Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 2/19

Irizpena 2/19

2/19 Irizpena, Arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunen katalogoa zehazteko dekretu-proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

Urtarrilaren 24an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren idazkia sartu zen eta irizpena eskatzen zuen “arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunen katalogoa zehazteko dekretu-proiektuari” buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea arautzen duenak, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Arauaren helburua arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunen katalogoa zehaztea eta arreta goiztiarraren arloan prestakuntza edo esperientzia aditua egiaztatzeko baldintzak ezartzea da, 13/2016 Dekretuak, otsailaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarrean esku-hartze osoa eskaintzeari buruzkoak, 22. artikuluan xedatutakoa garatzeko.

Berehala dokumentuaren kopia bat bidali zitzaien Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamen eta iritziak eman eta Lan Batzorde egokian lantzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudian xedatutakoarekin bat. 2019ko otsailaren 11n Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen proiektu hau formulatu da 2019ko otsailaren 15eko Batzordearen Osoko Bilkuran lantzeko. Aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

“Arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunen katalogoa zehazteko dekretu-proiektuak” zioen azalpena, 7 artikulu, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat ditu.

Lehenengoz azaldutakoaren arabera, 12/2008 Legeak, abenduaren 5ekoak, gizarte zerbitzuei buruzkoak, berariaz aipatzen du arreta goiztiarrean gizartearen ikuspegitik esku hartzeko zerbitzua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen katalogoan dago.

Era berean, 185/2015 Dekretuak, urriaren 6koak, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorriari buruzkoak, “gizartearen ikuspegitik arreta goiztiarraren esku-hartze zerbitzua” jaso eta definitzen du I. eranskinean eta, zehazki, 2.7.4. zenbakiz kodetutako zerbitzu eta prestazio ekonomikoen fitxan, gizarte zerbitzuen legeak 23. artikuluan eskatzen duen edukiarekin bat.

Eta aurreko xedapenekin harreman estuan, 13/2016 Dekretuak, otsailaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarrean esku-hartze osoari buruzkoak, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarrean esku hartze osoa arautu eta garatzea du xede. Izan ere, erantzukizun publikoaren esparruan eskainiko da eta esku-hartzeari buruzko ereduaren oinarrizko antolamendu-elementuak ageri dira, arreta goiztiarraren zerbitzuak eskaintzean nahasitako sistemen jardunak koordinatzeko.

Arreta goiztiarraren eremuan zerbitzuak eskaintzen dituzten zentroetako langileek bete beharreko baldintzei dagokienez, 13/2016 Dekretuak 22. artikuluan xedatutakoaren babesean, haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro bakoitzak arreta goiztiarrean esku-hartze taldea (AGEHT) izan beharko du. Hori adituek (gutxienez bi pertsonak) osatuko dute eta jardunerako titulazio edo prestakuntza egokiez hornituak egongo dira gutxienez honako hiru funtzioetan: psikomotrizitatea, psikoterapia, fisioterapia, logopedia eta gizarte-langilea.

Artikulu berak ezarritakoari erreparatuz, lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunen katalogoa Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du, Arreta Goiztiarraren Erakundeen arteko Kontseiluak proposatu ostean. Horretarako, arreta goiztiarraren erakundeen arteko batzordeak emandako irizpide eta gomendio teknikoetan oinarrituko dira. Nolanahi ere, hori guztia 9.2. artikuluko h) atalean eta 10.2. artikuluko e) atalean aurrez ikusitakoarekin bat egingo da.

Izapide horiek betetakoan, hurrengo dekretu-proposamena egin da:

1. artikuluak arauaren xedea definitzen du, hain zuzen, arreta goiztiarrean lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunen katalogoa zehaztea. 2. artikuluak adierazitakoaren babesean, dekretuaren xedapenak, salbuespenik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro guztiei aplikatuko zaie.

3. artikuluak unibertsitate-tituluak edo graduko tituluak zehazten ditu eta, ezinbestekoa bada, aurrekoekiko titulazio osagarria ere bai. Izan ere, horien bidez arreta goiztiarrean pertsona adituek AGEHTko kideak nahi izanez gero, egiaztatu ahal izango dute psikomotrizitate, psikoterapia, fisioterapia, logopedia edo gizarte-lanetan dihardutela.

4. artikuluak atzerriko goi-mailako hezkuntzako erakundean edo unibertsitatean lortutako unibertsitate-tituluen egoera zehatza lantzen du. Aldez aurretik tituluak homologatzea ezinbestekoa izango da, onartzeko eta pertsonak lanean gaitzeko. Era berean, 5. artikuluak arreta goiztiarrean prestakuntza berezia egiaztatzeko eskakizun gehigarria ezartzen du edo, hori izan ezean, arloan esperientzia espezializatua eskatuko da.

Aurrekoaren harira, 6. artikuluan arreta goiztiarrean prestakuntza espezializatuak izan behar dituen baldintzak arautzen dira. Bestalde, 7. artikuluak lan-eremuan eskainitako zerbitzuengatik esperientzia berezia egiaztatzeko bitartekoak definitzen ditu.

Azkenik, xedapen iragankor bakarrak ezarritakoaren arabera, pertsona adituek zentroetan badihardute eta dekretua indarrean sartutakoan arreta goiztiarraren eremuan zerbitzuak eskaintzen ari badira, epe osagarria izango dute arreta goiztiarren prestakuntza edo esperientzia espezializatua dutela egiaztatzeko. Haur garapeneko eta arreta goiztiarreko zentroek funtzionatzeko nahitaezko baimena lortuta, baldintza hori bete beharko dute aipatu baimena berresteko.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Gure iritzia emateko “arreta goiztiarrean lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunen katalogoari buruzko dekretu-proiektua” aurkeztu zaigu, 13/2016 Dekretuak 22.1. artikuluan duen agindua betetzeko. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzak, arreta goiztiarraren erakundeen arteko batzorde teknikoaren irizpide eta gomendio teknikoetan oinarrituta, arreta goiztiarraren erakundeen arteko kontseiluak proposatu ostean, arreta goiztiarraren arloan lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunaren katalogoa zehaztuko du. Hori guztiak 9.2. artikuluak h) atalean eta 10.2. artikuluak e) atalean xedatutakoarekin bat egingo da.

Arauaren zioen azalpenak adierazitakoari jarraiki, 22. artikulua betez, arreta goiztiarraren erakundeen arteko batzorde teknikoak, 2017ko maiatzaren 10ean egindako bileran, arreta goiztiarraren eremuan lanbide-kualifikazioa egiaztatzeari begira, tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunaren katalogoa egin eta onartzeko edukien eta baldintzen inguruko irizpide eta gomendioak onartu zituen. Berehala, irizpideak eta gomendioak arreta goiztiarraren erakundeen arteko kontseiluari jakinarazi zizkion eta 2017ko urriaren 10eko bileran arreta goiztiarraren arloan lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunaren katalogo-proposamena onartu zuen.

Proposamen hori da dekretu honen abiapuntua. Izapidetzea positiboki balioztatzen dugu, arreta goiztiarraren araudi-esparruaren lege-segurtasuna indartzen laguntzen baitu. Diziplina askoko ikuspegiarekin esku-hartze osoaren alderditik egituratuta dago eta hiru sistema publiko (hezkuntza, osasuna eta gizarte-zerbitzuak) sartzen dira jokoan, kontsultatzen zaigun dekretuak arreta goiztiarraren sistema arautzen duen erregulamendua eta, bereziki, 13/2016 DekretuaDekretu-proiektu horrek 2013. urtean Batzordearen aldeko irizpena jaso zuen eta honakoa nabarmen daiteke: “azpimarratu eta zoriondu behar da, gaur egun gure Erkidegoak babes jarduera, programa eta zerbitzuen sarea mantendu eta garatzen duelako. Hor dugu dekretu honen xedea. Onuradunak 0tik 6 urtera bitarteko haurrak eta beren familia-inguruneak dira, garapenean asaldurak badituzte edo horretara iristeko arriskua badute”. Azaroaren 22ko 6/2013 Irizpena. osatuko duelako.

Batik bat, araudi-aurreikuspenak lantzen dira EAEn haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro guztiek langileei dagokienez bete behar dituzten baldintzak ezartzeko. Alde batera utziko da horiek titulartasun publikoa izatea edo erakunde pribatuen mende egotea (bai Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartuta erantzukizun publikoaren esparruan aritzen badira, bai sistema horretan sartu gabe badihardute). Helburua foru aldundi aginpidedunaren eskutik nahitaezko funtzionamendu-baimena lortzea da eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartu nahi izanez gero, aldez aurretik homologatzea. Dena den, kasu honetan ere 13/2016 Dekretuak 25. artikuluan xedatzen dituen kalitate, eraginkortasun eta ekonomia- nahiz gizarte-kostuaren irizpideak bete beharko dira.

Aldi berean, guretzat positiboa da arreta goiztiarrean esperientzia espezializatua egiaztatzeak (7. artikulua) arauko prestakuntza espezializatua (6. artikulua) ordezkatu ahal izatea. Hala eta guztiz ere, gure ustez, 7. artikuluan nork eta zer baldintzatan egiaztatuko duen esperientzia zehaztea garrantzitsua da, lege-segurtasun handiagorako eta dekretua hobe ulertzeko ere bai. Bestela, gutxienez, araudi aplikagarrira bidali beharko litzateke. Esperientzia espezializatuaren denborari (bi urte) dagokionez, epe egokia iruditzen zaigu.

Bestalde, 3. artikuluan, arreta goiztiarrean adituen kualifikazioa definitzean, harritzen gaitu baimen ofiziala duten prestakuntza zentroek emandako titulazioak lanbide elkargoek emandakoekin parekatzea.

Azkenik, prestakuntza-kredituak aipatzean, kasu guztietan, arauak ECTS kredituak adierazi beharko lituzkeelakoan gaude. Hala, Europan guztiek onartutako izenera egokituko lirateke.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

3. artikulua. Arreta goiztiarrean adituen kualifikazioa

Lehenik eta behin, artikulu honen 1. atalak honakoa xedatzen du: “arreta goiztiarrean adituek arreta goiztiarrean esku hartzeko taldearen kide izan nahi badute, psikomotrizitate, psikoterapia, fisioterapia, logopedia edo gizarte-lanaren funtzioak, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarrean esku-hartze osorako otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuak 22.1. artikuluan aurrez ikusitakoak, betetzeko, unibertsitate-titulazioa edo graduko titulua dutela egiaztatu beharko dute eta, bidezkoa bada, funtzio horiekiko ondoren aipatzen den titulazio osagarria: a) Psikomotrizitatea…”

Bakarrik psikomotrizitatearen titulazioan dago prestakuntza berezia egiaztatzearen eskakizun erantsia. Gure iritziz, “bidezkoa bada” adierazpena ezaba daiteke, eskakizuna titulazioen sorta guztian emango dela uler baitaiteke, bakarrean eskatzen denean.

Beraz, honako hautazko idazkera proposatzen dugu:

“1. Arreta goiztiarrean adituek arreta goiztiarrean esku hartzeko taldearen kide izan nahi badute, psikomotrizitate, psikoterapia, fisioterapia, logopedia edo gizarte-lanaren funtzioak, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarrean esku-hartze osorako otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuak 22.1. artikuluan aurrez ikusitakoak, betetzeko, funtzio bakoitzarekiko unibertsitate-titulazioa edo graduko titulua eta Psikomotrizitatearen funtzioarekiko azaltzen den titulazio osagarria dutela egiaztatu beharko dute…”

Ildo beretik, artikulu honen 2. atala hurrengo moduan idaztea gomendatzen da:

“2. Nolanahi ere, bakarrik 13/2016 Dekretuak, otsailaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarrean esku-hartze osoa eskaintzeari buruzkoak, aurrez ikusitako arreta goiztiarraren zerbitzuak eskain ditzakete adituek, unibertsitateko titulazioa edo graduko titulua eta aurreko 1.a) atalean aipatutako titulazio osagarria egiaztatzen badute”.

Bestalde, 1. atalean d) Logopedia hizkiari lanbide elkargo ofizialek logopeda modura profesionalki aritzeko gaitze ofiziala esleitzen zaio eta unibertsitate-tituluarekin egiaztatzeak baliozkotasun-maila bera du. Hori gehiegizkoa iruditzen zaigu eta arauan aipatzen diren eskakizunekin koherentzia puskatzen du. Edozelan ere, xedapen berezian aurrez ikus liteke baliokidetasunaren salbuespena, bermatzeko arrazoiak badaude.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren iritziz egokia da “arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunen katalogoa zehazteko dekretu-proiektua” izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

 

Bilbon, 2019ko otsailaren 15ean

Batzordeburuaren O.E.  Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos  Emilia Málaga Pérez

 

 

 

ERANSKINA: FORMAZKO GOGOETAK

 

5. artikulua. Arreta goiztiarrean prestakuntza eta esperientzia espezializatua

1. atalak hala dio: “13/2016 Dekretuak, otsailaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarrean esku-hartze osoari buruzkoak, 22.1. artikuluaren bigarren idatz-zatian aurrez ikusitakoarekin bat, arreta goiztiarrean adituek, bere jakintzagaiari dagokion kualifikazioz gain –aurreko ataletan aurrez ikusitako moduan egiaztatu beharrekoa–, arreta goiztiarrean prestakuntza espezializatua edo, horren ordez, arloan esperientzia espezializatua izango dute”.

Gure ustez, zehaztapena akats bat da, 4. artikulua dekretu-aurreproiektuari 5. artikulua idatzi ondoren erantsi zaiolako. Nolanahi ere, bi arau aipatu behar ditu: 3 (arreta goiztiarrean adituen kualifikazioa) eta 4 (atzerriko goi-mailako hezkuntza institutuak edo unibertsitateak emandako atzerriko tituluak homologatzea).

Horregatik, honako hautazko idazkera gomendatzen dugu:

“1. 13/2016 Dekretuak, otsailaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarrean esku-hartze osoari buruzkoak, 22.1. artikuluaren bigarren idatz-zatian aurrez ikusitakoarekin bat, arreta goiztiarrean adituek, bere jakintzagaiari dagokion kualifikazioz gain –aurreko artikuluetan/3. eta 4. artikuluetan  aurrez ikusitako moduan egiaztatu beharrekoa–, arreta goiztiarrean prestakuntza espezializatua edo, horren ordez, arloan esperientzia espezializatua izango dute”.