Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 05 maiatzak 2017
  • Bideratu Berria programa zailtasunak zituzten enpresa bideragarriak bultzatzeko laguntza programa zen eta 2015. urtean amaitu zen, europar baimena iraungi zenean. EGABk "atsegin handiz hartzen du” egungo europar gidalerroekin bat, programa arautuko duen agindu berria, “urte askotarako oinarri egonkorraren gainean krisian dauden enpresak laguntzeko dinamika jarraitzen baitu”.
  • Hala eta guztiz ere, EGABk azpimarratutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bidalitako testuan baldintza osagarriak (hala nola, batez beste 40 langiletik gora izatea, mugaren arrazoia azaldu gabe) betetzen dituzten ETEei mugatzen zaizkie laguntzak, “hortaz, enpresa gehienak baztertzen dira eta laguntzak ETE handienentzat dira”.

Euskadiko EGABk egokitzat jotzen du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren Agindu Proiektua, krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzetarako Bideratu Berria programa arautzen duena, izapidetzea, kontsulta organo honek egindako oharrekin.

 Zailtasunean dauden enpresa bideragarrien berregituratze prozesuei laguntzeko Bideratu Berria programa 2014-2016rako Industrializazio Planaren ondorioa da, jatorria hasierako Bideratu programan, 2000. urtekoan, izan arren. Hark enpresak finkatzeko finantza tresnak xedatu zituen. Dena den, laguntza programen araudia 2015eko abenduaren 31n, luzatzeko aukerarik gabe, iraungi zen, Europar Batzordeak emandako baimena amaitu ostean. Orduan, Eusko Jaurlaritzak dekretu indargabetzailea egin zuen, EGABk irizpena gauzatu ondoren. Garai hartan egindako analisian, Batzordeak indargabetzea “saihestezintzat eta beharrezkotzat” jo zuen, Erkidegoaren lege oinarria iraungita baitzegoen. Baina, aldi berean, Bideratu Berria programaren helburuak etorkizunean inplementatzeko orduan “sortutako araudi hutsunearengatik” kezkati agertu zen (uztailaren 15eko 7/2016 Irizpena).

Horregatik, orain “atsegin handiz hartzen du” programaren araudi berria; ildo horri jarraiki, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko europar gidalerroekin bat dator. Izan ere, “urte askotarako oinarri egonkorraren gainean krisian dauden enpresei laguntzeko dinamikarekin jarraitzen da, Eusko Jaurlaritzak 15 urte hauetan aldeko apustua egin ostean”. Bere analisian, Batzordeak gogorarazitakoarekin bat, laguntzen helburua enpresa jarduera eta enplegua bultzatzea da eta azkenekoari dagokionez, agindu berriaren artikuluek eskatzen duten lan akordioa balioztatzen du, “sarritan, berregituratze planetan enplegua murrizten baita”.

ETE onuradunekiko mugak

EGABren irizpenari erreparatuz, landutako aginduak bere izenburuan ETEak laguntzen hartzaile bezala berariaz aipatu beharko lituzke, araua horietara mugatzen delako eta krisian dauden enpresa guztiak sartzen ez direlako. Bereizketa horren barruan, Gobernuak bidalitako testuan laguntzak baldintza zehatzak (besteak beste, 40 langile baino gehiago izatea) betetzen dituzten ETEetara mugatzen dira. “Beraz, Euskadi bezalako enpresa sarearen testuinguruan –mikroenpresa asko dago- enpresa gehienak baztertzen dira eta laguntzak kopuru txikira, ETE handienetara, alegia, mugatzen dira”.

Euskadiko kontsulta organoaren iritziz, “harrigarria da arauan hain muga garrantzitsua aurkitzea, arrazoirik eman ez denean”, beraz, nahitaezkotzat jotzen da muga hori zioen azalpenean behar bezala eta apropos justifikatzea, “horren egokitasuna balioztatu ahal izateko”.