Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 17 abenduak 2014

Euskadiko EGABk Atlantikoko Espazioaren Europako Lurralde Lankidetzako Programaren urteko ekitaldian esku hartu du RTA-ATNren izenean, Jarraipen Batzordeko kidea den aldetik, eta Atlantikoko Sare horrek 2014-2020 aldirako laster abiaraziko den lankidetza programa berrian dituen itxaropenak azaldu ditu.   

 

Abenduaren 16an Euskadiko EGABri Sevillan egin den Atlantikoko Espazioaren Europako Lurralde Lankidetzako Programaren urteko ekitaldian parte hartzeko eskatu zaio. Gaur egun RTA-ATN Atlantikoko Nazioz Gaindiko Sareko presidentea denez, Euskadiko EGABk hori ordezkatzen du Programaren Jarraipen Batzordean. Euskadiko EGABk ekitaldiaren amaieran esku hartu du, Atlantikoko beste bi sare nagusietako (Arku Atlantikoko Batzordea eta Arku Atlantikoko Hirien Batzarra) ordezkariekin eta ekitaldiko antolatzaileekin batera. Azken horiek ekitaldiko anfitrioia izan den Andaluziako Batzarra, Ogasun eta Herri Administrazioetako Ministerioa, 2014an programaren Jarraipen Batzordeko presidentea den estatu kidea eta Kudeaketa Agintaritza (Ipar Portugal eskualdea) izan dira.

 

Ekitaldiaren helburu nagusia Atlantikoko Espazioaren Programa Operatibo berriak, 2014-2020 programazio aldirako Batzordeari aurkeztu berri zaionak, dakartzan aukerak nabarmentzea eta aukera horiek 2007-2013 aldian programari jarraituta garatu diren oinarrizko proiektuen esperientziaren bidez irudiztatzea da.

 

Programa berriak lau ardatz ditu, eta, aldi berean, ardatz horietako bakoitzak berariazko helburu bat edo batzuk ditu:

 

Lehenengo ardatzak Atlantikoko Espazioan hazkunde adimenduna areagotu beharra bete nahi du, berrikuntza, Espezializazio Adimenduneko Estrategiekin bat datorren lana eta “indarguneak, eskumenak eta I+G” trinomioa pizten dituen ingurune egokia sortzen lagunduta. Hori lortzeko, berrikuntzarako gaitasuna hobetu, lehiakortasuna sustatu, eta produktu, zerbitzu eta prozesu berriak sortzen laguntzeko transferentzia prozesuak indartzen dituzten lankidetza proiektuak ezarriko dira.

 

Bigarren ardatzaren helburua energia berriztagarriak garatzen eta baliabideen aldetik eraginkorra den gizartea bihurtzen laguntzea da. Bere nazioz gaindiko lankidetzako proiektuek energia berriztagarrien garapenerako egokia den erakunde, gizarte eta teknologia ingurunea erraztuko dute, eta ekoberrikuntza eta “hazkunde berdea”ren ekonomia gehitzeari lotutako ekimenak sustatuko dituzte.

 

Hirugarren ardatza klima aldaketara egokitzeko gaitasunak hobetzeko eta giza, natura edo klima jatorriko balizko arriskuei erantzuna emateko beharrei lotuta dago, eta arriskuak kudeatzeko sistemak indartzen dituzten proiektuen bidez garatuko da.

 

Laugarren ardatzak ingurumena babesteko eta kultur identitatea sustatzeko beharrak barne hartzen ditu, Atlantiko eskualdea leku erakargarriagoa izan dadin biztanleentzat zein bisitarientzat. Finantzaketa lor dezaketen proiektuek bioaniztasunaren eta ekosistemen babesa hobetzen eta natur eta kultur aktiboen garrantzia azpimarratzen lagunduko dute, garapen ekonomikoa pizteko moduan.

 

Testuinguru horretan, jada amaitu diren edo azken jarduketak gauzatzen ari diren proiektuetako ordezkariek hitzaldiak eman dituzte, eta Programa Operatibo berriari jarraituta mota askotako eremuetan aurrera egiten jarrai dezaketen balizko ekimenak nabarmendu dituzte: itsas kutsaduraren aurkako borroka, puntako itsas sektorearen garapena, makroalgen garapena eta erabilera, itsasoko biobaliabiden sektorea Atlantiko mailan sustatu eta garatzea, Atlantikoko garraio zerbitzuen artean teknologia adimendunen aplikazioa eta ordezko erregaien erabilera bultzatzea, ETEetan sorkuntzaren eremuko berrikuntza sustatzea eta abar.

 

RTA-ATNren izenean, Euskadiko EGABk Atlantikoko Espazioa Programak eskualdeko gaitasun endogenoa oro har garatzeko eta espazio horretako arazoei eta, bereziki, Atlantikoko Estrategiaren Ekintza Planaren lehentasunei batera heltzeko Atlantikoko lankidetza sustatzeko egin duen ekarpenaren garrantzia nabarmendu du.