Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 23 martxoak 2017

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako batzordeburua, Francisco José Huidobro, aukeratu zuten Nazioz Gaindiko Sare Atlantikoko (ATN) presidente berria izateko, erakunde horren Batzar Nagusiak Vigon (Pontevedra) otsailaren 20an eta 21ean egindako bileretan.

ATN sarea Espazio Atlantikoko europar eskualdeetako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak eta antzeko erakundeak batzen dituen lankidetza-sarea da. Bere lan-eremuaren barne daude interes komuneko gaiak aztertu eta ikertzea, hain zuzen ere bera osatzen duten eskualdeetako atxikipen atlantikoari dagozkionak. Gainera, sare honek ematen dituen gomendioak europar erakundeetara iristen dira, beste instantzia batzuen artean. ATNko sarearen barnean daude Andaluziako, Galiziako, Kanarietako, Extremadurako, Gaztela eta Leongo, Nouvelle Aquitainie-ko (Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes barne hartzen dituena), Pays-de-la-Loire-ko, Bretainiako, Normandiako, eta Erdialdeko Eskualdeko Ekonomia eta Gizarte Batzordeak, Galeseko Foro Ekonomikoak, Instituto de Soldadura e Qualidade erakundea, ISQ eta Portugalgo Ozeano Foroa. Bestalde, Irish Sea Maritime Forumak ere lanetan parte hartzen du.

Horrez gain, Batzar Nagusiak Batzorde Betearazlea aukeratu zuen; bertan parte hartuko dute EGABek, eta Galiziako, Nouvelle Aquitaineko eta Pays de la Loireko Ekonomia eta Gizarte Batzordeek.

ATNko presidente berria den heinean, Francisco José Huidobrok sareko lanak sustatzeko konpromisoa hartu du. Horrez gain, adierazi du sarearen barne-kohesioa bultzatuko duela eta fatxada atlantikoko ekonomia eta gizarte eragileen eragin-gaitasuna indartuko duela. Bere agintaldia hurrengo bi urteetan gauzatuko da, eta urte horiek ziurgabetasunez beterikoak izango dira Europa mailan, Brexit-aren negoziazioak eta Batasuneko zenbait herrialdeetan egingo diren hauteskundeek nabarmenki aldatuko baitute erkidegoko jardueraren ohiko erritmoa. Era berean, Europako etorkizunari eta bere bost agertokiei buruzko eztabaida gauzatuko da, Europar Batzordeko Liburu Zuria argitaratzearekin martxan jarri zena alegia. Hala, 2020tik aurrerako europar politikei buruzko eztabaidari eta egiturari gainjarriko zaio eta horiek baldintzatuko ditu, bereziki kohesio-politikari eta EBren 2017-2020 aldirako finantzazioari dagokionez.

Testuinguru honetan, presidentetza berriak izango dituen eginkizunen artean daude gertaerei behar bezalako arreta ematea eta eskualde atlantikoetan eragina izan dezaketen ekimenei buruzko hausnarketan ATNk erreakzio-ahalmena duela bermatzea. Une honetan, ATN Estrategia Atlantikoaren ebaluazio- eta berrikuspen-prozesuari (2017 bukatu aurretik gauzatuko dena) zuzendutako ekarpena sortzen ari dira. Estrategia horren barne daude fatxada atlantikoko eskualdeetako itsas erronkak, eta era berean, espazio geografiko horretako itsas jardueren hazkuntza eta alor horretako enplegua sustatzen dira. Atlantikoko itsas arroetako eskualdeetan hazkuntza urdina bultzatzea oso garrantzitsua da, aurreikuspenen arabera hedakuntza potentziala handia baita. Hala, Europako Batzordearen estimazioen arabera, 7 milioi lanpostuetara iritsi daiteke 2020an EB osoari dagokionez. EAEk itsas tradizio handia du, eta itsasoa aberastasun iturri garrantzitsua izan da beti, arrantza, itsas garraioa edo ontzigintzako sektoreei esker besteak beste. Nahiz eta azken urteetan sektoreetako batzuk beherantz egin duten, berritutako oinarriei esker hazkuntza aukera berriak daude. Hala, lehiakortasuna handituko da, ingurumen-aztarna gutxituko da eta hazkuntza eta enplegua sustatuko duten osagarri teknologiko berritzaileak txertatuko dira. Itsas ekonomiako alorrean gora egiten ari diren sektoreen arloan, EAEk baliabide garrantzitsuak ditu kostako eta itsas bidaietako turismoa bultzatzeko, eta itsas bioteknologia garatzeko trebetasunak ere baditu. Gainera, itsas energiak garatzen hasteko une egokian egoteaz gain, teknologia eta industriari dagokionez ere kokagune bikainean dago.

Baina ekonomia urdinaren potentzialtasunak bultzatzeaz haratago, Estrategia Atlantikoa ezinbesteko tresna da Espazio Atlantikoko eskualdeentzat Europar Batasunean kokatu ahal izateko, gaur egun Makroeskualdeetako Estrategiak geroz eta eremu geografiko gehiagotan gauzatzen baitira eta potentzialtasun endogeno komunak garatzeko baliabideak ematen baitituzte.  Modu berdintsuan, eskualde atlantikoek beharrezko tresnak izan behar dituzte bakoitzaren espezifikotasunei balioa emateko eta eskualdeko eta nazio barneko jarduketen bitartez jorratu ezin diren erronka komunei batera aurre egiteko. Ezinbestekoa da estrategia atlantikoa arrakastatsua izatea bide honetan aurrera egin ahal izateko, eta jada makroeskualdeetako estrategiak dituzten europar espazio geografikoen baldintza berdinetan etorkizuna jorratzeko.

Martxoaren 21ean Bilbon batu zen ATNko txostena idazten ari den lan-taldea, eta bazkide bakoitzak bere eskualdean egin duen inkestako emaitzak aztertu dituzte, Estrategia Atlantikoko alorrean itsas jarduera sozioekonomikoei buruz eragileek duten esperientzia ezagutzeko.

Emaitza horiek ikusirik, lan-taldeak egoeraren diagnosi bat egin du eta bertan zehazten dira Estrategia Atlantikoak bere helburuak bete eta arrakastatsua izateko hobetu behar diren alderdiak. Azterketa horretatik ondorioztatzen den bezala, finantzazioa ezinbestekoa da proiektuak gauzatu ahal izateko, eta horretan diharduten eragile guztiek elementu horretan jartzen dute arreta guztia. Nahitaezkoa izango da Estrategia Atlantikoaren eta bere finantzazioaren arteko lotura argiago bat ezartzea, eta Estrategiaren finantzazio espezifikoaren gabezia eragileei Estrategiaren abantailak ikustaraztea ahalbidetzen dien formulekin konpentsatu behar da. Txostena ekainean bukatuko dute, uztailean Europako Batzordeari aurkeztuko zaio eta interesa duen orori, irailean.