Berriak > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 23 uztailak 2019
  • Memoria Sozioekonomikoak lehenengoz emakumeek euskal errealitate sozioekonomikoan duten egoerari buruzko atal berezia sartu du. Euskadiko EGABko batzordeburu berriak, Emilia Málagak, Batzordean azaldutakoaren arabera, “2018. urteko mobilizazioak, erreibindikazioak eta salaketak ezin zitezkeen bazter, berdintasunaren gaia gizarte-eztabaidaren ardatzera ekarri baitzuten”.
  • Orokorrean, 2018. urtean euskal ekonomiarako urte positiboa izan zen eta jarduera nahiz enplegua hazi ziren. Bultzada, ordea, moteldu da eta nazioarteko zalantzek diraute.
  • 2018. urtean enplegua sortu zen eta sektore guztietan langabezia murriztu ere bai. Biztanleria aktiboak gora egin zuen, garapen ekonomikoa handiagoa izateko, jarduerak gomendagarria denaren azpitik egon arren. Negatiboki azpimarra daiteke lan-merkatura emakume eta adin nagusiko langile gutxi iristen dela. Enpleguaren kalitateak errealitate dibergenteak ditu (lanaldi partziala, behin-behinekotasuna eta ordainsari-tartea).
  • Bizi-baldintzekin zerikusia duten adierazle nagusiak hobetu dira, nahiz eta oraindik krisian galdutako ongizatea berreskuratu ez den. Kezkagarria da energia pobrezia. Izan ere, aurten okerrera egin du.
  • Gizarte babesa europar herrialde nagusiekiko antzeko mailan kokatu da. Pertsona gutxiagok jaso du diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria eta kezkatzekoa da pentsioen sistemari dagokion defizit-saldoa zahartze eta lan-merkatuan dauden eraldaketa sakonen testuinguruan.
  • Fase guztietan Lanbide Heziketa sendotu behar da, baita ikasketak aukeratzean generoaren tartea arindu eta industriarekin harremanetan emakumeen partaidetza areagotu ere.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gaur goizean Bilbon 2018. urteko Memoria Sozioekonomikoa aurkeztu du. Memoriak joan den urteko Euskadiko egoera sozioekonomikoari buruzko ikuspegi osoa eskaintzen du eta datu estatistiko nahiz adierazle ugari ageri dira. Horiek osatzeko, EGABn dokumentuaz arduratzen den batzordearen gogoetak aurki daitezke. Aurkezpena Euskadiko EGABren batzordeburu berriak, Emilia Málagak (*), eta UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak, Jon Barrutiak, EGABn memoriaz arduratzen den batzordeburuak, egin dute. Euskadiko kontsulta-organoaren batzordeburu berriak berrikuntza bezala azpimarratu du atal berezia erantsi dela eta emakumeek Euskadiko errealitate sozioekonomikoak duten egoera aztertu duela. Xede horrez, Memoriaren adierazle esangarrienetatik emakumeen inguruko datuak atera dira. Azaldutakoaren arabera, “EGABk ezin zituen baztertu 2018. urtean izandako mobilizazio, erreibindikazio eta salaketak, gizarte-eztabaidaren mamira ekarri baitzuten berdintasunaren gaia”.

2018ko Memoria Sozioekonomikoaren eduki nagusiak atal desberdinetan banatuak daude: demografia, ekonomia, lan-merkatua, bizi-baldintzak eta gizarte-babesa nahiz bizi-kalitatea. Lan osoa gaurtik Euskadiko EGABren web orrian kontsulta daiteke: http://www.cesegab.com.

