Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 4/19

Irizpena 4/19

Irizpena 4/19, Euskadiko ingurumen-administrazioaren lege-aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2019ko urtarrilaren 8an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren idazkia sartu zen eta Euskadin ingurumen-administrazioaren lege-aurreproiektuari buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lege-aurreproiektua Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin du. Gernikako Estatutuak 11. artikuluan emandako aginpideen arabera, ingurumenaren eta ekologiaren arloan oinarrizko legedia garatu eta gauzatu behar du, beraz, honen helburua ingurumenaren eremuan arau berria aldarrikatzea da, Euskadiko ingurumena babesteko lege orokorra ordezka dezan. Hala, nahitaezkoa izanik, Euskadiko ingurumen-administrazioaren arau-esparrua eguneratuko da, hogei urte hauetan zehar ingurumenaren eremuan sortu den lege-corpus garrantzitsua eta gizarteak eskatzen dituen ingurumen-behar berriak sartzeko. Era berean, ekainaren 23ko urei buruzko 1/2006 Legea aldatuko da, hamar urtez baino gehiagoz indarraldian egon ondoren, edukia egungo lege-esparrura egokitzeko.

Urtarrilaren 8an lege aurreproiektua Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei jakinarazi zitzaien, proposamenak egin eta iritziak eman zitzaten. Gero, horiek guztiak lan batzordeari, hau da, Ekonomia Garapenerako Batzordeari iritsarazi zitzaizkion, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudian xedatutakoaren arabera. Ekonomia Garapenerako Batzordea lan saioan 2019ko otsailaren 13an eta 19an bildu zen irizpen aurreproiektuaren proposamena eztabaidatzeko eta irizpen proiektua egitea erabaki zuen. Hori Euskadiko EGABren Osoko Bilkurak 2019ko otsailaren 22an landu du eta aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Euskadiko ingurumen-administrazioaren lege-aurreproiektuari buruzko testuak zioen azalpena, zortzi titulutan banatuta 118 artikulu, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, bost azken xedapen eta bi eranskin ditu.

Zioen azalpenean, lehenik eta behin, euskal ingurumen-politikarako Euskadiko ingurumena babesteari buruzko 3/1998 Lege Orokorrak izan duen garrantzia landu da. Izan ere, EAEko ingurumen-politikaren oinarrizko zutabeak ipini ditu. Ordezkatuko duen lege berriak azken legedi-garapenak ditu eta, gainera, administrazioak esku hartzeko teknika berriak eskaintzen ditu, administrazio-prozedurak erraztu eta arintzeko, baita ingurumena eraginkortasunez babesteko ere. Hala, jarduera ekonomiko desberdinak garapen-ingurunearekin bateratzen dira.

Lege berriak pertsona fisiko eta juridikoen, publiko nahiz pribatuen, eskubideak eta eginkizunak zehazten ditu eta ingurumena babesteko orduan erantzukizun publiko-pribatu partekatua bultzatu nahi du, euskal gizarteak ingurumen erronkei aurre egin behar baitie eta konponbideak bilatzeko jarduera erkideak gauzatu behar baitira.

Berrikuntza, ekoefizientzia edo erosketa publiko berdea aukera modura aipatzen dira; eragile sozioekonomikoen solasean eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako jarduerak, ordea, informazio eskubide bezala. Era berean, zerga-sistema ekologikoaren garapenak ere badu bere tokia legezko testu berrian.

Europar Batasunetik goi-mailako eduki teknikoa duen araudi ugari iritsi da eta, ondorioz, baimen-prozedura konplexu asko sortu da. Nolanahi ere, neurri berezien bidez arau berria sinplifikatzen eta arintzen saiatzen da.

Hortaz, legezko testu berriak beste helburu bat du, hain zuzen, ingurumenean eragiten duten jardueren gaineko esku-hartze desberdinak arautzeko sistema zehaztea. Ildo horri eutsiz, ingurumen eta herritarren osasunarekiko babesaren interes orokorra aseko da, aginte publikoen jardunean gardentasuna, eraginkortasuna, ekonomia eta efizientzia bermatzearekin batera, horiek guztiak administrazio onerako elementuak direlako.

Ondoren, zioen azalpenak lege berriaren edukian zehar ibilbide azkarra egiten du.

Xedapen-gorputza

Lege proiektuaren xedapen gorputzak ondorengo xedapenak ditu:

I. TITULUA – XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea

2. artikulua. Definizioak

3. artikulua. Printzipioak

4. artikulua.- Erabilgarritasun publikoa eta gizarte-interesa

5. artikulua.- Pertsonen eskubideak

6. artikulua.- Pertsonen eginkizunak 

II. TITULUA. – INGURUMENAREN POLITIKAN AGINPIDEAK ETA KOORDINAZIOA

7. artikulua.- Ingurumenaren arloan eskumenak

8. artikulua.- Administrazio publikoak aginpideak erabiltzea

9. artikulua.- Ingurumenaren esparru programa

10. artikulua. Ingurumenaren Kontseilu Aholkularia

11. artikulua.- Konposizioa

III. TITULUA. – INGURUMENAREN ARLOAN INFORMAZIOA, PARTAIDETZA PUBLIKOA ETA JUSTIZIA LORTZEA

12. artikulua.- Ingurumen-informazioa.

