Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 29 urtarrilak 2020
  • EGABek bat egiten du dekretu-proiektuaren helburuekin, eta egokitzat jotzen du horiek izapidetzea, baina gogorarazten du Euskadiko Osasun Kontseiluak oraindik ez duela eman testuari buruzko iritzirik, eta ohartarazi du izapide hori ez dela egin.
  • Deigarria iruditzen zaio, halaber, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaileak berariaz ez aipatzea, aseguru-entitateekin parekatuz, eta uste du proposatutako lege-testuan jaso beharko liratekeela.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, egokia da “Profesional sanitarioen informazio-sistemari buruzko dekretu-proiektua" izapidetzea, betiere organo aholku-emaile honek bere irizpenean egin dituen gogoetak kontuan hartuta. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egin du.

Arauak Euskal Autonomia Erkidegoko profesional sanitarioei buruzko informazio-sistema ezartzen du, herritarrek osasun-prestazioei dagokienez dituzten eskubideak gauzatzeko eta osasun-sistemako giza baliabideak behar bezala planifikatzeko, izaera publikoa duten profesionalen datuak zehaztuta.

EGABek bat egiten du proiektuaren helburuekin, "Arau-testu horren edukiarekin ados egonik, beharrezkotzat eta justifikatutzat jotzen du". Hala ere, testua hobetzeko zenbait gogoeta erantsi ditu. Horien artean, gogorarazi du dekretu-proiektua Euskadiko Osasun Kontseilura bidali zela, eta organo hori ez dela bildu orain arte bere iritzia emateko; beraz, EGABen ustez, izapide hori egiten ez bada, "saihestu egiten da osasun-zerbitzuetan lanbide-jardueran eragina duen gai baten erregulazioan parte hartzea eta gaiari buruz hitz egitea".

Batzordeak deigarritzat jo du, halaber, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaileak espresuki ez aipatzea, aseguru entitateekin parekatuz. EGABen ustez, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren baimenarekin eratutako enpresaburuen elkarte pribatuak dira, eta baliabide eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzte; beraz, proposatutako lege-testuan jasota egon behar dute. Azkenik, ohartarazi du EAEko kontseilu aholku-emaileari igorritako testuak ez duela nahitaezko memoria ekonomikoa eransten, dekretu-proiektu ororekin batera aurkeztu behar den dokumentua.

[...]