Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
osteguna, 13 otsailak 2020
  • EGABek modu positiboan baloratu du aukera-berdintasunak eta kohesio ekonomikoa eta soziala bermatuko dituen lurraldeko landa-garapena sustatzeko proposamena, baina uste du gaia hurrengo Europako Nekazaritza Politika definitu ostean jorratu beharko litzatekeela  .
  • Kontsulta-organoaren irizpenean, jarduera ekonomiko tradizionalen modernizazioa eta profesionalizazioa baloratu dira, baina, hala ere, faltan bota du laneko osasunarekin eta segurtasunarekin zerikusia duen lan-ildoa.
  • Batzordeak hau nabarmentzea proposatu du: «nekazaritza eta abeltzaintza-sektorea eta basogintza-sektorea ezinbestekoak dira landa-garapenerako ardatz egituratzaile gisa». Gainera, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Kontseiluan enpresa-erakundeak eta erakunde sindikalak modu parekatuan egotea eskatu du.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari egokia iruditzen zaio Landa Garapenerako Legearen aurreproiektua izapidetzea, kontsulta organo honek irizpenean egin dituen gogoetak kontuan hartuta. Testua Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailak bidali du. Arau berriaren bitartez, indarrean dagoen Landa Garapenerako Legearen (apirilaren 8ko 10/1998 Legea) ordezkatu nahi da, lurralde-kohesioaren ikuspegitik helburu estrategikoak eta sektorialak birdefinitu daitezen, landa-ingurunearen gobernantza-eredua berregituratu dadin eta plangintza-, kudeaketa- eta finantzaketa-tresna berriak txertatu daitezen.

Gaur egun, hauexek dira euskal landa-ingurunearen ezaugarriak: despopulazioa, zahartze-tasa handia, biztanleria aktiboaren etengabeko beherakada, ekoizpen-dibertsifikazio urria eta gazteentzako eta emakumeentzako aukerarik eza. Lege-aurreporiektuaren xedea da aukera-berdintasunak eta kohesio ekonomikoa eta soziala bermatuko dituen lurraldeko landa-garapena sustatzea, horrela, garapen jasangarria lortu ahal izateko. Horri dagokionez, EGABek modu positiboan baloratu du araua, baina edukia aztertu aurretik, nabarmendu du komenigarriagoa izango litzatekeela gaia Europako Nekazaritza Politika berria definitu ondoren jorratzea; izan ere, «finantza-, zuzenbide- eta arau-esparru berria taxutuko da eta landa-garapena bertan moldatu beharko da».  

Laneko osasuna eta segurtasuna

Kontsulta-organoaren irizpenean, aurreproiektuan jasotako jarduera ekonomiko tradizionalen modernizazioaren eta profesionalizazioaren proposamenak baloratu dira, honako hauek, besteak beste: ekintzailetza sustatzea eta emakumeen presentzia bultzatzea. Dena den, faltan bota dute laneko osasunari eta segurtasunari lotutako lan-ildoa, «lehen sektorea baita lan-istripuengatik kaltetuen dauden sektoreetako bat»

Kontseiluaren iritziz, halaber, oso egokia litzateke landa-garapenerako planen gobernantza berrian lankidetza publiko-pribatua txertatzea. Kontseiluak ez du ulertzen irabazi-asmorik gabeko elkarteetara mugatzea eta beste mota batzuetako partaidetzak baztertzea.

Nekazaritza eta abeltzaintza-sektorea eta basogintza-sektorea ezinbestekoak dira

Aurreproiektua hobetzeko proposatutako kontuen artean, honako hau azpimarratzea proposatu du EGABek: «nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea eta basogintza-sektorea ezinbestekoak dira landa-garapenerako ardatz egituratzaile gisa»; horrela, ekidin ahal izango da garapen teknologikoko helburuek, paradoxikoki, tradizioz landakoak eta bertakoak izan diren jarduerei kalte egitea. Bestalde, proposatu egin du argi eta garbi adierazi behar direla landa-garapenaren eta klima-ekintzaren arteko harremana, eta gogorarazi du izapidetze-bidean dauden lege guztiak modu egokian koordinatu behar direla. Lege horri dagokionez, Klima Aldaketari buruzko Legearen, Natura Ondareari buruzko Legearen eta Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legearen aurreproiektuak bereziki koordinatu behar direla iradoki du.     

Amaitzeko, Kontseiluak eskatu du Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenaren Kontseiluan enpresa-erakundeak eta erakunde sindikalak modu parekatuan txertatzea.