Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

15/19 Irizpena

15/19 Irizpena

15/19 IRIZPENA Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

Irailaren 4an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren idazkia sartu zen eta irizpena eskatu zuen “Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektuari” buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Arau honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan gazteriari buruzko politika garatzeko araudi- eta aginpide-esparrua zehaztea da. Ildo horri eutsiz, gazteek, edozein izaera edo baldintza izanda, beren eskubideak erabil ditzaten babestu eta sustatzea, gizartearen garapen politiko, sozial, ekonomiko, jasangarri eta kulturalean partaidetza aktiboa sustatzea eta haurtzaroan hasitako etengabeko prozesua amaitzeko autonomia nahiz emantzipazioa ahalbidetzen duten baldintzak sortzea lortu nahi da.

Berehala agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamenduari buruzko araudiak xedatutakoari jarraiki. Sozial Garapenerako Batzordea 2019ko irailaren 23an bildu ostean, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin da Batzordearen Osoko Bilkurak lan dezan. Bertan urriaren 4an aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektuak” zioen azalpena, 5 titulutan banatuta 58 artikulu, 3 xedapen gehigarri, iragankor bat, indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu. Era berean, eranskin bat ageri da 2/2016 Legeak, apirilaren 7koak, Euskadiko tokiko erakundeei buruzkoak, 18.3. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Zioen azalpenak adierazitakoaren arabera, 80. hamarkadara arte pertsona gazteen ibilbidea aurresan zitekeen, hau da, prestakuntzaren etaparen ondoren, ia zuzenean lan-merkatuan sartzen ziren eta kontratuak egonkorrak izaten ziren. Horri esker, lanbide-karrera diseina zezaketen eta, ondorioz, etxebizitza lortzea bideragarria zen.

Gaur egun, ordea, gazteriaren egoera berria da. Lanbide-bizira pasatzea konplexuagoa suertatzen da, familiarekiko emantzipazioa geroratu da eta, laburbilduz, gazte-etapa luzatu da. Izan ere, hasiera goiztiarra da, baina helduen bizira beranduago iristen da.

Era berean, kualitatiboki eta kuantitatiboki bestelako egoera garrantzitsuak ematen dira. Horiek gazteen taldeei eragiten dizkiete eta gizartean oso-osorik barneratzeko orduan garapen- eta sarrera-aukerak mugatzen dizkiete. Honakoez ari gara: desgaitasun fisiko edo psikikoaren egoerez ala behar bereziak edo bitarteko ekonomiko urriak dituzten familien kide izateaz. Halakoetan, pertsona gaztearen prestakuntza eta garapena ez daude bermatuta.

Aipamen berezia egin behar zaio adin gazteetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-egoerari. Emakume eta gizonentzat eskubide-gune berdinak menderatzea euskal gizartean errealitatea da, baina ez dira egiaz gauzatzen, ezta gazteen artean ere. Berdintasuna onartzea ezinbesteko urratsa da, baina oraindik ez da nahikoa. Gazteek gizartean duten zeregina aurreko belaunaldiek zutena baino berdinagoa dela egia da, baina oraindik indar handia dute genero-estereotipoek, rol sexistek eta emakume gazteak lan-merkatura sartzeko diskriminazioek. Horrez gain, emakumeak pobreagoak izatea emakume gazteei ere eragiten die eta oraindik emakumeen gorputzek sexu bitarteko eta gauza izaten jarraitzen dute. Horiek guztiak matxismoaren emaitzak dira eta honako guneetara hedatzen dira: aisialdia, kirola, kultura, lan-merkatuan sartzea edo familia-ereduak. Halaber, emakume gazteek indarkeria matxistari, sexistari eta sinbolikoari aurre egin behar diete eta herritarrei atxikitako eskubideak eragozten zaizkie.

Bestalde, nerabezarora garai goiztiarragoan iristen dela kontuan hartu behar da eta, horretarako, arrazoi desberdinak daude: hezkuntza-sistema eta ibilbide akademikoak hautatzean aldaketak; besteak beste, sexualitatearekin edo drogak kontsumitzearekin zerikusia duten alderdietan gazteago hartu behar dira erabakiak. Ildo horri eutsiz, dagoeneko egin den araudiari, batez ere, adingabeentzako burututakoari, erreparatu behar zaio. Aurrekoaren harira, bereziki 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrei eta nerabeei arreta eskaintzeari buruzkoa, aipatu behar da, bi legeen edukia lotzeko. Hala ere, Gazteriaren Euskal Lege honek sustapen-arloak arautzen ditu, laguntza-sistemak berezkoak dituen aginpideak landu gabe. Nolanahi ere, bi legeak aplikatzean bakoitzean xede horrez sortutako organoen bitartez koordinatuko da.

Gazteen mundua ezegonkorra dela eta, gainera, gizartean egiazko protagonismoa duen belaunaldi bihurtzeko zailtasunak dituela egiaztatu da, beraz, azkeneko urte hauetan burutu den ikuspegi-aldaketa finkatzea ezinbestekoa da. Horri jarraiki, aisialdi eta zerbitzuen eskaintza ezin daiteke pertsona gazteen gizarte-errealitatearekiko erantzun bakarra izan, ezta nagusia ere. Hortaz, gazteria-politika orokorrak planteatu behar dira, gazteei eragiten dizkieten arazoei aurre egiteko. Horrez gain, gizartean, ziurrenik, aldaketak sortuko direnez, egoera berrietara egokitzeko gai izan beharko dute. Produkzio-bitartekoetara iristeko eta baldintza berdinetan ongizatera heltzeko pertsona gazteen artean egiazko berdintasuna bultzatu behar da eta, xede horrez, bitarteko publikoak banatzeko estrategia egokiak moldatu behar dira. Zailtasun bereziak dituzten gazteen taldeei babes berezia eskainiko zaie. Azkenik, elkarguneak kontuan hartuko dira.

Une honetan, ordea, alderdi eztabaidaezina da gero eta orokorragoa den testuinguruan, testuinguru sozio-ekonomiko-kulturalean, aldagai kontrolaezinek eta aurresateko zailak direnek eragin handiagoa dutela. Horregatik, nahitaezkoa da administrazioak tresna eraginkor eta malguez hornitzea, une eta testuinguru bakoitzeko behar eta eskeekiko neurri efizienteak eta egokiak hartzeko.

Halaber, ezin daiteke ahaztu pertsonaren gizarteratze-prozesuan gazte-etapa, indibidualizazioa eta autonomia areagotzen dituena, fase nagusi eta estrategikoa dela. Gazte-etapak berezko hainbat behar indartu behar ditu eta, neurri batean, bizi heldura iragateko egiturazko alderdiekin ez dute loturarik. Beraz, politikak gazte logika bereziarekin garatu behar dira.

Hori abiapuntutzat hartuta, erakundeak, lehen azaldu den bezala, gazteria-politikarekiko zeharkako arloan egindako ahalegin anitzez gain, gazteentzako jarduera, zerbitzu eta ekipamendu bereziak garatzen joan dira, hala nola, gazte-informazioa lortzea, arautu gabeko hezkuntza onartu eta sendotzea, gazte-ekipamenduen sarea indartzea, mugikortasuna eta kultur trukeak sustatzea, lan-esparruak edo aisialdi parte-hartzailearen programak. Nolanahi ere, horiek guztiak erakunde-sail eta gizarte-sektore desberdinek gauzatu dituzte.

Horietan guztietan funtsatuta, Gazteriaren Euskal Legeak Euskadiko herri administrazioen aginpideak eta funtzioak egituratzeko beharrari erantzuten dio. Helburua gazteri politika osoa bultzatzea da, batetik, gazteriari buruzko zeharkako neurriak planifikatu, gauzatu eta ebaluatzearen bidez pertsona gazteen autonomia, emantzipazioa eta gizarteratzea ahalbidetzen duten neurriak hartzeko eta, bestetik, gazteentzako Euskadiko herri administrazioetako sailek abian jarritako jarduera, zerbitzu eta ekipamendu berezien bitartez gazteak sustatzeko. Guztiaren gidaria berdintasunaren printzipioa izango da. Hala, gazteen partaidetza bultzatzen duten prozesu eta bitartekoez baliatuko da, betiere gazteek beren eskubideak eta askatasunak erabiltzen dituztela babestu eta sustatzen bada.

Azken urteetan gazteri politikaren kontzeptua zabaltzearekin bat, Gazteriaren Euskal Legearen hiru helburu nagusiak definitu dira: lehenik eta behin, zeharkako politikak finkatu eta sailen nahiz erakundeen artean koordinatuz, pertsona gazteen autonomia eta emantzipazioa sustatzea; bigarrenez, berariaz gazteak sustatzera bideratutako zerbitzuak eta ekipamenduak eskaintzean ekintza koordinatua bermatzea eta, hirugarrenez, Euskadiko gazteriaren partaidetza- eta solas-bitartekoak zabaltzea eta, xede horrez, toki eremuan kanal egonkorrak sortzea. Horietan toki bera izango dute elkarteetan dauden gazteek eta kide ez direnek. Horrekin, biztanle gazte guztiei berdintasun-baldintzetan iristeko aukera bermatu nahi zaie eta arreta berezia jarriko zaie zailtasun handiagoak dituzten gazteei. Gainera, ikuspegiak emakume eta gizonen berdintasun eraginkorra indartuko du.

Ildo horri jarraiki, gazteria-politikaren berezko helburu argiak honakoa izan behar du: pertsona gazteek, batik bat, 25 urtetik 29 urtera bitartekoek, jatorrizko etxetik atera eta beren familia-gunea eratu nahi badute, zaildu edo saihesten duten oztopoak deuseztatzea. Lege honek gazteei pertsona gazte gisa garatzen eta etapa heldura iragaten lagunduko dizkieten tresnak eskuratu behar dizkie. Hala, emantzipatzeko autonomia pertsonal eta ekonomikoa sustatuko du, gehiegi babesten duten planteamenduetatik urrun. Izan ere, horiek pertsona gazteen emantzipazioa, baita gizartean parte hartzea ere atzeratu eta oztopatzen dute.

Aurrekoari eutsiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kudeaketa-mekanismoak behar ditu, bere aginpideak eraginkortasunez garatzen direla bermatzeko eta ematen zaizkion zeregin desberdinak arintzeko.

Ildo horretatik Euskadiko Gaztediaren Sistema sortu da. Egonkortasunez eta jarraipenarekin haurrek, nerabeek eta gazteek beren haurtzaro, nerabezaro eta gazteriaz gozatu eta horren barruan garatzea du helburu. Horretarako, ikuspuntu bikoitza erabiliko da: batetik, baliozko bizi-etapa, berez esanahia duena, da eta pertsona bakoitza bere biziaren protagonista, eskubideen subjektu eta gizarte-sarean ezinbesteko zati bilakatzen da; bestetik, gaitasun pertsonalak eta gizarte-loturak heldu, ikasi eta indartzearen bitartez pixkana emantzipazio-prozesua lortzen da, hau da, bizi heldura arrakastaz eta behar bezala iragaten da. Azkenekoan, erabakiak hartu eta bizi-proiektu pertsonalean praktikan jartzeko autonomia gorenera iristen da.

III.- GOGOETA OROKORRAK

a) Aurretiazko gogoeta

Irizpenaren xede den araua oso programatikoa da. Zentzu horretan, xedapen asko indarrean dauden bestelako arau sektorialetan ezarritakoa jasotzera mugatzen dira (ikusi, adibide modura, 5e) artikulua edo artikulu bereko n) hizkia ala hirugarren xedapen gehigarria bera ere bai) eta aitzakia gazteriaren arloan gobernuaren politikak edo jarduerak koordinatzea izan ohi da. Hala gertatzen den gehienetan legeak araua emateko araudi-iturriari ez dio aipamenik egiten. Teknika legegile horrek eragozpen bat du: interpretazio-arazoak sortzen direla lege baten eta bestearen artean adierazpen-aldaketen ondorioz araudi-aldaketa gertatu den edo huts-hutsik jatorrizkora bidaltzen duen balioztatzeko orduan.

Era berean, kasu batzuetan legearen idazkerak “tonu juridikoa” galtzen du eta doktrina bihurtzen da. Ziur aski, arautu nahi den arlo-motarekin zerikusia du, baina komenigarria litzateke alderdi hori aztertzea. Adibideekin adieraziko dugu: etxebizitza duinaren aipamenak (18 c) artikulua. Gaztedia eta etxebizitza) eta hainbat baliori halabeharrezko arreta (18 b) artikulua. Gaztedia eta hezkuntza, 2. atala).

Era berean, 11. artikuluan berriz errepikatzen du Euskadiko Gaztediaren Sistema osatzen dutela “gazteriari buruzko zeharkako politika guztiek eta pertsona gazteentzako jarduera, zerbitzu eta ekipamendu berezi guztiek”, ikuspegi subjektibo eta objektibotik irismena definitu gabe.

Gure iritziz, definiziorik ezak gero hurrengoak zehaztea eskatzen du: zer diren jarduera eta egitura egonkorrak eta, batez ere, zer eragile aipatu nahi dira egiaz. Zehaztu gabe guztia hartzearen asmoarekin, neurri batean, artikulazio-politika eraginkorrak abian jartzean eraginkortasuna gal daiteke, “Sistema” sortu nahi den inguratzailearen bitartez..

Bestalde, irizpenaren xede den legeak agindu-eduki urria du, baina zehapenei buruzko tituluan ez da predikagarria. Horretan, zigor daitezkeen hainbat jokabide zehazten dira eta zaletasun berriztatzailea dute, legearen maila argiarekin batera.

b) Araua balioztatzea

Gure iritzia emateko, “Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektua” aurkeztu zaigu, eremu desberdinetatik, Legebiltzarra barne, eskatzen ari zen testuinguruaren barruan. Nolanahi ere, gazteriaren arloan politika integralen ibilbide finkatua estaltzeko, arau bateratzailea, legezko esparrua, nahi zuten. Horiek guztiak urteetan zehar EAEko administrazio-eremuek eratu dituzte eta batu behar dira, beraz, ekimena positiboki balioztatzen dugu.

Gure ustez, araua egitea egokia da gazteriaren arloan herri administrazio desberdinen aginpideak eta funtzioak arautu eta koordinatzeko, baita gazteen emantzipazioa eta administrazioan ikuspegi gaztea sustatzeko ere. Gainera, gazteriaren inguruko zeharkako politikak koordinatu, planifikatu eta ebaluatuko ditu. Programa, jarduera, zerbitzu eta ekipamendu berezien bitartez gazteen baldintza bultzatuko du, gazteen partaidetza sustatzearekin batera.

Artikuluak aztertuz gero, hainbat alderdi positibo antzeman ditugu eta  azpimarragarriak dira:

  • Aurrerago egingo ditugun zehaztapenak gorabehera, pertsona gazteen enplegu, hezkuntza eta prestakuntzarekin konpromisoa, gazteriaren arloan euskal estrategiaren esku-hartze ildo gisa (17. artikulua). Guretzat hori lehentasunezkoa da.
    Alderdi horri eutsiz, ados gaude legeak gazteak lan-merkatuan sartzea bultzatu eta ondorengo eremuak sustatu nahi izanarekin: prestakuntza eta praktiken programa bereziak; gazteen ekintzailetza; gazteen mugikortasuna eta prestakuntza atzerrian eta Euskadira itzultzeko neurri zehatzak; prestakuntza eta ikaskuntza iraunkorra.  Halaber, positiboki balioztatzen dugu euskararen nahiz gaztelaniaren ikaskuntza eta erabilera, baita beste hizkuntza batzuena ere bermatzea, hizkuntza askoko hezkuntzara iristeko.
  • Horrez gain, aukera-berdintasunarekin, emakume eta gizonen berdintasunarekin eta etxearen nahiz norberaren eta besteen zaintzaren esparruan gazteen erantzukizun partekatuarekin konpromisoa argia da. Horregatik, aproposa iruditzen zaigu neurri bat hezkuntza partekatua bultzatzea izatea.
  • Lege-aurreproiektuari erreparatuz, berdintasunaren eta generoaren arloa aurrez ikusi du, orain izapidetzen ari den berdintasun-legea aldatzeko zirriborroaren edukiarekin bat. Koordinazio ona da eta, ondorioz, aipatu behar da.
  • Gainera, positiboa da Euskadiko biztanleen osasuna eta bizi-ohitura osasuntsuak, hezkuntza eta erantzukizunpeko kontsumo arrazionalaren kulturarekin batera, ingurune naturalaz arduraz gozatzeko eta hori babesteko pertsona gazteen sentsibilizazioa bultzatzea.
  • Era berean, positibotzat jotzen dugu pertsona gazteek informazioaren gizartean egiaz parte hartzeko informazio eta komunikazioaren teknologiei buruzko ekimena, sormena eta erabilera berriztatzaile eta sortzailea sustatzea.

 Aipatu dugun bezala, positiboa da legearekin, zioen azalpenean adierazitako moduan, “arau multzoa” antolatu nahi izatea, “gazteriaren arloan legedia sakabanatua baitago eta ez baitu egitura sistematiko egokirik”. Gure iritziz, ahalegin honi esker, gazteriaren arloan politika publikoak hobe batuko dira eta erakundeen eta administrazioaren koordinazioak ere onera egingo du. Orain araudia oso zatikatua ageri da.

Hala eta guztiz ere, ekimen honek araubidezko arautegi desberdinak eta bestelako legeriak bere barruan sartzeko aukera ez duelakoan aprobetxatu gaude. Azkenekoek indarrean jarraitzen duten arren, aldatu beharko dira eta lege honetan sar litezke, izaera osoagoaz bereganatzeko. Ildo horri jarraiki, adibide modura, honakoak aipatuko ditugu:

  1. Euskadiko Gaztediaren Kontseiluari aipamena egin zitekeen, 6/1986 Legea, maiatzaren 27koa, Consejo de Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari buruzkoa, indargabetu gabe, gutxienez gobernu-organo eta funtzionamenduari dagokienean.
  2. Arauaren esparruan Gazte Txartela arautzea; horrek, bidezkotzat joz gero, 260/1995 Dekretua, maiatzaren 2koa, Euskadiko «Gazte-Txartela/Carnet joven» deritzana sortu eta arautzen duena, aldatzea ahalbidetuko luke.
  3. Definizioen bitartez eta, bide batez, etorkizuneko arautegiak definituz gazteentzako udalekuak eta aterpeak arautzea (170/1985 Dekretua, ekainaren 25ekoa, haurren eta gazteen kanpamentu, udaleku, udaleku ireki, lan-esparru eta abiada ibiltarien araubidea arautzen duena; eta 1997ko azaroaren 12ko Agindua, Kultura sailburuarena, 406/1994 Dekretua, urriaren 18koa, haurren eta gazteen taldeak egon eta ostatatzeko aterpeak eta instalazioak antolatzeari buruzkoa, garatzen duena).

Hona hemen ikuskatzea gomendatzen ditugun zenbait klausula:

  • Gaztediaren politika garatu, koordinatu eta zaintzeko hainbat organo eta erregistro sortzea aurrez ikusten da. Zehatz-mehatz esanda, honako artikuluez ari gara: 27. artikulua, zerbitzu eta ekipamenduen erregistroa, gazte elkarteen eta erakunde eskaintzaileen errolda; 38. artikulua, erakundeen arteko batzordea; eta 39. artikulua, sailen arteko batzordea.
    Gogora dezagun diagnostikoak daudela eta administrazioari eskatzen zaiola organo-kopurua murritz dezan eta bikoiztuak deusezta ditzan. Azken finean, sail guztietan administrazio-sinplifikaziora jo behar da, administrazio moderno, arin eta iraunkorra eraikitzeko. Aurrekotik abiatuta, legeak horren administrazio-antolaketa eta funtzionamendua barneratzeko eragozpenik ez izan arren, ad hoc sortzea beharrezkoa den eta funtzioak dagoeneko antolatuak dauden organo eta erregistroen bidez gauza daitezkeen galdetzen diogu gure buruari.
  • Nahiz eta positiboki balioztatzen dugun sare sozialen bitartez informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera sustatzea (32. artikulua), gazteriari prestatu beharko litzaioke, erantzukizunez eta arrazionaltasunez erabil ditzan.
    Gaur egun, azterlanek teknologia berriak gehiegiz eta erantzukizunik gabe erabiltzearen ondoreak aztertzen dituzte. Horien arabera, modu desegokian erabiltzen badira, adikzio berriak (ikusi Eusko Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Adikzio Zuzendaritzaren txostenak) eta delitu-egoerak ere sor daitezke. Gure ustez funtsezkoa da pertsona gazteek arloan prestakuntza izatea, teknologia berriak eta informazioaren gizartea erabiltzeko orduan, kultura arduratsua eta osasungarria onartzeko.
  • 18 e) artikuluak hala dio: “Euskadiko herri administrazioek sexu- eta genero-dibertsitatea gazteriari bideratutako jardueratan barneratzea sustatuko dute”. Horrekin ados gaude.
    Dena den, bestelako diskriminazio- eta desberdintasun-egoerak (adinarengatik, jatorriarengatik, gurtzarengatik eta abarrengatik) errotik ateratzen laguntzeko, faltan botatzen dira dibertsitatearen beste alderdi batzuk bultzatzera bideratutako jarduerak. Eta, batez ere, bai espazio publiko/komunitarioetan, bai enpresetan belaunaldien arteko dibertsitatea kudeatzez ari gara. Izan ere, euskal gizartea zahartuz doan neurrian, landu beharreko gai garrantzitsua izango da. Hortaz, gomendagarria litzateke lege honek kontuan hartzea.

 Gainera, arauan faltan botatzen ditugun hainbat alderdi aipatu nahi ditugu:

  • Pertsona gazteen eskubideak bermatzeko legearen saiakera balioetsi arren, ebatzi behar diren arazoen erradiografia egokia burutu ondoren, arauak oinarrizko arloetan, besteak beste, lanaren munduan garapen handiagoa eskatzen du. Hala ere, hori gogoeta berezietan izango dugu aztergai.
  • Zioen azalpenean gizonekiko emakumeek jasaten duten desberdintasunaren aipamena erantsi beharko litzateke, lan-biziaren ibilbide guztian zehar eragiten baitie: lanean hastea, sustatzea, ordainsaria jasotzea etab. Ildo horri eutsiz, horri aipamena egitea iradoki dugu ondorengoa gogorarazten denean: “oraindik sendoak dira generoaren estereotipoak… lan-merkatuan sartzean diskriminazioak”. Gogoeta berezietan aipatutakoaren ildotik gauzatu beharko litzateke.
    Halaber, “printzipio orokorrak” 5. artikuluan, “emakumeen eta gizonen berdintasuna” e) atalean, ez da aipatzen, ezta “gazteria eta enplegua” 18 a) artikuluan ere. Azkenekoan lan-merkatuan errazago sartzeaz, gazteen enplegua sustatzeaz, egonkortasuna bultzatzeaz… hitz egiten da, baina ordainsaria berdina izatearen beharraz ez da ezer esaten. Agian, hemen erantsi beharko litzateke.
  • Aurreproiektuak gazteriaren arloan euskal estrategiaren oinarriak arautzen ditu (18. artikulua eta hurrengoak) eta, horretarako, administrazio-maila eskudun guztietan gazteriari buruzko planak definitzea ezinbestekoa dela dio. Horrez gain, elkarren artean egituratuko dira. Dena den, harrigarria da asmo handiko agindu horrek ondorio modura estrategiaren gobernamendu-organoa ez ekartzea, sistemaren zeharkako politikak eraginkortasunez koordinatzeko. Baina, gai horri gogoeta berezietan berriz eutsiko diogu.
  • Gaztediari bere burua eta eskaintzen zaiona ezagutzeko xedapen gehigarria. Are gehiago, gazteentzako irakaskuntza-zentroetan, beste gazteri zentro batzuetan… edo, behintzat, Euskadiko Gaztediaren Sistemari buruzko Zerbitzuen Katalogoetan (13. artikulua) zabaltzeak zentzua izan dezake. Aurreproiektuan informazio-kanpainak aipatzen dira, baina orokorrean; 36. artikulua kanpoan bizi diren gazteentzako informazioari buruzkoa da. Era berean, gazteentzako informazio-bulegoak adierazten dira. Dena den, gure iritziz, ez da nahikoa. Oro har, pertsona gaztea ez da informazioa eskatzera joango, beraz, hori lortzeko erraztasunak eman beharko litzaizkioke.

c) Zioen azalpena

Gure ustez, zioen azalpenaren egitura eta edukia ikuskatzea komeni da hainbat arrazoitan oinarrituta:

Lehenik eta behin, egitura kontuan hartuta, irakurleari nahastea sor diezaioke: gazteriari buruzko araudia aipatzen hasten da, gero, 80. hamarkadatik Euskadin garatutako gazteriaren inguruko politika publikoen historia egiten du eta, ondoren, berriz arloan araudiari eusten dio. Era berean, tartean legearen erronka/k, xedea eta helburuak… ikus daitezke. Nolanahi ere, sekuentzian aldaketa horiek irakurketa zailtzen dute.

Bigarrenez, diagnostikoak pertsona gazteek beren bizi-proiektu autonomoa sortzeko dituzten zailtasunak identifikatzeko orduan asmatzen du eta, besteak beste, gazte-enpleguaren ezegonkortasunari edo etxebizitza lortzeko zailtasunei lotzen zaizkie. Diagnostikoa analisi batekin osatu da eta errealitatea nola alderantzika daitekeen eta egin behar den aztertzen du. Ildo horri eutsiz, honako ekintzak proposatzen ditu: “produkzio-bitartekoetara iristean pertsona gazteen artean egiazko berdintasuna bultzatzea”.

Ez du asmatzen, ordea, neurri berean talde horren inguruan politika publikoen puntu indartsuak eta pertsona gazteen gaitasunak jasotzean:

  • Hobetzeke dagoenari erreparatzen zaio, baina azkeneko hamarkadetan eremu horretan lorpenak ez dira deskribatzen. Aurrekoaren ildotik, euskal erakunde eta administrazioek, baita gazteriari eragiten dizkioten politika publikoak (hala nola, lanbide heziketa, hezkuntza eta hizkuntza politika, familia politika, enpleguari buruzkoa, etab.) garatzen nahasitako gainerako eragile eta erakundeek ere Euskadin egindako lan iraunkorrari balioa eman beharko litzaioke.
  • Gainera, artikuluetan jasotakoaren aldean, zioen azalpenak talde horrek eta, bereziki, 18 eta 29 urte bitartean dituzten gazteek (adin nagusikoak) euskal gizarteari orain egiten dizkion eta etorkizunean egin diezazkiokeen ekarpenak ez ditu balioztatzen, beste eremuen artean bizi politikoan, ekonomikoan, kulturalean, kirolaren arlokoan eta elkarteen ingurukoan gazteriaren partaidetza aktiboa Euskadi eraikitzeko oinarrizkoa denean. Testuan gazteriaren irudi pasiboa (babesa behar duten pertsonak) azpimarratzen da, baina ez da irudi aktiboa (ekarpena egiten duten pertsonak) onartzen.
    Laburbilduz, zioen azalpenean komenigarria litzateke gazteriaren zeregin aktiboa nabarmentzea, arauaren artikuluekin bat etortzeko. Izan ere, horietan modu horretan ageri da (adibidez, ikusi III. titulua, “gazteen partaidetzari eta gizarte ekimenari buruzkoa”).

d) Arauan haurren eta nerabeen tratamendua

Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak onartzen du haurra 18 urtetik beherako gizaki oro dela, aplikagarria zaion legearen babesean adin nagusira lehenago iritsi denean izan ezik. Horregatik, Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektuari dagokion adin-tarte aplikagarria (12-30 urte) kontuan hartuta,12-18 adin-tartean haur/nerabe eta gazteriaren eremuen artean koordinazio eta lankidetza handiagoa ezinbestekoa dela deritzogu. Ildo beretik jardun beharko litzateke etapa batetik bestera iragatean eta gainjarriak muntatu behar direnean, ezinbestez gai berezi batzuetan hala gertatuko baita.

Euskadik Familia eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Ituna (2018) du, legearen aurreproiektuak bere zioen azalpenean ez aipatu arren. Halaber, alde batera utzi da bere garapena, hau da, EAEko Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Plana (2018-2022).

Plan honetan bereziki bi ardatzei erreparatzea komeniko litzateke: 1. ardatza. Familia berrietan gazteen emantzipazioa eta prestakuntza sustatzea. Ardatz horren barruan, besteak beste, hurrengo jarduerak aurki daitezke: gazteentzat lehentasunez etxebizitzen erreserba egitea eta prestazio ekonomikoaren bitartez gazteei merkatu pribatuan alokairuan etxebizitza lortzen laguntzea. 4. ardatza. Haurren eta nerabeen ongizatea sustatzea; horrek haur eta gazteen sustapena oso gogoan du, eskubideen subjektuak diren neurrian, haurtzaroaren eta nerabezaroaren ikuspegia kontuan hartuta.

Aurrekari horiekin, legearen aurreproiektuan haurrekiko jarduerarekin (12-18 urte bitarteko aldia) koordinazioaren aipamenik ez dugu aurkitu.

Bestalde, gaur egun “haurren eta nerabeen eskubideei eta horien berme, prebentzio eta babesari buruzko legearen aurreproiektua” egiten ari da eta bi arauen artean adin-tarte berdinari aplikatu behar zaizkionean loturak handiagoa izan beharko luke.

Egia da zioen azalpenak aipatutakoarekin bat, nerabezarora lehenago iristen dela eta horren harira 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa, adierazten dela. Helburua bi arauak lortzea da eta lege bakoitza aplikatzeko orduan, bakoitzean xede horrez sortutako organoen bidez koordinatuko dela dio.

Euskadiko Gazteriaren arloan Erakundeen arteko Koordinazio Organoak (38.4. artikulua) gazteriaren politika integralari erreparatzen dio eta bere aginpide-eremua 12 urtetik 30 urtera bitarteko pertsonetara hedatzen da. Hala, gazteriaren arloan zeharkako politikaren aplikazio-eremutik ez da bakarrik 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzat. Hori oso egokia iruditzen zaigu. Baina, aurrekoari eutsiz, agian, legean gehiago zehaztu beharko litzateke 12-18 urteetan aplikazioa.

Premisa berari eutsiz, zehaztapen bakarra zioen azalpeneko azkeneko paragrafoan ageri da eta hala dio: “Gazteriaren Euskal Sistemak egonkortasunez eta jarraipenarekin haurrak, nerabeak eta gazteak garatzeko eta ikuspegi bikoitzetik haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroaz gozatzeko erraztasunak ematea du helburu…”. Testu guztian zehar, berriz, haur, nerabe eta gazteen adin-tarteak ez dira bereizita azaltzen.

e) Garapenerako kooperazioaren eremua

Legearen aurreproiektuko 37. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan gazteriaren arloan aginpidea duen sailak, Garapenerako Kooperazioaren Euskal Agentziaren laguntzaz, gazteriaren artean garapenerako kooperazioa sustatuko duela arautzen du. 2. atalean honakoa xedatzen da: “herrialde pobretuetan edo giza krisiaren biktimak diren horietan baldintzak, gerra- eta genozidio-gatazkak eta baldintzen arrazoiak berariaz ezagut daitezen, garapenerako hezkuntza sustatuko da. Horrez gain, herrialde horietan bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko, herritar gisa, Euskadin bizi diren gazteek onar dezaketen konpromisoa ere aditzera emango da”.

Arlo horretan arauak sartu beharko lituzkeen bi ekimen aurkitu ditugu:

Lehenik eta behin, Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda, garapenaren esparruan paradigma berria. Gainera, Euskadin Euskadi Basque Country 2030 Agenda dugu eta zeharka garapen jasangarriari erreparatzen dio, ez bakarrik garapenerako kooperazioaren herrialde hartzaileen ikuspegitik, baita Euskadin egin behar diren ekintzen ikuspuntutik ere.

Gure ustez, koherentziaz, haur, nerabe eta gazteriaren arloan Euskadik landu behar dituen erronken eta garapen jasangarrirako helburuen artean loturak handiagoa izan beharko luke. Ildo horri jarraiki, oinarrizkoa da denboraldi honetan onartutako legeek erronka horiek kontuan hartzea.

Bigarrenez, kontuan hartu beharko litzateke (H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategia. Horri jarraiki, gizarte-eraldaketarako hezkuntza garapenerako hezkuntzaren zuzeneko jaraunsle modura definitzen du.

Herritar kritikoak, planetaren desberdintasunaz eta bidegabekeriaz eta bidezko nahiz elkartasunezko jardunez jakitun direnak, sustatu behar direla dio. Modu horretan, banako eta taldeko aldaketak gertatuko dira. Era berean, toki-orokor ikuspegia sartu du, politiko-pedagogiko ikuspuntuarekin eta aplikazio praktikoarekin batera; subjektuak eta eragileak anitzak dira eta lanak egituratua eta sarean egina izan beharko du.

Laburbilduz, gure iritziz, 37. artikulua ikuskatu beharko litzateke, edukian aipatu diren bi ikuspegiak sartzeko: batetik, garapen jasangarria eta, bestetik, gizarte-eraldaketarako hezkuntza.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

Zioen azalpena

Gogoeta orokorretan adierazitakoaren ildoetatik zioen azalpen guztia berraztertzea komenigarria izatearen gorabehera, zenbait gai berezi azpimarratu nahi ditugu:

Lehenengoz, lege-aurreproiektuaren 2. orrialdeko 8. paragrafoan letra lodiz nabarmendutakoa gehitzea gomendatzen da:

 

“Gazteriak ekonomia- eta familia-mendekotasunaren egoera duela antzeman da eta ez dio kultur balioen eremuan aldaketari erantzuten, aipatu diren egiturazko gorabeherek eskatutakoari baizik…”

Gure ustez, aipatu behar da zerk sortzen duen mendekotasun-egoera eta norekiko diren mendeko.

Bigarrenez, 2. orrialdeko azkeneko paragrafoak hala dio: “gazteriaren mendekotasuna luzatzearekin batera, bestelako egoera garrantzitsuak, bai kuantitatiboak, baita kualitatiboak ere, kontuan hartu behar dira. Horiek gazteen taldeei eragiten dizkiete eta kasuen arabera, gorabehera pertsonal, familiar, kultural, ekonomiko edo sozialetan dute beren funtsa. Nolanahi ere, ustezko guztietan, garatzeko eta gizartean oso-osorik sartzeko aukerak mugatzen dituzte. Honakoez ari gara: desgaitasun fisiko edo psikikoaren egoerez ala behar bereziak edo bitarteko ekonomiko urriak dituzten familien kide izateaz. Halakoetan, pertsona gaztearen prestakuntza eta garapena ez daude bermatuta”.

“Desgaitasun fisiko eta psikikoarekiko” aipamenari dagokionez, bakarrik “desgaitasuna” terminoa erabili beharko litzateke, desgaitasun guztiak sartuak baitaude. Bestela, guztiak zehaztu beharko lirateke, hala nola, desgaitasun intelektuala edo garapenaren ingurukoa (zentzumenekoa ere desgaitasunari buruzko aipamenean ez dago sartuta)AAIDDk (American Association on Intellectual and Developmental Disabilities) emana, desgaitasun intelektuala hurrengo moduan definitzen da: “Desgaitasun honetan adimenaren funtzionamenduak eta egokitzapen-jokabideak muga esangarriak ditu eta kontzeptu eta gizartearekiko moldapen-abileziatan nahiz egokitzapen-abilezia praktikoetan azaltzen dira”.Hau da, eguneroko bizian funtzionatzeko eta, bide batez, egoera desberdinei, baita toki (testuinguru) ezberdinetan ere erantzuteko pertsonak ikasten dituen abileziak mugatuak daude.Bestalde, garapenaren desgaitasun terminoak hurrengoak ditu multzokatuak: desgaitasun intelektuala, autismoaren espektroko asaldurak, garun-paralisia eta bestelako desgaitasun-baldintzak, desgaitasun intelektualarekin harreman estua badute edo desgaitasun intelektuala duten pertsonek eskatzen duten antzeko laguntza-prozesua behar badute. Garapenaren garaian sortzen diren desgaitasunetarako erabiltzen da; oro har, gure kulturan garai hori pertsonaren biziaren lehenengo 18 urteetara mugatzen da. Biziaren arlo garrantzitsuetan, besteak beste, mintzairan, mugikortasunean, ikaskuntzan, bakoitzak bere burua zaintzean eta bizi independentean mugak daude..

Hirugarrenez, emakumeen desberdintasun orokorrari eta, bereziki, ordainsarien desberdintasunari egin behar zaion aipamenaren inguruan gogoeta orokorretan adierazitakoa berriz azpimarratuz, 3. orrialdeko 1. paragrafoa honako moduan osatzea iradoki da:

 

“…Gazteek gizartean duten zeregina aurreko belaunaldiek zutena baino berdinagoa dela egia da, baina oraindik indar handia dute genero-estereotipoek, rol sexistek eta emakume gazteak lan-merkatura sartzeko eta ordainsaria jasotzeko diskriminazioek. Horrez gain, emakumeak pobreagoak izatea emakume gazteei ere eragiten die eta oraindik emakumeen gorputzek sexu bitarteko eta gauza izaten jarraitzen dute. Horiek guztiak matxismoaren emaitzak dira eta honako guneetara hedatzen dira: aisialdia, kirola, kultura, lan-merkatuan sartzea edo familia-ereduak…”

Azkenik, 4. orrialdeko laugarren paragrafoak hurrengoa xedatzen du: “pertsona gazteak Espainiako Konstituzioak, Euskal Herriko Autonomia Estatutuak eta banakako nahiz taldeko giza eskubideak babesten dituzten nazioarteko tresnek eta, bereziki, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunak eta Gizakiaren Eskubideei eta Oinarrizko Askatasunei buruzko Europar Konbentzioak eta Europako Gizarte Gutunak onartutako eskubide, eskakizun eta askatasunen titularrak dira. Horiei, gainera, beste tresna sektorial batzuek, bestea beste, Gazteriaren Eskubideei buruzko Konbentzio Iberoamerikarrak onartutakoak erantsi behar zaizkie”.

Esparru araudia zerrendatzen denean, gehitu beharko litzateke Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren aipamena, gizarte-garapenaren ikuspegia esplizituki adierazten duen giza-eskubideen tresna baitaHorrek baieztatutakoaren arabera, desgaitasuna duen pertsona orok oinarrizko giza eskubide eta askatasun guztiez gozatu beharko du. Eskubideen kategoria guztiak nola aplikatzen diren argitzen du eta desgaitasuna duten pertsonek eraginkortasunez beren eskubideak erabiltzeko moldapenak sartzea eskatzen dituzten eremuak adierazten ditu..

1. artikulua. Helburua eta xedea

Artikulu honek 1. atalean hala dio: “lege honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan gazteriaren politika garatzeko arau eta aginpideen esparrua zehaztea da.”

Hala eta guztiz ere, zalantzazkoa da adierazpenak arauak egiaz egin dezakeenari edo egiten duenari eustea, legearen esanetan, arau- eta aginpide-esparrua zehazten baitu, baina, egiaz, Konstituzioaren blokean eta Gernikako Estatutuaren arau-esparruan, baita lurralde-administrazioen artean aginpideak banatzen dituzten legeetan ere dagoeneko zehaztuta dago.

Izan ere, aurreproiektuaren zioen azalpenari berari (4. orrialdea) erreparatuz, ondorengoa aitortzen da: “Gazteriaren politika osoa bultzatzeko, Gazteriaren Euskal Legeak Euskadiko herri administrazioen aginpideak eta funtzioak egituratzeko beharrari erantzuten dio… Aurrekoari eutsiz, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak aginpideen garapen eraginkorra bermatu eta ematen zaizkion zereginak arintzeko kudeaketa-mekanismoak behar ditu.”

Aurrekoan oinarrituta, “zehaztu” aditzaren ordez biziagoa ez den bestelakoa, adibidez, “egituratu” erabiltzea komenigarria litzatekeelakoan gaude.

3. artikulua. Aplikazio-eremua

Lehenik eta behin, harrigarria da artikulu honen 2. atalak xedatutakoari jarraiki, araua EAEn “dauden” gazte guztiei aplikatzea, egoitzari aipamenik egin gabe, beraz, letra lodiz adierazitako aldaketa proposatzen da.

Bigarrenez, 3. atalean 18tik 30 urtera bitarteko adin-tartea 16tik 30 urtera zabaltzea gomendatzen da, egokiagoa delakoan. Hala, puntu honetan berriz aipatuko dugu gogoeta orokorrean azaldutakoaren ildotik, arautzen den adin-tarte batetik bestera iragatean beharrezkoa den koordinazioa.

Laburbilduz, letra lodiz adierazten diren aldaketak gomendatzen dira:

 

“2. Lege honek arautzen duen gazteriaren politika Autonomia Estatutuak 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, euskal baldintza politikoa duten pertsona gazte guztientzat da. Halaber, Euskadiko Autonomia Erkidegoko lurraldean egoitza duen pertsona gazte ororentzat da.

3.- Gazteriaren arloan zeharkako politika bultzatzeko neurriak eta tresnak 16 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzat dira, biak barne; hori guztia, izaera edo helburuengatik, programa eta jarduera zehatzek beste adin-muga batzuk aurrez ikustea alde batera utzi gabe, besteak beste, 30 urtetik gorakoentzat etxebizitza edo nekazaritza-ustiategia lortzea. Dena den, inola ere ez dira gutxietsiko legeak aurrez ikusitako printzipioak eta bermeak”.

5. artikulua. Printzipio orokorrak

Lehenengoz, printzipio orokorrei buruzko artikuluak, besteak beste, irisgarritasunarena kontuan hartu beharko lukeela deritzogu.

Bigarrenez, artikulu honetako a), b) eta e) atalek hurrengoa diote:

“Gazteriaren arloan Euskadiko herri administrazioen jarduera arautu eta bideratu behar duten printzipio orokorrak ondorengoak dira:

 

a) Aukera-berdintasuna. Aukera-berdintasuntzat joko da pertsona gazte guztiek, berdintasun baldintzetan, eskubide politiko, zibil, ekonomiko, sozial eta kulturalak, baita arauek onar ditzaketen gainerako oinarrizko eskubideak ere eraginkortasunez erabiltzen dituztela bermatzeko neurri egokiak aplikatzea. Halaber, aukera-berdintasunaren barruan sartuko da neurri egokiak aplikatzea baliabide eta onura soziokulturalak lortzean, batetik, abiapuntuko edo hasierako baldintzak eta, bestetik, horiek eraginkortasunez erabili eta kontrolatzeko baldintzak berdinak direla berma dadin.

b) Unibertsaltasuna, dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatzea. Pertsona gazteen emantzipaziorantz prozesua dibertsitatea eta desberdintasunak errespetatuta egiteko bitarteko egokiak jarri beharko dira. Aurrekoaren harira, gazteriari buruzko politiken hartzaileak pertsona gazte guztiak izango dira, arraza, sexu, hizkuntza, dibertsitate funtzional, sexu-orientazio, genero-adierazpen, erlijio, iritzi politiko edo bestelako, jatorri etniko, posizio ekonomiko, jaiotza edo beste edozein baldintza pertsonal edo sozial batengatik bereizketarik egin gabe, bai gazteen taldeen barruan, bai bestelako biztanle-taldeekiko.

e) Emakume eta gizonen berdintasuna Sexuarengatik edozein diskriminazio-mota, emakumeen aurkako indarkeria matxista barne, deuseztatzea sustatuko da. Horrez gain, adinaren arabera, gizarte-eremuan jarduten duten gizarte-rolak eta genero-estereotipoak ezabatuko dira eta, aldi berean, pertsona gazteen artean genero-estereotipoak eta desberdintasun- nahiz diskriminazio-egoerak sustatu edo sortzen dituzten bestelako gorabehera pertsonalak edo sozialak deuseztatzea bultzatuko da.”

Planteatutako idazkerari dagokionez, lehenik eta behin, a) atalean letra lodiz adierazitakoa gehitzea eta b) atalean  modu berean azaldutakoa ordezkatzea gomendatzen da. Gainera, a), b) eta e) ataletan azpimarratutako testua kendu beharko litzateke, ondoren adierazten den moduan idatzia gelditzeko:

“a) Aukera-berdintasuna. Aukera-berdintasuntzat joko da, berdintasun-baldintzetan, pertsona gazte guztiek eraginkortasunez eskubide politikoak, zibilak, lanekoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak erabiltzen dituztela bermatzeko neurri egokiak aplikatzea.

b) Unibertsaltasuna, dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatzea. Bitarteko egokiak jarri beharko dira pertsona gazteen emantzipaziorantz prozesua arraza, sexu, hizkuntza, desgaitasun, sexu-orientazio, genero-adierazpen, erlijio, iritzi politiko edo bestelako, jatorri etniko, posizio ekonomiko, jaiotza edo beste edozein baldintza pertsonal edo sozial batengatik dibertsitatea errespetatuta egiteko.

e) Emakume eta gizonen berdintasuna Sexuarengatik edozein diskriminazio-mota, emakumeen aurkako indarkeria matxista barne, deuseztatzea sustatuko da”.

Justifikazioa: “Lanekoak” terminoa sartzea (a atala) bidezkoa iruditzen zaigu, lege-aurreproiektuaren zioen azalpenak azaltzen duen bezala, pertsona gazteen lan-eskubideak zalantzan jartzen baitira. Era berean, gure iritziz, egokia da “dibertsitate funtzionala” terminoaren ordez “desgaitasuna” terminoa erabiltzea (b atala), lehenengo terminoa Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak onartzen baitu.

Zatiak ezabatzea proposatzeari dagokionez, aurreko ataletan aipatutako printzipio orokorren definizio laburragoak aproposagoak iruditzen zaizkigu.

Bigarrenez, informazioaren l) atalak honakoa xedatzen du: “pertsona gazteek eragiten dizkieten politika eta jarduera publikoei dagokienez informazio guztia modu iraunkorrean eskura izan dezaten sustatuko da. Lege honen ondorioz, Euskadiko herri administrazioek pertsona gazteen esku jartzen duten informazio oro Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan azalduko da”.

Aurrerago, “euskararen erabilera normalizatzea” n) atalean honakoa adierazten da: “Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak ikasi eta erabiltzea bermatuko da eta beren biziaren eremu guztietan pertsona gazteen artean euskararen erabilera normalizatzea bultzatuko da. Era berean, Euskadiko herri administrazioekin dituzten harremanetan ahoz ala idatziz euskara edo gaztelania erabiltzeko eta bietako batean arreta izateko eskubidea bermatuko da”.

Gure ustez, aurreko ataletatik azpimarratzen den zatian ia informazio berdina eskaintzen da. Horregatik, guztia batean biltzea nahikoa litzateke.

Hirugarrenez, artikulu honen p) atalak azaldutakoaren arabera, printzipio orokorra da “gazte atzerritarrak gizarteratzea, giza eskubideei buruzko aitorpena betetzeko”.

Gure iritziz, aipatzen den printzipioa garrantzitsua denez, gutxieneko garapena behar da, behintzat aurrekoen heinean.

7. artikulua. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren funtzioak

Lehenengoz, artikulu honen d (4) atalak xedatutakoarekin bat, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokio “Eusko Jaurlaritzako organo eskudunarekin lankidetzan jardutea…”.

Solasaldiak zehaztea komenigarria litzateke, kasu honetan bezala, agindu honek sor dezakeen autoaipamena saihesteko.

Bigarrenez, d) atal honetan faltan botatzen da beste baten kontura izandako enpleguari buruzko azpiindizea, gazteen ekintzailetzaz hitz egiten den moduan, beraz, hurrengoa gehitzea gomendatzen dugu:

 

“(6) Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eremuan gazteen kalitatezko enplegua bultzatzea” 

Azkenik, i) atalean letra lodiz adierazten den aldaketa egitea gomendatzen da:

 

“i)   Gazteen erakundeen eta gazteriari zerbitzuak eskaintzen dizkieten erakundeen errolda sortu, arautu eta mantentzea, araubidez garatutakoari jarraiki”.

Justifikazioa: Gure iritziz, “elkarteak” terminoaren ordez “erakundeak” terminoa erabiltzea egokia da, gazteen sare antolatuaren errealitate guztia hobe barneratzen baitu.

10. artikulua. Gazteriaren Euskal Sistema definitzea

Artikulu honen 1. atalak hala dio: “Gazteriaren Euskal Sistema erantzukizun publikoko eta gizarte-partaidetzako jarduera- eta egitura-multzo antolatu eta egonkorra da…”.

Gure ustez, ordea, gainerako artikuluekin bat ondorengo idazkera aproposagoa da:

 

“1. Gazteriaren Euskal Sistema erantzukizun publikoko jarduera- eta egitura-multzo antolatu eta egonkorra da eta gizarte-partaidetza izan dezake. Bere titulartasuna publikoa edo pribatua izan daiteke…”.

14. artikulua. Gazteriari buruzko politiken profesionalak

Artikulu honek “gazteriari buruzko politiken profesionala” irudi berria definitzen du eta 1. atalak xedatutakoaren arabera, “gazteriari buruzko politikak egikaritzeko, gazteriaren inguruko jarduera, zerbitzu edo ekipamenduetan lanean ari den pertsona ororen zereginaz, ordainduaz edo ordaindu gabeaz baliatzen da. Halaber, zeharkako politikak bultzatzen edo eremu publiko ala pribatuan gazteriarekin zerikusia duen sektoreren batean eginkizuna garatzen duten pertsona guztien lana erabiltzen da”.

Gure ustez, definizioa oso zabala eta zehaztugabea da eta, ondorioz, irudiaren inguruak onartu eta beren estatutua arautzeko orduan, arazo larriak sortzen dira. Beraz, “gazteriari buruzko politiken profesionala” irudi nagusia hobe definitu beharko litzateke, bertan sartu eta bertatik baztertzen dena mugatzeaz gain.

16. artikulua. Arau eta plan sektorialen ondorioak

Artikulu honen 1. atalak xedatutakoaren arabera, “Eusko Jaurlaritzak onartu behar duen xedapen orokorra edo Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazioari dagokion plana egiten ari den bitartean, horiek pertsona gazteengan zuzeneko eragina badute, organo sustatzaileak gazteriaren eremuan inpaktua aztertuko du, hau da, lortu nahi den helburuarekin (pertsona gazteen autonomia eta emantzipazioa sustatzea) izan daitezkeen ondorio positibo eta negatiboak balioetsiko ditu, 18. artikuluan eta bere garapenean aurrez ikusten diren parametroak kontuan hartuta. Hala, analisia justifikazio- edo azalpen-memorian sartuko da eta, bidezkoa bada, memoria ekonomikoan ere bai…”.

Pertsona gazteen taldea aipatzen dugunean, “zuzeneko eragintzat” zer ulertzen den definitzea beharrezkotzat jotzen dugu. Izan ere, beti berarengan eragina izango du, egindako xedapena orokorrean biztanleentzat denean ere.

17. artikulua. Gazteriaren arloan euskal estrategia

Hirugarren paragrafoa gehitzea gomendatzen da eta ondorengo testua izango du:

 

“3. Gazteriaren Euskal Estrategiak pertsona gazteen emantzipazioa sustatzeko neurri eta helburu zehatzak izango ditu, 18. artikuluan dauden esku-hartzeen ildoetatik.”

Justifikatzeari begira, estrategiak legezko testuaren 18. artikuluan xedatutakoan oinarrituta, helburuak eta neurriak izango dituela adierazi behar da.

18. artikulua. Gazteriaren arloan euskal estrategiaren esku-hartze ildoak

a) Gazteria eta enplegua

Lehenik eta behin, gogoeta orokorretan azaldutakoa berriz azpimarratu nahi dugu: lan-merkatuan pertsona gazteek duten egoerari buruzko diagnostikoa eta garrantzia kontuan hartuta, atal honetan landutako gaiek zenbait aldaketa eta garapen handiagoa eskatzen dituzte.

Bereziki, lehenengo enplegua lortu eta prestakuntza gutxi duten gazteen inguruan (1. eta 3. atalak) urritasunak antzeman dira.

Horrez gain, gure ustez, a1) atalean jasotzen den bezala: “Euskadiko herri administrazioek programa bereziak eta ekintzak zehatzak bultzatuko dituzte, batetik, pertsona gazteak lan merkatuan sartzean erraztasunak eman eta hori bultzatzeko eta, bestetik, beste baten konturako kontratazioan lan-egonkortasunaren eskutik, kalitatezko gazteen enplegua sustatzeko”. Hortaz, pertsona gazteak “praktiketan” kontratatzearen aipamena ezabatu beharko litzateke, orokorrean “kontratazioa” adierazteko (2. atala).

Bestalde, 4. atala ikuskatzea proposatzen da eta, aldi berean, komenigarria iruditzen zaigu legean “gazteen ekintzailetza” zer den definitzea, baita lan merkatua aditzera ematearen garrantzia sartzea ere (5. atala). Azkenik, gomendagarria litzateke klausula orokorra gehitzea 6. atal berrian.

Ildo horri jarraiki, letra lodiz aipatutakoak aldatzea eta gehitzea gomendatzen da:

 

 “1) Euskadiko herri administrazioek programa bereziak eta ekintzak zehatzak bultzatuko dituzte, batetik, pertsona gazteak lan merkatuan sartzean erraztasunak eman eta hori bultzatzeko eta, bestetik, kalitatezko gazteen enplegua sustatzeko. Hala, beste baten konturako kontratazioan lan-egonkortasuna bilatuko da, gazteen lan-eskubideak, osasuna eta prebentzioa bermatuko dira eta kontratazioaren arloan iruzurrezko jarduerak baztertuko dira.” Era berean, lan-esperientzia lortzea eta lehen enplegura iristea sustatuko da.

2) Prestakuntza eta praktiketako programa bereziak bultzatzen jarraituko dira, pertsona gazteen kontratazioa pizteko diru-laguntza eta laguntzekin batera.

3) Prestakuntza eta ikaskuntza iraunkorra sustatuko da, bereziki pertsona gazteentzat, hezkuntza urritasunen bat badute edo ikasketak utzi badituzte; prestakuntza errazteko neurriak bultzatuko dira, lan egokia izan dezaten.

4) Gazteen ekintzailetza, autoenplegua eta gazteen enpresa ekimena sustatuko dira.

5) Gazteei lan-merkatuaren beharrak eta horien eskubideak nahiz eskakizunak jakinarazi eta aditzera emango zaizkie.

6) Beste edozein jarduera.”

b) Gazteria eta hezkuntza:

Letra lodiz nabarmendutakoak gehitzea proposatzen da:

 

“…

2) Arreta berezia jarriko zaio balio demokratikoetan hezkuntzari eta eskubideak nahiz eskakizunak erabiltzeari; arlo horretan landuko dira bakea eta gatazkak bakez ebaztea, giza eskubideak errespetatzea, elkartasuna…

3) Gazteen prestakuntza atzerrian sarituko da, ezagutza indartzeko eta lan-merkatuan errazago sartzeko; xede horrez, Euskadira itzultzeko neurri zehatzak bultzatuko dira.

4) Ikastetxeetan arreta berezia jarriko zaio haurren eta nerabeen talentua garatzeari, bikaintasunaren bila.

Justifikazioa: Hezkuntzak balio demokratikoetan, eskubideetan eta eskakizunetan oinarritu behar du (2. atala). “Balioa” kontzeptua zehaztugabea da, beraz, gure iritziz, erreferentzia balio demokratikoek izan behar dute. 3. atalari dagokionez, prestakuntza bakarrik orokorrean aipatzen da, baina ez dira helburuak adierazten, sartu behar izan arren.

Halaber, ikastetxeetan talentua eta bikaintasuna sustatzeari buruzko laugarren atala eranstea iradoki da, talentua baita edozein gizarteren kapital nagusia.

c) Gazteria eta etxebizitza

 

“1) Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak gazteriaren autonomia pertsonalari buruzko prozesuak bultzatuko ditu eta, horretarako, gazteek etxebizitza duina lor dezaten politika aktiboa garatuko du. Xede horrez, etxebizitzari buruzko legea garatzen ari den honetan, etxebizitzaren politiken esparruan gazteek dituzten zailtasun bereziak, batik bat, ekonomikoak arintzeko neurriak gaituko ditu eta, bide horretatik, erosita, norberak eraikita, birgaituta edo gazteentzako alokairuaren neurri bereziak bultzatuta, etxebizitza lortzeko merkatu libreak ematen dituenak baino baldintza hobeak eskaintzen saiatuko da…”

Justifikazioa: Erantsi eta idazkera berriaren ondoren, etxebizitzara baldintza hobeetan iristeko mekanismoak zehazten dira.

g) Gazteria eta kultura

Edukiari erreparatuz, atal honen izenburua osatu gabe dagoelakoan gaude; beraz, horren ordez “Gazteria, kultura eta sormena” ipini beharko litzateke.

h) Gazteria eta kirola

Atal honetan letra lodiz adierazitako testua gehitzea gomendatzen da:

 

“Euskadiko herri administrazioek aukera-berdintasunean, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin lankidetzan, gazteek kirolean jardutea sustatuko dute, gazteek bizi-ohitura osasuntsuetan sentsibilizatzen lagunduko baitu eta, bide batez, osasuna eta baloreen sustapena mantendu eta hobetuko baititu”.

Justifikazioa: Testua osatzeko zabaltzea.

i) Gazteria, aisialdia eta astialdia

Atal honetan letra lodiz adierazitako testua gehitzea iradoki da:

 

 “Euskadiko herri administrazioek neurri zehatzak hartuko dituzte gazteentzako aisialdi eta astialdiko jarduerei buruzko eskaintzaren dimentsioa eta kalitatea zabaltzeko. Nolanahi ere, aisialdia aprobetxatzea hurrengoetarako funtsezko elementua da: nortasuna garatzeko, hezkuntza- eta prestakuntza-tresna modura erabiltzeko eta modu osasuntsuan jarduteko”.

Justifikazioa: Gure iritziz, aisialdiak osasuntsua izan behar du eta, beraz, eranstea garrantzitsua da.

j) Gazteria, osasuna eta prebentzioa

Lehenengoz, atal honen 1. puntuan egokitzat jotzen da, arreta berezia eskaintzeko, elikadura osasuntsua sartzea, gure gizartean obesitatearen arazoa garrantzitsua baita.

Bigarrenez, 2. puntuak hala dio: “lanean ezbeharrak saihesteko eta lan-osasuna babestu nahiz hobetzeko neurriak sustatuko dira eta emakume langile gazteei berariaz eragiten dizkieten gaiak azpimarratuko dira”.

Lan-osasuna bezalako hain arlo garrantzitsuan generoaren ikuspegia sartzea positiboki balioztatzen dugu, baina beste idazkera bat proposatzen dugu, aproposagoa delakoan. Lehen azpimarratutako testua ordezkatzea gomendatzen da. Horrez ordez, letra lodiz ageri dena ipini beharko litzateke:

 

“2. Era berean, lan-ezbeharrak saihestera eta lan-osasuna babestu nahiz hobetzera bideratutako neurriak sustatuko dira. Gainera, lan-osasuna generoaren ikuspegitik zainduko da”.

s) Kanpoan euskal etxeetako pertsona gazteak

Atal honen izenburua ordezkatzea gomendatzen da. Horrez ordez, “Kanpoan Euskadiko pertsona gazteak” jarriko da, euskal etxeen zeregina kanpoan dauden Euskadiko pertsona gazteei aholkuak ematea baita.

24. artikulua. Gazteentzako informazio eta dokumentazio zerbitzuak

Artikulu honetan zehaztugabetasuna antzematen da, zerbitzuak ez baitira definitzen. Horregatik, gure ustez, 1. atal modura ondorengo testua erantsi behar da:

 

“1. Gazteentzako informazio- eta dokumentazio-zerbitzuak dira zentro publikoak edo pribatuak, helburu gisa gazteentzako informazio-, hedapen- eta aholkularitza-jarduerak badituzte eta ofizialki onartuak badaude.”

27. artikulua. Gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduen erregistro orokorra

2. atalean gazteentzako zerbitzuek eta ekipamenduek erregistro orokorrean egon behar dutela ageri da eta jardueraren deskribapen zehatza sartzea proposatzen da.

Gure iritziz, ikuskatzeko, oinarrizkoa da zerbitzuaren edo ekipamenduaren jarduera zehatza idatziz jasoa uztea.

30. artikulua. Partaidetza sustatzea

Artikulu honek 2. atalean aitortutakoarekin bat, “Euskadiko Gazteriaren Kontseilua baliozko solaskidea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrean, 6/1986 Legeak, maiatzaren 27koak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari buruzkoak, xedatutakoaren arabera”.

Aitorpen hori harrigarria iruditzen zaigu, kontseilua dagoeneko existitzen baita, legeak arautzen baitu eta horretan solaskidearen zeregina onartuta baitago.

35. artikulua. Boluntario gazteak

Artikulu honen 2. atalean letra lodiz adierazitako testua gehitzea gomendatzen da:

“2. Euskadiko herri administrazioek, beren aginpideen eremuan, boluntarioen jardueratan gazteen partaidetza sustatuko dute. Gainera, boluntarioen baldintzak zainduko dituzte eta formula horren bidez lanpostuak ez ordezkatzea bermatuko dute. Boluntario gazteek jarduteko baldintzak araubidez zehaztuko dira”.

Justifikazioa: Puntu honetan, egiazko boluntarioak bermatzeko administrazioak ere zaindu behar duela iruditzen zaigu. Aurrekoari eutsiz, boluntarioen bidez inola ere lanpostuak ordezkatzen ez direla bermatuko du.

38. artikulua. Gazteriaren arloan Euskadiko erakundeen arteko koordinazio organoa

5. artikuluak hurrengoa aipatzen du: “Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteari edo berak eskuordetzen duen pertsonari saio eta zeregin guztietara gonbidatuko zaio eta ahotsez, baina botorik gabe parte hartuko du”. Ildo beretik doa 39. artikulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko gazteriaren sailen arteko batzordea arautzen duena, 4. atalean.

Gure ustez, gazteriaren zuzeneko ordezkaritza bakarrak botorik ez izateari buruzko hausnarketa egin beharko litzateke, neurri batean, legearen helburu batekin kontraesanetan sartzen baita. “Euskadiko gazteen partaidetza- eta solas-bitartekoak zabaltzeaz” ari gara.

44. artikulua. Ohiko jarduera ikuskatzailea

Artikulu honetan letra lodiz aipatutakoak gehitzea gomendatzen da:

 

“…

f) Gazteentzako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduetako erabiltzaileen eskubideak eta segurtasuna errespetatzen direla zaintzea.

j) Jarduera zehatzerako langileen gaitasuna egiaztatzea.

k) Bere gaitasunen esparruan ematen zaion beste edozein.

Justifikazioa: Jarduera, zerbitzu eta ekipamenduetako erabiltzaile gazteen segurtasuna zaindu behar da  (f atala) eta, aldi berean, langileek jarduerarako gaitasun egokia dutela kontrolatuko da (j atala). Bestalde, hondar-klausula modura k) atala gehitzea proposatzen da.

44.bis. artikulua Ikuskapen-akta

Artikulu bat gehitzea gomendatzen da eta ondorengo testua izango du:

 

“44.bis. Ikuskapen-akta

1. Ikuskapen-jarduera bakoitzaren ondoren ikuskapen-akta egokia idatziko da eta, gutxienez, hurrengo datuak idatziz jasoak utziko dira:

a) Jardueren data, ordua eta tokia.

b) Ikuskari jardulea identifikatzea.

c) Ikuskatutako erakundea, zentroa edo zerbitzua identifikatzea, baita ikuskapena egiteko orduan aurrean egon den pertsona ere.

d) Gertakariak eta gorabeherak, erabilitako frogabideak, hartutako kautelazko neurriak eta, bidezkoa bada, ustez egindako arau-haustea deskribatzea. Azkeneko kasuan, urratutako araua adieraziko da.

f) Ikuskari jardulearen eta ikuskatutako establezimendu edo jarduerako titular edo ordezkariaren ala, bidezkoa bada, ikuskapenean izan den pertsonaren sinadura. Horrek sinatu nahi ez badu, ikuskari jarduleak eta edozein lekukok sinatutako eginbidean idatziz jasoa utziko da. Akta sinatzeak edukia onartzea ez du ekarriko.

2. Aktak ikuskatutako zentroko edo zerbitzuko titularraren, bere legezko ordezkariaren edo, horiek izan ezean, horren mendeko edozein pertsonaren aurrean idatziko dira, ikuskatutako instalazio edo jardueratan badago eta une horretan arduradun modura identifika badaiteke.

3. Idatzitako aktaren kopia bat emango zaio pertsona horri eta berariaz ageriko da aktan.”

Justifikazioa: Pentsa liteke eduki hori araubidezko xedapenerako egokiagoa dela, baina ikuskapena lege honek arautzen duenez eta arautegirik ez dagoenez, bidezkoa da sartzea, segurtasun juridikoaren arrazoietan oinarrituta.

45. artikulua. Erantzukizuna

Xedatutakoaren arabera, “arau-hausteak egiteagatik administrazio-erantzukizuna pertsona fisiko edo juridikoari egotziko zaio”.

Gure iritziz egokiagoa litzateke “pertsona fisikoa edota juridikoa” aipatzea, gerta bailiteke pertsona juridikoaz gain, adibidez, zaintza ez egoteagatik, jardueran aritu den pertsona fisikoari arduradun egitea. Modu horretan, pertsona arau-hauslearen aurkako jarduera-tartea handiagoa da.

48. artikulua. Arau-hauste larriak

2g) atalean azaldutakoarekin bat, gazteen jardueren arloan arau-hauste larria da “segurtasunaren arloan indarreko arauak ez betetzea”.

Gure ustez, idazkera honek tipifizitatearen printzipioa urratzen du, zehapen-araubideak zehapen-gertakariarekin oso zehatza izan behar baitu. “Segurtasuna” kontzeptua ez da nahikoa zehatza (zer segurtasunez ari gara, industriakoa, lanekoa, herritarrena, etab.), hortaz, atala ikuskatzea gomendatzen da.

54. artikulua. Preskripzioen araubidea

Artikulu honen 1. atalak xedatutakoaren babesean, arau-hauste arinak preskribatzeko epea sei hilabetekoa izango da.

Epea laburregia delakoan gaude. Baliteke sei hilabetetan halako arau-hauste gehienak ez antzematea. Horregatik, epea zabaltzea proposatzen da, ezartzen duen goi mailagoko araua dagoen kasuan izan ezik.

57. artikulua. Zehapenen erregistroa

Artikuluak xedatutakoaren arabera, “lege honek arautzen duen Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorrean zehapenei dagokien atala azalduko da eta horretan ebazpen irmoak idatziko dira, arau-hauste desberdinengatik erabaki badira”.

Gure ustez, artikuluak bide judizialean ebazpen irmoak direla zehaztu beharko du.

58. artikulua. Kautelazko neurriak

Artikulu honen 4. atalak hala dio: “nahiz eta kautelazko neurriak hartu, zehapen-prozedura hasiko da, gertaerek arau-haustea eragin dezaketenean.”

Gure iritziz, hori ez da zuzena, kautelazko neurriak badira, halabeharrez prozedura bat, kasu honetan, zehapen-prozedura instrumentatu behar baitute. Gainera, 1. atalean hartzea baimentzen da, araudia larriki bete ez dela antzematen denean. Orduan, nola da posible espediente egokia ez hastea?

Horrengatik guztiarengatik, hurrengo ildotik araua ikuskatzea gomendatzen da:

 

“4. Kautelazko neurriak hartu ondoren, berehala zehapen-prozedura hasiko da.” 

Bestalde, artikulu berean faltan botatzen da zehapen-prozeduraren iraupenari dagokion gehieneko epea zehaztea. Definitzen ez bada, nahasitako pertsonari kalte garrantzitsuak eragin dakizkioke, prozedura horiek hartzea ekarri zuten arau-hausterik gabe amaitzen bada.

Hirugarren xedapen gehigarria. Datu pertsonalak

Datuak babestearen arloan ezinbestez araudia betetzeari dagokionez, kontsultatzen zaigun lege-aurreproiektuak bakarrik behin (32.2. artikulua, informazio- eta komunikazio-teknologiak erabiltzea) aipatzen duenez, xedapen honetan letra lodiz adierazitako testua gehitzea gomendatzen da:

 

“Nolanahi ere, legeak aurrez ikusten dituen informazioak eskuratzean edo datuak ematean datu pertsonalak badaude, horien eremu eta helburuekiko egokiak, bidezkoak eta ez-gehiegizkoak izango dira. Horrez gain, zorrozki beteko da datuak babestearen arloan araudi aplikagarria.”

Laugarren xedapen gehigarria. Legea sustatzea

Gazteek lege hau eta eskaintzen duen guztia ezagutzeko gogoeta orokorretan azaldutakoa berriz azpimarratuz, xedapen gehigarri bat eranstea gomendatzen da. Helburua horiek lortzeko baldintzak jasotzea da.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren iritziz egokia da Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektua izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2019ko urriaren 4an

 

O.E. Presidentea                                                                                                                     Idazkari nagusia

Emilia M. Málaga Pérez                                                                                                       Lorea Soldevilla Palazuelos