Erakundea > Aurkezpena
Presidente Cesegab

Francisco José Huidobro Burgos

Presidente del CES Vasco

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen xedea ondokoa da: interes ekonomiko eta sozial guztiek Euskal Herriko politika ekonomiko eta sozialean parte hartzea benetan gauzatzeko EAEko erakunde-bilbearen antolakundea izatea. Aholkularitzaren arloko organo gisa eratu da eta, zeharkako izaerari jarraiki, bere gain hartzen du euskal errealitate sozio-ekonomikoan diren interes ekonomiko eta sozial guztien ordezkaritzarik zabalena.

Lege arloan laurogeiko hamarkadan sortu arren, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ez zuen bere aholkularitza-jarduera 1998. urtera arte abiarazi, legegintzako aldaketa kolateralek zein eragile ekonomiko eta sozialen dinamikak berak eragindako legegintzako zenbait aldarazpen gertatu ostean. 8/2012 Legearekin, erreformen prozesua burutu zen, eta aldi berean, 433/2013 Dekretuarekin batera, Batzordearen funtzioak, osaera eta jardunbidea eraentzen dituen egungo araubidea eratu zen. 

15 urteko ibilbide honetan, Euskadiko EGAB geroz eta gehiago jarduten eta geroz eta eragin gehiago duen izaki gisa sendotu da, hausnarketarako, elkarlanerako eta gizarte-eragile guztien elkarrizketa lasairako bilgune bilakatu baita; ildo horri jarraiki, Batzordeak, bere iritziekin eta proposamenekin, erabakiak hartzeko prozesu partehartzaile eta integratzaileagoa eraikitzen laguntzen du. 

EGABk manuzko irizpenak ematen ditu; ondokoak dira irizpenon gaiak: Eusko Jaurlaritzak politika sozial eta ekonomikoaren arloan gertutzen dituen Lege-Aurreproiektuak eta Plan Orokorrak, eta bai Jaurlaritzaren aburuz administrazioaren eretzean garrantzi berezia duten Dekretu-Proiektuak eta beste ebazpen batzuk ere. Irizpenak lotesleak ez badira ere, balio handikoak dira, Euskadiko arlo ekonomiko eta sozialeko eragile anitz eta anitzen adostasuna jasotzen baitute.

Manuzko izaerarekin, EGABk memoria sozio-ekonomikoa ere lantzen du; agiri horretan, EAEren egoera ekonomiko eta sozialaren gaineko oharpenak azaltzen ditu. Hain zuzen ere, memoria hori, bere kalitate eta hedapenagatik, gai horri buruzko agiri zeharo garrantzizkotzat jotzen da gurean. 

Manuzko aholkularitza-jarduerez gain, Batzordeak, bere ekimenez, adierazpenak ere plazaratzen ditu eta txostenak eta azterlanak ere gertutzen ditu, Euskadiko eremu sozio-ekonomikoan garrantzi berezia duten gaiak sakonki jorratze aldera. Jardunbide hori ere zeharo aintzatetsirik eta sendoturik dago gure gizartean.

Era berean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak lankide jarduten du hamar urte baino gehiagotik hona Gune Atlantiarreko eskualdeetako ekonomia eta gizarte kontseiluekin eta Akitaniako Gizarte Kontseiluarekin; arlo horri dagokionez, maila geografiko eta instituzional egokian, Batzordeak EAEren lurralde-eremu politikoa gainditzen duten gaiak eta arazoak jorratzen ditu. Uztai Atlantiarreko eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluekin eta antzeko erakundeekin, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Sare Transnazional Atlantiarrean integraturik lan egiten du, bere ekarpenak erakunde egokietara igorriz eta eskualde, nazio eta Europa mailako agintariei bere gomendioak eta iritziak bidaliz. Europako Euskadi-Akitania eskualdea osatu ostean, Batzordeak zabaldu eta sendotu egin du Akitaniako EGKrekin jorratzen duen lan-eremua; izan ere, eskualde hori sortu zenetik, Europako eskualde horretako erabakimen-organoek kontsultak egin diezazkiekete bi EGKoi. 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen atariko aurkezpen hau egin ondoren, web orrialde honen ataletara sar zaitezkete, ohore handiz zuzentzen dudan erakunde hau eta beronen lan eta jarduera guztiak gertuagotik ezagutu ditzazuen.