Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 30 irailak 2015

  • EGABen ustez, egokia da “Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Lege Aurreproiektua” tramitatzea, bere irizpenean egindako oharrak kontuan hartuta. Batzordeak positiboki baloratu ditu lege esparru honen malgutasuna eta gizarte agenteen aitorpena, eta azken hori lege egutegian lehentasunez jorratu dadila eskatu du. 
  • Irizpenak berariaz azpimarratu du oso garrantzitsua dela gobernuak gizarte agenteen adostasunarekin jardutea eta merkatuan dauden kontratu tipologia zehatzak erabiltzeko eskatu du, lanbide heziketa duala garatze aldera. 
  • Batzordearen iritziz, Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena Lehendakaritzara atxikita egon behar da eta Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluaren garrantzia areagotzeko proposatu du.


Euskadiko EGABen ustez, egokia da Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Lege Aurreproiektua tramitatzea, kontsulta organo honek bere irizpenean egin dituen oharrak kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aurkeztu du aurreproiektua, lanbide heziketaren euskal sistema arautu eta antolatzeko asmoz. 

Batzordeak positiboki baloratu du lege esparru honen “malgutasuna” eta bertan sartzen da Lanbide Heziketaren IV. Euskal Planean diseinatutako Lanbide Heziketaren sistema berria. Halaber,  “berau garatzeko atea zabalik uzten du, aplikatzeko orduan itxaropenak zehaztu behar direnerako”. 

Berrikuntza nagusi gisa, aurreproiektuak lanbide heziketaren eredu konbinatua jaso du eta bertan sartzen dira lanbide heziketa integratua (hezkuntza sistemako lanbide heziketa eta enplegurako lanbide heziketa) eta berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetza aktiboaren gaineko ikaskuntzak. 

Indargune nagusien artean aurkitzen dira, bestalde, “ekoizpen sistemaren eta hezkuntza eta lanbide sistemaren arteko hurbiltasuna eta lankidetza, lanbide heziketaren euskal sistemaren nortasun adierazle nagusienak horiek baitira”. 

EGABi positiboa eta egokia iruditzen zaio, gainera, lege ekimen hau martxan jartzea. Horrenbestez, gizarte agenteei emandako zereginaren aitorpena baloratzen du eta “lege egutegia garatzeko orduan lehentasunezko”  gisa jotzeko eskatzen du.

 Bere irizpenean, Batzordeak hainbat ohar egin ditu, legearen edukia hobetzeko asmoz. Hala, dioenez legean sartu beharko lirateke “enplegu falta eta bereziki lehiakorra den testuinguruko enpleguen berezitasunak”, bai eta kualifikazio falta eta eskola uztea ere, lan merkatuan sartzeko orduan eragin zuzena duten faktoreen artean.  Irizpenaren arabera, gainera, eremu publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzen jarraitu behar da, lanbide heziketako ikastetxeen sistema publiko eta eraginkorra garatzeko, ikastetxe publiko eta pribatuak indartuko direlarik eta bikaintasun mailetara iritsiko direlarik. Gobernuak gizarte agenteen adostasunarekin jardun behar duela azpimarratu du eta orientazioa lanbide heziketara sartzeko funtsezko elementu gisa balioztatu behar dela gaineratu du. 

Kontratuak lanbide heziketa dualean

Ikas-ekin erregimeneko lanbide heziketa dualari dagokionez, -“tresna erabilgarria eta eraginkorra pertsonak lan mundura hurbiltzeko”-, EGABi deigarria iruditu zaio ez dela aipamenik egiten “beren jarduera plana lan kontratu baten babespean ezartzen ez duten langileen eskubideen buruz” eta, gogorarazi duenez, gai horren gaineko kontratu zehatzak daude (prestakuntzarako kontratua, praktiketako kontratua), lanbide heziketa duala garatzeko orduan erabili beharko liratekeenak.  

Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenarekin izango duen harremana argitzea

Arau berrian “Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena” sortzea aurreikusi da, eta, EGABen ustez, ez litzateke Sail batera atxikita egon behar, baizik eta zuzenean Lehendakaritzara atxikita, hala “bere funtzioaren zeharkako izaera azpimarratuko litzatekeelako”. Halaber, organo honen eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren arteko harremana argitzeko gomendatu du. Ez hori bakarrik, azken horren garrantzia areagotu beharko litzatekeela adierazi du, “politikak diseinatzeko orduan protagonista berezia bihurtuta eta beharrezko baliabideak eta aurrekontuak emanda, araudi esparru berri honetan definitutako sistema berriak izango dituen lan eta zereginen arabera”. 

Hizkuntza baldintzak

EGABen ustez, beharrezkoa da lanbide heziketaren eskaintza egokia eta nahikoa izatea, pertsona guztiek nahi duten prestakuntza jaso dezaketela bermatuta, hizkuntza baldintzak horretarako eragozpen izan gabe. 

Ildo horretatik, beharrezkoa iruditzen zaio neurri egokiak ezartzea irakasleek euskara eta atzerriko beste hizkuntza batzuk ikas ditzaten, batez ere ingelesa, kontuan hartuta hizkuntza horren ezagutza nahikoa duten irakasleak “ez direla asko”. 

Sistemen eta tasen ebaluazioa

Kontsulta organoak irizpenean eransten dituen ohar zehatzen artean adierazi da, bestetik, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak hiru urtero lanbide heziketaren euskal sistema ebaluatzea ez dela aski. Ondorioz, tartean beste ebaluazio bat egiteko proposatzen du, “tarte horretan zuzen daitezkeen elementu negatiboak antzeman”  ahal izateko. 

Azkenik, irizpenak gaitasun profesionalak aitortzeko prozesua garestitu egin dela adierazi du. Horrenbestez, sistema merkatzeko eta egoera ekonomikoa eta lana kontuan hartu eta beharrezkoa denean tasak egokitzeko eskatu du.


15/15 Irizpena Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Lege Aurreproiektuaren gainekoa.