Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
ostirala, 02 urriak 2015

  • EGABen ustez, egokia da “Euskadiko Turismoari buruzko Lege-aurreproiektua” tramitatzea, bere irizpenean egindako oharrak kontuan hartuta. Aurreproiektu horrek Turismoaren Antolamenduari buruzko Legea ordezkatzen du, 1994an promulgatu zena. 
  • Turismoa Euskadiko BPGren % 5,8 da. EGABek “positibo, egoki eta beharrezkotzat” jo du horren tankerako legea, aztertutako aurreproiektua araudira gehiegi lotzen zela uste baitu. Irizpenak hobekuntzarako proposamen batzuk biltzen dituen zerrenda bat dakar ohar espezifikoen kapituluan.

Ekonomi eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, egokia da “Euskadiko Turismoari buruzko Lege-aurreproiektua” tramitatzea, bere irizpenean egindako oharrak kontuan hartuta. Aurreproiektu horrek oraingo Turismoaren Antolamenduari buruzko Legea –martxoaren 16ko 6/1994 Legea, bere garaian aitzindaria izan zena eta 1994an promulgatu zena- ordezkatzen du eta oraingo turismoak bizi duen errealitatera egokitutako araubide berria eskaintzen du. 

Turismoaren egoerak aldaketa handiak jasan ditu legegintzako bi testuen arteko bi hamarkadetan. 1997an Euskadik gorakada izugarria izan zuen arlo horretan, Guggenheim museoaren traktore efektuari esker. Pasa den urtean marka historiko bat hautsi zen; izan ere, 2,5 milioi bisitari izan ziren, 1994an baino hiru aldiz gehiago. Turismoa Euskadiko BPGren % 5,8 da gaur egun eta duela hamarkada bat % 3,3 zen. 

Azken urteotan turismoa potentzial ekonomiko handia duen eta hedatuz doan zerbitzu-jarduera modura nabarmendu da. Sektorearen anbizioak eta dimentsioak gehitzeaz gain, turismoa garatzeko modu berriak sortu dira eta beraz, gaur egun egiten den turismoak -eta egiteko moduak- zerikusi gutxi du duela urte batzuetakoarekin. Hori dela-eta, EGABek positiboki baloratu du sektore osoa arautuko duen eta egungo turismoaren errealitatera egokituko den araudia izango duen lege berri bat planteatzeko ekimena eta “egokitzat eta beharrezkotzat” jo du. Sektorean dauden ideia kontrajarriak elkarrizketa prozesuen bidez integratu izana ere egokitzat jo du eta positiboki baloratu du emaitza. Era berean, EGABek garapen jasangarria euskal turismo politikaren printzipio gidarietara gehitu izana baloratu du. Kontseilua izan da azken alderdi hori barne hartu izana gehien baloratu duena, 2008an hala egiteko gomendatu baitzuen, legedian horren inguruan egin beharreko aldaketa bati buruzko kontsulta baten harira. 

Araudiaren zehaztasuna 

Egindako analisian, EGABek erabilera turistikorako etxebizitzak legedira gehitzea eta ostaturako modalitate berriak arautzea babesten du, “lehia desleialeko egoerak ekiditeko”, eta lege berriak ezarritako araubide zigortzailea betetzen dela bermatzeko finantza eta giza baliabideak zehazteko eskatu du. 

Kontsulta-organoak xehetasun batzuk eman ditu bere ustez “zorrotzegia" den testu bat hobetzeko, "zurruna eta malgutasunik gabekoa baita, sektorearen errealitatea aldatuz doan heinean aldaketak egitea beharrezkoa delarik". EGABen ustez, “legezko oinarri on batekin, araudiek egokitzapen horiek egitea ahalbidetuko lukete, baina egokitzapen horiek ezingo lirateke gauzatu jada legeak edukiak barne hartzen baditu". 

“Araudiaren zehaztasunerako grina” horren aurrean, EGABek turismoaren arloan eskumendunak diren euskal administrazio publikoen artean dagoen koordinazioari dagokionez batere araurik ez egoteak suposatzen duen kontraesanari egin dio erreferentzia; izan ere, "indarrean dagoen legedian aurreikusitako edozein formulari igortzen dio zeregin hori eta beraz, lege sektorialetik abiatuz koordinazio-esparru propio eta espezifiko bat diseinatzeari uko egitea dakar". 

Ohar zehatzak 

EGABen analisiak aurreproiektuaren aspektu zehatz batzuei buruzko ohar zehatzen zerrenda bat dakar. Haien artean, ingurumenaren ebaluaziorako araudiarekiko errespetua sartzea eta bestelako oharrak, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrei buruzkoak; "lokal publikoa" -bereziki landetxeen eta pentsioen kasuan- delakoari buruzkoak edo lekapenen araubidean diskrezioa mugatzeko beharrizanari buruzkoak. Gainera, “alokairu mistoa” modalitatea sortzea proposatu du, landetxeek beren jarduera "gelakako alokairua" zein "etxe osoa" modalitateetan gauzatu ahal izateko. 

Egindako gomendioen artean, legeak Bidaia Agentziak irekitzeko ezarritako baldintza guztien (eta ez bakar batzuen) zerrenda egiteko beharrizana ere agertzen da eta Turismo gidaren irudia zehazteko proposatu du, lehen aldiz lege-aurreproiektu honetan araututa agertzen dena. Horrez gain, kanpaketa librerako baimena eskatzen duten egoerak gehiago zehazteko eta arau-hauste arinen kasuetan isunak jartzeko orduan administrazioaren diskrezioa mugatzeko ere proposatu du.


EGAB-ek Euskadiko Turismoaren Lege-Aurreproiektuaren gainean emandako Irizpena