Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

7/16 Irizpena

7/16 Irizpena

7/16 Irizpena, krisian dauden enpresak berregituratzeari eta horiei bultzada berria emateari bideratutako laguntzak ezartzen dituen 158/2014 Dekretua, uztailaren 29koa, indargabetzen duen dekretu proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2016ko ekainaren 28an, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren idazkia sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordera, krisian dauden enpresak berregituratzeari eta horiei bultzada berria emateari bideratutako laguntzak ezartzen dituen 158/2014 Dekretua, uztailaren 29koa, indargabetzen duen dekretu proiektuari buruzko txostena eskatuz, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aipatu dekretu proiektuak krisian dauden enpresak berregituratzeari eta horiei bultzada berria emateari bideratutako laguntzak ezartzen dituen 158/2014 Dekretua, uztailaren 29koa, indargabetzen du, Europako Batzordeak baimendutako estatuko laguntzak, aipatu dekretuan ezarritakoak, 2015eko abenduaren 31n iraungi ondoren eta krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko komunitate-ildoek (DOUE 2004/C 244/02) jasandako aldaketaren aurrean, horren parametroen pean eman baitzen aipatu baimena.

Ekainaren 28an, legearen aurreproiektua eman zitzaien Kontseiluko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bidal zitzaten, eta horiek Lan Batzorde egokiari, hots, Ekonomiaren Garapen Batzordeari helarazte aldera, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamendu-araudian ezarritakoarekin bat eginez. Ekonomiaren Garapen Batzordea lan-saioan elkartu zen 2016ko uztailaren 11n, irizpenaren aurreproiektu-proposamena eztabaidatze aldera, eta irizpenaren proiektu-proposamena egitea hitzartu zuen. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko Osoko Bilkurara igo zen hori, 2016ko uztailaren 15ean, eta aho batez onartu zen.

II.- EDUKIA

Aipatu legearen aurreproiektuaren testuak hitzaurre bat, artikulu bakarra, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat dauzka.

Hitzaurrea

Dekretu proiektuaren hitzaurreak indargabetu nahi den 158/2014 Dekretuaren kokapenaz dihardu, promulgatu zirenean indarrean zeuden eta krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko komunitate-ildoei (DOUE 2004/C 244/02) dagokienez, eta Europako Batzordeak 2015eko abenduaren 31ra arte 158/2014 Dekretuan ezarritako laguntzei emandako baimenari dagokionez.

Gorputz xedatzailea

Krisian dauden enpresak berregituratzeari eta horiei bultzada berria emateari bideratutako laguntzak ezartzen dituen 158/2014 Dekretua, uztailaren 29koa, indargabetzea ezarri du artikulu bakarrak.

Xedapen iragankorrak aurreikusi du indargabetzen den araudiaren arabera izapidetutako espedienteak horren mende egongo direla amaitzen diren artean.

Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean jarriko dela ezartzen du azken xedapenak.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Aztertzen ari garen dekretu proiektuaren xedea krisian dauden enpresak berregituratzeari eta horiei bultzada berria emateari bideratutako laguntzak ezartzen dituen 158/2014 Dekretua, uztailaren 29koa, indargabetzea da. 2014-2016ko Industrializazio Planeko Bideratu Berria programan aurreikusi ziren enpresa horiek.

2000. urtekoak dira aipatu laguntzak. Orduan industria gaietan eskumena zuen sailak, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, alegia, enpresak sendotzeko finantza-tresnak ezartzeko ekimena abiarazi zuen. Izan ere, produktua eta merkatua edukita lehiakorrak izan zitezkeen arren, aurkako egoeraren ondorioak jasaten ari ziren enpresa horiek, edo, lehiakorrak izan arren, epe ertainera eta luzerako bideragarritasun-aukerak baldintzatzen zituzten finantza-desorekak zeuzkaten. Bideratu programaren pean, horrek zehaztu baitzuen aipatu ekimena sailaren egintzan, eta abenduaren 26ko 300/2000 Dekretuaren pean (krisian dauden enpresak berregituratzeko eta horiei bultzada berria emateko laguntzak esleitzeko araudia ezartzekoan), bai eta 2014an horiek ordezkatu zituzten tresnen pean ere, hau da, Bideratu Berria programaren eta 158/2014 Dekretuaren pean, 2001. urtearen eta 2015. urtearen artean urtero esleitu dira laguntza horiek, zailtasun egoera jakinetan zeuden enpresa txiki eta ertainei industria eta finantzaketa berregituratzeko eta horiei bultzada berria emateko neurriak hartzeko aukera emanez, beren bideragarritasuna epe ertainera eta epe luzera berrezartzea ahalbidetzeko xedez.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila 158/2014 Dekretua indargabetzera eraman duten arrazoiak argiago ikusten dira 158/2014 Dekretua indargabetu duen dekretu proiektuari erantsitako dokumentazioan dekretu proiektuaren beraren hitzaurrean baino. Arrazoi horietan, Europako Batzordeak 158/2014 Dekretuan ezarritako laguntzak esleitzeko eman zuen baimena 2015eko abenduaren 31n amaitu izana eta, ildoen testu berria 2014ko uztailean indarrean jartzearekin, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko komunitate-ildoen indarraldia amaitu izana aipatu da. Ildo horiek izan ziren lehen aipatutako 158/2014 Dekretuko laguntzen baimena emateko oinarria.

Europar Batasunean, enpresei funts publikoen bidez emandako laguntzak lehiakortasunari buruzko komunitate-arauekin bateraezinak diren estatuko laguntzak izan daitezke, eta Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunak eta hortik eratorritako legediak debeka ditzake; hortaz, estatuko laguntzak kontrol-araubidearen mende daude eta, ondorioz, Europar Batasunari jakinarazpena egitera behartuta daude eta baldintzak jaso ditzakete nahitaezko baimena eskuratu aurretik.

