Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 7/19

Irizpena 7/19

7/19 Irizpena, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duena, hirugarrenez aldatzeko Dekretu Proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

 I.- SARRERA

2019ko ekainaren 24an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren idazki bat sartu zen. Bertan, ekainaren 23ko 109/2015  Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duena, hirugarrenez aldatzeko Dekretu Proiektuari buruzko txostena eskatu zuten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko maiatzaren 17ko 8/2012 Legeko 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hau da aldaketaren xedea:

  1. Agente kategoria guztiek derrigorrez bete beharreko baldintza gisa sartzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Plan bat eduki beharra, erakundeak plantillan 10 pertsona edo gehiago badauzka.
  2. Osasuneko I G erakundeen eta osasun ikerketako institutuen kategorietan ezarritako baldintzak egokitu eta kategoria horietako baten izena aldatzea.
  3. Zentro teknologikoen eta ikerketa kooperatiboko zentroen kategorietarako ezarritako baldintza batzuen definizioak aldatzea.
  4. IKZei eskatutako berariazko baldintza batzuk egokitzea, 2020an betetzekoa.
  5. Agente berezien kategorian agente berri bi sartzea.

Berehala bidali zitzaien agiriaren kopia Batzordearen osoko bilkurako kide guztiei, euren proposamenak eta iritziak igor zitzaten eta haiek dagokion lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu arautegian xedatutakoaren arabera. 2019ko uztailaren 4an Ekonomia Garapenerako Batzordea bildu zen, eta hartutako erabakietan oinarrituta, Irizpen Proiektu hau egin da, Batzordearen uztailaren 16ko osoko bilkurari igortzeko. Han aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Dekretuak azalpenak, 9 artikulu eta azken xedapen bat dauzka.

Azalpenetan, aipatzen da aldaketa honen arrazoia dela ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua argitaratu zenetik igarotako aldian aldaketa esanguratsuak geratu direla, euskal osasun sistema publikoko I G b erakundeen barruko mailakako egituraketa prozesuaren ondorioz. Eta, bestalde, 2018an agente ziurtatuei egin zaien jarraipen prozesuaren ondoren, haien datuak eguneratu eta 2014-2017 aldian jasotako informazioa eta lortutako emaitza orokorrak aztertuta, ikusi da agente kategoria batzuetarako eskatzen diren baldintza batzuk egokitu behar direla.

Xedapenei dagokienez, artikulu hauen edukien aldaketa jaso da:

1. artikulua. 109/2015 Dekretuaren 3. artikulua aldatzen du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) eraketari buruzkoa. Zehazki, 3.2.e) artikulua aldatu eta Osasun Ikerketako Institutuen ordez Osasun Ikerketako Zentroak (OIZ) jartzea proposatzen du.

2. artikulua. 109/2015 Dekretuaren 9. artikulua aldatzen du, Osasun Ikerketako Institutuei buruzkoa. Zehazki, artikulu hori aldatu eta Osasun Ikerketako Zentroei (OIZ) ezaugarri jakin batzuk esleitzea proposatzen du.

3. artikulua. Dekretuaren 10. artikulua aldatu eta osasuneko I G erakundeei ezaugarri jakin batzuk esleitzea proposatzen du. Artikulu hori osasuneko I G erakundeei buruzkoa da.

4. artikulua. Jatorrizko dekretuaren 15. artikulua aldatu eta baldintza orokor berri bat sartzea (Berdintasun Plan bat edukitzea) proposatzen du.

5. artikulua. Dekretuaren 16.5 artikulua aldatu eta, ondorioz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko osasun agenteen berariazko baldintzak aldatzea proposatzen du.

6. artikulua. Dekretuaren 19.4 aldatu eta, ondorioz, aurreko artikuluetan aipatutako erakundeek eman beharreko dokumentazioa baldintza jakin batzuetan aldatzea proposatzen du.

7. artikulua. Osasun Ikerketako Zentroei dagokien II. ERANSKINA aldatzea proposatzen du.

8. artikulua. Dekretuaren III. ERANSKINA, zentro teknologikoei, ikerketa kooperatiboko zentroei, enpresetako I G unitateei eta eskaintza-eskaria bitartekaritza erakundeei dagokiena, aldatzea proposatzen du.

9. artikulua. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako agente bereziei dagokien V. ERANSKINA aldatzea proposatzen du.

Eta azkenik, Azken xedapena araua indarrean jartzeari buruzkoa da.

III.-OHARRAK

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak (EHAA, 133. zenbakia, 2015eko uztailaren 16koa, ostegunekoa) aldaketa bi izan ditu orain proposatzen denaren aurretik:

1.- 2017ko martxoaren 24ko Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, ekainaren 23ko 109/2015  Dekretuaren, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duenaren, I. eta II. eranskinak aldatzekoa.
2.- 250/2017 Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen eraketa arautu eta eguneratzeko Dekretua aldatzekoa.

