Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 4/18

Irizpena 4/18

4/18 Irizpena, beren kargura seme-alabak dituzten familiei laguntzeko laguntza ekonomikoen dekretuaren aldaketa proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2018ko otsailaren 15ean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailaren idazkia sartu zen eta beren kargura seme-alabak dituzten familiei laguntzeko laguntza ekonomikoen dekretuaren aldaketa proiektuari buruz txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearenak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aldaketaren helburua bigarren seme-alabarengatik laguntzak seme-alabak bi urte betetzen dituen urtera arte zabaltzea da. Eta, bestetik, adingabearen goi mailako interesari erreparatzeko, honakoa aurrez ikusten da: laguntzaren eskabidea izapidetzen ari den bitartean, pertsona genero indarkeriaren delituetan edo bestelakoetan oinarrituta, laguntza sorrarazten duten bere seme-alabaren zaintza eta babesik gabe gelditzen bada, eskaera ukatuko zaio eta zaintza nahiz babesa duen beste pertsona batek laguntza eskabidea aurkez dezake zehaztutako epe orokorraren barruan. Salbuespenez, zaintza eta babesik ez duen pertsonak aurkeztutako hasierako eskabidearen datak alderagoko ondorioak baditu, aipatu data hartuko da erreferentziatzat.

Gainera, hainbat aldaketa dago eta laguntzen eskabideak izapidetzeari eragiten dizkiote. Helburua araubidean, funtzionamenduan eta kudeaketan hobekuntzak sartzea da.

Agiri horren kopia bidali zitzaien berehala Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bidal zitzaten eta horiek bidezko Lan Batzordeari helaraz zekizkion, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamendu-araudian ezarritakoaren arabera. 2018ko otsailaren 2an Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen, eta hartutako erabakietatik abiatuta, Irizpen Proiektu hau idatzi zen, martxoaren 9an Batzordearen Osoko Bilkuran aurkez dadin, aho batez erabakitzeko.

II.- EDUKIA

Arau proiektuaren testuak azalpen zatia, 17 artikulu eta azken xedapena ditu.

Azalpen zatian arauaren aurrekariak eta sartzen diren aldaketak zehazten dira.

Proiektuaren lehenengo artikuluak martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuko 3. artikuluari idazkera berria ematen dio eta “adopzio aurreko familia harrera” terminoaren ordez “adopzio aurreko bizikidetasunerako zaintza ordezkaritza” erabiltzen du. Terminologiaren aldaketa horrengatik dekretuan hainbat artikulu aldatzen dira. Nolanahi ere, batzuetan hori da, hain zuzen ere, aldaketa bakarra.

Bestalde, 4. paragrafoari d) azpiatala erantsi zaio. Ez dira eduki berriak sartzen, baina paragrafoa berrantolatu da.

Bigarren artikuluak 4. artikuluan paragrafo berria sartu du eta pertsona onuradunen baldintzei buruzkoa da. Aipatutakoan oinarrituta, laguntzen pertsona eskatzaileak lortzeko baldintza guztiak mantendu beharko ditu ebazten denean.

Hirugarren artikuluak idazkera berria ematen dio baldintzak betetzearen inguruko 5. artikuluari. Ildo horri jarraiki, “adopzio aurreko familia harrera” terminoaren ordez “adopzio aurreko bizikidetasunerako zaintza ordezkaritza” erabiltzeaz gain, artikuluen testuan berariaz jasotzen da eskabidearen unean laguntzak emateko baldintzak bete behar izatea eta horiek laguntzak eman arte une oro mantentzea.

Laugarren artikuluak 6. artikuluko 2. paragrafoa (diruz lagun daitezkeen egoerak) beste modu batean idazten du. Bakarrik “adopzio aurreko familia harrera” terminoaren ordez “adopzio aurreko bizikidetasunerako zaintza ordezkaritza” erabiltzen da.

Bosgarren artikuluak 7. artikuluari (laguntza ekonomikoak zabaltzea) idazkera berria ematen dio. Proiektuan dagoen aldaketak bigarren seme-alabarengatik laguntzak zabaltzen dituela kontuan hartuta, horiek hiru urtez kobratuko dira: jaiotzaren urtean, seme-alabak urtebete betetzen duenean eta, azkenik, bi urte egiten dituenean.