13. artikulua.- Ingurumen informazioa hedatzea

14. artikulua.- Ingurumen-informazioa eskatzea

15. artikulua.- Ingurumen-partaidetza

16. artikulua.- Ekintza publikoa

17. artikulua.- Administrazio elektronikoa 

IV. TITULUA.INGURUMENEAN ERAGINA DUTEN JARDUERAK ANTOLATZEA

18. artikulua.- Ingurumenean esku hartzeko araubideak

19. artikulua.- Jarduera baimenduak hasteko epeak

20.- artikulua. Helburuak

21. artikulua.- Aurretiazko kontsultak

22. artikulua.- Ingurumen arloko esku-hartze araubideak ingurumenaren eraginari buruzko ebaluazioarekin elkartzea

23. artikulua.- Administrazio publikoen betebeharrak

24. artikulua.- Sustatzaileen betebeharrak

25. artikulua.- Gaitasun teknikoa eta erantzukizuna

26. artikulua.- Konfidentzialtasuna

27. artikulua.- Jarduerak eta instalazioak eskualdatzea

28. artikulua.- Jarduera laga eta instalazioa ixtea

29. artikulua.- Jarduerak edo instalazioak aldatzea

30. artikulua.- Ingurumen baimen integratua

31. artikulua.- Ingurumen baimen bakarra

32. artikulua.- Udalaren hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena

33. artikulua.- Eskaeraren egutegia

34. artikulua.- Zuzenketa

35. artikulua.- Jendaurreko informazioa

36. artikulua.- Ingurumen-baimen integratuaren eta ingurumen-baimen bakarraren araberako jardueretan udal-informazioa

37. artikulua.- Isurketen arloan erakunde eskudunen txostena

38. artikulua.- Beste txosten batzuk

39. artikulua.- Ebazpen proposamena eta interesdunari entzutea. 

40. artikulua.- Ebazpena

41. artikulua.- Ingurumen-baimenen igorpen-balio mugak

42. artikulua.- Ingurumen-baimen integratuaren eta ingurumen-baimen bakarraren edukia

43. artikulua.- Indarraldia eta ikuskapena

44. artikulua.- Ingurumen-baimen integratuak funtsean aldatzeko prozedura

45. artikulua.- Ingurumen-baimen bakarrak funtsean aldatzeko prozedura

46. artikulua.- Ingurumen-baimen bakarrak funtsean ez aldatzeko prozedura

47. artikulua.- Funtzionamenduaren hasierari edo irekitzeari buruzko komunikazioa

48. artikulua.- Jarduera sailkatuaren lizentzia

49. artikulua.- Jarduera sailkatuaren lizentzia eskatzea

50. artikulua.- Jendaurreko informazioa eta txostenak egitea

51. artikulua.- Neurri babesleak eta zuzentzaileak jartzeko txostena

52. artikulua.- Jarduera-lizentzia ematea

53. artikulua.- Jarduera sailkatua hasi edo irekitzeari buruzko komunikazioa

54. artikulua.- Jarduera sailkatuaren lizentzia ikuskatzea

55. artikulua.- Jarduera sailkatuaren aurretiazko komunikazioa

56. artikulua.- Jarduera sailkatuaren aurretiazko komunikazioa aurkeztea

57. artikulua.- Jarduera sailkatuaren aurretiazko komunikazioaren edukia eta ondoreak

58. artikulua.- Jarduera aldatzea 

V. TITULUA.– INGURUMEN EBALUAZIOA

59. artikulua.- Ingurumen-ebaluazioa

60. artikulua.- Ingurumen-ebaluaziorako prozedurak

61. artikulua.- Aginpideak

62. artikulua.- Ebaluatu gabeko plan, programa eta proiektuen baliogabetasuna

63. artikulua.- Gaitasun teknikoa eta erantzukizuna

64. artikulua.- Konfidentzialtasuna

65. artikulua.- Ingurumen-ebaluaziotik salbuetsitako plan, programa eta proiektuak

66. artikulua.- Kasuz kasu ingurumen-ebaluaziotik salbuets daitezkeen proiektuak

67. artikulua.- Ohiko ingurumen-ebaluazioen irismena zehaztea

68. artikulua.- Publizitatea

69. artikulua.- Erkidegoen arteko eta mugaz haraindiko harremanak

70. artikulua.- Ingurumen-ebaluazioari buruzko prozeduretan pertsona juridiko interesdunen erregistroa

71. artikulua.- Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren eremua

72. artikulua.- Jendaurreko informazioa eta kontsultak

73. artikulua.- Ingurumen-aitorpen estrategikoaren izaera eta edukia

74. artikulua.- Ingurumen-txosten estrategikoaren izaera eta edukia

75. artikulua.- Ingurumen-eraginari buruzko ebaluazioaren eremua

76. artikulua.- Jendaurreko informazioa eta kontsultak

77. artikulua.- Ingurumen-eraginari buruzko aitorpenaren izaera eta edukia

78. artikulua.- Ingurumen-eraginari buruzko txostenaren izaera eta eragina 

VI. TITULUA. – INGURUMEN-HOBEKUNTZA BULTZATZEKO TRESNAK

79. artikulua.- Ingurumen-akordioak

80. artikulua.- Ingurumen kudeaketa eta auditorien sistema erkidegoan (EMAS) partaidetza sustatzea

