Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 1/19

Irizpena 1/19

Irizpena 1/19, bizitzan zehar ikaskuntza-jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen dekretu-proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2018ko abenduaren 4an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Hezkuntza Sailaren idazkia sartu zen eta bizian zehar ikaskuntza-jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen dekretu-proiektuari buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearenak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bizian zehar ikaskuntza-ekintzak garatzen dituzten jarduerak gauzatzeko laguntzak arautzea du helburu.

Berehala dokumentuaren kopia bat bidali zitzaien Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamen eta iritziak eman eta Lan Batzorde egokian lantzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudian xedatutakoarekin bat.. 2018ko abenduaren 19an Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau formulatu da urtarrilaren 7ko Batzordearen Osoko Bilkuran lantzeko. Aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Dekretuak zioen azalpena, 22 artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu.

Zioen azalpena

Aipatutakoaren arabera, 248/2012 Dekretuak, azaroaren 27koak, bizian zehar ikaskuntza-ekintzak garatzeari begira jarduerak egiteko laguntzak arautzen zituen. Dena den, dekretua garatzen eta aplikatzen bost urte eman ostean, lege-aldaketak izan dira, besteak beste, 27/2013 Legea, abenduaren 27koa, tokiko administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzkoa, eta 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko tokiko erakundeei buruzkoa. Horien guztien ondorioz, diruz lagun daitezkeen ezaugarriak eta baldintzak berriz definitu behar dira, arau-aldaketei erantzuteko eta, aldi berean, jarduerak berriz bideratzeko. Izan ere, 1/2013 Legeak, urriaren 10ekoak, bizian zehar ikaskuntzari buruzkoak, xedatzen dituen helburuak bete beharko dituzte. Azkenik, Europar Batasunaren Kontseiluak hezkuntza eta prestakuntzari buruz egindako gomendioei erreparatuko zaie.

1/2013 Legeak, urriaren 10ekoak, bizian zehar ikaskuntzari buruzkoak, gogorarazten du 4. artikuluan zehaztutakoari jarraiki, bizian zehar euskal ikaskuntza-sistemak honako helburuak dituela:

a) Euskal herritarrek, berdintasunezko baldintzetan, bizian zehar ikaskuntzari eta oinarrizko gaitasunak lortzeari sarbide unibertsala izan dezaten bermatzea, horiek garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko beharrezkoak baditu.

b) Euskal biztanleen artean ezagutzak eguneratu eta lanbide-gaitasunak hobe daitezen sustatzea, enplegagarritasuna hobe bermatu eta gizarte- nahiz ekonomia-ongizatean aurrerapausoak emateko baitira.

c) Bizian zehar ikaskuntza-kultura sendoa sustatzea eta, horretarako, ikaskuntza iraunkorrak duen garrantzia zabaltzea, baita beren interes eta behar pertsonalei egokitutako prestakuntza-ibilbideak egituratzeko pertsonak motibatzea ere.

d) Pertsona helduentzat ikaskuntza-eskaintza orokorra bultzatzea, ezagutzak landu eta zabaldu nahi badituzte.

Xedapen gorputza

Lehenengo lau artikuluek, hurrenez hurren, dekretuaren xedea, EAEko geografia-esparrura mugatutako aplikazio-eremua, laguntzen erakunde onuradunak eta diruz lagun daitezkeen jarduerak xedatzen dituzte.

5. artikuluan ikaskuntza-bitartekaritzari buruzko zerbitzua arautzen da, euskal biztanle guztiei bizian zehar prestakuntza eta ikaskuntza hurbiltzeko. Arreta berezia jartzen zaie pertsona gutxietsiei, prestakuntza-zirkuitutik urrun daudelako.

6tik 9. artikulura bitartekoak honakoak dituzte hizpide: diru-laguntzaren zenbatekoa, diruz lagun daitezkeen jarduerak azpikontratatzea, diru-laguntza emateko baldintzak eta erakunde onuradunen betebeharrak. Beste diru-laguntza batzuekin elkartzea da 10. artikuluaren xedea.

Ondoren, 11. artikulutik 13. artikulura, eskaerak aurkeztu, dokumentazioa entregatu eta eskaeraren akatsak zuzentzeari buruzko alderdiak jasotzen dira.

