Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 07 azaroak 2017
  • EGABren ustez egokia da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea arautu eta bere konposizioa eguneratzen duen dekretu aldaketaren dekretu proiektua izapidetzea. Aldaketaren helburua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen emaitzen eraginkortasuna eta orientabidea areagotzea da.

Euskadiko EGABren ustez egokia da ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea arautu eta bere konposizioa eguneratzen duena, aldatzeko dekretu proiektua izapidetzea, kontsulta organo honek egin dituen gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailak proposatu du.

Aldaketak egungo Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak eragile bakoitzerako definitutako berrantolaketa prozesuan eragiten du. Helburua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideen emaitzak kontuan hartuta, eraginkortasuna eta orientabidea areagotzea da, lankidetzaren eta osagarritasunaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio eta gizarte sarearekiko balio ekarpena hobetzeko.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, proposatutako aldaketa egokia da eta kontsultatzen zaigun proiektuan arautzen den bezala, Jarraipen Batzordea eratzea bidezkoa da, lortu nahi den helburuarekin bat, hain zuzen ere, eragile guztiak 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak dituen helburuekin lerrokatzea.