Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Euskadin COVID-19aren eraginari buruzko hurbilketa

Euskadin COVID-19aren eraginari buruzko hurbilketa

Euskadin COVID-19aren eraginari buruzko hurbilketa

CESEGAB

BILBAO

1

COVID-19ak eragindako pandemia historia hurbileko munduko krisirik garrantzitsuenetako bat da, eta eragin handia du osasunaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik.

Ekimen propioko txosten honek COVID-19aren pandemia EAEko ekonomia- eta gizarte-esparruetan 2020. urte honetan izaten ari den eraginaren lehen hurbilketa bat aurkezten du, bai eta eragin negatibo horiek arintzeko maila instituzionaletatik hartu diren epe motzeko erantzunen bilduma bat ere.

Eragin ekonomiko eta sozialaren azterketa egiteko, eremu horietako adierazle garrantzitsuen multzo bat berrikusi dugu, irailetik aurrera eskuragarri dagoen informazioarekin, eta Batzorde honek urtero egiten duen memoria sozioekonomikoaren eskemari jarraituz. Lehenik eta behin, aldagai ekonomikoen jarraipena egin dugu, egoeraren adierazle nagusiak oinarri hartuta, bai eskariaren ikuspegitik, bai eskaintzaren ikuspegitik. Era berean, pandemiak enpresa-demografian duen eragina aztertu dugu, bai eta gehien kaltetutako sektoreetako batzuetan ere, hala nola turismoan eta merkataritzan. Azkenik, finantza publikoen datu orokorrak aurkeztu ditugu, eta, zehazki, zerga-bilketaren bilakaera.

Bigarrenik, pandemiak lan-merkatuan duen eragina aztertzeko, hileko bilakaeraren (afiliazioa, kontratazioa, langabezia) eta hiruhileko bilakaeraren (dagozkion inkesta nagusiekin) adierazleak aztertu ditugu, eta arreta berezia jarri diogu, zehazki, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEE) okupazioari eusteko mekanismo gisa erabiltzeari. Halaber, soldatetan eta langabezia-prestazioetan gertatutako eragina aztertu dugu, baita osasun-langileen lan-osasuna zertan den ere. Hirugarren multzo bat pandemiaren balantze sozialak osatutakoa da. Eragin asistentzial eta demografikoaren zifra nagusiak aurkeztu ditugu, mendekotasunaren sistemari bereziki begiratuta, pandemiak eragin handia izan baitu hartan. Gizarte-babesa eta genero-arrakala bi interes-eremu dira, eta oraindik ez da aipatzeko moduko joera argirik hauteman horiei buruzko adierazleetan.

Erakundeek epe laburrean eman dituzten erantzunak biltzen hasteko, lehenengo eta behin Europako Erkidegoko ekimenak berrikusi ditugu, Europako Banku Zentralaren lehen esku-hartzeetatik hasi eta suspertze- eta erresilientzia- mekanismoraino, aurrekontua eta zergak malgutzeko hainbat ekimen eta langileentzako, enpresentzako eta estatuentzako segurtasun-sarea barne. Ondoren, Estatuak hartutako neurriak eta tresnak jasotzen dira, bai ekonomia- eta enpresa-sarearen eta enpleguaren ikuspegitik, bai gizartearen eta kalteberatasun-arrisku berezia duten pertsonen babesaren ikuspegitik. Horien artean, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera berria nabarmendu behar dugu.

Azkenik, EAEko erakundeek hartutako neurrien bildumak barne hartzen ditu, bai Eusko Jaurlaritzarenak (sozialak, enpresa txikiak eta autonomoak finantzatzekoak, merkataritzarako eta turismorako sektorialak…), bai foru-aldundienak, zerga-arlokoak (hiru lurraldeen arteko sintesia- eta konparazio-ariketa bat egin da) eta horietako bakoitzaren neurri espezifikoak.

Orrialde hauek ez dute sakontzeko asmorik, eta EGABen 2019ko eta 2020ko memoriaren arteko zubi izan nahi dute. 2020ko Memoria Sozioekonomikoan egin ahal izatea espero dugun azterketa lasaiago eta osoago baten aurrerapena da, zalantzarik gabe aztertzea egokitu zaigun urterik konplexuena izan baita hau, ziurgabetasunak ugari daudelako eta errealitatea oso aldakorra delako.

Kontuan hartu behar da, dokumentu hau itxi den egunean, pandemia betean gaudela eta informazio mugatua dugula (ia datu koiunturaletak baino ez), eta informazio horrek ikuspegi oraindik ere partziala ematen digula osasun- eta gizarte-krisi larri honek epe laburrean zein luzean izango dituen ondorioei buruz.