Seigarren eta zazpigarren artikuluek dekretuaren 9.2. (9. Desgaitasuna edo mendekotasunaren egoera onartzea) eta 10.3. (10. Diruz lagun daitezkeen egoerak) artikuluetan , “adopzio aurreko familia harrera” terminoaren ordez “adopzio aurreko bizikidetasunerako zaintza ordezkaritza” erabiltzen dituzte.

Zortzigarren artikuluak 16. artikulua (laguntza eskabideak aurkezteko epea) beste modu batean idazten du. Izan ere, nazioko edo nazioarteko adopzioaren edo zaintzaren kasuetan, laguntza eskatzeko epearen hasiera-data aldatzen da.

Bederatzigarren artikuluak 17. artikuluko 2. paragrafoari (Laguntzaren eskabideak eta aurkezpen tokia) idazkera berria ematen dio eta erreferentzia 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 16. artikuluan xedatutako erregistro elektronikoetara moldatzen du.

Hamargarren artikuluak laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioaren inguruan 18. artikuluari idazkera berria ematen dio.

Hamaikagarren artikuluak 20. artikulua beste modu batean idazten du. Ildo horri eutsiz, eskabidea zuzendu eta hobetzearen arloan 30/1992 Legeari, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari, egiten zaion aipamena aldatu da eta horren ordez indarrekoa, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, sartu da.

Hamabigarren artikuluak 21. artikuluko 1. paragrafoari (zaintza eta babes partekatua) idazkera berria ematen dio, indarreko arauarekin bat, lege ebazpenez xedatutako zaintza eta babes partekatuaren kasuan, amak eta aitak berariaz adostu beharko baitute jaiotza, adopzio, adopzio aurreko familia harrera eta zaintzarengatik zein izango den laguntzaren pertsona eskatzailea. Nolanahi ere, pertsona onuradunak bakarra izan beharko du.

Hamahirugarren artikuluak 22. artikulua (adopzio aurreko bizikidetasunerako zaintza ordezkaritzaren ondorengo adopzioa) beste modu batean idazten du eta , “adopzio aurreko familia harrera” terminoaren ordez “adopzio aurreko bizikidetasunerako zaintza ordezkaritza” erabiltzen da.

Hamalaugarren artikuluak idazkera berria ematen dio 23. artikuluko 2. paragrafoari (familia errenta estandarizatua).

Hamabosgarren, hamaseigarren eta hamazazpigarren artikuluek honakoak beste modu batean idazten dituzte, hurrenez hurren: 26. artikuluko 3. paragrafoa, 27. artikulua eta lehenengo azken xedapena. Batetik, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekiko eguneratzen dira (hamabosgarren eta hamazazpigarren artikuluen kasuan) eta, bestetik, “adopzio aurreko harrera” terminoa ordezkatzen da.

Testua indarrean sartzeari buruzko azken xedapenarekin amaitzen da.

III.- GOGOETAK

 III.1 Gogoeta orokorrak

Espedientearekin batera doan txostenean azaltzen den bezala, dekretu proiektuaren zioen azalpenean laburtutakoari jarraiki, aldaketaren helburua bigarren seme-alabarengatik laguntzak seme-alabak bi urte betetzen dituenera arte zabaltzea da. Eta, bestetik, adingabearen goi mailako interesari erreparatzeko, honakoa aurrez ikusten da: laguntzaren eskabidea izapidetzen ari den bitartean, pertsona genero indarkeriaren delituetan edo bestelakoetan oinarrituta, laguntza sorrarazten duten bere seme-alabaren zaintza eta babesik gabe gelditzen bada, eskaera ukatuko zaio eta zaintza nahiz babesa duen beste pertsona batek laguntza eskabidea aurkez dezake zehaztutako epe orokorraren barruan. Salbuespenez, zaintza eta babesik ez duen pertsonak aurkeztutako hasierako eskabidearen datak alderagoko ondorioak baditu, aipatu data hartuko da erreferentziatzat.

