Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 30 azaroak 2015

  • EGABk egokitzat jotzen du desgaitasunen bat duten pertsonen aparkatze txartela arautzeko proiektuaren tramitazioa, betiere irizpenean egiten dituen ohartarazpenak kontuan hartuz. Ohartarazpen horien artean honakoak nabarmendu behar dira: erreserbatutako plazen zuzkidura handitzea eta beharrezko neurriak hartzea egiaztapenaren erabileran gehiegikeriak saihesteko.
  • Arau berriak txartela eskatzeko eskubidea zabaltzen die ikusmen urritua duten pertsonei, desgaitasunen bat duten pertsonen kolektiboaren garraioan eta mendekotasunaren artapenean dihardutenei eta bizi funtzioetarako gailuen menpe dauden 3 urtetik gorako pertsonei.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren %8 baino gehiagok desgaitasunen bat dauka; horrek kasuen %70ean mugikortasunari eragiten dio.


Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du desgaitasunen bat duten pertsonen aparkatze txartela arautzeko proiektuaren tramitazioa, betiere irizpenean egiten dituen ohartarazpenak kontuan hartuz. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak igorri du. 

Kontsultatutako arauak xedetzat dauka mugikortasun urritua duten pertsona desgaituen ibilgailuak aparkatzeko txartela arautzea, betiere txartela egiteko eta erabiltzeko modua arautzen duen errege dekretuaren arabera egokituz. Errege dekretu hori orain dela urtebete argitaratu zen (abenduaren 12ko 1056/2014 eta urtebeteko epea eman zien autonomia erkidegoei, homogeneizatze errekerimenduak ezartzeko) eta berrikuntza gisa ezarri zuen txartela ikusmen urriko pertsonei eta desgaitasunen bat duten pertsonen kolektiboaren garraioan eta mendekotasunaren artapenean dihardutenei zabaltzea. 

Eusko Jaurlaritzak egin eta EGABren irizpenaren menpe jarritako proiektuak aldarazpen horiek jasotzen ditu eta, gainera, bestelako aldaketak ere ezartzen ditu, esate baterako eskubidearen titular gisa aintzatestea bizi funtzioetarako ezinbestekoak diren gailu teknikoen menpe (gurpil aulki bereziak, arnasketa gailuak...) etengabe dauden edo desgaitasun larri-larriak dituzten 3 urtetik beherako adin txikikoei.  

 

Kontrolak eta plaza gehiago eskuragarri 

EGABk aparkatze txartelen erregulazioa onartzen du funtsezko ekintza positiboko neurri gisa eta modu positiboan baloratzen du proiektua, betiere gaur egungo araua hobetzen duen heinean. Hala eta guztiz ere, beharrezkotzat jotzen du dekretuan bermeak ezartzea txartelen erabileran gehiegikeriak saihesteko eta inplikatutako administrazioen arteko koordinazioa bermatzeko. Ildo horri jarraituz, beharrezko deritzo udalerri bakoitzak zaintza eta kontrol hori egikaritzeko behar adina baliabide zuzkitzeari. 

Batzordeak, era berean, gordetako aparkalekuen zuzkidura handitzeko eskatzen du (gaur egunean bat gordetzen da berrogei plazako), aparkatze txartela eskuratu ahal izango duten pertsonen kolektiboa handituko baita. 

 

Ukitutako biztanleria %8 baino gehiago 

Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten 170.000 pertsona daude (100.000 emakumezko eta 70.000 gizonezko); guztira Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle guztien % 8,4 dira, INEk “Desgaitasunari, Autonomia Pertsonalari eta Mendekotasun Egoerei buruzko Inkestan” argitaratutako 2008ko datuak kontuan hartuz gero. 

Adin tarteei erreparatuz, emakumezkoen desgaitasun tasak handiagoak dira 45 urtetik gorako adinetan; beheragoko adinetan alderantziz gertatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko bost etxebizitzetatik batean bizi da gutxien-gutxienik desgaitasuna duela adierazten duen pertsonaren bat. Desgaitasun nagusiak mugikortasunean azaltzen dira (kolektiboaren %70), etxeko bizimoduaren jardueretan eta autozaintzan. Inkesta horretan ere agerian jartzen dira desgaitasunen bat duten pertsonek garraio publikoak dituzten zailtasunak: erdiak baino gehiagok adierazten dute (%51,6) garraio publikoan zailtasunak dituztela ibilgailuetatik igotzeko eta jaisteko eta geltokietara eta nasetara iristeko orduan.


Irizpena 18/15, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen dekretu proiektuari buruzkoa