81. artikulua.- Europar Batasunean etiketa ekologikoaren erabilera sustatzea

82. artikulua.- Ingurumen aztarna

83. artikulua.- Erosketa publiko berdea

84. artikulua.- Ekoberrikuntza

85. artikulua.- Ingurumenari buruzko zerga-sistema

86. artikulua.- Ikerketa, hezkuntza eta prestakuntza

87. artikulua.- Ingurumen-boluntarioak

88. artikulua.- Jendaurrean goresteko neurriak 

VII. TITULUA. -INGURUMEN IKUSKAPENA ETA KONTROLA

89. artikulua.- Ingurumen lankidetzarako erakundeak

90. artikulua.- Ingurumen-ikuskapenaren helburua

91. artikulua.- Jarduera ikuskatzaileari men egitearen eskakizuna

92. artikulua.- Ingurumen ikuskapenari buruzko jarduera erabiltzea

93. artikulua.- Ingurumen ikuskapenari buruzko akta eta txostena

94 artikulua.- Ingurumen-ikuskapenaren plangintza

95. artikulua.- Ingurumen ikuskapenari buruzko jardueren publizitatea 

VIII. TITULUA. -INGURUMEN LEGEZKOTASUNA LEHENGORATZEA ETA INGURUMEN KALTEENGATIK ERANTZUKIZUNA

96. artikulua.- Baimenik, lizentziarik eta aurretiazko komunikaziorik gabeko jarduerak

97. artikulua.- Ez-betetzeak edo urritasunak zuzentzea

98. artikulua.- Jarduerak etetea

99. artikulua.- Ingurumen legezkotasuna lehengoratzeko prozedura

100. artikulua.- Ingurumen legezkotasuna lehengoratzeko neurriak nahitaez gauzatzea

101. artikulua.- Ingurumen-kalte esangarriengatik eta berehalako mehatxuarengatik erantzukizuna

102. artikulua.- Aginpideen araubidea

103. artikulua.- Arau-hausteak eta zehapenak

104. artikulua.- Arau-hausteak tipifikatzea

105. artikulua.- Arau-hausteak preskribatzea

106. artikulua. Zehapenak

107. artikulua.- Zehapenak mailakatzea

108. artikulua.- Konfiskatzea

109. artikulua.- Zehapenak preskribatzea

110. artikulua.- Aginpideak

111. artikulua.- Behin-behineko neurriak

112. artikulua.- Lehengoratzearen betebeharra eta kalte-ordaina

113. artikulua.- Behartzeko isunak eta egikaritze ordezkatzailea

114. artikulua.- Kontratatzeko debekua

115. artikulua.- Zehapen-prozedura

116 artikulua.- Publizitatea

117. artikulua.- Ingurumen-prestazio ordezkatzailea

118. artikulua.- Zehapen ekonomikoen jomuga

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.- Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta foru organoen arteko harremanei buruzko legearen 7.c) 6 artikulua aldatzea.

Bigarren xedapen iragankorra.- Uztailaren 20ko 172001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako urari buruzko legearen testu bateginean dagoen araubideari moldatzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengo azken xedapena. 27/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta foru organoen arteko harremanei buruzkoak, 7.c) 6 artikuluan xedatutakoa aldatzea.

Bigarren azken xedapena. Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako urari buruzko legearen testu bateginean dagoen araubideari moldatzea.

Hirugarren azken xedapena. Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legean xedatutako araubideari egokitzea.

Laugarren azken xedapena. Eranskinak egokitzeko arau-gaikuntza.

Bosgarren azken xedapena. Indarrean sartzea.

ERANSKINAK

III.- GOGOETA OROKORRAK

Euskadiko ingurumen politikari laurogeigarren hamarkadan ekin zitzaion, Europar Batasuneko ingurumen-politikek emandako aginduetatik abiatuta. Ingurumen narriadura sakona zen eta egoera beste bide batetik eramatea ezinbestekoa zen. Tratamendurako eta kontrolerako azpiegiturarik ez zegoen eta ingurumen-politikaren arloan esperientzia urria zen, bai administrazio publikoan, baita enpresetan eta gizarte zibilean ere.

3/1998 Legeak, otsailaren 27koak, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko orokorrak, irizpen honen xede den lege-aurreproiektuak aldatu nahi duenak, Autonomia Estatutuak ingurumenaren eta ekologiaren arloan EAEri emandako aginpideak garatu zituen. Hala, Euskadiko ingurumen-politikari buruzko lehenengo oinarri orokorrak ezarri ziren. Zatikako edo sektoreko ikuspegien aldean, euskal administrazioak garapen-esparru bateratuaz hornitu behar ziren eta lege antolamenduak ingurumenaren kontserbazio-, defentsa- eta babes-zereginean egokia izan behar zuen.

Ildo horri jarraiki, Euskadiko ingurumena babesteko lege orokorrak ingurumenaren alde euskal administrazioen jardueran etapa garrantzitsua islatu du. Europar Batzordean nagusi ziren postulatuekin bat, Euskadiko ingurumen-politikaren oinarriak finkatu ditu, helburuak, printzipioak, tresnak eta prozedurak erantsita. Horri esker, ingurumenaren egoerari buruzko txostenak aldizka egitea eta lau urtez behin ingurumen esparru programak formulatzea egituratu da, garapen iraunkorrari buruzko estrategia ardazteko bidea leuntzeaz gain.

Hogei urte luze hauetan ingurumena babesteko lege orokorra Euskadiko ingurumen-politikaren buru izan da eta ingurumen ondarea konpondu eta babesteko lorpen garrantzitsuetara iritsi da. Dena den, mugak adierazi ditu eta aldatzeko beharrak hauteman dira, bereziki, europar araudian funtsatuta. Izan ere, ikuspegi hirukoitzetik (ingurumena, ekonomia eta gizartea) Europa iraunkorrera iritsi behar da.

