Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Irizpena 10/18

Irizpena 10/18

10/18 Irizpena, Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen Dekretu-proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2018ko martxoaren 12an, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren idatzia sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean; haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen Dekretu-proiektuari buruzko irizpena eskatu zen, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Arau horrek helburu du familia-harrerako modalitateak arautzea, bai eta aldundiek jarraitu beharreko jarduketa-prozedura ere, haien tutoretza edo zaintzapean dauden adingabeak familietan hartzeko prozeduretan. Hori guztia, Haurrak eta Nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea garatuz eta estatu mailan egin berri diren aldaketak betez.

Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei dokumentuaren kopia bidali zitzaien berehala, proposamenak egin zitzaten eta haien iritzia ager zezaten, gero lan-batzorde egokiari beroriek helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu Araudiak ezarritakoarekin bat. 2018ko apirilaren 9an, Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta, hartutako erabakietatik abiatuta, honako irizpen-proiektu hau egin zuen Batzordearen apirilaren 13ko Osoko Bilkuran lantzeko. Aho batez onartu da bertan.

II.- EDUKIA

Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen Dekretu-proiektuaren testuak honako atal hauek ditu: zioen adierazpena; 70 artikulu,14 kapitulutan banatuta; bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat.

Lehenik eta behin, azaltzen du Haurrak eta Nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea (Haurren eta Nerabeen Legea hemendik aurrera) izaera orokorreko lehen arau erreferentea dela Euskal Autonomia Erkidegoan, bereziki haurren eta nerabeen arreta eta babesari dagokienez, bai eta haien eskubide eta erantzukizunak defendatu, bermatu eta sustatzeari dagokionez ere.

Haurren eta Nerabeen Legeak azpimarratu eta zehatz azaltzen du zein neurrik dakarten adingabeak haien familia-girotik banatzea; bereziki, familia-harrerarena azaltzen du. Hain zuzen, neurri hori zertan datzan azaltzen du eta familia-harrerako zein modalitate dauden azaltzen du; horretarako, Kode Zibilak arlo horren inguruan xedatutakora jotzen du. Prozedurazko hainbat jarraibide ezartzen ditu harrera-familien egokitasuna erabakitzeko inguruabarrak baloratzeko eta familia-harrera formalizatzeko prozedurarako, neurri horren erabakian eta aplikazioan gutxieneko uniformetasun bat ezartzeko asmoz. Azkenik, zenbait xedapen jasotzen ditu familia-harrerako neurria etetearen inguruan eta familia-harrera lagundu eta ikuskatzearen inguruan.

Dena dela, Haurren eta Nerabeen Legea onetsi zenetik –orain dela hamabi urte baino gehiago–, ez da familia-harrerako neurriari buruzko araudirik garatu eta, ondorioz, hiru lurralde historikoek ezin izan dute elkarrekin eta batera aurrera egin babes-eremu horri dagokionez. Halaber, araudirik ezak hutsune juridiko bat sorrarazi du EAEn foru-aldundiek beren tutoretza edo zaintzapean dituzten adingabeak familietan hartzeko prozeduran zehar garatu behar dituzten jarduketa eta faseak argitzeko beharrezkotzat jotzen diren irizpideak, zuzentarauak eta jarraibideak zehaztu eta ezartzeari dagokionez, bai kasuan kasu hartutako familia-harrerako neurria formalizatu aurretik, bai neurria gauzatu bitartean eta amaitzen.

Ildo horretan, gogoan hartu behar da onetsi berri dituztela uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa eta uztailaren 28ko 26/2015 Legea. Horien bidez, haurren eta nerabeen babes-sistema aldatu egin da eta, ondorioz, aurretik aipatu dugun Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Legea eta Kode Zibila ere aldatzea eragin dute. Izan ere, egin diren aldaketen artean nabarmen gertatzen dira familia-harrerari lotutakoak, neurri hori lehenesten baitute egoitza-harreraren aldean. Hain zuzen ere, oinarri hartzen dute adingabeek beren nortasuna garatzeko familia-giroa beharrezkoa dutela, psikologiaren eta pedagogiaren alorreko profesional guztiek modu zabalean onartzen duten bezala.

Estatu mailako arau horiek halabeharrez txertatu behar dira haurren eta nerabeen zaintzari eta babesari buruzko euskal ordenamendu juridikoan; horrenbestez, are premiazkoago eta derrigorrezkoagoa da EAEKO familia-harrerari buruzko araudia garatzea eta Haurren eta Nerabeen Legean jasotzea; betiere, ez badu aurreko legeen xedapenen aurka egiten eta horiekin bateraezina ez bada.

Aurretik aipatutakoa oinarri hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko familia-harrerari buruzko araudia garatu egin da, arlo horren izaera aintzat hartuta eta ahalik eta berme handienak ezartzeko beharrari erreparatuta, bereziki foru-aldundien tutoretza edo zaintzapean dauden babesik gabeko adingabeen kasuan. Horrekin guztiarekin bat etorriz, segurtasun juridikoa ere sendotu egin da. Eta, jakina, kontuan hartu da baita ere foru-aldundiek ondoko zereginetan daukaten esperientzia handia: familia-harrerarako euren burua aurkezten duten pertsonen egokitasuna aztertzea eta baloratzea; neurriak, programak, baliabideak eta aholkularitza-, prestakuntza- eta laguntza-zerbitzuak eskaintzea harrera egiten zaien adingabeei, harrera-familia eta pertsonei, eta jatorrizko familiei; eta adingabeak hartzeko pertsona egokienak –adingabeen inguruabar partikularren arabera– hautatzeko nahiz familia-harrerako neurria formalizatzeko jarduketak gauzatzea, betiere adingabeen interes gorenari erreparatuta.

Hori guztia, herritarrengan eragiten duten araudiek bete beharreko segurtasun juridikoko printzipio orokorra sendotzeko asmoz, bai eta EAEko herritar guztien berdintasun-printzipioa ere, zein lurralde historikotan bizi diren gorabehera. Horrez gain, ahalik eta berme handienak ezarri nahi izan dira babesik gabeko nerabeentzat eta harrera-familia eta -pertsonentzat, guraso eta tutoreentzat, eta, oro har, adingabeen jatorrizko familientzat, bereziki anai-arrebei begira.

Lehenengo kapituluak (1-6 art.) Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrerari buruzko araudian aplikatu beharreko xedapen orokorrak jasotzen ditu.

Bigarren kapituluak (7-9 art.) familia-harreraren modalitateak ezartzen eta garatzen ditu, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Legearen 2. artikuluak eta Kode Zibilaren 173. bis artikuluak ezartzen dituzten iraupen- eta xede-irizpideei jarraikiz. Ildo horretan, arreta berezia eskaintzen zaie, 8. artikuluan, familia-harrera espezializatuko modalitatea ezartzen eta zehazten duten irizpide eta betekizunei.

Hirugarren kapituluak (10-15 art.) adingabeen zein harrera-familien eta -pertsonen eskubideak eta betekizunak xehatzen ditu, baita adingabeen gurasoenak eta tutoreenak ere.

Laugarren kapituluak (16-23 art.) harrera-pertsonen egokitasuna arautzen du. Horretarako, azaltzen du zer jotzen den egokitasuntzat eta, definizio horretan oinarrituta, honako hauek ezartzen ditu: egokitasun-betekizunak; egokitasuna baloratzeko irizpideak –orokorrak eta kasuan kasuko harrera-modalitateetarako–; familia-harrerarako euren burua eskaintzen duten pertsonak ez onartzeko baldintzak; desegokitzat jotzeko baldintzak; egokitasuna aztertu eta baloratzeko metodologia; harrerarako eskaintzeko eskaera egin aurretik prestatzeko jarduketak eta familia-harrerarako egokitasunaren adierazpena; eta egokitasunaren azterketa eta balorazio psikosoziala, aurreko eskaera egin eta gero.

Bosgarren kapituluak (24-34 art.) foru-aldundien tutoretza edo zaintzapean dauden adingabeen familia-harrerarako prozedura egituratzen du; zehazki, familia-harrera formalizatzeko behar diren faseak jasotzen ditu.

Seigarren kapitulua (35-37 art.) egokitasunaren adierazpena berritzearen eta adierazpen hori galtzearen inguruan dihardu. Hartara, familia-harrerarako egokitasunaren adierazpena berritzeko prozedura zehatza garatzen du. Prozedura horren emaitza egokitasunaren adierazpenari eustea edo adierazpena ezeztatzea izango da; azkeneko kasuan, adierazpenak ondorioak izateari utziko dio.

Zazpigarren kapituluak (38-44 art.) harrera-pertsonen hautapena arautzen du. Horretarako, hautapen-irizpide orokorrak nahiz zehatzak ezartzen ditu; ondoren, hautapen-prozedura garatzen du, bai eta hautatutako harrera-familia edo -pertsonei esleitzen zaien adingabea eta harrera-modalitatea onartzekoa ere. Amaitzeko, familia-harrerako neurria formalizatzeko ebazpenean jaso beharreko xedapenak aurreikusten ditu; ildo horretan, ebazpenari nahitaez erantsi beharko zaion eranskinaren (kontratua) gutxieneko edukia ezartzen du.

Zortzigarren kapituluak (45-47 art.) adingabearen egoera zein den eta familiara egokitzen den ezagutzeko jarraipenaren inguruko xedapenak biltzen ditu, baita hartutako familia-harrerako neurriaren ebaluazioari buruzkoak ere.

Bederatzigarren kapituluak (48-51 art.) hartutako familia-harrerako neurriak aldatzeko baldintzak arautzen ditu, oro har, eta bereziki harrera-familiak hausten diren kasuetakoak. Hori ez ezik, aldi baterako familia-harrerak harrera iraunkor bihurtzen diren kasuak ere jorratzen ditu, Kode zibilaren 173. bis artikuluaren bigarren ataleko c) letran aurreikusitakoarekin bat; hain zuen ere, xedapen horren arabera, familia-harrera bat iraunkor bilaka daiteke aldi baterako harreraren bi urteak igarotakoan adingabea ezin bada familian berriz integratu.

Hamargarren kapituluak (52-53 art.) hartutako familia-harrerako neurriak aldi batean etetearen inguruan dihardu, eta berariaz aipatzen du zenbat iraun ahalko duten eteteek, gehienez, eta zein ondorio izango dituzten harrera-familien edo -pertsonen betebehar eta eskubideei dagokienez.

Hamaikagarren kapituluak (54-55 art.) hartutako familia-harrerako neurri bat bertan behera uzteko aukera jorratzen du: batetik, erabaki hori ekar dezaketen inguruabarrak zehazten ditu eta, bestetik, neurria bertan behera uztearen ondorioak; halaber, neurri hori nola adierazi behar den ere jaso egiten du.

Hamabigarren kapituluan ( 56-58 art.) honako hauek ezartzen dira: bisita-araubidea, jatorrizko familiarekiko harremana eta komunikazioa, hura aldatzea edo etetea erabakitzeko aukera, eta topaguneak eta familien bisitetarako esparruak.

Hamahirugarren kapituluak (59-68 art.) aholkularitza-, prestakuntza- eta orientazio-zerbitzuak, baliabideak, programak, neurriak eta arreta tekniko espezializatua arautzen ditu, bai harrera-familia eta -pertsonentzat, bai adingabeentzat, familia-harreran zehar eta beraren amaieran –batez ere familia-harrerako neurriaren indarraldia adin-nagusitasuna erdiesteagatik amaitzen denean–. Jatorrizko familiari ere eskainiko zaizkio prestazio horiek, familia-harrerako neurria formalizatu aurretik, zein horren indarraldian eta amaieran, betiere adingabearen interes gorenerako egokia bada.

Azkenik, hamalaugarren kapituluak (69-70 art.) harrera-pertsonen erregistroa zehazten du: erregistroaren xedea azaltzen du eta bertan jasotako datuak babestuko direla adierazten du.

Xedapen gehigarriei dagokienez, lehenengoa adingabeen babes-prozeduretan bildutako datu pertsonalen babesari buruzkoa da; bigarrenak, berriz, foru-aldundien eta adingabeen babesaren alorrean eskudunak diren autonomia-erkidego nahiz -hirietako erakunde publikoen jarduketen arteko koordinazioa jorratzen du, familia-harrerako neurriaren pean dauden adingabeak lekualdatzen diren kasuetarako.

Bestalde, xedapen iragankor bakarrak dekretuaren xedapenak aplikatzetik salbuetsita egongo diren familia-harrerako prozedurak ezartzen ditu; hain zuzen ere, dekretu-proiektua indarrean sartu aurretik abiatu zirenak, dagoeneko izapidetzen ari badira.

III. GOGOETA OROKORRAK

A) Balorazio orokorra

Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen Dekretu-proiektua aurkeztu zaigu, horri buruzko gure iritzia ager dezagun, bi helburu hauekin: alde batetik, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Legeak eta Kode Zibilak aurreikusten dituzten familia-harrerako modalitateak garatzea, horiek erabakitzeko baldintzak, irizpideak eta betekizunak zehaztuta; eta, beste alde batetik, foru-aldundiek beren tutoretza edo zaintzapean dituzten adingabeen familia-harrera formalizatzeko jarraitu beharko duten jarduketa-prozedura osatu eta garatzea, harrera-familien eta -pertsonen egokitasunari buruzko azterketa eta balorazio psikosozialaren prozesuari arreta berezia eskainita, baita geroko harrera-familien eta -pertsonen hautapenari ere –egokitzat jotzen direnen artean–. Horretarako, hartuko den nerabearen ezaugarri eta behar zehatzetara hoberen egokitzen dena aukeratuko da.

Haurrak eta Nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak, Eusko Jaurlaritzarenak, dagoeneko arautzen du familia-harrera EAEn, eta foru-aldundiei dagokie araudi horretan aurreikusitako jarduketak gauzatzea. Kontsulta egiteko aurkeztu zaigun araua estatu mailan argitaratu berri den lege batek ezarritako aldaketaren ondorioz sortu da; hau da, uztailaren 28ko 26/2015 Legea, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duena, dela eta.

Dekretu berri hau, gainera, Arartekoaren 2015eko txostenaren ildoa jarraitzen du, zeinak euskal erakundeei dei egin zien babesik gabeko adingabeekiko arretari bultzada bat eman ziezaioten, hau da, baliabide publikoak, ahal izanez gero, familia partikularrengana eramateko erabil zitzaten, egoitzetara eta tutoretzapeko pisuetara bidaltzearen ordez. Horrez gain, aipatutako txostenak ondoko alderdiak gehitu zizkion arauari:

•      Adingabeei «aditzeko» eta haien iritzia kontuan hartzeko eskubidea bermatzea.

•      Esku hartzen duten alderdien eskubideak eta betebeharrak.

 Horregatik guztiagatik, onirizten diogu kontsultarako aurkeztu zaigun arauari.

Hala ere, balorazio orokor honetan aipatu nahi ditugu dekretuan antzeman ditugun gabezia batzuk. Hasteko, aipatuez gain, badira jaso ez diren beste harrera-aukera batzuk, hala nola asteburuetakoak eta oporraldietakoak. Gure iritziz, aukera horiek ere proposatutako testuan gehitu beharko lirateke, dela xedapen gehigarri baten bidez, dela artikuluetan bertan.

Bigarrenik, aurrerago gogoeta zehatzetan zehaztuko dugun moduan, uste dugu familia-harrera profesionalizatua ez dela behar bezala definitu. Era berean, gogoeta zehatzetan azalduko ditugu arauan aipatuagatik zehaztapen handiagoa behar duten hainbat alderdi, esaterako: harrera espezializaturako eskatzen den erabateko eskuragarritasuna (8. art.), harrerarako egokitasunaren betekizunak (17. art.) eta familia zabaletan hartzen dituzten pertsonak hautatzeko irizpide zehatzak (40. art.). Azkenik, beharrezkoa iritzi diogu dekretu-proiektuaren testua osorik berrikusteari, irizpen honi erantsi zaizkion oharrei jarraikiz.

B) Mendekotasuna duten pertsonen egokitasuna, harrerari dagokionez

Dekretu-proiektuaren 17. artikuluak egokitasunaren baldintzak ezartzen ditu. Ildo horretan, honako hau jasotzen du 2.b) atalean: «Adingabea normaltasunez artatzea bermatzen duen osasun fisiko, psikiko edo intelektual egokia izatea».

Baldintza hori 18. artikuluan zehazten da eta, besteak beste, honako irizpide hau aipatzen da: «Euren burua familia harrerarako eskaintzen duten pertsonek edo haiekin bizi direnek ez izatea desgaitasun fisiko, psikiko edo intelektualik edo mendekotasun-egoerarik, baldin eta horrek beharrezko egiten badu pertsona baten edo batzuen artapena behar dutela edo laguntza garrantzitsuak eguneroko bizitzaren oinarrizko jarduerak egiteko, bereziki, garbiketa pertsonalari dagozkionak edo, aitortutako desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala duten pertsonen kasuan, autonomiarako bestelako laguntzak; izan ere, horiek euren ezaugarriengatik edo bilakaeragatik zaildu dezakete adingabearen artapen edo zainketa egokia edo haren garapen integralari edo integrazioari kalte egin, adin-nagusitasuna lortu ez bitartean».

Bestalde, 27.1.i) artikuluak honako hau ezartzen du dokumentazioaren inguruan: «Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonetariko batek edo biek autonomia fisiko, psikiko edo intelektualaren gabeziaren bat badute eta, horren ondorioz, eguneroko oinarrizko jarduerak aurrera eramateko pertsona baten edo batzuen laguntza behar badute edo bestelako laguntza garrantzitsuak edo, gaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala duten bestelako pertsonei dagokienez, autonomia pertsonalerako laguntzarik behar badute, foru-aldundiak eskatu ahalko du autonomia pertsonalari buruzko egiaztagiria aurkezteko, betiere mendekotasun-egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala eta artapena sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legea eta haren garapen-arauak direla bide eman beharrekoa».

Uste dugu betekizun eta irizpide horiek desgaitasuna duten pertsonak diskriminatzen dituztela; izan ere, harrera-pertsona izan ezin direlako ustea ezartzen dute, eta horrek Pertsona Desgaituen Eskubideei buruzko Konbentzioaren aurka egiten duPertsona Desgaituen Eskubideei buruzko Konbentzioa NBEren Batzar Nagusiak onetsi zuen 2006ko abenduan, eta Espainiak berretsi egin zuen Estatuko Buruzagitzaren berrespen-tresnaren bidez: 2008ko apirilaren 21eko BOEn argitaratu, eta urte hartako maiatzaren 3an indarrean sartu zen. Harrezkero, Konbentzioa Espainiako ordenamendu juridikoaren barruan dago, ondorio guztietarako, Espainiako Konstituzioaren 96.1. artikuluak xedatutakoa betez., bai eta azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren –horren bidez onetsi zen Desgaitasuna duten pertsonei eta euren inklusio sozialari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina– eta Espainiako Konstituzioaren aurka ere. Gainera, presuntzio horrek desgaitasuna duten pertsonek guraso biologiko izateko gaitasunik ez dutela ere onartzea dakar.

Gainera, dekretuak frogatu beharraren kargaren inbertsioa egiten du, oro har ezartzen baitu desgaitasuna duten pertsonak ez direla gai harrera gauzatzeko, gai direla pentsaraz beharrean, indarreko ordenamendu juridikoak ezartzen duenarekin bat. Gure aburuz, Administrazio egokiak egiaztatu behar du, edonola ere, ezintasun hori.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

1. artikulua.- Xedea

Artikulu horretan bigarren paragrafo bat gehitzea gomendatzen dugu, honako hau adierazita:

Araudi honetatik kanpo geratzen dira adopzio aurreko familia-harrerak, halako kasuek berezko araudi zehatza dute eta”.

Egoera hori zehatza eta desberdina da, adoptatzeko prozedura judiziala ebatzi bitartean gertatzen baita. Familia batek haur bat hartzen du adoptatu aurretik eta, aldi horretan, zaindu eta jagon behar du, nahiz eta dagokion foru-aldundiaren tutoretzapean egon oraindik ere.

Testu hori eranstea gomendatzen dugu, segurtasun juridikoa indartze aldera.

8. artikulua.- Familia-harrera espezializatua

Artikulu horren 3. eta 4. ataletan honako hau ezartzen da:

«3. Familia-harrera espezializatuak berekin ekarriko du pertsona harreragileak funtzio hori jardun osoarekin bete beharra; horren truke foru-aldundiak harrera garatzeko zirkunstantzia zehatzei begira ezarritako ordainsari ekonomikoa jasoko du.

4. Harreragileek familia-harrera espezializatuaren garapena bateratu ahalko dute norbere edo inoren kontura aurrera eraman dezaketen edozein lan-jarduerarekin; zeregin hori bete ahalko dute dagokion sektore-eremuko lanaldi osoko araubidean».

Gure aburuz, testuaren idazkera nahasgarri gertatzen da; izan ere, badirudi familia-harrera espezializatuak berekin dakarrela harreragileak erabateko eskuragarritasuna izatea zeregin horretarako –dagokion ordainsaria jasoko baitu horregatik– eta nekez izan daitekeela lan-jarduera batekin bateragarri lanaldi osoan.

Beraz, komeniko litzateke «erabateko eskuragarritasun» horren irismena azaltzea. Adibidez, argiagoa gertatuko litzateke honako hau adieraztea: «adingabearen interes gorena artatzeko beharrezko zeregin zehatza» edo «harreragileak bere gain hartzen duen eginkizuna».

9. artikulua.- Familia-harrera profesionalizatua

Artikuluak hauxe dio: «Familia-harrera profesionalizatutzat hartuko da beste familia batean eskaintzen dena, baldin eta sendi horretan premia edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabeei begira zeregin hori betetzeko gaitasun, esperientzia eta prestakuntza zehatza duen kide bat badago gutxienez aurreko artikuluko bigarren zenbakian ezarritako baldintzetan eta, gainera, pertsona harreragilearen edo harreragileen eta foru-aldundiaren arteko lan erlaziorik badago».

Hortik ondoriozta daiteke harrera espezializatuaren eta profesionalizatuaren arteko desberdintasun bakarra harreragileek foru-aldundiarekiko lan-harremanik duten ala ez dela; hala ere, uste dugu testuak gehiago zehaztu beharko lukeela alderdi hori. Gainera, ezin da jakin harreragile profesionalizatuek bestelako ordainsari osagarririk jasotzen duten harreragatik, ez eta pertsona horiek familia-harreraren beste modalitateetarako hautapen-prozesuetan kontuan hartzen dituzten ere.

Gure aburuz, figura hori xehetasun handiagoz definitu beharko litzateke eta, besteak beste, aipatutako lan-harremanaren izaera argitu; are gehiago, horren harira eman diren azken epaiak ikusitaEuskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren 1923/2017 Epaia, 2017ko urriaren 3koa (Rec. 1680/2017)Pertsona fisiko batek babesik gabeko adingabe bati eskainitako familia-harrera, fundazio batekin izenpetutako kontratu baten bidez. Harrera espezializatuaren eta harrera profesionalizatuaren artean bereiztea. Ez dauka lan-harremanik, baizik eta autonomoa, egiten duen lanaren truke ordainsaria jasotzen badu ere, egiatan ez baitago fundazioaren mende eta modu erabat autonomoan betetzen baititu bere eginkizunak. Soilik egiten ditu txostenak erakunde publikoarentzat eta Fiskaltzarentzat.Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren 2303/2017 Epaia, 2017ko azaroaren 21ekoa (Rec. 2207/2017) Atzera bota da fundazio bati ezarritako arau-hausteko akta haren langileak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean altan ez emateagatik. Kontuan izanik hautatutako pertsonak babesik gabeko adingabeentzako familia-harrerarako laguntza teknikoko programaren barruan daudela, egokia da mendekotasun ekonomikoa duen langile autonomoko kontratua egitea. .

12. artikulua.- Harrera-familien eta -pertsonen eskubideak

Hasteko, jarraian letra lodiz nabarmentzen den testua gehitzea gomendatzen dugu artikulu horren d) atalean:

d) Euren funtzioak betetzeko, adingabearen babes-espedientetik behar duten informazioa eskuratzea, haren ezaugarri pertsonalak eta familiarenak barne, hirugarrenek intimitaterako duten eskubidearekin eta datu pertsonalen babesarekin zerikusia duten gaiak izan ezik“.

Izan ere, horrela harrera-familiak edo -pertsonak ahal den informazio guztia eskura dezaten laguntzen da; hain zuzen ere, harreran nola jokatu jakiteko.

Bigarrenik, harrera-familien eta -pertsonen eskubideen zerrendan beste atal bat gehitzea, t) letra, gomendatzen dugu. Zehazki, honako testu hau proposatzen dugu:

“Beharrezko informazioa jasotzea gaitasunei eta konpetentziei dagokienez”.

Eskubide hori ez dago berariaz jasota eta, gure ustez, gehitu beharko litzateke familia-harreran eman daitekeen arazo bati aurre egiteko (ohikoa izaten baita): alegia, familiaren gainkarga, hartutako adingabearen behar zehatzak direla-eta. Horrelako egoerek estresa, akidura eta denbora gehiegi exijitzea eragin dezakete, bai eta segurtasunik eza ere, ezagutza faltagatik.

17. artikulua.- Egokitasunaren baldintzak

Familia-harrerarako egokitasunaren baldintzen artean, artikuluaren 2e) atalak honako hau ezartzen du: «Euren buruan familia-harrerarako eskaintzen duten familien edo pertsonen historia pertsonaletan ez izatea adingabeari arriskua ekar diezaiokeen gertakaririk».

Uste dugu eskakizun hori oso anbiguoa dela, zehaztugabea, eta, beraz, gehiegi zehaztu beharko litzatekeela.

18. artikulua.- Egokitasuna balioesteko irizpideak

1. atalean zerrendatzen diren balorazio-irizpideei beste bat gehitzea gomendatzen dugu; zehazki, honako testu hau proposatzen dugu:

Familia-harrerako neurriak aldi baterako izaera duela onartzeko gaitasuna”.

Harrera, legez eta definizioz, aldi baterakoa da; beraz, argi geratu behar da ez dela adopzio aurreko harrera bat. Harrera-pertsonek argi izan behar dute egoera adi baterako dela. Alderdi hori senekoa da; baina, hala ere, lege-testu horretan jaso beharko litzatekeela uste dugu.