Hala ere, Europako barne merkataritzarekiko bateraezintasuna eta estatuko laguntzen debekua ez da zertan absolutua izan, izan ere, laguntza horiek interes komuneko xedeak lortzen lagundu dezakete, lehiakortasun-baldintzen gaineko ondorio kaltegarria gaindituz, eta, beraz, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunak salbuespenezko egoerak eta mekanismoak aurreikusi ditu kasuak eta baldintzak zehazteko, eta, horietan, estatuko laguntzak bateragarriak izan daitezke barne merkatuarekin eta, beraz, horien ezarpena baimendu daiteke.

Puntu horretan, laguntza ezberdinei buruzko komunitate-ildoak giltzarria dira, azaleratu eta publiko egiten baititu estatuko laguntza bat barne merkatuarekin bateragarria den ala ez adierazteko orduan eta baimena jaso dezakeen ala ez zehazteko orduan Europar Batasunak ezartzen dituen analisi-irizpideak, gardentasunerako, aurreikusteko modukoa izateko eta segurtasun juridikorako beharrezko elementuak emanez gai horri.

Gauzak horrela, halabeharrez indargabetu behar da 158/2014 Dekretua, Europako Batzordeak 2015eko abenduaren 31n kendu baitio baimena horrek ezartzen duen laguntzen araudiari. Era berean, laguntzen araubide horrek ezin dezake beste baimenik eskuratu, ez baitago indarrean dauden komunitate-ildoei helduta, komunitate-ildo horiek ordezkatu dituztenei baizik. Bestalde, barne mailako segurtasun juridikoa dela-eta, saihestu egin behar da enpresek indarrean dauden laguntzatzat jotzea lehiakortasunari buruzko europar arauen arabera 2015eko abenduaren 31tik egingarriak ez diren laguntza batzuk.

Adierazi dugun bezalaxe, halabeharrezkoa eta beharrezkoa izaki 158/2014 Dekretua indargabetzea, hainbat galdera sortu zaizkigu Bideratu Berria programaren etorkizunaren gainean, bai eta krisi egoeran dauden eta berregituratzeko eta bultzada emateko neurriak hartu ahal izateko finantza-laguntza behar duten enpresei eman beharreko laguntzaren gainean ere.

Erabat indarrean daude beren jarraikortasuna bermatzeko eta enpleguari eusteko finantza-laguntza behar duten enpresen bultzada beharrak, baita enpresa txiki eta ertainek kreditua eskuratzeko dauzkaten zailtasunak ere; izan ere, krisia baino lehen zeuzkaten baldintzetara itzuli ordez, berme, komisio eta gastu handiagoak behar dituzte gaur.Horrelaxe islatu da ICO fundazioaren inkestan, galdekatutako enpresarien % 60,5en testigantzan oinarrituta.

Bat-batean, hutsunea sortu da, araudiari dagokionez, 2014-2016ko Industrializazio Planeko Bideratu Berria programaren ezarpenean, eta ez dakigu beste dekretu batek ordeztuko ote duen hori; hots, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko komunitate-ildo berriei (DOUE 2014/C249, 2014ko uztailaren 31koa) egokituta eta Europako Batzordeari horren berri eman ondoren baimenduta, enpresa txiki eta ertainei berregituratzeko eta horiei bultzada berria emateko laguntzak emango dizkien dekretu batek ordeztuko duen Bideratu Berria programa. Horrela izatekotan ere, ez dakigu zein izango den horren egutegia eta garaiz iritsiko ote den 2016ko deialdira.

Minimis araudiaren mendeko deialdia -dekretu proiektuari erantsitako dokumentazioan aipatu da- egiteko aukerak laguntzak lehenago ematea ahalbidetuko luke, ez bailitzaioke jakinarazpenik egin beharko Europako Batzordeari, eta ez bailitzateke horren baimenik eduki beharko. Hala ere, ez lirateke parekagarriak izango, ez irismen aldetik, ez zenbatekoaren aldetik, 158/2014 Dekretuaren babespean 2015. urtera arte eman direnekin.

Ondoriorako, uste dugu egokia izango zatekeela 158/2014 Dekretuari zegozkion laguntzen baimenaren iraungitze-datak bat egin izan balu 158/2014 Dekretua krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko komunitate-ildo berriei (DOUE 2014/C249, 2014ko uztailaren 31koa) egokitzeko datarekin, edo, hori oso zaila izatekotan, dekretu berri batekin indargabetu izana 158/2014 Dekretua, krisian dauden enpresak berregituratzeko eta horiei bultzada berria emateko laguntzak ezarriz horren bidez, komunitate-ildoekin bat eginez, eta, bi kasuetan, Europako Batzordearen Lehiakortasun Zuzendaritza Nagusiaren aurrean izapidetuta, jakinarazpena egin eta baimena jasotzeko.

Horrela, Bideratu Berria programatik eratorritako laguntza publikoek egun duten ziurgabetasuna saihestuko zatekeen, eta 2016ko ekitaldiari dagokion deialdirako euskarria ziurtatuko.

IV.- ONDORIOAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egoki ikusi du krisian dauden enpresak berregituratzeari eta horiei bultzada berria emateari bideratutako laguntzak ezartzen dituen 158/2014 Dekretua, uztailaren 29koa, indargabetzen duen dekretu proiektua izapidetzea, irizpen honetan egin diren gogoetekin bat eginez.

Bilbo, 2016ko uztailaren 15a

 

 

Presidentearen oniritziarekin Idazkaritza Nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga  Pérez