Ingurumenean aginpide asko elkartzen dira eta erakunde-maila desberdinei atxikiak daude, beraz, xedapenek baldintzatzaile ugari dute eta euskal legegilearekin zerikusirik ez duten iturrietatik (Europatik eta Estatutik) aldaketak datoz maiz. Europar Batasuna bereziki eraginkorra izan da arau berriak egiteko orduan eta horietara nahiz irauli ondoren oinarrizko estatuko araudira moldatzeak Euskadiko ingurumena babesteko lege orokorraren egonkortasuna eta bateratasuna arriskupean jarri du.  Bestalde, orokortasuna bilatu nahian, politikaren arau-oinarriez gain, ingurumena babesteko lege orokorrak ingurumen-baliabide desberdinen (lurzorua, urak eta itsasertza, bioaniztasuna, airea, zaratak) banakako babesa du eta ingurumenean eragina duten jarduerak antolatzen ditu, hala nola, hondakinak, lurzoru  kutsatuak. Oso zabala izan arren, ingurumen-baliabideak ez dira zehatz-mehatz garatu. Oinarrizko elementuetan gelditu da eta, gero, lege berezien bidez garatu dira. Arau berria egiteak xedapen orokorrak eta arloan zeharkako alderdiak indartzeko aukera ematen du, horiek eguneratzearekin batera.

Halaber, arau berriari esker, arauketa ingurumenarekiko gizartearen eske berrietara eta euskal errealitate sozioekonomikoaren erronka orokor handietara egokituko da, besteak beste, aldaketa klimatikoa, bioaniztasuna galtzea, baliabide natural mugatuak arrazionaltasunez erabiltzea edo Nazio Batuetako garapen iraunkorraren helburuak lortzea. Era berean, arau berriarekin gure lege-antolamenduan administrazioan esku hartzeko teknika berrienak sartuko dira, arauen prozedurak sinplifikatu eta arintzeko, baita ingurumena babestean erantzukizun publiko-pribatua partekatzeko ere. Ildo horri eutsiz, ingurumen eta pertsonen osasuna babesteko interes orokorra zaindu eta herritarren nahiei erreparatuz, administrazio onean jardun onak bultzatzea (hala nola, herritarren partaidetza, informazioa edo kudeaketan gardentasuna) bateratuko dira.

Laburbilduz, Batzordearen ustez ingurumenaren arloan arau berria egitearen ekimena oso egokia da, egun indarrean dagoen ingurumenaren babesari buruzko lege orokorra ordezkatzeko. Hala, euskal ingurumen politika berritu, Europar Batasunak sustatzen duen iraunkortasuna hiru ikuspegietatik behar bezala bateratu, lege berriak garatu eta esperientzia nahiz administrazioaren ikuspegitik jardun eta kudeatzeko teknika onak kontuan hartuko dira. Horrez gain, etorkizuneko Euskadiko ingurumen politikaren buru izango da, sortzen ari diren erronka eta behar berriei aurre egiteko.

Gure iritziz, aurreproiektua ondo eraikia dago eta orokorrean beraren aldekoak gara, alde batera utzi gabe zenbait alderdi berezi, beraz, ondoren, hainbat gogoeta egingo dugu.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

Aurreproiektuaren justifikazio txostena eta memoria ekonomikoa

8/2003 Legeak, xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzkoak, 10.3. artikuluan xedatutakoarekin bat, lege-aurreproiektuaren memoria ekonomikoak kostua zenbatetsi behar du eta gastuak nahiz diru-sarrerak zenbatu, administrazio publikoaren aurrekontuetan ondoreak zehaztu eta finantzazio-iturri eta -moduak definitu behar ditu.

Aurreproiektuaren justifikazio-txostenean eta memoria ekonomikoan ahalegin garrantzitsua egiten da administrazio publiko eta pribatuen eremuan legea ezartzearen ondorioz gastuak eta kostuak zenbatesteko, baina diru-sarreren, finantzaketaren eta aurrekontuan izan behar duen islaren aldetik, bakarrik zerga-kontzeptuak eta neurri fiskal orokorrak aipatzen dira.

Horregatik, itxuraz, komenigarria da memoria ekonomikoa diru-sarreren simulazio eta estimazioekin osatzea, aurreproiektuari jarraiki, garatzen diren tasak, zergak eta tresna fiskalak finalistak (besteak beste, arestian aipatu dugun funtserako) izango direla xedatzen baita. Gainera, aurrekontu-partida bat osatuko da ingurumen-administrazioari buruzko legearen helburuak betetzeko.

Zioen azalpena

1.- 11. orrialdeko laugarren paragrafoan baieztatutakoaren arabera, ingurumenaren arloan esku-hartzeen prozedurei buruzko izapideak arintzeko, jarduera kokatuko den inguruko biztanleei jakinaraztearen izapidea ezabatu da eta horren ordez, dagokion aldizkari ofizialean, egoitza elektronikoan eta ediktuen oholtzan argitaratuko da  Deuseztapen hori azpimarratu nahi dugu. Itxuraz, aurreproiektuaren zioen azalpenak aldarrikatzen duen gardentasuna eta herritarren partaidetzari buruzko printzipioak sustatzeko ez da modurik onena.

