Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 25 apirilak 2016
  • EGABren iritziz, “Euskadin Enplegurako Lanbide Heziketa antolatzen duen Dekretu Proiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.
  • Batzordeak arau batean eredu berriaren oinarriak jasotzeko gobernuaren ahalegina eta egiteko dinamika balioztatzen ditu. Baina, dekretuaren “helburua ELHaren sistema modu eraginkorrean antolatzea izanik, ez duela asmatzen” uste du.
  • Kontsulta-organoaren irizpenak Hobetuzen funtzionamendu araubidea Lanbideren Administrazio Kontseiluari pasatzea proposatzen du eta, gainera, dekretuaren eta Lanbide Heziketari buruzko Legearen (egun Legebiltzarrean izapidetzen) artean aginpideen eremuan kontraesanak aipatzen ditu.

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, “Euskadin Enplegurako Lanbide Heziketa antolatzen duen Dekretu Proiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak aurkeztu du.


Dekretuaren xedea Enplegurako Lanbide Heziketa (ELH) antolatzea da, Enpleguaren Politika Aktiboen tresna osoena baita. Xede horrez, aurreko esperientziak jasotzen ditu eta kudeaketa eredu berri bat sortzen du. Azkenekoak sistema bakarrean integratzen du EAEko ELHaren jardueren multzoa.


Bere irizpenean, EGABk gogorarazten du enplegurako prestakuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan ibilbide luzea duela eta ahalegin inbertitzailea handia izan dela, bai pertsona langabetuak prestatzeko, bai okupatuen gaitasunak hobetzeko. Xede horrez, jarduerak eta programak garatu dira eta horien artean Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua azpimarra daiteke.


Batzordeak arau batean ELHaren eredu berriaren oinarriak jasotzeko gobernuaren ahalegina eta egiteko orduan garatu duen dinamika (“nahasitako eragileekin harremana estua izan da eta planteatutako iradokizun eta ekarpenetara ireki da”) balioztatzen ditu. Horrez gain, produkzio sarearen behar zehatzei erantzuteko ekintzak azpimarratzen ditu, hala nola Prestakuntza Espezialitateei buruzko Euskal Katalogoa, prestakuntza duala edo txandakatua ala nazioartean sartzeko prozesuetan enpresei laguntza. Hala eta guztiz ere, Batzordeak EGABri arduratzen dioten zenbait gai nabarmendu ditu. Horiek dekretuak “helburua ELHaren sistema modu eraginkorrean antolatzea izanik, ez duela asmatzen” ondorioztatzera daramatzate.


Hobetuzen funtzionamendu ona


Bere gogoetetan, EGABk lanaren eremuan ELHa arautzen duen estatuko legeak (irailaren 9ko 30/2015 Legea) egindako aldaketak gogorarazten ditu. Horretan prestakuntza zuzenean kudeatu eta irakastearekiko gizarte-eragileek protagonismoa galdu dute, baina irabazi prestakuntza eskaintza diseinatu, planifikatu, kontrolatu, jarraitu eta ebaluatzeari dagokionez.


Jolas eremu berria definitu ostean, EGABren iritziz, Hobetuzek abian jarritako enplegurako prestakuntza sistemak ondo funtzionatzen du. Bertan enpresa- eta sindikatu-erakundeek parte hartzen dute, gobernuarekin batera: “Sistema horrek funtzionatzen badu -dio EGABk-, 30/2015 Legearen agindua kontuan hartuta, arrazoizkoa litzateke funtzionamendu-araubide hori orain enpresek eta sindikatuek parte hartzen duten eremu horietan erabiltzea, hala nola LANBIDEren Administrazio Kontseiluan”. 


Aginpideen eremua eta koordinazioa


ELH zuzendu behar duen organo bakoitzaren aginpide eremua eta sortu nahi den koordinazio sistema dira Batzordeari kezkatzen dioten beste gai batzuk, bere ustez ez baitira argitzen. Ildo horri jarraiki, irizpenak goi mailagoko arauari, Lanbide Heziketaren Legeari, erreparatu behar zaiola dio. Gaur egun Legebiltzarra izapidetzen ari da eta Lanbide Heziketaren sistemaren gobernamenduari dagokionez aginpide esparru argia xedatzen du eta aztertutako dekretuarekin alderdi batzuetan kontraesanean sartzen da.


“Bestalde, -dekretuaren analisian aipatzen du EGABk- Prestakuntza Iraunkorraren Lanbideen Arteko Hitzarmena, indarrean dagoena, ez dugu ahaztu behar. Bertan xedatutakoaren arabera, Hobetuz da Euskadin pertsona langileen prestakuntzaren zuzendaritza-organoa eta, azkenik, LANBIDEren Administrazio Kontseilua eta bere Heziketa Batzordea daude. Laburbilduz, aipatutako aurrekariekin, gure ustez Dekretuak ELHaren sistema eraginkortasunez antolatzen ez du asmatzen eta hori da, hain zuzen ere, bere helburua”.

 

3/16 Irizpena, Euskadin Enplegurako Lanbide Heziketa antolatzen duen Dekretu Proeiktuari buruzkoa