntza Erakundeen Euskal Erregistroari buruzko Dekretu Proiektua izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetak kontuan hartuta.

 

Bilbon, 2016ko urtarrilaren 29an

A

O.E. Batzordeburua Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez