Berriak > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 27 otsailak 2019

2018ko abenduaren 14an eta 2019ko otsailaren 7an, Euskadiko EGABk eta Nouvelle Aquitaineko CESER erakundeak batera jardunaldiak egin dituzte hirugarren sektore sozialari eta gizarte-zerbitzuen sisteman inplikazioari buruz, bi batzordeen arteko alde bien kooperazio-esparruan. Lankidetza hori duela hamabost urte baino gehiago hasi zen eta, harrezkero, bi ekonomia eta gizarte arazoetarako batzordeek solasaldi etengabean diraute eta, aldi berean, EAEn eta Nouvelle Aquitainen interes erkidea duten gaien inguruko ikuspegi partekatua garatzen dute.

Ildo horri jarraiki, turismoa, energia berriztagarriak, garraioa eta berrikuntza landu dituzte, baina orain Euskadiko EGABk eta Nouvelle Aquitaine CESER erakundeak beren jardueraren bitartez hirugarren sektore sozialari eta beren eskualdeetako gizarte-zerbitzuen sistemak duen zereginari buruzko informazioa trukatu dute. Halaber, Euskadiko eta Nouvelle Aquitaineko hirugarren sektore sozialaren erakundeak hurbildu nahi izan dituzte, ekintza bateratuak gauza ditzaten.

Ekimen hori bi jardunalditan inplementatu da, bata, Bilbon, abenduaren 14an, egindakoa eta, bigarrena, Bordelen, otsailaren 7an, burututakoa. Bi ereduak aurkeztu dira eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen ordezkariek parte hartu dute. Hala, etorkizunean ekimen bateratuak garatzeko kontaktuak zehaztu dira.

Jarduerari ekin eta Euskadiko eredua aurkezteko Euskadiko EGABk antolatu zuen jardunaldian Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren ordezkariak izan ziren, zehazki: Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea; eta Emilio Sola, Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria. Halaber, bertan izan ziren Sareen Sarea Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareen sareko ordezkariak, hain zuzen, lehendakaria, lehendakariordea nahiz koordinatzailea, Pablo Gonzalez, Iñigo Vidaurrazaga eta Mikel Barturen, hurrenez hurren, Euskadin Pobrezioa eta giza bazterketaren aurkako europar sareako Marta Senz eta REASeko Pablo Moratallarekin batera. Euskal ereduaren elementu nagusiak azaldu zituzten.

Euskal gizarteak gizarte-sare zabala, anitza eta aktiboa du eta herritarren ekimen askearen ondorioz erakundeak sortu dira. Horiek borondate altruistaz baliaturik, elkartasun antolatuan eta herritarren gizarte-partaidetzan, oro har, eta, bereziki, gizarte-egoera, -arazo edo -behar batek nahasitako pertsona, familia, talde edo erkidegoen esku-hartzean zeregin protagonista dute. Hirugarren sektorearen kontzeptuak agintaritza publikoaren eta enpresa pribatuen arteko ekintza-gunea definitzen du eta helburu publikoekin aktore pribatuak antolatu eta jarduteko moduak garatzeari dagokio.

Gizartearen esku-hartzearen eremuan jarduerari erreparatzen badiogu, ekintzak egiten dituzte gizarteratzea, garapenerako kooperazioa, biztanle guztien eskubideak onartzea eta egoera kalteberan ala baztertuta, babesik gabe, desgaituta edo mendekotasun egoeran dauden pertsonek, familiek, taldeek edo erkidegoek eraginkortasunez erabiltzea sustatzeko. Bereziki, halakotzat jotzen dira gizarte-zerbitzuak, enplegu-sustapena eta eremuen arteko elkarrekintza-guneetan esku hartzeko jarduerak.

Errealitate honen barruan Euskadin 3.500 erakunde, 36.000 langile eta 125.000 boluntario daude eta EAEko BPGdari % 2,2ko ekarpena egiten diote.

Gizarte-ekintzako erakundeen zeregin altruista legez onartu dute, bai gizarte-zerbitzuen euskal legediak, baita ondorengo bestelako lege-tresnek ere. Ildo horri eutsiz, gizarte-zerbitzuen arloan sektore publiko eta pribatu altruistako jardueren arteko lankidetza-harremana egituratu da. Nolanahi ere, pixkana eraikiz joan da hirugarren sektore sozialari dagokion euskal ereduaren nortasunean. Amaiera 2016ko maiatzaren 12ko Euskadiko hirugarren sektore sozialari buruzko legea izan da.

Oinarri horietatik abiatuta, berariazko eredua sortu da eta erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuez hornitzean hirugarren sektore sozialeko erakundeek parte hartzeaz gain, elkarrizketa zibil jariakorra eta garrantzitsua antolatu da administrazio publikoaren eta erakunde horien artean, gizarte-partaidetza eta aukera berdintasuna bideratzeko. Eredu honetan administrazioak eta hirugarren sektoreak elkarri onartzen diote eta lankidetza horretan gizarte-zerbitzuez hornitzean, baita eremuarekin zerikusia duten ardura publikoko politika eta sistemetan ere hautematen diren arazoei erantzunak bilatzen saiatzen dira.

Hirugarren sektore sozialari buruzko legeak Euskadiko hirugarren sektore sozialaren barruan dauden erakundeen lege-estatutua xedatzen du eta, gainera, erakundeak eta sareak sendotzera bideratutako neurriak sustatzen ditu, maila guztietan lankidetza bultzatzearekin batera. Berariaz aipatu behar dira elkarrizketa zibilerako mahaia, ekonomikoa eta gizarte arazoetarako batzordean sektore horretako ordezkari baten partaidetza eta sustapen-estrategia indartsua egituratuta, hirugarren sektore sozialaren sustapena.

Nouvelle Aquitaineko CESER erakundeak prestatutako aurkezpenei esker, gizartean esku-hartzearekiko eskualde horretan egoera oso desberdina dala nabarmendu da. Frantziako estatua tradizioz zentralista izan da eta, ondorioz, aginpideak bestelako moduan banatuak daude, beraz, eskualdea lurralde-erakundea da, gizarte-zerbitzuen sistemaren eremutik kanpo. Izan ere, hori estatuari eta sailei dagokie. Halaber, ez dago erakundeen sektore antolatua, gizarte ekintzaren eremuan jarduerekin. Hala eta guztiz ere, elementu interesgarriak antzeman daitezke, hala nola, “Nouvelle Aquitaine elkarrekiko konpromisoen gutuna”. Elkarte-bizia Nouvelle Aquitainen aberatsa da. Hala, 110.000 elkarte aktibotik gorako sarea dago eta eskualdearen dinamismoan ezinbesteko eragilea da. “Elkarrekiko konpromisoen gutuna" kontuan hartuta, elkarteen borondate erkidea definitzen da, Nouvelle Aquitainen aginte publikoen (Estatua barne) eta elkarte-eragileen artean harreman egonkor eta iraunkorra ezarri nahi baitute. Dena den, sektoreen araberako ezberdintasuna ageri da.

Nouvelle Aquitaineko eskualde-administrazioa herrialde mugakidearen gainerakoetatik bereizten da, Gizarte Ekonomia eta Elkartasuneko Zuzendaritza bakarra duelako. Ekonomia garapenerako sailean sartuta, eskumenak esleitzeko sistemak Frantzian eskualdeei ematen dien aginpide nagusia baita, Nouvelle Aquitaineko gobernuak zailtasun egoeran dauden pertsonen enpleguan laguntza eskaintzen du eta, horretarako, enpresei laguntzen die, garapen ekonomikoa bultzatzearen eremuan jarduteko. Nahiz eta gizarte-gaiak jardueraren helburu nagusia ez diren, esperientzia interesgarriak daude, besteak beste, “jarduera ekonomikoaren bitartez gizarteratzea”. Aurrekoaren harira, 12-24 hilabetez enplegua eskaintzen zaie zailtasunak dituzten pertsonei, zenbait irizpide betetzen badute. Helburua ohiko lan-merkatura itzuli ahal izatea da.