Gainera, hainbat aldaketa dago eta laguntzen eskabideak izapidetzeari eragiten dizkiote. Helburua araubidean, funtzionamenduan eta kudeaketan hobekuntzak sartzea da.

Batzorde honek oso positiboki balioztatzen du aldaketa, horrekin euskal familiei gehiago babestu eta laguntzen baitzaie. Hala eta guztiz ere, honako alderdiak azpimarratu behar dira:

Aldez aurretiko hausnarketa

Seme-alabak beren kargura izanda, familiei laguntzeko laguntza ekonomikoen dekretuaren aldaketa proiektua, orain kontsultatzen zaiguna, erakunde honek euskal gizarteak duen arazo larri bati buruz (demografia) eztabaidatzeko aukera berria da.

BIZTANLERIAREN MUGIMENDU NATURALA EAEn
Biziak jaiotakoak Tasa Heriotzak Tasa Hazk. begetativoa Tasa
2009 20.928 9,7 19.624 9,1 1.304 0,6
2010 21.159 9,7 19.357 8,9 1.802 0,8
2011* 21.180 9,7 19.832 9,1 1.348 0,6
2012* 20.533 9,4 20.281 9,3 252 0,1
2013* 19.118 8,8, 19.692 9,0 -574 -0,2
2014* 19.378 8,9 20.157 9,3 -779 -0,4
2015* 18.851 8,7 21.509 9,9 -2.658 -1,2
2016* 18.240 8,4 21.223 9,8 -2.973 -1,4
(*) Behin-behineko datuak. Mila biztanleko tasak.Iturria: Eustat. Jaiotza eta Heriotzen Estatistika eta berariaz egina

Udal erroldaren azkeneko datuek (2017ko urtarrila) gure Erkidegoak duen demografia-geldialdia baieztatzen dute. Aldi berean, INEren biztanleriari buruzko azken proiekzioak (2016-2031 denboraldia) kontuan hartuta, aipatu datan EAEn % 3,7 biztanle gutxiago egongo da, Estatuko –% 1,2ren aldean.

Bestalde, EUSTATek argitaratutako azkeneko datuen arabera, EAEn jaiotzen tasa milako 8,4koa da, 1976. urtean milako 19,7ko ratioa izan ostean. Ildo horri eutsiz, gaur egun gure Erkidegoak Estatuko (milako 8,7) eta EBko (milako 10) batez bestekoak baino tasa txikiagoak ditu.

Azken urteetan jaiotza-tasa jaisteari mesede egin dion faktoreetako bat amatasuna pixkanaka atzeratu izana da. 2016an joera bera egon da, eta haurrak izan zituzten emakumeen %81,1ek 30 urte edo gehiago zituzten. Talderik ugariena 30 eta 34 urte arteko emakumeei dagokie, jaiotza guztien % 36,7arekin. 35 eta 39 urte bitarteko amen jaiotza kopurua (% 34,9) doa atzetik eta aurki gainditzen dituzte 25 eta 29 urte bitartekoak (% 13,3).

Doc15

Iturria: EUSTAT. Jaiotzei buruzko Estatistika.

Aurrekoaren harira, garrantzitsua da 62. Euskal Soziometroak dioena nabarmentzea: galdetutako pertsona gehienek (% 51) 2016. urtean nahiko lituzketen seme-alabak baino gutxiago dituzte. Badira zioak seme-alaba gutxiago izateko, oraindik ez izan arren seme-alabak espero direneko kasua alde batera utzita (% 41): arrazoi ekonomikoak (% 22) eta lana eta familia uztartzeko zailtasunak (% 5), baita bestelakoak ere: osasuna, adina, bikotekiderik ez izatea, etab.

Era berean, galdetutako emakumeen % 44ren iritziz, seme-alabak izateak karrera profesionala nahikoa oztopatzen du (% 45 2014. urtean) eta % 26ren ustez (% 22 2014. urtean) “asko” oztopatzen du. Gizonentzat, ordea, bakarrik galdetutakoen % 13k seme-alabak izateagatik karrera profesionalean asko edo nahikoa oztopo antzematen ditu (2014ko galdeketan % 14).

