Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 18 uztailak 2016
  • EGABen ustez, egokia da “izatezko bikoteen erregistroa arautzen duen araudiaren dekretu-proiektuaren" tramitazioa, kontsulta-organoak bere irizpenean adierazi dituen oharrak kontuan hartuta.
  • Batzorde honen iritziz, testu berriak aurrekoa hobetu eta segurtasun juridiko handiagoa eskaintzen du. Hala ere, ez dago ados inskribatu aurretik urtebeteko errolda eskatzearekin, ez eta auzotasun zibila eskatzearekin ere, horrek “EAEn bizi diren eta aipatu euskal auzotasun zibila ez duten pertsonen eskubide zibilak mugatzea eragin baitezake”.  

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari egokia iruditu zaio “Euskal Autonomia Erkidegoko izatezko bikoteen erregistroa arautzen duen araudia onartzeko dekretu-proiektuaren" tramitazioa, kontsulta-organo honek egin dituen oharrak kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak aurkeztu du, hain zuzen ere, proiektua.

Dekretuak izatezko bikoteen erregistroaren araudi berria garatu eta aurrekoa ordezten du. Aurrekoa, zehazki, Izatezko Bikoteak arautzeko Legea (maiatzaren 7ko 2/2003 Legea) onartu eta urtebetera ezarri zen. Batzordearen ustez, testu berriak aurrekoa hobetzen du. Izan ere, orduko hartan jaso ez ziren egoera batzuk aurreikusi ditu, besteak beste genero-indarkeriaren biktimen tratamendu zehatza. Horren arabera, eta, Lege berriari jarraikiz, halako egoeraren batean dauden pertsonek ez diote beste bikotekideari jakinarazi beharko harremana uzteko asmoa dutela. Halaber, izatezko bikotea eratzeko, aldatzeko edo bertan behera uzteko bete beharreko baldintzen zehaztasunak areagotu dira, eta, beraz, prozedura horiek segurtasun juridikoa irabazi dute. Horrez gain, seme-alaben gaineko aipamenak desagertu dira arauditik, beren eskubide eta betebeharrak seme-alabatasunarekin lotuta baitaude, eta, ez, ordea, izatezko bikotearekin.

Errolda eta auzotasun zibila

Balorazio positibo honekin batera, Euskadiko kontsulta-organoaren irizpenak “deigarriak diren hainbat ohar” aipatu ditu. Esate baterako, hainbat kudeaketa egiteko bertaratu beharra, edo prozesu eta egiaztapen batzuen zehaztasuna. Azken horren adibide gisa, inskribatzeko eskabidea baino hilabetetik gorako aurrerapenaz igortzen den dokumentazioa baztertu egingo da. Horren harira, EGABen ustez, inskribatzeko eskaria baino lehen gutxienez urtebetez erroldatuta egon beharra ez dago justifikatuta, “are gehiago kontuan hartuta ez dagoela estatuko erregistro bat, EAEko erregistroan izena emanda ez egotearen ordezko legez".

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak euskal auzotasun zibila egiaztatu beharra ere aipatzen du, gutxienez izatezko bikotea osatzen duten pertsona baten kasuan; gai honek Batzordearen “harridura eta kezka” piztu ditu, “EAEn bizi diren eta euskal auzotasun zibila ez duten pertsonen eskubide zibilak mugatzea eragin baitezake”. 

Gai horiek guztiak gorabehera, EGABen irizpenari jarraikiz, izatezko bikoteen araubide ekonomikoari eta ondarezkoari buruzko ohar bat sartu beharra dago, ondasunen banatzeari buruzkoa, ez baitago horren gaineko berariazko hitzarmenik edo itunik. Batzorde honen iritziz, ohar hori eskariaren ereduan agertu beharko litzateke, eta, gainera, berariaz egin beharko luke erregistroaz arduratzen den pertsonak.