Laguntzaren adjudikazio-prozedurarekin zerikusia duten elementuak, eskaeren ebaluazio-irizpideak, ebaluazio-batzordea eta kudeaketa nahiz ebazpena 14.etik 17. artikulura bitartean lantzen dira. Ordainketei eta finantzaketa publikoaren iturriei, baita diru-laguntza aldatzeko arrazoiei ere, berriz, 18. artikulutik 20. artikulura aurre egiten zaie, hurrenez hurren.

Azkenik (21. eta 22. artikuluak), ez-betetzeak eta itzultze-prozedurak arautzen dira.

Xedapen indargabetzaileak 248/2012 Dekretua, azaroaren 27koa, bizian zehar ikaskuntza-jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituena, indargabetzen du.

Azken xedapenak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri eta dekretua indarrean sartzearen ingurukoak dira.

III.- GOGOETA OROKORRAK

248/2012 Dekretuak, azaroaren 27koak, bizian zehar ikaskuntza-ekintzak garatzeari begira jarduerak egiteko laguntzak arautzen zituen.

Hala eta guztiz ere, azken bost urteetan lege-aldaketak izan dira eta, ondorioz, diruz lagun daitezkeen jardueren ezaugarriak eta baldintzak berriz definitzea ezinbestekoa da, aldaketei erantzuteko. Aldi berean, berriz bideratu behar dira jarduerak, 1/2013 Legeak, urriaren 10ekoak, xedatutako helburuak eta hezkuntza nahiz prestakuntzari buruzko Europar Batasunaren Kontseiluak emandako gomendioak betetzeko.

Beraz, positiboki balioztatzen dugu kontsultatzen zaigun dekretu-proiektua, azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuak araututako laguntzen ezaugarri eta baldintzak aldaketetara egokitu nahi baititu. Dena den, zenbait alderdi kontuan hartu beharko lirateke.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

 

15. artikulua.  Eskaeren ebaluazio-irizpideak

1. puntuan prestakuntzaren jarduera berezietarako ebaluazio-irizpideak arautzen dira.

  • a) atalean hurrengoa xedatzen da: “prestakuntza-jardueraren pertsona hartzaileen ezaugarriei, taldearen kopuruari eta estali nahi diren prestakuntza-beharrei buruzko zehaztapen-maila, baita pertsona hartzaileen prestakuntza hobetzeko eta gaitasunak lortzeko helburuak eta horiek ebaluatzeko adierazleak ere”. Batzorde honen iritziz, irizpide hau planteatu den moduan ez da nahikoa.
    Gure ustez, proposamena oso zehatza eta xehatua izan daiteke (talde hartzaileak, helburuak, prestakuntza beharrak…), baina, gerta liteke jarduera-eremuan bizian zehar ikaskuntzarik ez eskuratzea.
    Ildo horri jarraiki, zehazteaz gain, bidezkoa litzateke aipatzea proposamenaren alderdi guztiek egokiak izan behar dutela jarduera-eremuan bizian zehar ikaskuntza sustatzeko.
    d) atalak irizpide modura hurrengoa xedatzen du: “Garatu beharreko prestakuntza-jarduera zehaztea: edukiak, metodologia, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio-irizpideak, orduen iraupena eta programazioa”.
    Batzorde honen iritziz, zehazteaz gain (horrek eskakizuna izan beharko luke), proposatutako jardueraren kalitatea kontuan hartu behar da.

Laburbilduz, kontsulta-organo honen ustez komenigarria litzateke hurrengoak ziurtatzeko irizpideei erreparatzea: batetik, lortutako helburuak egokiak direla eta, bestetik, proposatutako jarduera kalitatezkoa dela.

17. artikulua. Kudeaketa eta ebazpena

4. puntuak aipatutakoaren arabera, “eskaerak ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita”.

Ildo horri eutsiz, 39/2015 Legeak, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzkoak, 30.4. artikuluan xedatutakoarekin bat, sei hilabeteko gehieneko epea deialdia argitaratzen denetik hasi behar da zenbatzen.

Eskaera eta bikoizketa (ez) egotearen txostenaren ereduei buruz

Batzordeak idatziz jasoa utzi nahi du laguntzen urteko deialdietan “eskaera-eredua” eta “bikoizketa (ez) egotearen txostenari buruzko eredua” sartu behar direla.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABren ustez bizian zehar ikaskuntza-jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituzten dekretu-proiektua izapidetzea egokia da, kontsulta organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2019ko urtarrilaren 7an

 

 

Batzordeburuaren O.E. Idazkari Nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez