Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 1/14

Irizpena 1/14

1/14 irizpena, krisian dauden enpresak berregituratzeko eta suspertzeko laguntzak ezartzeko dekretu proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

Bilbao

1

I.- SARRERA

2013ko abenduaren 13an, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren idazkia jaso zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean. Horren bidez, “Krisian dauden enpresak berregituratzeko eta suspertzeko laguntzak ezarri dituen Dekretu Proiektua” delakoaren gaineko txostena eskatu da, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Galdetu zaigun lege-ekimenaren xedea lagungarria izatea da, krisiaren ondoriozko egokitzapen-prozesuan parte hartzen duten enpresaburuek eta langileek beren gain hartutako ahaleginei bultzada eman nahian, jarduera sektoreak edo enpresak sendotu ahal izateko laguntzen bidez; izan ere, produktua eta merkatua dituztela-eta lehiakorrak izanik, egoera ekonomiko txarraren ondorioak jasaten dituzte.  Enpresa horietan, egokitzeko neurriak aplikatzeko eginiko finantza ahaleginek, orain, zaildu egiten dute finkatu eta garatzeko proiektu berriak abiarazteko finantzazioa bilatzea.

Berehala igorri zitzaien agiriaren kopia Batzordeko kide guztiei, euren proposamenak eta iritziak bidal ditzaten eta horien berri emateko Lan Batzordeari, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduaren Arautegian ezarritakoarekin bat etorriz. 2014ko urtarrilaren 10ean, Ekonomia Garapeneko Batzordea bildu zen, eta, hartutako erabakiak oinarri hartuta, Irizpen Proiektu hau eman zen, 2014ko urtarrilaren 15eko Batzordearen osoko bilkuran aztertzeko; osoko bilkura horretan, aho batez onetsi da.

II.- EDUKIA

Krisian dauden enpresak berregituratzeko eta suspertzeko laguntzak ezartzeko Dekretu Proiektua” delakoaren testuak hauexek dakartza: zioen azalpena, 5 kapitulutan banaturiko 20 artikulu, xedapen gehigarri bat, iragankor bat, indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

Bertan azaltzen denez, 2000ko hamarkadan, egoera ekonomiko onaren testuinguruan, egitura aldaketa handiari egin zion aurre euskal industriak, eta bere lehia-posizioa hobetu zuen, tamainaren, teknifikazio eta berrikuntza mailaren, merkatu berrietan duten presentziaren, sinergia aprobetxatzearen eta enpresa-itunak areagotzearen aldetik. Faktore horiei esker, aldaketak egin ahal izan ziren enpresen egitura osagarrian, baita balantzeen finantza egitura indartu eta kudeaketa teknologia berriak sartu eta giza baliabideak zentzu handiagoz erabiliz gauzaturiko kudeaketa ere.

Alabaina, 2008tik hona izan den krisi sakona eragina izaten ari da egun euskal industria-sarean eta, besteak beste, merkatuaren tamaina nabarmen murriztea izan du ezaugarri nagusi. Gainera, aldi berean, kostu txikiko herrialdeetako enpresa ekoizle berri indartsuak merkaturatu dira, eta horren ondorioz, murrizketa handia izan da fakturazio marjinetan eta bolumenetan.

Enpresa horietako askok doikuntza-neurriak ezarri dituzte, koste operatiboak gutxituz eta ekoizpeneko gaitasuna antolatuz edo murriztuz. Hala ere, soilik zati bateko egokitzapena izan duten enpresa batzuek (are gehiago, lehiakortasunaren aldetik egoerari aurre egiteko gai izan diren beste askok) euren bideragarritasuna baldintzatzen duten zenbait finantza-desorekei eusten diete.

Arau honen bidez, enpresa edo jarduera-sektore jakin batzuk sendotu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak: produktua eta merkatua dituztela-eta lehiakorrak izanik, egoera okerraren ondorioak jasaten ari direnak. Enpresa horietan, egokitzeko neurriak aplikatzeko eginiko finantza ahaleginek, orain, zaildu egiten dute finkatu eta garatzeko proiektu berriak abiarazteko finantzazioa bilatzea. Hori guztia kreditua murrizteko testuinguru orokorrean.

