Berriak > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteartea, 03 martxoak 2015

  • EGABk joan den urtean 15 irizpen egin zituen, euskal gobernuak aurkeztutako proiektuei buruz. Halaber, ekimen propioko 3 azterlan garatu zituen, familien gainzorpetzeari, EAEn krisi ekonomikoaren esparruan lurralde-desorekei eta enpresa-dinamismoari nahiz aberastasuna eta enplegua sortzeari buruz. Azkenekoa azterketa-fasean dago.
  • 2014. urtean Euskadiko EGABk Mugaz Haraindiko Atlantikoko Sarearen (RTA) burutza izan zuen. Bertan hurrengo herrialdeetako EGAB izenekoak bilduta daude: Euskadi, Galizia, Kanariak, Andaluzia, Akitania, Poitou-Charentes, Pays de la Loire, Bretainia, Behe Normandia, Limousin eta Erdialdeko Eskualdea. Horrez gain, Galesko Herrialdeko Eztabaida-gune ekonomikoak, ISQ institutua eta Portugalgo Itsas Ekonomiaren Enpresa Eztabaida-gunea eta Irish Sea Maritime Foruma ere kide dira. 
  • Euskadiko eta Akitaniako Batzordeek beren jarduera bateratua biziagotu zuten: 2014-2020 aldirako Euroeskualdearen Plan Estrategikoa egiteko orduan parte hartu zuten eta berrikuntza eta teknologia-transferentziaren eremuan lan erkideari ekin zioten. 

 

Gaur arratsaldean Gasteizen Iñigo Urkullu Lehendakariari 2014ko EGABren jarduerei buruzko txostena aurkeztuko zaio. Lehendakariarekin topaketa Euskadiko EGABren zuzendaritza-talde berriak egiten duen lehenengoa da. Francisco José Huidobro batzordeburua eta Emilia Málaga idazkari nagusia buru izango dira.

 

Kontsulta-jarduera 

Sortu zenetik, kontsulta-jarduera Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen helburu nagusia da. Joan den urtean, EGABk guztira 15 irizpen burutu zituen, hainbat gairi buruz eta aho batez onartu ziren.

 

Kronologikoki, irizpenek hurrengoak aipatzen dituzte: krisian dauden enpresak berregituratu eta berriz jaurtikitzera bideratutako laguntzak; ikuskizun publiko eta olgeta-jarduerei buruzko legea; enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-merkatuan sartzea sustatzeko neurriak; 2014-2016 aldirako industrializazio-plana; emakumezko nekazarien estatutuari buruzko legearen aurreproiektua; HEZIBI agindua aldatzeko agindu-proiektua; nekazaritza, elikadura, arrantza eta basoko produktuak kanpoan sustatzeko laguntzak; euskal herri-administrazioari buruzko legea; familia-politiken esparruan familia-errentaren estandarizazio-sistema, beren kargura seme-alabak dituzten familiei laguntzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena; familia- eta lan-bizia bateratzeko laguntzei buruzko dekretuaren aldaketa; mendekotasunei buruzko legea; hotel-establezimenduen antolamendua; merkataritza-jarduerari buruzko legearen hirugarren aldaketari dagokion lege-aurreproiektua; Euskadiko Turismo Mahaia eratzeko dekretua; industria-jarduerak hasi eta funtzionatzeko araubide orokorra eta industria-erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea eta Euskadiko hirugarren sektore sozialari buruzko legearen aurreproiektua.

 

EGABk bere irizpenetan proposatutako aldaketak gobernuak onartzeari dagokionez, orokorrean, kontsulta-organoak positiboki balioztatu ditu irizpenen ondoren legezko testuetan sartu diren zuzenketak. 

 

Ekimen propioko azterlanak 

Ekimen propioko azterlanei EGABk 2003. urtean ekin zien. Lan konplexuak dira eta eurei esker Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia- eta gizarte-garapenerako arlo garrantzitsuetan sakon daiteke. 2014. urtean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak halako hiru azterlan garatzen jarraitu zituen.

 

Horietako azterlan bat aurten bertan amaitu da eta familien gainzorpetzearen arazoa landu du, joan den hamarkadaren erdialdetik hazkuntza garrantzitsua izan baita. Azterlanak Europako Batasuneko estatu kideetan familiaren gainzorpetzearen aurrean prebenitu eta babesteko egituratu diren lege-sistema desberdinak alderatuta aztertzen ditu.