2.- 12. orrialdeko hirugarren paragrafoan azaldutakoarekin bat, ingurumen-ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, hainbat pertsonari kontsultatu behar zaio eta horien partaidetza eraginkortasunez bermatzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko prozeduretan pertsona interesdunen erregistroa sortuko da. Gure iritziz, garrantzitsua da zioen azalpenaren testuan honakoa nabarmendu eta eranstea: pertsona interesdunen erregistroa eratzeak ez duela informazioaren eskubidea baztertuko eta legedia aplikagarriarekin bat legezko interesa izanik, erregistroan ageri ez daudenen eskutik ere informazioa jaso dezakete. Xede horrez, bidezkotzat jotzen dugu aipatutako paragrafoari honakoa eranstea: “nahiz eta pertsona interesdunen erregistroa sortuko den, informazioa lortzea eta araudi aplikagarriarekin bat, legez interesduna den edozein pertsonatik jasotzeko eskubidea ez da deuseztatuko. Berdin dio hori erregistroan sartu gabe egotea”. 

1. artikulua.- Xedea

Gure ustez ingurumena kontserbatzea da araudiaren helburu bat, beraz, xedea azaltzen duen testuari eranstea iradoki dugu:

1. artikulua): Lege honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestu, kontserbatu eta hobetzeko arau-esparrua zehaztea da. Hala, pertsona fisiko eta juridikoen eskubideak eta eskakizunak definitzen ditu, hurrengo helburuetara iristeko:

Xedapenean ondoren helburuak zerrendatzen dira, legearen arau-esparruaren xedea baitira eta honakoa gehitzea proposatzen dugu:

j) atalean enpresak eta lan-eremua erantsi nahi dira ingurumen-heziketa eremu modura. Nolanahi ere, beharrezkoa da eta, ondorioz, sustatzea ezinbestekoa da:

1.j) artikulua: Hezkuntza-maila guztietan ingurumen-heziketa sustatzea, baita ingurumena babestu eta hobetzearen inguruan herritarrak eta gizarte-aktoreak, enpresak eta lan-eremuak barne, kontzientziatzea ere.

2. artikulua. Definizioak

Ingurumen akordioaren definizioan, a) atalean jasotzen denean, ingurumen-akordioaren zati bezala sindikatuak gehitzea proposatzen da:

2.a) artikulua: Ingurumen-akordioa: ingurumen-administrazio eskudunaren eta enpresa baten edo sektore, sindikatu, talde ala erakunde zehatzen ordezkarien artean sinatutako akordioa, bi aldeak borondatez ingurumena babesten duten helburuak betetzeari begira lotuak gelditzeko.

Halaber, “instalazioaren” definizioan unitate tekniko iraunkorrak eta aldi baterakoak sartzea proposatzen da:

2.i) artikulua: Instalazioa: edozein unitate tekniko finko edo mugikor, iraunkor edo behin-behineko, lege honen I. eranskinean eta II. eranskinean zerrendatutako jarduera bat edo gehiago garatzen dituenak, baita zuzenean horiekin zerikusia duen beste edozein jarduera ere, tokian gauzatzen diren jardunekin erlazio teknikoa badute eta igorpenetan nahiz kutsaduran edo ingurumenaren bestelako alderdietan eragiten badute.

Era berean, “ingurumen-aztarna” definizioa sartzea proposatzen da, testua eta, bereziki, 82. artikuluaren edukia hobe ulertzeko, kontzeptu hori lantzen baita.

5 artikulua.- Pertsonen eskubideak

Lege-aurreproiektuarekin bat pertsonen eskubideak zerrendatzen direnean, a) atalean zerbait ezabatzea proposatzen dugu. Zehazki, a) atalean azpimarratutako “bai gizonek, bai emakumeek” zehaztapena ezabatzea egokitzat jotzen dugu. Xedapenak pertsona guztiek eskubidea dutela badio, bertan pertsona oro sartuta dago, bai gizonak, baita emakumeak ere, zer baldintzakoak diren alde batera utzita.

5. artikulua: Legeak aurrez ikusitakoaren arabera, pertsona guztiek dute eskubidea:
a) Baldintza berdinean ingurumen egokiaz gozatzera, bai gizonek, bai emakumeek.

10. artikulua. Ingurumenaren Kontseilu Aholkularia

Ingurumenaren Kontseilu Aholkulariari dagokionez, ingurumenean kontseilu hau kontsulta eta kooperazioaren mailan goi-mailakoa denez, arauak berariaz adierazi beharko luke.

10. artikulua: Ingurumenaren Kontseilu Aholkularia, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenaren eremuan kontsulta- eta kooperazio-organo gorena den neurrian, ….erlazioa sustatzea du helburu.

11. artikulua.- Konposizioa

Araudi aplikagarriarekin bat, Ingurumenaren Kontseilu Aholkularia osatzean, enpresa- eta sindikatu-erakundeekiko “ordezkaritza handiena dutenak” gehitzea planteatzen dugu.

11. artikulua:
g) Ordezkaritza handiena duten enpresa-erakundeak.
h) Ordezkaritza handiena duten sindikatu-erakundeak.

18. artikulua.- Ingurumenean esku hartzeko araubideak

Honakoa gehitzea proposatzen dugu, eragina zehatz-mehatz adierazteko.