Azalpen memorian azaltzen denez, kontsultak hizpide dituen aldaketek oinarri hauek dauzkate:

a)     Agente kategoria guztiek derrigorrez bete beharreko baldintza gisa sartzea Genero Berdintasun Plan bat eduki beharra, erakundeak plantillan 10 pertsona edo gehiago badauzka.

b)     2015etik aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, euskal osasun sistema publikoko I G b erakundeen barruan egin den mailakako egituraketa prozesuaren ondorioz. Hala, osasun ikerketako hirugarren institutu bat sortu da, Bioaraba, nortasun juridikoa daukana, eta gainera Kronikgune laugarren ikerketa zentroa bihurtu da. Ondorioz, BIOEFek (Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa) bere eginkizunen bat aldatu du; izan ere, lau ikerketa zentro egonik, zentro horien ohiko kudeaketa eta jarduera eginkizunak deszentralizatu dira. Hori dela-eta, BIOEF buru korporatibo bihurtu da.

c)     Zentro teknologikoen eta ikerketa kooperatiboko zentroen kategorietarako ezarritako baldintza batzuen definizioak aldatzea.

d)     IKZei eskatzen zaizkien baldintza batzuetarako ezarritako xedea aldatzea, 2020an betetzeko.

e)     Agente berezien kategorian agente berri bi sartzea:

  • Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa, BIOEF.
  • Euskal Zientzia eta Teknologia Partzuergoa – Basque Research and Technology Alliance, BRTA2019ko urtarrilaren 23an sortu zen. Partzuergo publikoa da, EAEko Administrazio Orokorrak, ISEBek eta ikerketa kooperatiboko lau zentroek, ardatz anitzeko 10 zentro teknologikoek eta bi zentro teknologiko sektorialek osatua. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, bere nortasun juridikoa daukana, bere kideenetik bereizia. .

Ondorioz, kontsultak hizpide daukan dekretu proiektuaren balorazio ona egiten dugu; izan ere, proposatzen den aldaketa justifikatzen duen arrazoia, hain zuzen ere, era egokian, bateratuan (antzeko terminologia) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen errealitatera egokituan arautzea da.

Nolanahi ere, gure ustez kontuan hartu behar liratekeen alderdi batzuk aipatu nahi ditugu:

  • Proposatutako aldaketek agerian uzten dute errealitatera doitu beharraren zioa dela, besteak beste, erakunde batzuek ez dituztela bete edo ezingo dituztela bete hasierako arauketan jasotako baldintza jakin batzuk, eta urte hauetan sarean sartu nahi duten zenbait erakunde eratu direla. Zalantza egiten dugu ugaritze hori benetan beharrezkoa den, koordinaziorik edo bikoiztasunik dagoen, eta garrantzia dauka horrek, eskatu behar den finantzaketa pribatuaren zenbatekoa aldatzen den heinean.
  • 8. artikuluan araututako taulei dagokienez, interesgarria litzateke finantzaketa mugak (publikoarenak eta pribatuarenak) eta haien aldaketak zein funtsetan oinarritzen diren adieraztea. Esaterako. 1.1.1 taulan ezarritako finantzaketa publiko ez lehiakorra I Gren ustiapeneko sarreren % 30ekoa da gehienez, eta % 35ekoa gutxienez finantzaketa pribatuan. Gainera, ez da ezagutzen nola ezartzen ziren lehen ehuneko horien funtsak, eta galdetu behar da finantzaketa publikoa, guztira (lehiakorra izan zein ez), % 65era irits daitekeen.
  • Jatorrizko dekretuaren 9. artikulua aldatzen duen 2. artikuluak eginkizun hau ezartzen du Osasun Ikerketako Zentroentzat: “kalitaterik handieneko ikerketa translazionala egitea, ikerketaren emaitzak (…) Euskadiko osasun sistemari, pazienteari eta gizarte osoari helarazten dizkion ezaguera sortuz eta aplikatuz (…)”, eta haren jardueren artean hau aipatzen da: “I G b-ren emaitzak ustiatzea, bai maila komertzialean bai Euskadiko osasun sisteman ezarriz” (9.2.b puntua).
  • Gure iritziz, 9.2.b) puntuaren idazketak zalantzak sortzen ditu “maila komertziala”ren esanahiari buruz. I G b-aren emaitzen salmenta pribaturako aukera argi geratu behar da. Horregatik, idazketa hau proposatzen dugu:
b) I G b-ren emaitzen ustiapena, Euskadiko osasun sisteman ezarriz, komertzialki ustiatzeko aukera galarazi gabe.
  • Ziurtatutako erakunde guztiei berdintasun plan eskatzeari dagokionez, plantillak 10 pertsona edo gehiago badauzka (4. artikulua), ondo deritzogu Sailak berdintasunaren aldeko ekimen bat eta ekintza positibiko neurri bat hartu izanari. Hura aitzindaria denez, ordea, ontzat joko genuke pixkanakako epeak ezartzea, hura ahalik eta baldintzarik onenetan diseinatu eta ezartzeko eta, erakunde bakoitzaren egoeraren arabera, garapen hori errazteko laguntzen aukera jaso liteke.

IV.- ONDORIOAK

Euskal EGABen ustez, egokia da ekainaren 23ko 109/2015  Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duena, hirugarrenez aldatzeko Dekretu Proiektuaren izapidetzea, aholku organo honek egindako oharrekin.

Bilbo, 2019ko uztailaren 16a

O.E. Presidentea

Emilia M. Málaga Pérez