Deskribatutako oztopoak gaindi daitezen, Eusko Jaurlaritzak 2002az gero Familiei Laguntzeko Planak jarri zituen abian, baina aurkeztutako datuak ikusirik, premiazkoa da herri agintariek familia politika indartsuari aurre egitea. Dena den, oinarriei buruz taldean hausnarketa egin beharko litzateke.

Kontsulta organo hau kezkatuta dago azkeneko planaren (2011-2015 denboraldia) ebaluazio txostenarekin. Ekimen sorta zabala ia familiei laguntza ekonomikoak ematera mugatu dela onartzen du. Egia da horiek oso garrantzitsuak direla, baina gure ustez, prestazio ekonomiko nahikoez hornitzeaz gain, oinarrizkoa da zerbitzu eta ekipamenduen eskaintza zabala finkatzea, familiek nahi dituzten seme-alabak izateko eta biziaren eremu desberdinak behar bezala uztartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Soziologia Azterketaren Kabineteak egin ostean, “2014an familia EAEn” txostenak dituen datuen arabera, elkarrizketatuen % 50ak familiarentzat estrategiarik onena bi gurasoek ordu gutxiago lanean aritzea eta bien artean seme-alabak zaintzea dela uste du. Hori uztartzeko neurrien beste ikuspegi batekin, oraingoarekiko osagarriarekin, lor daiteke.

Uztartzeari buruzko erakundeen lanaren eta zenbat gehiago egin dezaketen aztertzearen inguruan, solaskideen % 80k gehiago egin beharko litzatekeela erantzun du.

EGABren iritziz, seme-alabak dituzten familien ekarpena ezin eskertuzko balioa da, bai familiarentzat berarentzat, bai orokorrean gizartearentzat. Gizarte interesak honakoa eskatzen du: familiek nahi dituzten seme-alabak izan ditzatela sustatzeko, gastutzat ez dela jo behar, inbertsiotzat baizik. Ziurrenik, inbertsiorik beharrenezkotzat izango da.

Ondorioz, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko ikuspegia berriz pentsatzearen aldeko apustua egiten dugu. Gure ustez, seme-alabak hazteko gastuak arindu baino gehiago, zailtzen duten oztopoak salbatu behar dira eta azpiegitura multzo zabala prestatu behar da, modu unibertsalean, gizarte, ekonomia, kultura edo lan testuingurua errazteko. Azpiegitura horiei esker, seme-alabak izan nahi dituzten familiek egun ia onartezinak diren kostuei aurre egiteaz gain, bizi funtzioari nahasitako eremuetan laguntza egoki eta nahikoarekin aurre egingo diote. Familiek gizarte balio izugarria eskaintzen badute, aginte publikoek lagundu behar dute eta, horretarako, balioa bermatu eta zaindu behar dute.

Bestela, familia politiken kontzeptu edo ikuspegi hau ezaugarri bereziengatik aparteko arreta eskatzen duten familiei (guraso bakarrekoak, ugariak…) arreta xehatuago edo biziagoa eskaintzearekin bateragarria da.

Funtsezko edukiari buruz

1.-  Interpretazio kontraesankorrak saihesteko terminologia argitu eta bateratu behar da.

Hala, zioen azalpeneko laugarren paragrafoan honakoa aipatzen da:

“Bestetik, adingabearen goi mailako interesari erreparatzeko, honakoa aurrez ikusten da: laguntzaren eskabidea izapidetzen ari den bitartean, pertsona genero indarkeriaren delituetan edo bestelakoetan oinarrituta, laguntza sorrarazten duten bere seme-alabaren zaintza eta babesik gabe gelditzen bada, eskaera ukatuko zaio…”

Nahasia gelditzen da, “bestelakoa” adierazpenarekin ez-jakina baita delituaz edo zaintza eta babesa kentzeko beste arrazoi batez ari den. “Bestelakoak” zer aipatu nahi duen ezagutzeko, dekretuaren bigarren artikulura jo behar da eta hala dio:

“Bereziki, laguntzaren eskabidea aurkeztu ondoren pertsona eskatzaileari genero indarkeriarengatik edo beste arrazoi batzuengatik laguntza sorrarazten duen seme-alaben zaintza eta babesa kentzen bazaizkio, berehala jakinaraziko dio laguntzen organo kudeatzaileari…”

Manu hori irakurri ostean, zioen azalpeneko “bestelakoa” adierazpenak zaintza edo babesa kentzearen arrazoiak aipatu nahi dituela ondorioztatzen da.  Ondorioz, bidezkoa da terminologia argitu eta bateratzea, interpretazio kontraesankorrak saihesteko, jada lehen aipatu modura.