18.2. artikulua: Lege honetan arautzen diren ingurumen esku-hartzeen araubideak kontuan hartuta, instalazioek eta jarduerek bete behar al dituzten zehaztuko da, jarduerek ingurumenean duten eragin handiagoari edo txikiagoari erreparatuzondorengo alderdian oinarrituta:

35. artikulua.- Jendaurreko informazioa

Jendaurreko epearen hedapen zabalagoa bermatzeko, instalazioaren edo jardueraren proiektuek ingurumen-baimen integratua edo ingurumen-baimen bakarra eskatuz gero, jendaurreko epearen iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzearekin batera, jarduera edo instalazioaren udaleko ediktuen oholtzan azaltzea planteatzen dugu. Xede horrez, bigarren paragrafoa sartu beharko litzateke.

35.1. artikulua: Eskaera aurkeztu eta dokumentazioa oso-osorik dagoela egiaztatu ostean, instalazio edo jardueraren proiektuak hilabeteko jendaurreko epea izango du, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu ostean, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Era berean, iragarkiaren kopia jarduera edo instalazioaren mugapearen arabera, dagokion udaleko ediktuen oholtzan erakutsiko da.

38. artikulua.- Beste txosten batzuk

Xedapen honen idazkerak zehaztu gabe uzten du zer erakunde edo agintaritzari eskatu behar zaion nahitaezko osasun-txostena, nahiz eta hori aipatzen den. Horregatik, gehiago zehaztea komeni dela deritzogu, hala nola, txostena jendaurrekoa izatea, edo hala ez bada, araubidez garatuko dela adieraztea.

38.1. artikulua: Jendaurreko epealdiarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak osasun-txosten publikoa, nahitaezkoa eta loteslea, eskatuko du. Horrez gain, jardueraren izaera kontuan hartuta, aginpideen babesean ukituak izateagatik beren iritzia eman behar duten organoei gainerako txosten teknikoak eskatuko dizkie. Aurkeztutako eskaera ikusirik, beren aginpideko arloei buruz jakinarazi beharko dute hilabeteko epean.

40. artikulua.- Ebazpena

 Xedapen honek ebazpenak egiteko edukiak eta epeak ezartzen ditu eta horiekin ingurumen-baimen integratuaren eta ingurumen-baimen bakarraren prozedurak amaituko dira. Lehenengoaren kasuan 9 hilabetetan eta bigarrenaren kasuan 6 hilabetetan egin beharko da. Azaldu behar dugu hain epe zabalak ez direla bateragarriak baimena behar duten proiektuak eta jarduera ekonomikoak abian jartzearekin. Horregatik, epeak modu esangarrian laburtzea eskatzen dugu.

 43. artikulua.- Baimenen indarraldia eta ikuskapena

Ez da egokia lege-xedapenak 43.4. artikuluko b) atalean erabiltzen diren moduko azalpen kualitatiboak eta orokorrak izatea. Bertan aurrez ikusitakoaren arabera, ingurumen baimen integratua eta ingurumen baimen bakarra ofizioz ikuskatuko dira, beraz, agintaritza eskudunaren iritzipean uzten da ofizioz ikuskatzea eta berak baloratu beharko du “igorpenak modu esangarrian murritz al daitezkeen” “gehiegizko kostuak ezarri gabe” “aldaketa garrantzitsuak direla-eta”.

Horregatik, halako azalpenak zehaztea proposatzen dugu eta arauak araubidezko garapenera bidali beharko luke.

43.4. artikulua: Nolanahi ere, ingurumen baimen integratua eta ingurumen baimen bakarra ofizioz ikuskatuko dira honako kasuetan:
  1. Instalazioaren kutsadurak igorpen-balio mugak ikuskatzea edo berriak ipintzea komenigarritzat jotzen duenean.
  2. Teknika eskuragarri onenetan aldaketa garrantzitsuak izan direlako, igorpenak gehiegizko kosturik gabe modu esangarrian murritz daitezkeenean, araudi aplikagarriarekin eta lege honen araubidezko garapenarekin bat.

59. artikulua.- Ingurumen-ebaluazioa

43. artikuluan alegatutakoaren antzera, ez da egokia lege-xedapenak azalpen kualitatiboak eta orokorrak izatea eta agintaritza aginpidedunaren iritzipekoak suertatzea.

59.1. artikulua: Nahitaezko ingurumen-ebaluazioari buruzko prozedura bete beharko dute planek, programek eta proiektuek, baita beren aldaketek ere, ingurumenean ondore garrantzitsuak badituzte, araudi aplikagarriarekin eta lege honen araubidezko garapenarekin bat. Helburua ingurumenaren babes-maila altua bermatzea eta garapen iraunkorra sustatzea da honakoen bitartez:

62. artikulua.- Ebaluatu gabeko plan, programa eta proiektuen baliogabetasuna

Gure iritziz, testuak zehaztu beharko luke nahitaezko ingurumen-eraginari buruzko ebaluaziorik gabe oso-osorik edo zati batean gauzatutako proiektuek hori egin beharko dutela, ebaluazioa ez burutzeagatik izan ditzaketen zehapenak alde batera utzita. Nolanahi ere, jokabide hori ezin daiteke besterik gabe zuzendu, ahaztutako izapidea ondorio gehiagorik gabe eginez. Ildo horri eutsiz, ingurumen diziplinari buruzko bederatzigarren tituluak oso arau-hauste larritzat jotzen du 104.2.b) artikuluan.

