Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

HERRITARREN KEZKA-ITURRI DIREN GAIETAN OINARRITUTAKO JARDUERA

Beste urte batez, eta dagoeneko hiru dira, atsegin handiz aurkezten dut Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB) Jardueren Memoria. Ezinbesteko gardentasun-ariketa ez ezik ageriko laguntza ere bada, erakundeak gure autonomia-erkidegoko sare instituzionalaren barruan betetzen duen funtzio garrantzitsuari balioa emateko orduan.

Egin-eginean ere, gure lana ezagutarazteko zeregin hau 2025ean lantzen aritu garen gaietako bat izan da, eta, hala, lanean jarraituko dugu, pertsonengandik deskonektatuta egon beharrean, herritar guztientzat funtsezkoak diren gaien inguruan jarduten baitugu. Iaz, gure irizpenen eta egin ditugun beste jarduera batzuen bidez, kezka sorrarazten duten eta kritikoak diren gaietan sakondu ahal izan dugu: etxebizitza, gizarte-babesa edo lana, familia eta norberaren bizitza uztartzea, besteak beste.

Izan ere, EAEko sektore ekonomiko eta sozialen behar-beharrezko parte-hartzea instituzionalizatzen duen kontsulta-organoa gara, eta Jaurlaritzari euskal gizarte zibilaren ahots antolatua helarazten diogu, ñabardura, sentsibilitate eta ikuspuntu guztiak jasota. Azken batean, errealitate sozial eta ekonomikorik agerikoenetik edaten duen baliozko informazio baten berri ematen dugu, indarrean sartuko den araudian eragina izateko eta araudia hobetzeko. Informazio horrek gizarte gisa lagundu behar digu aurrera egiten eta modu justu, kohesionatu eta iraunkorrean hazten.

Atzera begiratzen dugunean, lehenik eta behin, EGABen kontsulta-jarduera nabarmendu behar dut, hori baita legez dagokigun funtsezko eginkizuna. Kontsulta-lan horren bidez, Batzorde honek lagundu egiten du erabaki politikoak, lege eta dekretuetan jasotzen direnak, gizartearen benetako kezka eta beharrizanetara gerturatzen. Gure irizpenek –hori zinez sinesten dut–, Euskal Gizarte Zibilaren ahotsa hobeto entzuteko balio dute gai politikoak erabakitzen diren lekuetan. Horregatik, erakunde hau osatzen duten eragile ekonomiko eta sozialek oso serio hartzen dute EGABen egiten duten lana, eta lerro hauen bidez eskertu beharreko ahalegin eskuzabalak egiten dituzte zeregin hori betetzean.

Aurten onartu ditugun 17 irizpenak ahalegin horren ondorio dira, eta, batez ere, Batzordean parte hartzen duten erakundeen elkarrizketarako eta adostasunerako borondatearen ondorio.

Kontsultatu zaizkigun arau-proiektuei buruzko irizpena emanez, EGABek herritarrak kezkatzen dituzten gai askotan parte hartzeko aukera izan du.

Hala, aurten, erronka demografikoari erantzuteko eta izaera sozialeko dekretu askori buruzko irizpena eman dugu (genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntzak; gizarte-larrialdietarako laguntzak; seme-alabak dituzten familientzako laguntzak; bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko laguntzak). Euskadi 2030 Industria Planari buruz ere eman dugu irizpena, bai eta turismoarekin, landa-garapenarekin, enplegu-zerbitzu publikoekin edo kooperatibekin lotutako zenbait dekreturi buruz ere, jorratutako gai batzuk aipatzearren.

Irizpen-jarduerak, jakina, Batzordearen agendaren zati handi bat hartu du, baina ñabartu beharra dago ez duela inola ere agortu.

Gizartea kezkatzen duten auzietan presente egoteko bokazio horri gagozkiola, beste zeregin batzuk ere bete ditugu. Horien artean, jorratutako gaiagatik nabarmendu nahi dut ekainaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen etxebizitzaren erronkari buruzko jardunaldia. Bertan, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta mundu profesional eta akademikoko zenbait adituk hartu zuten parte. Ikuspegi transbertsal eta oso pluraleko topaketa horretan, hainbat ikuskera jaso ziren, bai kausei buruz, bai etxebizitzak botere publiko guztiei mahai gainean jarritako erronkari eman dakizkiokeen irtenbideei buruz.

Hasierara itzuliz, alegia EGAB eta haren eginkizunak ezagutarazteko eta balioesteko eginkizunera, iaz, bigarren aldiz jarraian, udako ikastaro bat antolatu genuen Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera; horrek lagundu zuen erakunde honek egiten duen lanik garrantzitsuenetako bat zabaltzen: gure autonomia-erkidegoaren urteko egoera ekonomiko eta sozialari buruzko memoria egitea.


Memoria hori Euskadiko benetako "entziklopedia sozioekonomiko" gisa eratzen da ekitaldi bakoitzean. Gaien zabaltasunak, soilik iturri ofizialak erabiltzen dituen tratamendu zorrotzak eta gure gizarte zibilaren ordezkaritza oso eta zabal gisa eratzen den erakunde batek lantzeak balio bereizgarria ematen diote EGABen Memoria Sozioekonomikoari, antzeko beste lan batzuekin erkatuz gero.

Bestalde, 2025ean Euskadiko EGABen osoko bilkuran Jaurlaritzako arduradunek egindako agerraldiak nabarmendu eta eskertu nahi ditut. Hala, joan den urtean, honakoak bertaratu ziren gure osoko bilkuretara: Mikel Torres bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua; Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua; Denis Itxaso, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua; Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua; eta Noël d'Anjou, Ogasun eta Finantzetako sailburua.

Agerraldi horiek Euskadiko EGABen eta Eusko Jaurlaritzako sailen arteko elkar ezagutza zabaltzeko modu bat dira, eta Batzordeak erakundeen aldetik duen aintzatespen-maila handia erakusten dute, urte askoan behar bezala egindako lanaren emaitza.

Azkenik, baina ez horregatik inolako garrantzirik kendu gabe, estatuko eta Europako beste erakunde batzuekin ditugun harremanak aipatu eta nabarmendu behar dira, bai baitakigu jakin herri eta gizarte gisa mahai gainean ditugun erronkak globalak direla eta, beraz, desafioei albait modurik zabalenean heldu behar zaiela. Zentzu horretan, garrantzizkoa da aipatzea 2025. urtearen hasieran Atlantikoko Sare Transnazionalaren barruan (AST) Atlantikoko Makroeskualdea sortzeko proiektuari ekarpena eta babesa emateko dokumentu bat onartu zela. Lan hori ASTeko lantalde batek eginagatik ere, haren buru izateko pribilegioa izan nuen, EGABeko presidente gisa.

Izan ere, Arku Atlantikoa eremu geopolitiko transnazionala da, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-erronka komunei aurre egin behar diena, EBren periferia bihurtzeko joera izan arren. Eskualde atlantikoaren egoera periferiko hori arriskua ez ezik, paradoxikoki, abantaila ukaezina ere bada, horrek berekin baitakar Atlantikorako (Erresuma Batua, Irlanda, Amerika) eta Afrikarako leihoa zabalik izatea; azken hori, ezbairik gabe, maila estrategikoan indartu beharreko alderdia da.

Arlo horretan, Akitania Berriko CESERekin ditugun aldebiko harremanak lantzen jarraituko dugu, horiek sakonduz eta indartuz.

Azken batean, 2025eko Jardueren Memoria gure erakundearen lana ezagutarazteko gonbidapena da. Erakunde honek entzun, hitz egin eta partaidetza bideratzeaz gain, ekarpenak ere egiten baititu euskal gizartearekiko konpromisotik eta zorroztasunetik abiatuta. Memoriaren orrialdeetan kontsentsuaren balioa, begiraden aniztasuna eta herritarren benetako kezkei lotutako politika publiko hobeak bultzatzeko borondatea islatzen dira.

Horrela, Euskadiko EGABek berretsi egiten du zerbitzu publiko gisa duen bokazioa, bai eta Euskadi bidezkoago, kohesionatuago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko ezinbesteko topagune gisa betetzen duen zeregina ere.

Javier Muñecas Herreras
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea.

JARDUEREN TXOSTENA 2025