 

2014. urtean garatu eta onartu den ekimen propioko bigarren azterlanak “krisi ekonomikoaren esparruan EAEn lurralde-desorekekin” zerikusia du, krisiak lurraldean eragin desberdina izan baitu. Azkenik, 2014. urtean “enpresa-dinamismoa, aberastasuna eta enplegua sortzea: analisia EAEn” ekimen propioko azterlanari buruzko lanek jarraitu zuten. Egungo krisia eta jarduera ekonomikoa, enpresak eta enplegua galduz egiazko ekonomian eragina lantzen ari dira. 

 

Jarduera europarra 

2014. urtean eskualdeko kooperazio-sare desberdinek ekimen ugariri ekin zioten eta horietan euskal kontsulta-organoak presentzia garrantzitsua azaldu zuen. Aurten Euskadiko EGABk Mugaz Haraindiko Atlantikoko Sarearen (RTA) burutza izan du. Hain zuzen ere, 2012ko azarotik 2015eko otsailera bitartean luzatuko da. RTAren kide dira Euskadiko, Galiziako, Kanarietako, Andaluziako, Akitaniako, Poitou-Charentesko, Pays de la Loireko, Bretainiako, Behe Normandiako, Limousingo eta Erdiko Eskualdeko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, Galesko Herrialdeko Ekonomia Eztabaida-guneak, Soldadura eta Qualidade institutua (ISQ) eta Portugalgo Itsas Ekonomiari buruzko Enpresaren Eztabaida-gunea. Irish Sea Maritime Forumak, sarean legezko atxikipenik izan gabe, lanetan parte hartu du. Aipatu erakundeak Irlandako itsasoan itsasoko eta atlantikoko gaiekin zerikusia duten Britainiako eta Irlandako eskualde-eragileak biltzen ditu.

 

RTAk eskualde atlantikoetan kezka partekatua sortzen duten arloei buruzko azterlanak burutu eta proposamenak egiten ditu. Horien barruan aurki daitezke portuak, itsas garraioa eta garraio-modu desberdinak, itsas segurtasuna, berrikuntza edo itsas energiak.

 

2014. urtean Mugaz Haraindiko Atlantikoko Sareak Estrategia Atlantikoa garatzeko baldintzei buruzko txostena egiten jardun zuen eta xede horrez lantalde berezia eratu zuen. Batzorde Europarraren DG MARErekin bileretan partaidetza eraginkorra izan zen.

 

2014. urtean Europako EGABrekin lankidetza biziagotu egin zen eta erakunde horren Estrategia Atlantikoaren Ekintza Planari buruzko irizpena egitean izan zuen isla. Halaber, Sareari gonbita luzatu zitzaion, Estrategia Atlantikoan eta makroeskualdeen estrategietan gizarte zibilaren partaidetzari buruzko hitzaldi bateratuan, Bruselan egindakoan, parte hartzeko.

 

Era berean, Euskadiko EGABk RTA ordezkatu zuen Atlantiko Eztabaida-guneko Steering Groupean, prestatze-saioetan, baita saio teknikoetan ere. Gainera, Europako EGABko ordezkariari “Leadership Groupean” aholkularitza eta laguntza eskaini zion, erabakitze-saio nahiz saio politikoetan. Bi taldeei gaur egun Atlantic Strategy Group esaten zaie eta Atlantikoko bost estatu kideetako nahiz erakunde europarretako ordezkariek osatzen dute.

 

RTAren deialdiak alde batera utzita, Euskadiko EGABk Europako Itsas Eskualde Periferikoaren Konferentziak egin zituen jardueratan parte hartu zuen. Europako 157 itsas eskualdek osatzen dute elkartea eta bere helburua eskualde hauetan erkideak diren aktiboei balioa emanez Europar Batasunean garapen orekatua sustatzea da. Gainera, Arku Atlantikoa Batzordearen batzar nagusietan izan da Bordelen eta Umean, baita lantaldeetan ere. 2007-2013 aldirako Frantzia-Espainia-Andorra Kooperazio Programaren Jarraipen Batzordeko kidea den neurrian, bileretan esku hartu zuen Jacan, Bordelen eta Andorra La Vellan, programa jarraitu eta 2014-2020 aldian programa berria egiteko.

 

Mugaz haraindiko kooperazioaren eremuan Euskadiko EGABren eta CESERen, Akitanian bere parekoaren, arteko harreman iraunkorrak jarraitu du. Zehatz-mehatz esanda, Euskadiko eta Akitaniako EGABek 2014-2020 aldirako Euroeskualdearen Plan Estrategikoa idazteko orduan parte hartu zuten eta berrikuntza eta teknologia-transferentziaren eremuan lan bateratuari ekin zioten. Izan ere, arlo horietan Euskadiko eta Akitaniako erakunde eta organismoen kooperazioa lortu nahi da. Azkenean, horien arteko sinergiak eta osagarritasunak bilatzen dira.