19. artikulua.- Eskaintza ez onartzeko zirkunstantzia erabakigarriak

Artikulu horretan g) atala gehitzea gomendatzen dugu, honako hau adierazita:

“g) Etxeko indarkeriaren biktimentzako babes-agindu bati lotutako kautela-neurrien pean ez egotea”.

Prozedura Kriminalaren Legeak honako hau ezartzen du: « Babes-aginduak babes osoko estatutua ematen dio (…) biktimari; estatutu horren barne egongo dira artikulu honetan ezarritako kautela-neurriak, ordena zibilekoak nahiz ordena penalekoak, eta antolamendu juridikoan ezarritako beste neurriak ere, laguntza-neurriak bezala gizarte-babeserakoak» Prozedura Kriminalaren Legea aldarrikatzen duen 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua: https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1882-6036&p=20151006&tn=1#a544ter. Neurri zibila da, besteak beste, jagoletza-, bisita-, komunikazio- eta seme-alabekiko egonaldi-araubideak ezartzea. Edonola ere adingabeen babesa gailentzen denez, egoera hori ere aintzat hartu behar da hizpide dugun araudian.

Kautela-neurri bat da eta, hortaz, indargabetu egin daiteke; indarrean jarraitu bitartean, ordea, kontuan hartu behar dela uste dugu.

20. artikulua.- Ez-egoki jotzea eragiten duten zirkunstantziak

Besteak beste, artikuluak ondoko egoera jasotzen du desegokitasuna erabakitzeko:

«a) Familia-harrera aurrera eramateko egokiak eta beharrezkoak diren jarrera, gaitasun, prestutasun, itxaropen, trebetasun eta motibazioaren baldintzak ez betetzea, eta, horren kariaz, horrek behar beste berme ez ematea zaintzari datxezkion eta adingabearen arreta egokia ahalbidetzen duten funtzioak eta erantzukizunak maila guztietan betetzeko».

Gure iritziz, atal horren idazkera, artikuluak jasotzen dituen gainerako egoerena ez bezala, nahiko nahasgarri gertatzen da; izan ere, aipatzen dituen baldintzak ez dira zehatzak eta, ondorioz, diskrezionalitate handiegi baterako bide ematen dute egokitasuna baloratzeko orduan. Hori dela eta, atal hori berrikusi beharko litzateke; hala ere, Administrazioak nolabaiteko diskrezionalitate-tartea gorde dezake, araudi honetan jorratzen den gaiaren sentiberatasuna dela kausa.

27. artikulua.- Dokumentazioa

Lehenik eta behin, nork bere burua aurkezteko eskaerei eta egokitasunaren adierazpenei gehitu behar zaien dokumentazioari dagokionez, 1.p) atala gehitzea gomendatzen dugu; zehazki, honako testu hau proposatzen dugu:

 

p) Familia-etxebizitzaren eskrituraren kopia edo familia-etxebizitzaren erabilera-araubidea egiaztatzen duen indarreko agiria“.

Deigarria da 18. artikuluak «etxebizitza egokia izatea» exijitzea, baina gero dokumentazioaren alorrean hori egiaztatzeko agiririk ez eskatzea. Uste dugu egoera hori zuzendu beharra dagoela.

Bigarrenik, beste 2. atal bat gehitzea gomendatzen dugu, eta orain bigarrena dena hirugarren bihurtzea. Bigarren atal berrirako honako testu hau proposatzen dugu:

“2. Horrez gain, harrera-profesionalizatuko harreren kasuetan, eskatzaileek beren prestakuntza eta esperientzia egiaztatzen dituzten prestakuntza-tituluen eta titulu akademikoen kopia aurkeztu beharko dute”.

Eskakizun hori gehitzearen arrazoia hauxe da: harrera profesionalizatuan prestakuntza zehatz bat galdegingo bada, prestakuntza hori frogatu beharra dago.

40. artikulua.- Hautaketarako irizpide zehatzak

Artikuluaren bigarren atalean, besteak beste, ondoko irizpide zehatzak jasotzen dira harrera familia zabalean eratu nahi duten harrera-pertsonetarako:

«a) Adingabearen problematika familiarraren ulergarritasunik handiena.

b) (…)

c) Pertsonak edo senitartekoak egonkortasunik handiena eskaintzea harrera-neurria mantentzeko.

