Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
astelehena, 28 apirilak 2014

Lehenik eta behin nabarmendu behar da, nahiz eta krisi ekonomiko larria jasan, euskal biztanleriak dituen bizi-baldintzak eta ongizate-maila ingurukoenen gainetik mantentzen direla.

 

Errenta- eta ongizate-mailek Estatuko bataz bestekoaren gainetik egoten jarraitzen dute; Europako testuinguruan ere oso posizio onean daude, Finlandiaren, Austriaren edota Herbeheren pare, errentaren berdintasunezko banaketaren erreferentzia.

 

Hala ere, 2012ko Txostenean ohartarazten zen bezala, Europako zein EAEko bizi-baldintzetan ematen ari den beherakada ez da guztientzat modu berdintsuan gertatzen, baizik eta gehiago eragiten die gizatalde batzuei beste batzuei baino. Izan ere, pobrezia-egoeren kontzentrazioa ematen da:

 

Etxe bateko erreferentziazko pertsonaren herritartasuna atzerritarra denean; familia-talde bateko erreferentziazko pertsonak 45 urtetik beherakoa izan eta lanpostu egonkorrik ez duenean; eta guraso bakarreko familia denean, bertako burua lanpostu egonkorrik ez duen emakumea izanik.

 

Testuinguru horretan, eta 2012ko EDPS datuak kontuan hartuta, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) honako fenomeno hauetan arreta jarri nahi du:

 

Benetako pobreziaren eraginpean dauden 10 pertsonatik 6k 35 urte baino gutxiago dute, eta, gainera, 2008tik aurrera izan duten eboluzioa goranzkoa izan da.

 

Euskadin benetako pobrezia ematen den kasuetan, 10etik 9 ikasketa kualifikaturik gabeko pertsona buru duten etxeekin lotzen dira.

 

Gizatalde horiek komunean duten puntu nabarmenena da talde horietako pertsona garrantzitsuenek ez dutela lanpostu egonkorrik (2012an, benetako pobrezia-egoeren % 76,4 etxe bateko pertsona aktibo guztiak langabezian egoteagatik edota lanpostu finkorik ez izateagatik ematen dira). Ondorioz, eta Europan Batzordearen tesiari jarraiki, EGABk berriz azpimarratu nahi du beharrezkoa dela pertsonengan eta hezkuntzan inbertitzea eta enplegu-politikak hobetzea.

 

Haur-pobreziaren fenomenoa bueltan da

 

Krisialdiaren sakontasunaren eraginez, Europan ikus daiteke pobrezia jasateko arrisku handiena haurrek eta gazteek dutela. Horrek berdintasuna eta kohesio soziala mehatxatzen ditu, baita Europako gizartearen etorkizuneko produktibitatea ere. Hori dela eta, haur-pobrezia Batasunaren oinarrizko lehentasunetako bat da.

 

Euskadiren kasuan, Diru-sarrerak Bermatzeko Sistema seme-alabak dituzten familien gainbehera murrizten laguntzen ari den arren, bada haur-pobreziarik ere, eta beharrezkoa da politika zehatzak ezartzea, horri aurre hartzeko.

 

Pertsona desgaituak, langabeziaren larritasuna

 

Jakina da gure Erkidegoan erregistratutako langabezia nabarmenki areagotu dela azken urteetan, eta kontratazioek ere behera egin dutela. Alabaina, egoera hori are larriagoa da desgaitasunen bat duten pertsonentzat. Kontratazioaren jaitsierari dagokionez, EAEn gertatutako jaitsiera orokorra baino bi aldiz eta erdi handiagoa da beherakada desgaituentzat; horrez gain, erregistratutako langabeziaren datua biztanleria orokorrarena baino 10 puntu gehiago areagotu da haien kasuan. Gainera, emakume desgaituak gizonezkoak baino askoz gutxiago kontratatzen dituzte, Euskadiko batez bestekoarekin alderatuz gero. Hori dela eta, bereziki beharrezkoa da enplegua sustatzea zehazki gizatalde honen alde. Behin hori esanda, bidezkoa da aitortzea EAE erreferentea dela pertsona desgaituei zuzenduriko babestutako enplegu-politiketan. Dena dela, horrek ez du oztopo izan behar, aipatutako joera zein den ikusita, EGABk behin eta berriz susta dezan bai pertsona desgaituen aldeko hezkuntza inklusiboak eta etengabeko ikaskuntzak eman daitezela, bai lantokiak irisgarriagoak bihur daitezela. Azken batez, helburua zera da: lantokian prestakuntza bultzatzea eta babestutako enpleguaren baitan dauden pertsona desgaituek lan-merkatu irekira sarbidea izatea.