62.2. artikulua: Proiektuak nahitaezko ingurumen-eraginari buruzko prozedura bete gabe oso-osorik edo zati batean eginak badaude, gabezia antzematen denean, organo eskudunak ebaluazio-prozedura izapidetu beharko du eta beharrezkoa denean, ondoren ebaluazioaren berariazko zehaztapen teknikak aplikatuko ditu, alde batera utzi gabe legeak 104.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat izan ditzakeen zehapenak ezartzea.

65. artikulua.- Ingurumen-ebaluaziotik salbuetsitako plan, programa eta proiektuak

Gure iritziz, ingurumen-ebaluazioaz salbuetsitako plan, programa eta proiektuei plan eta programa fiskalak erantsi behar zaizkie.

Bestetik, bigarren atalean ingurumen-organoak ezarriko ditu irizpideak zer egoeratan planek edo programek ingurumenean ondore esangarririk ez duten. Gure ustez irizpide horiek ez dira aukerakoak, nahitaezkoak baizik, beraz, testuaren idazkeran aldaketa egokiak egitea proposatzen dugu.

65.2. artikulua: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen organoak irizpideak zehatu ditzake beharko ditu zer egoeratan plan edo programaren ala horien aldaketaren ondoreak ingurumenean ez diren esangarriak izango zehazteko.

68. artikulua.- Publizitatea

Ingurumen-ebaluazioari buruzko prozeduren ebazpenak aditzera emateko, guretzat interesgarria da interesdunek eskatuz gero, ebazpenaren kopia izango dutela bermatzea.

68. artikulua: Ingurumen-ebaluazioari buruzko prozedurak amaitzen dituzten ebazpenak aldizkari ofizialean eta ingurumen organoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Eskatuz gero, erakunde edo pertsona interesdunei kopia eskuratuko zaie.

83. artikulua.- Erosketa publiko berdea

Ados gaude erosketa publiko berdea lege-aurreproiektuak 83. artikuluan aurrez ikusten dituen ingurumen helburuak lortzeko mekanismo egokia izan daitekeelakoan.

Testuinguru honetan, ingurumenaren kudeaketa eta auditoriei buruzko erkidegoaren sisteman (EMAS) partaidetza sustatzeko 80. artikuluari lotuta, betetzeko aurreproiektuak kontratazio publikoaren prozeduretan sistemarekiko atxikipena eskatzen du. Horren harira, honakoa aipatzea garrantzitsutzat jotzen dugu: EMAS sistemak eskakizun-maila berezia du, baina beste ziurtapen-sistema batzuk ere badaude nazioartean bermatuak, hala nola, ISO sistema. Azkenekoak, gainera, abantaila handiagoa du, euskal enpresetan zabalduagoa baitago.

Bi errealitateak bateratzeari begira, 83.3 atalean klausula bat eranstean proposatzen dugu, ziurtapen-sistema horiek eta EMAS bezalako ingurumen-kudeaketari buruzkoak horiek kontratazio publikoaren prozeduretan sartzeko eta prozeduran eskakizun-mailaren arabera balioztatzeko. 

83.3. artikulua.- Obra- eta hornidura-kontratuak gauzatzeko administrazio baldintzen pleguetan, baita baldintza tekniko bereziei buruzkoetan ere, honakoen ehunekoak adieraziko dira: azpiproduktuak, bigarren mailako lehengaiak, material birziklatuak edo berrerabiltzeko prestatze-prozesuetatik datozenak, bakoitzean erabilitakoak. Material horiek gutxienez % 40an erabiliko dira, arrazoi tekniko justifikatuak direla-eta, ehunekoa murriztu behar denean izan ezik. EMAS ziurtagiria duten enpresen kontratazioa sustatuko da, alde batera utzi gabe bestelako ziurtapen-sistemak eta ingurumen-kudeaketari buruzkoak balioztatzea, horien eskakizun-maila kontuan hartuta.  

Bestalde, xedapen berdinean, jada erabili diren azpiproduktu, bigarren mailako lehengai eta abarri dagokionez, kontratazio publikoko administrazio baldintzen eta baldintza teknikoen pleguetan ehunekoak adieraztea eskatzen da eta erabileraren % 40 finkatzen da gutxieneko bezala, arrazoi tekniko justifikatuetan izan ezik. Batzorde honek material desberdinak erabiltzeko orduan, kontratazio publikoaren oinarrietan % 40 finkatzeko arrazoiak ez ditu ezagutzen. Berez errealitatea oso desberdina da eta legearen testuan ehuneko finkoa aipatzean errealitatetik urrun daiteke. Hala, araubidezko garapena aprobetxatu beharko litzateke kasuak kasu aipamen egokiagoa eta teknologiaren aurrerapenei molda daitekeena egiteko.

87. artikulua.- Ingurumen-boluntarioak

Ingurumena babestu eta hobetzearen alde interes orokorreko jardunak burutzeari begira, administrazioak boluntarioen eremuan jarduerak sustatzeko konpromisoa hartzen duenean, irudiari buruzko araudi berezian definitutakoetara mugatuko direla zehaztu beharko litzateke.

87.1. artikulua: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, beren aginpideen eremuan, boluntarioen ekintzetan herritarren partaidetza sustatuko dute ingurumena babestu eta hobetzearen alde interes orokorreko jarduerak burutzeko, 17/1998 Legeak, ekainaren 25ekoak, boluntarioei buruzkoak, eta gainerako araudi aplikagarriak xedatutakoaren babesean, betiere ekintzak egiaz boluntarioentzat badira araudi bereziak adierazitako baldintzetan. Xede horrez, lege honek kontserbazio-jarduerak garatzeko programak diseinatuko ditu.

