Berriak > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 23 uztailak 2015


Uztailaren 2an, Euskadiko eta Akitaniako EGABak Bilboko egoitzan bildu ziren berriz, teknologia-berrikuntza eta -transferentziaren inguruko bi aldeko lankidetzaren esparruan.

Lan horren helburua da Euskadi-Akitania Euroeskualdearen Plan Estrategikoa garatzeko elementuak zehaztea, ikerkuntzaren eta enpresen gaineko ardatzean, eta sinergia- eta bateragarritasun-ahalmena duten sektoreak antzematea eta aintzat hartzea. 

Horretarako, lehendabizi arlo horretan esku hartzen duten erakundeak elkar ezagutzeko lan egiten ari dira, sektore bakoitzaren gobernantza, antolaketa, funtzionamendua eta egitura zehazten. Hori, gero bateragarritasunak eta elkarrekin posizionatzeko aukerak dauzkaten sektoreetako egikaritze-, eraginkortasun- eta bitarteko-modalitateetan sakontzeko eta Euskadiko eta Akitaniako erakunde eta enpresek arlo horietan elkarlanean aritzeko proposamenak egiteko eta aholkuak emateko. 

Eskema horri jarraikiz, bileran euskal berrikuntza-eredua aztertzen jarraitu zuten, aurreko bileretan hasita baitzeuden, eta, hala, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea aztertu zuten, zehazki sareko agente-motak eta agente horien zereginak eta harremanak, eta ondoren agenteen banan-banako analisia egin zuten. 

Asmo horrekin, bileran Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak, Leire Bilbaok, parte hartu zuen. Aurrena Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen aurkezpena egin zuen, eta ondoren mahai-inguru bizi-bizi bat izan zuten. Euskal Berrikuntza Sistemako elementu gisa, sarea berrantolatzen ari dira, industriaren eta indarrak ardaztearen aldeko apustua indartzeko epe motz eta ertainerako jarduera-pizgarri izango den ereduaren barruan. Sarearen berrantolamendu estrategiko horretan sistemaren bi ahulezia nagusiak landuko dituzte: batetik, agenteen dentsitate handia eta herstura-garaiek berezkoa duten kanibalizazio-arriskua; eta bestetik, monitorizazio- eta ebaluazio-sistema integraturik ez izatea, zer ondo dabilen eta non eta nola dabilen jakiteko.

Sare horretan nahi da zientzia eta teknologia arloetako agente-talde bat osatzea, sarean lan egin dezaten, ikerketa espezializatu eta bikainak gauzatzeko, merkatuak aintzat hartuta, era horretan Euskadin aberastasuna eta ongizatea sortzen lagun dezaten. Helburuak izango dira merkatuarekin lotura handiagoa duten eta enpresen premiei erantzuten dieten jarduera zientifiko eta teknologikoak gauzatzea, eta, horretarako, garapen teknologikoaren pisua handitzea eta I+G jarduera-mixa orekatzea. 

Halaber, asmoa izango da ikerketa-jarduerak Euskadiko espezializazio-eremuetara bideratzea, produktibitatea eta kalitatea areagotzeko, eta, horretarako, helburu espezifikoak zehaztea eta agenteak ezarritako lehentasunekin zenbateraino bat datozen neurtzea. 

Sarea berrantolatzearen xedea da, baita ere, sarearen bikaintasuna hobetzea; bikaintasuna litzateke agenteek aginte-koadro baten bitartez zehaztutako azken emaitzetan ekarpen hobezinak egitea.

Azkenik, helburua da, baita ere, merkatura bideratutako eta elkarlanean oinarritutako ikerketak egiteko ahalmena sendotzea; hori, sareko agente guztien ikerkuntza-lanaren eraginkortasuna areagotzen duten jakintza ekoizteko eredu ez lineal berriak ezartzeko. 

Sarea oro har aztertu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitatearen inguruko saio bat egin zuten, non Begoña Blancok, EHUko ingeniaritza eta komunikazio arloko irakasle eta ikertzaileak kasu praktiko bat aurkeztu zuen, haren ikertzaile-taldeak gauzatutako ikerketa-proiektu europar baten gainekoa. Geryon proiektuaren ezperientzia zela eta hausnarketarako gai ugari mahaigaineratu zituzten: ikerketa-proiektu europarren prestakuntza, programa horietarako sarbidea, programa horien garapena, ikasitako gaiak eta proiektuko emaitzak gero aprobetxatzeko aukerak. Geryon proiektuaren helburua da komunikazio-teknologia berri bat garatzea, etengabea, fidagarria eta kalitate handikoa, sarean sartzeko teknologiaz apartekoa.    

Jardunaldia osatzeko bi lan-bisita egin zituzten, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste osagai bat zertan den azaltzeko: Euskadiko I+G enpresa-unitateak, zeinak ikusgarriak baitira tamainagatik, eragin bisualagatik eta azaltzen dituzten edukiengatik. 

Hala, Ormazabal Corporate Technology enpresako zuzendari nagusi Javier Larrietaren eta haren kolaboratzaileen eskutik, Akitaniako eta Euskadiko EGABeko kontseilariek Ormazabal/Velatia Ikerketa eta Teknologia Zentroko potentzia elektriko handiko laborategiak eta enpresa-talde horren I+G politika ezagutzeko aukera izan zuten; estatuan dagoen era horretako laborategi bakarra da eta Frantzian bi multinazionalek baino ez dituzte. 

Ondoren, taldea Automotive Intelligence Center zentrora joan zen eta han Ines Anituak, zuzendari orokorrak, eta Raquel Piñanek, Internazionalizazio arloko zuzendariak, automobilgintzako euskal sektorea, ACICAE klusterra eta zentroaren oinarri den ikerketa irekiaren kontzeptua zertan diren azaldu zuten; horrez gain, bertaratuek zentroko instalazio bikainak ezagutzeko aukera izan zuten. 

Euskadiko eta Akitaniako EGABen bi aldeko lankidetzarako hurrengo bilera Akitanian egingo dute, urrian. Han, batetik, Akitaniako berrikuntza-sistema aztertzen eta sistema horretako agenteak ezagutzen jarraituko dute; eta bestetik, dokumentu bat lantzen hasiko dira, bi sistemen elementu nagusiak eta ezaugarri bereizle eta osagarriak biltze aldera.