Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 14/14

Irizpena 14/14

14/14 Irizpena, industria-jardueren hasiera eta funtzionamenduaren araubide orokorra nahiz Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko dekretu-proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2014ko urriaren 20an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailaren idazkia sartu zen eta industria-jardueren hasiera eta funtzionamenduaren araubide orokorra nahiz Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko dekretu-proiektuaren txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

“Arauaren helburuak, batetik, industria-jardueren hasiera eta funtzionamenduari buruzko araubide orokorra erregulatzea eta, bestetik, Industria Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea dira”.

Horren kopia berehala bidali zitzaien Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak egin eta iritziak emateko, baita lan-batzorde egokian lantzeko ere, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari dagokion Funtzionamendu Araudiak xedatutakoarekin bat.

Ekonomia Garapenerako Batzordea 2014ko azaroaren 3an bildu zen, irizpen-aurreproiektuaren lehenengo proposamena eztabaidatzeko xedez. Bilera horretan onartu zen Irizpen Proiektua eta, ondoren, 2014ko azaroaren 7an Euskadiko EGABren Osoko Bilkurak lantzeko aurkeztu zen eta aho batez onartu zuen.

II.- EDUKIA

Dekretu Proiektuaren testuak zioen azalpena, 23 artikulu, Xedapen Indargabetzaile bakarra eta lau Azken Xedapen ditu.

Zioen azalpena

Azalpenak hasieran hala dio: 2009ko abenduaren 25ean Estatuko 17/2009 Legea, azaroaren 23koa, Estatuko Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraua, barneko merkatuan zerbitzuei buruzkoa (aurrerantzean Zerbitzuei buruzko Zuzentaraua), lege-antolamenduari eransteko zerbitzu-jardueretara irisgarritasun librea eta jarduna arautzen duena, indarrean sartu zela.

2014ko urtarrilean Estatuko 25/2009 Legea, abenduaren 22koa, zerbitzu-jardueretara irisgarritasun librea eta jarduna arautzen duen Legeari moldatzeko hainbat lege aldatzen dituena, argitaratu zen.

Zuzentarauak 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Estatu kideek zerbitzu-jardueraren irisgarritasuna eta jarduna baimen-araubideari baldintza diezaiokete bakarrik emailearentzako diskriminaziozkoa ez denean. Bestela, baimen-araubidea interes orokorreko ezinbesteko arrazoiak justifikatu beharko du edo lortu nahi den helburura ezingo da iritsi gutxiago mugatzen duen neurriaren bitartez.

Ildo horri jarraiki, Estatuko 25/2009 Legeak 13. artikuluan 21/1992 Legea, uztailaren 16koa, Industriari buruzkoa, aldatu zuen, aldez aurretik erregistroan inskribatzea beharrezkoa izan ordez, lehendik pertsona interesdunak jakinarazpen edo aitorpen arduratsua gauzatzeko, araudi espezifikoak aldez aurretiko baimena xedatu eta eskatzen zuen kasuetan izan ezik.

Azaroaren 23ko 17/2009 Legea oinarrizkoa denez, Estatuko aldaketa EAEko araudiari hedatu zitzaion eta horren ondorioz, Eusko Legebiltzarraren 7/2012 Legea, apirilaren 23koa, barneko merkatuan zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE/ Zuzentarauari moldatzeko hainbat lege aldatzen dituena, gauzatu zen.

Eusko Legebiltzarraren 7/2012 Legeak EAEko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 4. eta 5. artikuluak aldatu zituen eta industrien jarduera hasteko agertoki berria zehaztu zuen. Hala, industriek jarduera hasi aurretik ez dute baimenik eskatu behar; horrez gain, ez da beharrezkoa Industria Erregistroan inskribatuak egotea (“diskriminaziorik ezaren, beharraren eta proportzionaltasunaren baldintzak, nahikoa arrazoituak, elkartzen direnean eta Legeak hala xedatzen duenean” izan ezik).

Beraz, industria-jarduerari ekiteko, salbuespenezko kasuetan izan ezik, aldez aurretik aitorpen arduratsua edo jakinarazpena egitea besterik ez da behar. Horretan, bere erantzukizunpean, arau aplikagarrietan xedatutako baldintzak betetzen dituela azalduko du.

Aldi berean, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 4. artikulua aldatu ostean, erregistroaren izena aldatu da eta orain “Industria Erregistroa” deritza. Ordura arte, “Industria Establezimenduen Erregistroa” esaten zitzaion.

Erregistroa eratzailea izatetik hala ez izatera pasa da, salbuespenetan izan ezik, jardueran aritzeko ez baita beharrezkoa inskribatzea.

Horrengatik guztiarengatik, dagoen sistema moldatu behar izan da eta asko aldatu da industriek jarduera hasteko modua. Halaber, Erregistroaren funtzioak aldaketa nabarmena izan du.

Bestetik, oinarrizkoa denez, 559/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 7koa, Industria Erregistro Integratuari buruzko Araudia onartzen duena, kontuan hartu behar da. Nolanahi ere, informatiboa eta Estatuko eremukoa da. Erregistro horrek Estatu guztiko industria-jarduerari buruzko informazioa integratzen du. Autonomia erkidegoek, beren aginpideen eremuan, Industria Erregistro Integratuari Errege Dekretuko zenbait datu jakinaraziko dizkiote. Agindu hori betetzea arau honetan jasoa dago.

 Xedapen-zatia

Araua bost kapitulutan egituratzen da.

I. kapituluak (1. eta 2. artikuluak) xedapen orokorrak aurrez ikusten ditu, hau da, araudiaren xedea eta zenbait definizio. Zehatz-mehatz esanda ondorengoak: industria-jarduerak, industrien instalazioa, ekipo-ondasunak, jada instalatuak dauden industrien datuei buruzko aldaketak edo esangarriak direnak eta jarduera utzi eta baja ematea.

II. kapituluan (3tik 12. artikulura bitartean) industria-jarduerak hasi eta funtzionatzeko araubide orokorra jasotzen da, hau da, industria-jarduerak instalatu, zabaldu eta tokiz aldatzeko askatasuna; aitorpen arduratsua edo jakinarazpena aurkeztea; administrazioa-baimena beharrezkoa den kasuak; jarduerak aldatu eta uztea, izapide elektronikoak erabiltzea; kontrolak eta ikuskaritzak; eta aitorpen arduratsua aurkezten ez den kasuetan ondorioak edo zehatzak ez direnean ala faltsutasunak edo ahazteak daudenean konpontzeko aukera.

III. kapituluak (13.etik 22. artikulura) Industria Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen ditu. Zehatz-mehatz esanda, erregistroaren izaera eta atxikipen organikoa, xedeak, aplikazio-eremua, erregistroan inskribatzeko mekanismoa, sartu behar diren datuak, erregistroaren egitura (hots, atalak eta sekzioak), identifikazio-zenbakia ematea, sartzeko arauak eta hedapena, herri-administrazioaren organoen arteko koordinazioa eta datuen jakinarazpena Industria Erregistro Integratuari, maiatzaren 7ko 559/2010 Errege Dekretua betez.

IV. kapituluak (23. artikulua) zigor-araubidea du.

Xedapen indargabetzaileak 5/1996 Dekretua, urtarrilaren 9koa, EAEko Industria Establezimenduen Erregistroari buruzko Araudia eta instalatu, zabaldu eta tokiz aldatzeko araubidea onartzen dituena, indargabetzen du, Araudiaren 4. artikuluko 1. paragrafoa izan ezik. Modu berean, 2002ko urtarrilaren 30eko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Establezimenduen Erregistroan inskribatzeko prozedura onartzen duena, eta Dekretu honek xedatutakoaren kontra doazen gainerako maila bereko edo txikiagoko beste xedapen batzuk indargabetzen ditu.

Lehenengo eta bigarren azkeneko xedapenek 422/2013 Dekretua, urriaren 7koa, nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa, aldatzen dute.

Hirugarren azkeneko xedapenak industriaren arloan sail aginpidedunaren titularrari araubidezko garapen-xedapenetarako ahalmena ematen dio.

Laugarren azken xedapena araua indarrean sartzearen ingurukoa da. Nolanahi ere, argitaratzen den unetik 30 egun natural igaro behar dira.

III.- GOGOETAK

Aipatu den bezala, Eusko Legebiltzarraren 7/2012 Legeak EAEko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 4. eta 5. artikuluak aldatu zituen eta industrien jarduera hasteko agertoki berria zehaztu zuen.

Hala, industriek jarduera hasi aurretik ez dute baimenik eskatu behar; horrez gain, ez da beharrezkoa Industria Erregistroan inskribatuak egotea (“diskriminaziorik ezaren, beharraren eta proportzionaltasunaren baldintzak, nahikoa arrazoituak, elkartzen direnean eta Legeak hala xedatzen duenean” izan ezik). Aldez aurretik aitorpen arduratsua edo jakinarazpena egitea besterik ez da behar. Horretan, bere erantzukizunpean, arau aplikagarrietan xedatutako baldintzak betetzen dituela azalduko du.

Ondorioz, Erregistroa eratzailea izatetik hala ez izatera pasa da, salbuespenetan izan ezik, jardueran aritzeko ez baita beharrezkoa inskribatzea.

Bestetik, oinarrizkoa denez, 559/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 7koa, Industria Erregistro Integratuari buruzko Araudia onartzen duena, kontuan hartu behar da. Nolanahi ere, informatiboa eta Estatuko eremukoa da. Autonomia erkidegoek, beren aginpideen eremuan, Erregistroari Errege Dekretuko zenbait datu jakinaraziko dizkiote.

Ondorioz, Euskadiko EGABk dagoen sistema moldatu behar dela partekatzen du. Halaber, Erregistroaren funtzioa aldatzearekin ados da. Orain, salbuespenetan izan ezik, eratzailetik eratzailea ez izatera pasatzen da.

Hala eta guztiz ere, kontsultatzen zaigun dokumentua irakurri ondoren, zenbait alderdi zehatz eta hobe daitezkeelakoan gaude.

  • Lehenengo bi azken xedapenek nekazaritzako eta elikagaigintzako industriak aipatzen dituzte. Horietan jarduera gelditu eta, are gehiago, urtebetez enpresak berriz jarduera ez hasteko enpresa-jarduerak definitzen dira; hortaz, administrazioa osasunean izan dezaketen inpaktuengatik kezkatuta dago. Ikuspegi hori Batzorde honek partekatzen du.
    Hala ere, ildo beretik, zergatik ez diren modu berean tratatzen 5.2. artikuluan aurrez ikusten diren industria, instalazio eta jarduera gehienak, baita hondakin toxikoak eta arriskutsuak tratatzen dituztenak ere galdetzen diogu geure buruari. Ustez “hondakinak edo azpiproduktuak deuseztatzeko” industrietan kokatzen dira (4. artikulua, 2.a atala), gure iritziz herritarren osasunaren eta segurtasunaren gainean inpaktu potentzial sendoa izan dezaketen jarduerak direnean.
  • Harrigarria iruditzen zaigu “bete behar ez duten”, hau da, aitorpen arduratsua edo jakinarazpena aurkeztu behar ez duten eta jarduera hasi baino lehenago administrazio-baimenaren araubidea bete behar ez duten erakunde eta enpresen artean “laborategiak” sartzea. Horiek jarduera hasi ondoren borondatezko aitorpena aurkez dezakete (6. artikulua).
    Batzorde honen iritziz, laborategien artean hondakin toxikoak eta arriskutsuak sortzen dituztenak egon daitekeenez, tipologia hori Dekretuan behar bezala zehaztu eta tratatu beharko litzateke.
  • 18. artikuluko 1.C atalari dagokionez, enpresa “kontserbadoretzat” jotzen direnak azaldu beharko liratekeelakoan gaude.

IV.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABren ustez, industria-jardueren hasiera eta funtzionamenduaren araubide orokorra nahiz Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen dekretu-proiektua izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2014ko azaroaren 7an

O.E. Presidentea Idazkari nagusia
Juan María Otaegui Murua Francisco José Huidobro Burgos