Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 01 otsailak 2018

Abenduaren 19an, Euskadiko EGABk eta Gune Atlantikoaren eskualdeetako erakunde baliokideek (STA-ATN) Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (Europako EGAB) egoitzan, Bruselan, ekitaldi publikoa izan zuten “Ekintza Plana aldi ertainean berraztertzeari begira Estrategia Atlantikoa hobe inplementatzeko gizarte zibilaren proposamenak” txostena aurkezteko. Ekitaldian, nagusiki, europar erakundeetako ordezkariak bildu ziren, Europar Batzordekoak, Eskualdeen Batzordekoak eta Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordekoak, baita Estatu Atlantikoetako ordezkaritza iraunkorrak eta eskualde atlantikoetako gobernuek Bruselan dauzkaten ordezkaritzetakoak ere; maila batean edo bestean Estrategia Atlantikoa inplementatzen zuzenean nahasitako jendea, alegia.

Txosteneko proposamen eta ondorioak eztabaidatu zuten mahai inguruko zein publikoko parte hartzaile guztiak bat etorri ziren txostenaren sakontasun, errealitate maila eta aukera nabarmentzerakoan, eta antzemandako arazoei eta horren gainean jarduteko beharrari dagokienez. Hala, 2018an izango den Estrategia Atlantikoaren aldaketari eta etorkizunari buruzko hausnarketari ekin zitzaion.

Aurkeztutako lana fatxada atlantikoko eskualdeen Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeekin lankidetzan gauzatu da. Halaber, pareka daitezkeen erakundeak daude eta guztiak ekonomia eta gizarte eragileen Sare Transnazional Atlantikoan (STA-ATN) sartzen dira; une honetan EGABeko presidente Francisco José Huidobro da sare burua.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea eta bere kide atlantikoak 2011n onartutako Europako Estrategia Atlantikoa arrakastatsu suertatzearen garrantziaz jakitun dira. Hori 2013. urtean onartutako ekintza planaren bitartez inplementatzen ari da. Nolanahi ere, hori lortzeko arrazoi bikoitza dago. Batetik, Euskadiko itsas ekonomia bultzatzeko garrantzitsua da. Izan ere, oso aktibo garrantzitsuak ditugu garatzeke eta balioa emateke. Bestetik, bakarrik estrategia arrakastaz inplementatzen bada, aurrera egin ahal izango da Atlantikoan lankidetzaren maila altuagoetan eta nahi handiagokoetan eta EBko eremu geografikoekin baldintza berdinetan etorkizunari aurre egingo zaio. Nolanahi ere, geroz eta gehiago dira makroeskualdeetarako egiazko estrategiak onartuak dituztenak eta eskualdeen ahalmen sozioekonomikoak garatzeko tresna bereziak direla kontuan hartu behar da.

Ildo horri eutsiz, Euskadiko EGABk eta STAren bazkide atlantikoek Estrategia Atlantikoa behar bezala gauzatzeko baldintzen gainean lanean jardutea hautatu zuten. Hala, eskualde atlantikoetako itsas ekonomiako eragileen esperientziak ezagutu zituzten eta Estrategia Atlantikoa inplementatzeko prozesuaren arkitektura eta tresnak aztertu ere bai. Helburua europar erakundeei gomendioak egitea zen, lurralde atlantikoek eta eragileek jarduerak bultzatzeko bitarteko eta tresna egokiak izan ditzaten eta, bide batez, Estrategia Atlantikoaren helburuak lor daitezen.

Txostena egun Estrategia Atlantikoa inplementatzean antzeman diren ahuleziak hobetzen laguntzeko egin da. Horregatik, Europar Batzordeak Estrategiaren Ekintza Plana aplikatzeari dagokionez, bitarteko ebaluazioa eta ikuskapena egin duenean sortu da. Hala, 2020. urtean egungo Ekintza Plana amaitzen denean edo 2020. urtearen ostean helburuak hobe lortzeko zuzendu beharreko alderdiak aldatzea aurrez ikusia du.

Txostenak 2016. urtean eta 2017. urteko hasierako tartean Estrategia ezartzeko eskuragarri jarritako tresnen funtzionamendu eta bilakaera dinamika du hizpide. Beste estrategia batzuen esparruan existitzen diren formulek oso erreferentzia prisma garrantzitsua osatzen dute lan honetan, bereziki Baltikoaren eskualdeari dagokionez. Baina parte hartu duen EGAB bakoitzak egindako kontsulta izan da elementu metodologikorik garrantzitsuena; EGAB bakoitzak eskualdeko itsas ekonomiako eragileen artean egin du kontsulta, inkesta komun batean oinarrituz, eragileen Estrategia Atlantikoko proiektuko ideiak nola gauzatu diren edo nola ez diren gauzatu itaunduz, eta horretan izan dituzten laguntzak edota zailtasunak aipatuz, Europako finantzaketa programa eta funtsen funtzionamendua barne.

Identifikatutako arazoek finantzaketa lortzeko zailtasunetan sakontzen dute; ildo horri jarraiki, estrategiarekin proiektuak ainguratzeko mekanismoak ez daude eta, ondorioz, Estrategiak ikusgai izateari uzten dio. Gainera, operadoreen iritziz, Estrategia ez da oso erabilgarria ekonomia urdina dinamizatzeko gaitasuna duten proiektuen motor modura.

Txostenean “Estrategia Atlantikoa hausnarketa eta jarduerarako esparru estrategiko operatibo eta eraginkor bezala kokatzea" helburu orokorpean proposamenen eta gomendioen kapitulu zabala eskaintzen da eta oinarrizko hiru zutabetan du funtsa:

  • Itsas ekonomiako eragileek Estrategia Atlantikoan interesa izatea berreskuratzea, Estrategia Atlantikoko elementu bereizgarri propioak txertatzea, Estrategia Atlantikoko proiektuen sustatzaileentzako finantzaketa aukerak hobetzea eta irismen atlantiko eta estrategikoko proiektuak garatzeko baldintzak indartzea ekarriko duten proposamenekin.
  • Gobernantza indartua, Estrategia Atlantikoa ezartzea dinamizatzeko, sinergiak eragiteko eta eskala atlantikoan proiektu esanguratsuak sortzeko gai izango dena, ezarpen prozesuari indar gehiago eman, ikuspegi estrategikoa eta ikuspegi nazioartekoagoa eragingo duten proposamenekin.
  • Estrategia Atlantikoa nabarmen ikusaraztea, ezarpenaren zerbitzura jarriz, hobeto egokitutako komunikazioa izateko eta Estrategiaren proiektuak ikusarazi eta jarraipena egitea ahalbidetzeko proposamenekin, Estrategia Atlantikoa identifikatu eta sustatzeko mekanismoak finkatuz; horretarako, garatutako proiektuak, lortutako emaitzak eta eskainitako balio gehitua erabiliko dira.