Berriak > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 17 apirilak 2018
  • Arauak familia harreraren modalitate desberdinak eta adingabeen familia harreraren kasuetan Foru Aldundiek jarraitu behar duten jarduera prozedura arautzen ditu, adingabe horiek erakundeen zaintzapean edo babespean badaude.
  • EGABren ustez, dekretuak beste harrera aukera batzuk izan beharko lituzke, hala nola, asteburuak edo oporraldiak. Horrez gain, familia edo pertsona hartzaileen egokitzapena balioztatzeko irizpideekin pertsona hartzaile izateko desgaitasunak dituzten pertsonak diskriminatuak suertatzen dira.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, “EAEn Familia Harrera Arautzeko Dekretu Proiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta organo honek egin dituen gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak egin du.

Arauaren helburua familia harreraren modalitate desberdinak eta adingabeen familia harreraren kasuetan Foru Aldundiek jarraitu behar duten jarduera prozedura arautzea da, adingabe horiek erakundeen zaintzapean edo babespean badaude. Bere erantzunean EGABk gogorarazitakoaren arabera, Haurrak eta Nerabeak Babestu eta Arreta Eskaintzeko Euskal Legea (otsailaren 18ko 3/2005 Legea) onartu zenetik, jada hamabi hilabete baino gehiago igaro dira eta familia harrera arautegiaren ikuspegitik ez da garatu, hortaz, “ezin izan da aurrera egin aldi batean eta modu erkidean hiru lurralde historikoetan aipatu babes eremuan”.

 

Harrera asteburu eta oporretan

 

Aztertutako dekretua arestian aipatu den legearen garapenean kokatzen da eta eremuan estatuko arautegiak sartu dituen aldaketak kontuan hartzen ditu. Gainera, EGABren iritziz, arau berria 2015. urteko Arartekoaren txostenaren ildotik doa. Horrekin bat, adingabeei arreta eskaintzeko orduan, nagusiki, familia partikularrei erreparatzea gomendatzen zen. Horregatik, oso positibotzat jotzen du dekretuaren proiektua, irizpenean hainbat urritasun antzeman arren. Besteak beste, honako hauek lirateke: testuan bestelako harrera aukerak ez jasotzea, hala nola, asteburuak eta oporraldiak. Aipatu modalitateak dekretuak erantsi beharko lituzke, Euskadiko kontsulta organoaren ustez.

Pertsona desgaituek harrera egitea

Eusko Jaurlaritzaren proiektuak azpimarratutakoaren arabera, balorazio psikosoziala egin behar da familia edo pertsona hartzaileen egokitasuna jakiteko eta atal honetan arauak familia hartzaileen egokitasuna muga dadin irizpideak xedatzen ditu, harrerarako pertsonek edo horiekin bizikidetzen dihardutenek desgaitasun fisikoa, psikikoa edo intelektuala dutenerako. EGABren ustez, irizpide horiekin desgaitasuna duten pertsonei pertsona hartzaileak izateko orduan diskriminatzen zaie. “Are gehiago, horien arabera, pertsona desgaituak guraso biologikoa izateko gaitasunik ez du”. Batzordearen iritziz, dekretuak frogaren karga alderantzikatzen du, “orokorrean pertsona desgaituek hartzeko ustezko ezintasuna xedatzen baitu, gaitasuna balioetsi ordez”. Nolanahi ere, administrazio eskudunak egiaztatu beharko luke ezintasuna.

Abilezietan prestakuntza

Irizpenak beste gomendio batzuk ematen ditu, hala nola, familia harrera aditua eta familia harrera profesionalizatua bereizteko orduan, definizio zehatzagoa ematea. Halaber, familia edo pertsona hartzaileen egokitasuna balioztatzean neurria aldi batean onartzeko gaitasuna kontuan hartu beharko litzateke. Nolanahi ere, argi gelditu behar du adopzio aurreko harrera ez dela. Alderdi horren inguruan lege segurtasuna indartzeko, Batzordeak gomendatzen du dekretuan berariaz azaltzea adopzio aurreko familia harrerak egoera bereziak direla eta, ondorioz, beste arautegi bat dagozkiela.

Azkenek, EGABk eskatutakoari jarraiki, familia edo pertsona hartzaileek pertsona adingabeei buruzko informazio guztia izan beharko lukete, beren ezaugarri familiarrak eta pertsonalak barne. Gainera, abilezietan eta gaitasunetan prestakuntza jasotzeko eskubidea berariaz onartu beharko litzaieke, adingabe hartuaren behar bereziei erreparatuz, horiek familiaren gainkarga jasateko beharrezkoak badira.