2.-  Ez zaigu bidezkoa iruditzen zaintza eta babesa kentzeko arrazoi bezala berariaz “genero indarkeriaren delitua” aipatzea, xedapenean kentzeko edozein arrazoi adierazten baita.  Beraz, nahikoa litzateke honakoa esatea: pertsona eskatzaileari edozein arrazoi dela-eta, seme-alabaren zaintza eta babesa kentzen bazaizkio, berehala jakinarazi beharko diola laguntzen organo kudeatzaileari.

Era berean, lege segurtasunerako, testua berraztertu beharko litzateke, oinarrizko eduki bera adierazteko zioen azalpenean “genero indarkeriaren delitua” aipatzen baita eta bigarren artikuluan “genero indarkeriagatik” adierazpena.

3.-  Egoera zehatzetan, besteak beste, emakumeekiko indarkeriaren kasuan[1], epaileak zaintza eta babesa eten dezakeela aurrez ikusten denez, Batzorde honek egoera hori (zaintza eta babesa etetea) sartzea gomendatzen du.

 IV.- GOGOETA BEREZIAK

Zioen azalpeneko laugarren paragrafoa

Gogoeta berezietan azaldutakoaren ildotik, letra lodiz eta etzanez azaldutakoa eranstea eta azpimarratutakoa ezabatzea proposatzen da:

“Bestetik, adingabearen goi mailako interesari erreparatzeko, honakoa aurrez ikusten da: laguntzaren eskabidea izapidetzen ari den bitartean, pertsona genero indarkeriaren delituetan edo bestelakoetan oinarrituta, edozein arrazoirengatik laguntza sorrarazten duten bere seme-alabaren zaintza eta babesik gabe gelditzen bada edo hori eteten bazaio eskaera ukatuko zaio…”

 Bigarren artikulua:

Gogoeta berezietan azaldutakoaren ildotik, letra lodiz eta etzanez azaldutakoa eranstea eta azpimarratutakoa ezabatzea proposatzen da:

“Bereziki, laguntzaren eskabidea aurkeztu ondoren pertsona eskatzaileari genero indarkeriarengatik edo edozein arrazoirengatik beste arrazoi batzuengatik laguntza sorrarazten duen seme-alaben zaintza eta babesa kentzen bazaizkio edo etena gelditzen bada, berehala jakinaraziko dio laguntzen organo kudeatzaileari…”

V. ONDORIOAK

Euskadiko EGABren ustez seme-alabak beren kargura izanda familiei laguntzeko laguntza ekonomikoen dekretuaren aldaketa-proiektua izapidetzea egokia da, kontsulta organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2018ko martxoaren 9an

 

 

Batzordeburuaren O.E. Idazkari Nagusi
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez

 

[1]Emakumeekiko indarkeriaren egoeratan, genero indarkeriaren aurkako babes neurri osoei buruzko 1/2004 Lege Organikoak 66. artikuluan,hala dio: “Epaileak genero indarkeriarengatik erruztatuari beren mendean duen adingabeari dagokionez honakoak eten diezazkioke: guraso-agintea, zaintza eta babesa, harrera, zaintza, kuradoretza edo izatezko zaintza. Etenaldia erabakitzen ez badu, nolanahi ere, epaileak guraso-agintea eta, bidezkoa bada, zaintza eta babesa, harrera, zaintza, kuradoretza edo izatezko zaintza nola erabiliko diren adierazi beharko du. Era berean, adingabeen eta emakumeen segurtasuna, osotasuna eta errekuperazioa bermatzeko neurriak hartuko ditu eta bilakaera aldizka jarraituko du.