Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 29 maiatzak 2015

  • EGABren iritziz Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legea araubidez garatzea egokia da, “irizpenaren gogoetak, bereziki, lege segurtasunari buruzkoa eransten dituen neurrian”. 
  • EGABren ustez araudia “oso arau konplexua da eta ez du lege-bakuntasunik”. Batzordearen iritziz, proiektuaren edukia legezko gaitasunetik urrunago doa, bere edukiaren norainokoa zabaltzen baitu eta bere artikuluen zati garrantzitsua berraztertzea eskatzen du. Ildo horri jarraiki, testuaren lege-segurtasuna bermatu behar da eta betebehar zehatzetan epeak zabaldu behar dira, ezartzeko zailtasuna kontuan hartuta.


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legea (5/2012 Legea) araubidez garatzea egokia da, irizpenaren gogoetak, bereziki, lege segurtasunari buruzkoa eransten dituen neurrian. 

“Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legeari buruzko Araudia onartzen duen dekretu-proiektua” Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak egin du, aipatu legea araubidez garatzeko, azkeneko urteetan izandako aldaketetara moldatzeko eta EAEn funtzionatzen duten GBAEaren eredu desberdinak sailkatzeko. 

 

Oso arau konplexua 

EGABren ustez araudia egitea egokia da, baina emaitza “oso arau konplexutzat jotzen da eta ez du lege-bakuntasunik”. Besteak beste, Batzordearen iritziz araudi-proiektu honen edukia “lege-gaitzea baino urrunago doa, norainokoa zabaltzen baitu, segurtasunaren tartean, bizi-zikloaren inbertsio-estrategia, etorkizuneko pentsio-eskubideen kalkuluari buruzko informazio-betebehar, gobernu-politika eta abarrean. Horiek guztiek kudeaketa-betebehar eta -kostu osagarriak eskatzen dituzte”. 

Horregatik, artikuluen zati garrantzitsua berraztertzea eskatzen du. Halaber, betebehar zehatzetarako epeak zabaltzea komenigarria litzateke, ezartzeko zailtasunak daudenez. 

Proposatzen duen berraztertze-beharraren adibide modura, EGABk gobernu onaren politikari eta oinarrizko funtzioei buruzko kapitulua zehatz-mehatz aztertzen du. Aurrekoaren harira, “aseguru-erakundeak bereak dituen eskeen multzoa zehazten du, aurreikuspeneko tresnak baino gehiago, langileen egiturak eta kudeaketa-gastuak asko haztea eskatzen baitu. Horrez gain, ohiz kanpoko kostuak daude eta BGAEek onartutako arrisku eta erantzukizunekin ez dira justifikatzen”. EGABk gobernu onaren politikari buruzko xedapenek eragindako erakundeetan kostuen hazkuntzaren ondorioz betetzeko zailtasunak izango direla ohartarazten du.


Lege-segurtasuna, boluntariotasuna eta inpaktu ekonomikoa 

EGABk gogorarazitakoaren arabera, enpleguaren pentsio-funtsen jarduerei eta ikuskaritzari buruzko zuzentarau europarra egun Europar Parlamentuan berraztertzen ari da eta, beraz, azken edukiaren iragarpena ezin daiteke egin. Horregatik, proiektatutako araudia kontu handiz formulatzea eskatzen da, nahitaezko lege-segurtasuna bermatzeko. 

Halaber, Batzordearen ustez, bidezkoa da BGAEaren araudiak boluntariotasunaren printzipioari buruzko oroigarria izatea. Gainera, pentsio-planetan sartzean atxikipena ezinbestekoa dela ulertarazten duen edozein proposamen deuseztatu beharko litzateke. Modu berean, arau berri hau indarrean sartuz gero, ekonomia- eta aurrekontu-inpaktuari buruzko azterlana egitea eskatzen da. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak proiektuak herri-administrazioetarako betebehar ekonomikorik eta beste kostu gehigarririk ez duela izango ulertu, EGABren iritziz gaiari buruz analisi zehatzagoa egin behar da, “aurrez ikusitako eskeek bitarteko ekonomiko eta giza baliabide osagarriak ekarriko baitituzte eta behar bezala kalkulatu beharko lirateke”. 


Beste gogoeta batzuk 

EGABk argitaratutako irizpenak, aldi berean, Gizarte Aurreikuspeneko Euskal Kontseiluaren zeregina hobe argitzea eskatzen du, beste kontsulta-organo batzuekin ez gainjartzeko. Erakunde honi buruz, EGABk uste du kideek arloan adituak eta izen handikoak izan behar dutela. 

Jada aipatutakoez gain, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak irizpen honetan beste gogoeta berezi batzuk sartu ditu ebaluatutako testu legegileari dagokionez. Ildo horri jarraiki, funts propioen betekizuna, gizarte-aurreikuspeneko jardueran sartzea, mutua-funtsa, erretiro-kontingentziak eta prestazioak kalkulatzea, informazioa “modu ulergarrian” eskuratzea, pertsona kidearen defendatzailearen irudiak, independentea izateaz gain, ezagutza ekonomiko-finantzarioz hornitua egotea edo aktibo finantzarioak erakunde gordailuzain bakarrak gordailatu eta zaintzea nahitaez “ohikoa den praktika aldatuz. Horrek, kudeaketa-eragozpenak sor ditzake”. Azkenik, araudi-proiektu hau idaztean Eusko Jaurlaritzari lengoaia ez-sexista erabiltzea eskatzen dio.

 

7/15 Irizpena Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko 5/2012 Legearen Araudia onartzen duen Dekretu Proiektuari buruzkoa