EMAKUMEAK EUSKAL ERREALITATE SOZIOEKONOMIKOAN

  • Demografia eta Osasuna. Euskal emakumeak gizonak baino 6,2 urte gehiago bizi dira, baina aldea modu garrantzitsuan murriztu da jarduera mugatu gabe bizitako urteei erreparatzen badiegu. Halakoetan, joera berdintzea da.
  • Hezkuntza. Lanbide ikasketetan emakumeek gizonek baino gutxiago parte hartzen dute (% 34,3 gradu ertainean eta % 35,2 goi mailako graduan) eta beren matrikulazioa profil teknikoenetan txikiagoa da. Eskola goiztiar uztearen tasa kontuan hartzen badugu, gizonena baino 3 puntu txikiagoa da eta emakumeak gehiengoa dira unibertsitatean (% 53,5).
  • Bizi-baldintzak. Errenta pertsonalari dagokionez, emakume eta gizonen arteko banaketa desberdina da (10.000 eurotik gorako aldea) eta ordainsari-desberdintasunak antzematen dira (% 23,6 txikiagoa emakumeetan). Bide batez, erretiroagatik pentsioetan errepikatzen dira. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskatzaileen artean gizonak baino gehiago dira emakumeak (% 57,8).
  • Lan-merkatua. Genero-tartea azkeneko urteetan nabarmenki jaitsi arren, jarduera-tasa txikiagoa da (% 52, % 62ren aldean). Partaidetza-desberdintasunak okupazio-adierazleetan du isla (6,8 puntu gutxiago). Horrez gain, lan-merkatura baldintza okerretan iristen dira (behin-behinekotasun handiagoa eta lanaldi partzialeko enplegua). 2018. urtean enpleguaren bilakaera emakumeentzat positiboa izan zen; langabezia-tasak, ordea, antzekoak, luzaroan langabezian dirautenei erreparatuz, eragina emakumeengan handiagoa izan arren (% 55).
  • Bateratzea eta erantzukizun partekatua. Emakumeek arazo larriak dituzte lan-bizia eta bizi pertsonala bateratzeko eta, aldi berean, lanbide-karrera garatzeko. Gatazka areagotzen da seme-alabak txikiak direnean eta mendekotasuna duten pertsonak dituztenean. Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek egunean orduen % 55 gehiago eskaintzen diote zaintza horri eta % 43 gehiago etxeko lanei.

2018. URTEAN ADIERAZLE SOZIOEKONOMIKO NAGUSIAK

Demografia

  • EAEko biztanleak arinki hazi ziren azkeneko urtean (% 0,2). Araban gainerako lurraldeetan baino handiagoa izan zen hazkuntza. Hazkuntza naturala (jaiotzen eta heriotzen arteko desberdintasuna) bosgarren urtez ondoz ondo negatiboa suertatu zen eta biztanleria atzerritarrak laugarren urtez gora egin zuen, euskal biztanleriaren % 9,4ra iristeko. Izan ere, 2017. urtean baino lau hamarren gehiago dira. Marokokoak dira gehienak eta ondoren Kolonbiakoak datoz. Horiek dira EAEn herritartasun atzerritar nagusiak.
  • EGABk gogorarazitakoaren arabera, biztanleen proiekzioak kontuan hartuta, joera horiei denboran eutsiko zaie, beraz, behar bezala kudeatu behar dira zeharkakoagoak eta koordinatuagoak diren politika publikoekin.

Egoera ekonomikoa

  •  2018. urtean euskal ekonomiarako urte positiboa izan zen eta jarduera nahiz enplegua hazi ziren. Nahiz eta ekoizpena Eurogunean eta Estatuan baino gehiago igo zen, EGABk ohartarazi du bultzada moteldu dela eta, ondorioz, agertoki orokorrak arrisku eta zalantzen araberakoa jarraitzen izaten du.
  • Produkzio-azpiegiturak Batzordeak berriz azpimarratu du energia-mendekotasuna, EB eta Espainiako batez bestekoa baino handiagoa baita.
  • Sektore publikoa. Finantza publikoen susperraldia finkatu da eta diru-bilketa gehitu da, krisiaren aurreko zenbatekoetara iristeko. Halaber, zor publiko biziari eutsi zaio.
  • I+G+b Bigarren urtez jarduera horiek gora egin dute baldintza absolutuetan. Hala eta guztiz ere, finantzaketa pribatuaren garrantzia erreferentziazko herrialdeetan baino txikiagoa da. EGABk EBkoarekin alderatuz, euskal sarearen enpresa-tamaina txikia nabarmendu du, eremu horretan enpresei gaitasuna ken baitiezaieke. Ildo horri eutsiz, berrikuntza oztopatzen duten faktoreak arindu behar dira: ekonomia, aldaketari erreparoa, teknologia. Halaber, bereziki ETEetan emaitzak eskualdatzea zailtzen dutenak ere landu behar dira.
  • IKTak Euskadin IKT ekipamenduetan hornidurak zabalak izan arren, enpresetan oraindik hobekuntza-tarte handia dago (cloud computing, sinadura digitala, big data). Gauza bera gertatzen da administrazio elektronikoari dagokionez. Hala, administrazio maila desberdinek parte hartzen duten prozedurak integratu behar dira. EGABk ohartarazitakoari jarraiki, europar enpresekin erkatuz gero, euskal enpresek merkataritza elektronikoa neurri txikiagoan erabiltzen dute eta aukerak galtzen ari dira. 

Lan-merkatua

  • 2014az gero, Euskadin modu eutsian enplegua sortzen ari da eta, ondorioz, krisiaren aurreko enplegu-maila lortzear dago. 2018. urtean enplegua sortu da eta sektore guztietan, baita bi sexuetan ere langabezia murriztu da. Azkeneko urteen aldean, langabeziaren bilakaera positiboa eta populazio aktiboaren hazkuntza batera joan dira, nahiz eta jarduera oraindik garapen ekonomiko handiagorako gomendagarria litzatekeenaren azpian egon. Luzaroko langabezia (urtebetetik gorakoa) bi puntutan murriztu arren, EGAB kezkati ageri da nahasitako pertsonengatik, lan-merkatuak baztertzeko arriskua baitute. Egoera horretan daude, bereziki, emakumeak eta adin gehiago duten pertsonak.
  • Enpleguaren politika aktiboak EGABren iritziz garrantzitsuak dira egiturazko langabezia murrizteko, euskal ekonomiak posizio ziklikoa baitu. Beraz, lan merkatuan sartzeko, enpresetarako eta politikak nahiz programak ebaluatzeko Lanbidek eskaintzen dituen zerbitzuei ahalegin berezia eskatzen die.
  • Enpleguaren kalitatea Errealitate dibergenteak bateratzen dira. Lanaldi partzialean enplegua arinki murriztu da. Izan ere, arazo bihur liteke, bereziki, emakumeengan, lanaldi mota desiragarria ez bada. Kontratazio mugagabea gehitu da; hala ere, behin-behinekotasunak oso altua izaten jarraitzen du eta sektore publikoan areagotu da. Batik bat, emakumeei eragiten die, ordainsari-tartea jasaten baitute. Beste urte batzuen aldean, 2018. urtean gazteen langabeziak gora egin du (prestakuntza eta ekonomiaren dinamika aldakorrak).
  • Negoziazio kolektiboa Bilakaera positiboa: Hitzarmen gehiago sinatu dira eta, ondorioz, nahasitako langileen kopurua ere hazi da.

Bizi-baldintzak

  • Adierazle nagusiak hobetu dira; dena den, krisian galdutako ongizate guztia oraindik ez da berreskuratu, baina hori hasi baino lehenagokoarekin alderatuz, aberastasun gehiago sortzen ari da.
  • AROPE tasak behera egin du eta Finlandia edo Eslovakiakoarekin aldera daiteke, Europako eta Espainiako batez bestekoaren azpitik. Oso behe intentsitateko lan-ratioa erdira murriztu da. Kezkagarria da energia-pobrezia. Aurten okerrera egin du eta ezinbestekoa da bizi duinaz gozatzeko, hortaz, dagoen legezko esparrua osatu behar da. EGABk ahaleginak egitea eskatu du, bizi-kalitatearen hobekuntzak gizartearen segmentu guztietara iristeko.
  • Lana bateragarri egitea Batzordeak egiaztatutakoarekin bat, erabilitako formulek (eszedentziak, lanaldi murrizketa...) ETEek osatutako produkzio-sarean mugak dituzte. Hala, neurri berriak diseinatzea edo daudenak berriz konfiguratzea gomendatzen da, pertsonen eta enpresen beharrak orekatzeko.

Gizarte babesa

  • Gizarte babesaren sistema EAEn europar herrialde nagusiekiko antzeko mailan kokatu da. EGABren ustez, gizarte errealitate eta behar berrietara moldatu behar da, iraunkortasuna gutxietsi gabe.
  • Diru-sarrerak bermatzeko sistema. Gastua murriztu da eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren nahiz etxebizitzarako prestazio osagarriaren hartzaile gutxiago dago.
  • Gizarte-larrialdiko laguntzak Pertsona hartzaileen kopurua gehitu da. Lau laguntzetatik bat energia-pobrezia arintzera doa.
  • Pentsioak Gizarte Segurantzari dagokion pentsio-sistemaren defizit-saldoak ardura sorrarazten du eta administrazioek nahiz gizarte eragileek etorkizunari buruz eztabaidatzea premiazkoa da. Egoera larriagoa da zahartzearen demografia-testuingurua eta lan-merkatuan eraldaketa sakonak kontuan hartuta.

Bizi-kalitatea

  • Hezkuntza Hainbat hezkuntza-adierazletan emaitza onak lortu dira, nahiz eta gastu publikoa erreferentziazko herrialdeetan baino pixka bat txikiagoa den. Fase guztietan Lanbide Heziketa sustatu eta indartzeko, ikaskuntza iraunkorrean partaidetza-mailak areagotzeko, ikasketak hautatzean genero-tartea arintzen duten programak bultzatzeko eta industriarekin zerikusia dutenetan emakumeen partaidetza gehitzeko ahalegina egin behar da.
  • Kultura EGAB kezkati da kulturan inbertsioa eta gastua, bai publikoa, baita etxeetakoa ere murriztu delako, inpaktuak jarduera ekonomikoan eragiten baitu.
  • Osasuna eta osasun-sistema Osasun onaren adierazleak hobetu dira, gehiegizko pisua eta gizentasuna murriztearekin batera (nahiz eta biztanleriaren erdira iritsi). Osasunean gastu osoak gora egin du eta biztanleko osasun-gastuak ELGAren batez bestekoa gainditu du.
  • Etxebizitza Higiezinen jarduera suspertu da. EGABren iritziz, antzemandako alokairuaren beharrei erreparatzeko politiketan sakondu behar da eta, aldi berean, alokairuan etxebizitza babestuaren eraikinak bultzatu behar dira. Ekimen publikoak higiezinak birgaitzearen aldeko apustua mantentzea ezinbestekoa da.

 

 

(*) Euskadiko EGABren batzordeburu berriari buruz

Emilia Málaga Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen buru izendatu zuten erakundeak ekainaren 14an egindako osoko bilkuraren saioan.

Emilia Málaga (Portugalete, 1971) zuzenbidean lizentziaduna da eta bere lanbide-jarduera UGT Euskadi sindikatuan gauzatu du. Emakume Arloaren arduradun-kargua bete du, baita Batzorde Betearazlean Berdintasun eta Nazioarteko idazkariarena ere. Halaber, UGTko Nazioarteko Politikaren Kontseilu Konfederaleko kide izan da. Euskadiko Gizarte Zerbitzuetako Kontseiluan eta Euskadiko Gizarteratze Kontseiluan parte hartu du eta Sindikatuen Europar Konfederazioaren barruan Eskualdeen arteko Sindikatu Kontseiluen Batzorde Betearazlean egon da. Horrez gain, nazioarteko erakunde horren “Migrazioak eta Gizarteratzea” taldean aditua da. Halaber, Garapen Lankidetzarako Sindikatu Erakundean (ISCOD) patronoaren zereginak bete ditu. 2015-2019 denboraldian Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen barruan idazkari nagusiaren lanetan aritu da.