89. artikulua.- Ingurumen-lankidetzarako erakundeak eta 92. artikulua.- Ingurumen-ikuskapenari buruzko jarduna erabiltzea

Zioen azalpenaren eta artikuluen artean kontraesana dago, ingurumen-lankidetzarako erakundeen jarduerei dagokienez. Zioen azalpenak 13. orrialdean xedatutakoaren arabera, ingurumen-ikuskapena administrazio publikoen zerbitzura dauden langileek edo ingurumen-lankidetzarako erakundeek egin dezakete. Artikuluetan, ordea, desberdintasunak antzeman dira. 89.1. artikuluak ingurumen-lankidetzarako erakundeak definitzen ditu eta jarduerak egiaztatu, baliozkotu eta kontrolatzeko jardunean administrazio publiko eskudunekin lankidetzan diharduten horiek dira. Gaur egun indarreko ingurumenaren babesari buruzko lege orokorrak eta ingurumen-lankidetzarako jarduerei buruzko dekretuak aurrez ikusten duten jarduera-sorta berdina da eta ikuskapena kanpoan gelditzen da. 90. artikuluak xedatutakoarekin bat, administrazio publikoei dagokie ingurumen zaintza eta ikuskapena; baina, gero, 92. artikuluan aipatutakoaren arabera, lan horiek zuzenean administrazio publikoetako langileek edo beren izenean ingurumen-lankidetzarako erakundeek egin ditzakete. Bigarren kasuan, beren jarduna mugatuko da ikuskapen-jarduera materialetara, gaitasun publikoaren barruan edo bestelako egoerengatik funtzionario publikoei gordetzen ez zaienetara, alegia. Ez dago daturik, ordea, ahalmen publikoan edo bestelako egoeratan oinarrituta, funtzionarioei gordetzen zaizkien ikuskapen-jarduera materialak zein diren ezagutzeko. Gainera, argibideekin ingurumen-lankidetzarako erakundeek eta administrazio publikoek gauzatutako jardueren artean ez legoke gainjartzeko arriskurik.

Argia ez izateaz gain, gure zalantzak ditugu ikuskapen-zereginak ingurumen-lankidetzarako erakundeei atxikitzeari buruz, zereginaren izaera kontuan hartuta, esklusiboki administrazio publikoen zerbitzura diharduten langileek gauzatu beharko bailituzkete, agintaritzaren agente modura jota.

Azaldutakoan oinarrituta, lege-segurtasunari buruzko arrazoiengatik, hurrengoak beharrezkoak dira:

  • Egiaztapen-, baliozkotze-, kontrol- eta ikuskapen-jarduerei dagokienez, zioen azalpenean eta “ingurumen ikuskapena” zazpigarren tituluko artikuluetan erabilitako terminologia heterogeneoa zuzentzea eta, batetik, ingurumen-lankidetzarako erakundeen (ILE) eta, bestetik, funtzionarioen bitartez administrazio publikoen esku-hartzearen eremua argi eta garbi definitzea.
  • Ingurumen ikuskapenaren eremuan oso ondo mugatu behar dira ahalmen publikoa erabiltzea edo, 92.1. artikuluak dioen bezala, “bestelako egoerak”, horien arabera, ingurumen-lankidetzarako erakundeei zeregin horietatik baztertzen baitzaie eta zuzenean administrazio publikoen zerbitzura aritzen diren langileek gauzatu behar baitituzte.
  • Ingurumen-lankidetzarako erakundeek eta administrazio publikoetako langileek egindako jarduerak ez direla gainjartzen bermatuko da.

93. artikulua.- Ingurumen-ikuskapenari buruzko akta eta txostena

Jardueraren titularrari ikuskapen-bisitaren txostena jakinarazteko bi hilabete daude. Epe hori gehienekotzat jo behar da eta, beraz, arauan adierazi beharra dago.

93.4. artikulua: Ikuskapen-bisitaren txostena jardueraren titularrari jakinaraziko zaio gehienez bi hilabeteko epean, bisita egiten den egunetik zenbatzen hasita.

103. artikulua.- Arau-hausteak eta zehapenak

Arau-hauste eta zehapenei buruzko xedapen orokorrean arau-haustearen subjektu egileari ez zaio aipamenik egiten. Lege-segurtasuneko arrazoietan funtsatuta, gure ustez ezinbestekoa da arau-haustearen subjektu arduradunaren definizioa sartzea, beraz, komenigarria litzateke aurreproiektuaren puntu honetara oinarrizko araudiak xedatzen duena ekartzea.

104. artikulua.- Arau-hausteen tipifikazioa

Nahitaezko ingurumen-lizentzia lortu gabe proiektua gauzatzen hastea aurreproiektuaren kasuan arau-hauste oso larria da. Dena den, Batzorde hau harrituta dago jarduerak ingurumenean kalte eragiten duenean edo pertsonen, osasunaren edo ondasunen segurtasuna arriskuan jarri denean larritasun gehigarri hori dagokion lege-gaitzespenarekin aurreproiektuan berariaz ez adieraztea.

V.- ONDORIOAK

EGABren iritziz Euskadiko ingurumen-administrazioari buruzko legearen aurreproiektua izapidetzea egokia da, irizpenean adierazten diren oharrekin.

Bilbon, 2019ko otsailaren 22an

a

Batzordeburuaren O.E.  Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez