Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 30 irailak 2015


Irailaren 9an Euskadiko EGABk eta Atlantikoko eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeek, RTAn elkartuta daudenek, Atlantikoko Europako Estrategiari buruzko lanen aurkezpen publikoa antolatu zuten Bruselan. Ekitaldia Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen egoitzan egin zen, RTAko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeek lankidetza harremana baitaukate horrekin Atlantikoko Espazioari lotutako gaietan, eta haren helburua honakoa izan zen: RTAk Atlantikoko Europako Estrategia abiarazteko faseari buruz gauzatutako txostenaren analisia, ondorioak eta proposamenak jakitera ematea eta lanaren emaitzak aztertzea prozesu horren arduradunekin, Europako erakundeekin, Atlantikoko estatu kideekin eta horietako eskualde eta hiriekin mahai-inguru batean, horrela estrategia dinamizatzeko ekimen eta tresna berriak bultzatzen eta Atlantikoko lurraldeetako eragileak sentikor bihurrarazten eta mugiarazten lagunduta.

 

Atlantikoko Europako Espazioan “ekonomia urdina” bultzatzeko helburua duen Atlantikoko Europako Estrategia eraginkorra izango da eta bere helburuak beteko ditu, itsas ekonomiako eragileek ezagutu, beren gain hartu eta bultzatzen badute beren jardueren esparruan eta baliabide egokiak haren eskura jartzen badira. Atlantikoko eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeek kontsulta egin diete itsas jarduerei (itsas energiak, ontzigintza, itsas garraioa eta portuak, arrantza, akuikultura, turismoa, itsas ikerketa…) lotutako sektoreetako eragileei, eta, horri esker, estrategiak Atlantikoko eskualde bakoitzean izan duen harrera, estrategiak eragileen artean piztu dituen iguripenak, bidean egon diren zailtasunak eta proposatzen diren aukerak aprobetxatzeko beharrezkoak izango liratekeen baliabideak jakin ahal izan dira. Horrela, egoeraren diagnostikoa prestatu, eta proposamen batzuk egin dira komunikazioaren, finantzaketaren eta gobernantzaren eremuetan, gaur egun estrategiaren garapena oztopatzen duten ahultasunak gainditzeko asmoz.       

 

RTAren txostenak, Euskadiko eta Akitaniako EGAB  hizlari izan dituenak, hainbat problematika mahaigaineratu ditu: Estrategia jakinarazteko eta hedatzeko ahalegin handi baten beharra, bereziki ETEen mailan; Estrategiaren “ikusezintasuna”, berariazko finantzaketa fondorik ez dagoenez proiektuak abiarazteko dauden erkidegoko finantzabideak behar izatearen ondorioz; maila praktikoan eragingarririk ez egotea, eragileek hautematen duten bezala –denek helburu politiko berdinak dituzte, baina, berariazko tresnarik gabe, horiek zehaztugabeak eta abstraktuak dira, eta denek batera aurre egin nahi diete ahalegin kolektiboa eginez, estatuen eta eskualdeen buruzagitza politikoaren babespean–; koordinazio horizontalerako mekanismorik ez egotea, Atlantikoaren mailan proiektu egituratzaileak sortzea ahalbidetzen duenik; eta proiektuen banakako sustatzaileengan eta proiektuak aurrera eramateko egiten dituzten ekimenetan eta ahaleginetan oinarritzen den ezarpena, bai estrategiaren ahalmen dinamizatzailea bai lehentasunak sustatzeko benetako gaitasuna murrizten dituena.


Estrategiaren ezarpenaren arduradun guztiek, aurkezpen ekitaldian bilduta zeudenek, harrera ona egin zieten lanaren emaitzei, eta denek nabarmendu zuten garrantzitsua zela denbora hartzea, alde batetik, Estrategiaren martxa aztertu eta hausnartzeko, eta, beste aldetik, hobetu beharreko aldeak zein antzemandako ahultasunak berriro bideratzeko proposamenen erabilgarritasuna identifikatzeko. Europako Batzordeko eta MARE, REGIO eta RESEARCH Zuzendaritza Nagusietako ordezkariek eskertu zuten RTAk gauzatu duen lana, “gauzatu beharreko lana” baitzen eta, horri esker, Bruselan jakin baita Atlantikoko eskualdeetako hartzaileek nola berenganatu duten Estrategia eta zein diren ezarpen prozesuaren ahulguneak.

 

Estrategiaren zuzeneko arduraduna den DG MARE departamentuko Juan Ronco ordezkariak adierazi zuen oso kezkatuta zegoela ikusgarritasunaren problematika zela eta, estrategiaren balantzea eta haren ebaluazioa proiektuak aldez aurretik identifikatzeko aukeraren araberakoak izango baitira derrigor. Gainera, Estrategiaren ikusgarritasuna estrategiari berari eragiten dion kontua da. Atlantikoko Estrategiaren proiektuen “labelizazioa”ren ideia DG MAREk RTAren txostenean dagoeneko atxiki duen proposamena da, eta horri proiekzio handiagoa ematen saiatzen da, Laguntza Mekanismoaren baldintza berrien bidez. Estrategiaren proiektuaren sustatzaileei laguntzeko talde horren konfigurazio berria RTAk aipatu dituen proposamenetan ere oinarritu da, jakinarazi, hedatu eta finantzaketa bilatzeko zereginak indartu eta hobeto bideratzeko neurriak hartuta eta, batez ere, taldea Atlantikoko eskualde bakoitzeko sektore eta lanbide sareekin eta tokiko baliabideekin hobeto egituratzearen alde eginda, sinergiak zein jarduketen eragin handiagoa lortzeko asmoz.

 

Claude Wohrerrek, Atlantic Strategy Groupeko lehendakaria eta Frantziako estatuaren bertako ordezkaria denak, txostenaren interesa eta garrantzia nabarmendu zituen, baita, txostenak azaleratu bezala, Atlantikoko Estrategiak esparruaren gainean dituen oztopoenak ere; izan ere, horiek nekez ikusten dira estatuetako administrazioetatik. Halaber, denbora tarte bat eskatu zuen txostenaren proposamenak abiarazteko eta Estrategiaren ezarpen mekanismoak hobetzeko gaitasuna probatzeko.

   

Etele Barath eta Stefano Palmieri Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko ordezkariek Europar Batasuneko makroeskualdeetako estrategiei buruzko irizpenetako hizlari jardun zuten, eta nabarmendu zuten beharrezkoa zela Atlantikoko Estrategiak gaur egun dituen zailtasunak gainditzea eta eskualdeen arteko lankidetzan aurrera egitea, itsas joera utzita Atlantikoko Espazioari bitarteko gobernantzarako eta garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tresna indartsuak emateko, dagoeneko estrategia horiek dituzten Itsaso Baltikoko eta Danubioko eskualdeetan praktikak erakusten duen bezala. Luis Miguel Pariza Batzordeko Atlantikoko Estrategiako hizlariak arreta jarri zuen Estrategiak gobernantzaren esparruan hobetzeko dituen aukeretan, eskualdeko eta tokiko agintariek horretan behar bezalako ordezkaritza izan behar dutela eta mobilizazioaren ahaleginetan beren eginkizuna osorik garatzeko aukera izan behar dutela adierazita, sektore eragile guztiak estrategian modu eraginkorrean gehitzeko moduan. 

 

Atlantikoko eskualdeen izenean jardunda, Pauline Caumont CRPMko ordezkariak adierazi zuen bat egiten zuela erabat txostenaren analisiarekin eta proposamenekin, eta bere erakundeak eta bertan ordezkatuta dauden Atlantikoko eskualdeek Batzordearekin eta Atlantikoko 5 estatuekin gaur egun estrategia oztopatzen duten problematikak konpontzen laguntzeko egin zuten eskaintza luzatu zuen berriro ere. Arku Atlantikoko Hirien Batzarraren izenean, Tamara Guiraok Atlantikoko sareen garrantzia azpimarratu zuen, are gehiago kontuan hartuta Itsaso Baltikoko Estrategiaren ebaluazio txostenak gomendatu duela eskualde eta toki mailan dauden erakunde eragileak eta profesionalak sareetan ezartzen laguntzea, eta ibilbideak berak zein lurraldearekiko eta  RTA, CRPM eta CCAAko eragileekiko loturak erakutsi dituztela zeregin horren gaitasunak eta ahalmena. 

Laburbilduta, jardunaldiak RTAk gauzatutako lanaren balantzea eman zuen, RTArako oso atsegingarria izan dena. Horri esker, Atlantikoko Estrategiaren ezarpenari buruzko lanei ekingo die berriro ere, Estrategiak 2017an izango duen berrikuspen prozesuari begira.