Bi kasuotan beharrezkoa iritzi diogu irizpideak gehiago zehazteari, ez baita argitzen: batetik, zabalean eratzen den familiak adingabearen problematika familiarra ulertu behar duen (a), eta, bestetik, irizpideak ezartzen duen harrera-familiak edo -pertsonak harrera-neurriaren iraupenerako ziurtasun handiagoa eskaintzea (c).

42. artikulua.- Familia-harreraren onarpena

Artikuluaren bigarren atalaren bigarren paragrafoak honela dio: «onarpenaren gaineko komunikaziorik ez badago edo hautatutako pertsonak edo familiak izendapena onartzen ez badu aurreko atalean adierazitako epe barruan, ulertuko da ez dela izendapena onartuko eta horrek berekin ekarriko du, edozein kasutan ere, egokitasunaren adierazpenaren galera».

Hori dela eta, uste dugu, lehenik, artikuluaren izenburuak familia-harrera ez onartzea eta isiltasuna ere aipatu beharko lituzkeela, alderdi horiek ere arautzen baititu.

Bigarrenik, ez da ulertzen zergatik onarpena ez jakinarazteak, edo onartu ere ez egiteak, egokitasunaren adierazpena galtzea ekarri behar duen. Badirudi zehapena dela, baina ez onartzearen edo isiltasunaren arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Gainera, dekretu-proiektuan bertan, 36. artikuluan, ez dira horiek aipatzen aitortutako egokitasuna galtzeko arrazoi gisa.

Bestalde, 20. artikuluak honako egoera hauek jasotzen ditu, besteak beste, desegokitasuna erabakitzeko: «Espedienteari aplikagarri zaion prozedurari buruzko arauak ez betetzea, espedientearen izapideari traba egitea edo, hala badagokio, arauek ezarritako betebeharrak ez konplitzea». Hala ere, ulertzen dugu arau horiek «egokitasuna» aitortzearen prozedurari lotuta daudela eta ez 42. artikuluan deskribatzen den uenari. Kasu horretan, “egokitasun” azterketa dagoeneko gainditu egin da.

44. artikulua.- Hartutako familia-harreraren neurriari buruzko eranskina sinatzea

Artikuluaren lehenengo atalak honako hau xedatzen du: «Familia-harreraren neurriaren ezarpena gauzatzeko ebazpena jakinarazi dela egiaztatuta, eskuduna den Foru Aldundiak pertsona edo familia harreragileari hitzordu bat ezarriko dio gehienez ere 10 eguneko epean ager dadin, ebazpenari gehitutako eranskina (kontratua) izenpetzearren. Horrek berekin ekarriko du bertan ezarritako konpromiso, betebehar eta obligazio guztiak onartu izana».

Ez du aurreikusten, ordea, harrera-pertsonak edo -familiak epe barruan ez agertzeko aukera.

Lehenengo xedapen gehigarria.- Datuen babesa

Hauxe xedatzen du: «Adingabeak babesteko prozedura guztietan eta, bereziki, adingabearen egoera baloratzeko beharrezkoak direnetan (hor barruan sarturik bai adingabeari dagozkionak bai familia- edo gizarte-ingurunearekin zerikusia dutenak, hala nola guraso, tutore, zaintzaile edo harreragileekin) datu 40 pertsonak jasotzeko, tratatzeko eta lagatzeko modua ezinbestean lotuko zaio Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legea Organikoak eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentziaren Sorkuntzari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak ezarritakoari, betiere osasun-arloko legerian ezarritako zehaztasunak kontuan hartuz osasunari buruz berariaz babestutako datuei dagokienez».

Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) argitaratu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (UE) 2016/679 AraudiaEuropako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (UE) 2016/679 Araudia:https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=uriserv:OJ.L_.2016.119.01.0001.01.SPA&toc=OJ:L:2016:119:FULL , datu pertsonalei eta datu horiek aske zirkulatzeari dagokionez pertsona fisikoak babestekoa, eta beraren bidez, 95/46/CE (datuak babesteko araudi orokorra) Zuzentaraua indargabetu da. Araudi berria 2018ko maiatzaren 25etik aurrera aplikatuko da eta, beraz, xedapen gehigarri horretan aipatzen den araudia indargabetuko da.

Horri dagokionez, egokiago deritzogu oro har aipatzeari «datu pertsonalen babesaren alorreko indarreko legedia».

V.- ONDORIOAK

EGABk egokitzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen Dekretu-proiektua izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2018ko apirilaren 13an.

 

 

Batzordeburuak O.E.  Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez