HERRITARREN
KEZKA-ITURRI DIREN GAIETAN OINARRITUTAKO JARDUERA
Beste
urte batez, eta dagoeneko hiru dira, atsegin handiz aurkezten dut
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB)
Jardueren Memoria. Ezinbesteko gardentasun-ariketa ez ezik ageriko
laguntza ere bada, erakundeak gure autonomia-erkidegoko sare
instituzionalaren barruan betetzen duen funtzio garrantzitsuari
balioa emateko orduan.
Egin-eginean
ere, gure lana ezagutarazteko zeregin hau 2025ean lantzen aritu garen
gaietako bat izan da, eta, hala, lanean jarraituko dugu,
pertsonengandik deskonektatuta egon beharrean, herritar guztientzat
funtsezkoak diren gaien inguruan jarduten baitugu. Iaz, gure
irizpenen eta egin ditugun beste jarduera batzuen bidez, kezka
sorrarazten duten eta kritikoak diren gaietan sakondu ahal izan dugu:
etxebizitza, gizarte-babesa edo lana, familia eta norberaren bizitza
uztartzea, besteak beste.
Izan
ere, EAEko sektore ekonomiko eta sozialen behar-beharrezko
parte-hartzea instituzionalizatzen duen kontsulta-organoa gara, eta
Jaurlaritzari euskal gizarte zibilaren ahots antolatua helarazten
diogu, ñabardura, sentsibilitate eta ikuspuntu guztiak jasota.
Azken batean, errealitate sozial eta ekonomikorik agerikoenetik
edaten duen baliozko informazio baten berri ematen dugu, indarrean
sartuko den araudian eragina izateko eta araudia hobetzeko.
Informazio horrek gizarte gisa lagundu behar digu aurrera egiten eta
modu justu, kohesionatu eta iraunkorrean hazten.
Atzera
begiratzen dugunean, lehenik eta behin, EGABen kontsulta-jarduera
nabarmendu behar dut, hori baita legez dagokigun funtsezko
eginkizuna. Kontsulta-lan horren bidez, Batzorde honek lagundu egiten
du erabaki politikoak, lege eta dekretuetan jasotzen direnak,
gizartearen benetako kezka eta beharrizanetara gerturatzen. Gure
irizpenek –hori zinez sinesten dut–, Euskal Gizarte
Zibilaren ahotsa hobeto entzuteko balio dute gai politikoak
erabakitzen diren lekuetan. Horregatik, erakunde hau osatzen duten
eragile ekonomiko eta sozialek oso serio hartzen dute EGABen egiten
duten lana, eta lerro hauen bidez eskertu beharreko ahalegin
eskuzabalak egiten dituzte zeregin hori betetzean.
Aurten
onartu ditugun 17 irizpenak ahalegin horren ondorio dira, eta, batez
ere, Batzordean parte hartzen duten erakundeen elkarrizketarako eta
adostasunerako borondatearen ondorio.
Kontsultatu
zaizkigun arau-proiektuei buruzko irizpena emanez, EGABek herritarrak
kezkatzen dituzten gai askotan parte hartzeko aukera izan du.
Hala,
aurten, erronka demografikoari erantzuteko eta izaera sozialeko
dekretu askori buruzko irizpena eman dugu (genero-indarkeriaren
biktima diren emakumeentzako laguntzak; gizarte-larrialdietarako
laguntzak; seme-alabak dituzten familientzako laguntzak; bizitza
pertsonala, familia eta lana uztartzeko laguntzak). Euskadi 2030
Industria Planari buruz ere eman dugu irizpena, bai eta
turismoarekin, landa-garapenarekin, enplegu-zerbitzu publikoekin edo
kooperatibekin lotutako zenbait dekreturi buruz ere, jorratutako gai
batzuk aipatzearren.
Irizpen-jarduerak,
jakina, Batzordearen agendaren zati handi bat hartu du, baina ñabartu
beharra dago ez duela inola ere agortu.
Gizartea
kezkatzen duten auzietan presente egoteko bokazio horri gagozkiola,
beste zeregin batzuk ere bete ditugu. Horien artean, jorratutako
gaiagatik nabarmendu nahi dut ekainaren 2an Bilboko Euskalduna
Jauregian egin zen etxebizitzaren erronkari buruzko jardunaldia.
Bertan, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta
mundu profesional eta akademikoko zenbait adituk hartu zuten parte.
Ikuspegi transbertsal eta oso pluraleko topaketa horretan, hainbat
ikuskera jaso ziren, bai kausei buruz, bai etxebizitzak botere
publiko guztiei mahai gainean jarritako erronkari eman dakizkiokeen
irtenbideei buruz.
