Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 30 apirilak 2015

  • EGABren iritziz, “Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxa eta Banku Fundazioei buruzko Lege Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, irizpenak dituen zenbait gogoeta eransten badira.
  • Aurreproiektuak aurrezki-kutxen erregulazioa eta banku-fundazioen lege-araubidea arloan Estatuko araudiari moldatzen dizkio. Ildo horri jarraiki, ustezko zehatzetan aurrezki-kutxak banku fundazio bihurtu behar ziren ezinbestez. 
  • Bere azterketan, EGABk aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen lege-berezitasunak argiago bereiztea eskatzen du. Horrez gain, bi erakundeen kontrol-organoetan Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunari buruzko Legea bete behar dela azpimarratzen du.


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, “Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxa eta Banku Fundazioei buruzko Lege Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak aurkeztu du. 

Kontsultatutako ekimen legegileak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen erregulazioa eta banku-fundazioen lege-araubidea arloan Estatuko oinarrizko araudiari moldatzea du helburu, 2013ko abenduan (abenduaren 27ko 26/2013 Legea) nabarmenki aldatu baitzen. Sartutako aldaketen artean aurrezki-kutxak banku-fundazio bihurtzea zegoen, guztizko aktibo finkatuaren balioak 10.000 milioi euro gainditzen zituenean edo gordailuen merkatuan kuotak %35 gainditzen zuenean. Bi ustezkoetan kutxek beren ondarea beste kreditu-erakunde bati pasa behar zioten, baita banku-fundazio bihurtu ere. Jakina den bezala, euskal aurrezki-kutxek jada amaitu dute prozesua. 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak aurreproiektuan planteatzen den arauaren moldatze-aukera balioztatzen du. Batetik, aurrezki-kutxen lege-araubidea bateratzen du eta, bestetik, banku-fundazioen irudi berria sortzen du. Azkenekoek lehenengoen eraldaketan jatorria dutenez, kontrol-gaitasunak sendotu eta kreditu-erakundean partaidetzaren kudeaketa arduratsua bermatzeko, EGABk banku-fundazioen gaineko funtzio protektoratuen lege-araubide berezia xedatzea onartzen du. 

Argitasun handiagoa eta genero-berdintasuna 

Hala eta guztiz ere, EGABk aurreproiektuari buruzko irizpenean hainbat gogoeta egin du. Ildo horri eutsiz, bere ustez testuak ez du aurrez ikusten nahikoa argitasunez aurrezki-kutxa (fundazio pribatukoa, baina kreditu-erakundeen kualifikazioarekin) eta banku-fundazioen (jatorria aurrezki-kutxetan dute, baina kreditu-erakundeen baldintza galdu dute eta, beraz, ohiko araubideko fundazioekin pareka daitezke) arteko desberdintasuna. 

Lege-segurtasunaren arrazoiak direla-eta, EGABren iritziz, alderdi hori argitu beharko litzateke, lege-aurreproiektuaren xedapen batzuetan banku-fundazioak aurrezki-kutxekin parekatzen baitira, kreditu-erakundeei dagokienean eta baldintza berdinetan arautzen dira. 

Bestalde, aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen kontrol-organoetan gizonezkoen eta emakumezkoen presentzia orekatuari dagokionez, Batzordeak indarrean dagoen Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunari buruzko Legeak xedatutako aurreikuspenak bete behar direla azpimarratzen du. 

Azkenik, EGABk bi atalekin “Euskadiko Aurrezki Kutxa eta Banku Fundazioen Erregistro” bakarra izan ordez bi erregistro sortzea proposatzen du, bata aurrezki-kutxetarako eta bestea banku-fundazioetarako.


5/15 Irizpena EAEko Aurrezki-kutxen eta Banku-fundazioen Legearen Aurreproiektuari buruzkoa