Hasierara
itzuliz, alegia EGAB eta haren eginkizunak ezagutarazteko eta
balioesteko eginkizunera, iaz, bigarren aldiz jarraian, udako
ikastaro bat antolatu genuen Euskal Herriko Unibertsitatearekin
batera; horrek lagundu zuen erakunde honek egiten duen lanik
garrantzitsuenetako bat zabaltzen: gure autonomia-erkidegoaren urteko
egoera ekonomiko eta sozialari buruzko memoria egitea.
Memoria
hori Euskadiko benetako "entziklopedia sozioekonomiko" gisa
eratzen da ekitaldi bakoitzean. Gaien zabaltasunak, soilik iturri
ofizialak erabiltzen dituen tratamendu zorrotzak eta gure gizarte
zibilaren ordezkaritza oso eta zabal gisa eratzen den erakunde batek
lantzeak balio bereizgarria ematen diote EGABen Memoria
Sozioekonomikoari, antzeko beste lan batzuekin erkatuz gero.
Bestalde,
2025ean Euskadiko EGABen osoko bilkuran Jaurlaritzako arduradunek
egindako agerraldiak nabarmendu eta eskertu nahi ditut. Hala, joan
den urtean, honakoak bertaratu ziren gure osoko bilkuretara: Mikel
Torres bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu
sailburua; Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta
Jasangarritasuneko sailburua; Denis Itxaso, Etxebizitza eta Hiri
Agendako sailburua; Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka
Demografikoko sailburua; eta Noël d'Anjou, Ogasun eta
Finantzetako sailburua.
Agerraldi
horiek Euskadiko EGABen eta Eusko Jaurlaritzako sailen arteko elkar
ezagutza zabaltzeko modu bat dira, eta Batzordeak erakundeen aldetik
duen aintzatespen-maila handia erakusten dute, urte askoan behar
bezala egindako lanaren emaitza.
Azkenik,
baina ez horregatik inolako garrantzirik kendu gabe, estatuko eta
Europako beste erakunde batzuekin ditugun harremanak aipatu eta
nabarmendu behar dira, bai baitakigu jakin herri eta gizarte gisa
mahai gainean ditugun erronkak globalak direla eta, beraz, desafioei
albait modurik zabalenean heldu behar zaiela. Zentzu horretan,
garrantzizkoa da aipatzea 2025. urtearen hasieran Atlantikoko Sare
Transnazionalaren barruan (AST) Atlantikoko Makroeskualdea sortzeko
proiektuari ekarpena eta babesa emateko dokumentu bat onartu zela.
Lan hori ASTeko lantalde batek eginagatik ere, haren buru izateko
pribilegioa izan nuen, EGABeko presidente gisa.
Izan
ere, Arku Atlantikoa eremu geopolitiko transnazionala da, ekonomia-,
gizarte- eta ingurumen-erronka komunei aurre egin behar diena, EBren
periferia bihurtzeko joera izan arren. Eskualde atlantikoaren egoera
periferiko hori arriskua ez ezik, paradoxikoki, abantaila ukaezina
ere bada, horrek berekin baitakar Atlantikorako (Erresuma Batua,
Irlanda, Amerika) eta Afrikarako leihoa zabalik izatea; azken hori,
ezbairik gabe, maila estrategikoan indartu beharreko alderdia da.
Arlo
horretan, Akitania Berriko CESERekin ditugun aldebiko harremanak
lantzen jarraituko dugu, horiek sakonduz eta indartuz.
Azken
batean, 2025eko Jardueren Memoria gure erakundearen lana
ezagutarazteko gonbidapena da. Erakunde honek entzun, hitz egin eta
partaidetza bideratzeaz gain, ekarpenak ere egiten baititu euskal
gizartearekiko konpromisotik eta zorroztasunetik abiatuta. Memoriaren
orrialdeetan kontsentsuaren balioa, begiraden aniztasuna eta
herritarren benetako kezkei lotutako politika publiko hobeak
bultzatzeko borondatea islatzen dira.
Horrela,
Euskadiko EGABek berretsi egiten du zerbitzu publiko gisa duen
bokazioa, bai eta Euskadi bidezkoago, kohesionatuago eta iraunkorrago
baterantz aurrera egiteko ezinbesteko topagune gisa betetzen duen
zeregina ere.
Javier
Muñecas Herreras
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte
Arazoetarako Batzordeko presidentea.
JARDUEREN
TXOSTENA 2025