Era berean, arauan ezarrita dagoenez, krisian dauden enpresak berregituratzeko eta suspertzeko laguntzen araubidea ezartzean, krisian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Zuzentarau Komunitarioen gaineko Batzordearen Jakinarazpenean (DOUE 2004/C 244/02) bildutako printzipioak bete behar dira.

Honako hauek arautu dira Dekretu honen artikulatuan:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. art. Xedea

2. art. Diru-baliabideak

3. art. Diruz lagundu daitezkeen ekintzak

4. art. Konpetentziaren behar ez bezalako faltsutzeen kontrako prebentzioa

5. art. Onuradunak

6. art. Eskatzaile, jarduera eta sektore baztertuak

II. KAPITULUA LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

7. art. Berreskurapen Plana finantzatzeko laguntzak

8. art. Laguntzen muga eta bateragarritasuna

9. art. Laguntza bakarraren printzipioa

III. KAPITULUA PROZEDURA

10. art. Prozeduraren hasiera

11. art. Eskabideak eta dokumentazioa

12. art. Akatsak zuzentzea

13. art. Laguntzaren emakidari buruzko ebazpena

14. art. Onuradunen betebeharrak

15. art. Laguntzaren ordainketa

16. art. Laguntza itzultzea

17. art. Laguntzak kudeatzeko organoa

IV. KAPITULUA ERAKUNDE LAGUNTZAILEA ETA KUDEATZAILEA

18. art. Erakunde laguntzailea eta kudeatzailea

V. KAPITULUA. EZ-BETETZEAK

19. art. Ez-betetzeak

20. art. Laguntzaren baldintzak aldatzea

XEDAPEN GEHIGARRIA

XEDAPEN IRAGANKORRA Aribideko prozedurak

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

AZKEN XEDAPENAK (2)

III.- GOGOETA OROKORRAK

Gure irizpenpean jarri da krisian dauden enpresak berregituratzeko eta suspertzeko laguntzak ezartzeko Dekretu Proiektua; izan ere, zioen azalpenean ageri denez, hauxe da xedea: “krisiaren ondoriozko egokitzapen-prozesuan parte hartzen duten enpresaburuek eta langileek beren gain hartutako ahaleginei bultzada ematea, jarduera sektoreak edo enpresak sendotzeko laguntzen bidez; izan ere, produktua eta merkatua dituztela-eta lehiakorrak izanik, egoera ekonomiko txarraren ondorioak jasaten dituzte”. Balorazio ona egiten du xede horri buruz Batzorde honek.

Alabaina, indarrean dagoenaren egokitzapena da proposaturiko araua eta, gure ustez, hutsune nabarmenak ditu:

  • Hedadura mugatua antzematen da Europako zuzentarauekiko, zeren eta, Dekretuaren izenburua gorabehera, berreskuratzeko laguntzak arautu baizik ez baititu egiten, eta kanpoan uzten dira enpresak salbatzeko laguntza, funtsezko laguntzak jasaten ari garen krisi sakonagatik: enpresak itxi eta enplegua galtzea ekarri du krisiak.
    Dekretua ezartzea bat etorriko litzateke EBko gomendioarekin. Horren arabera, salbatzea eta berreskuratzea “sarritan eragiketa bakarraren bi fase dira, mekanismo ezberdinak izanik ere”. Kasu askotan, berreskuratzeko plan bat egin aurreko beharrezko neurriak dira salbatzeko laguntzak. Hala, krisian dauden enpresa askok diruzaintzako tirabirak dituzte, eta aldi baterako laguntza eman lekieke, zertarako-eta, jarduera eten barik, bideragarritasunaren bidean jarriko dituen berreskurapen plan bat egiteko modua izateko.
  • Dekretuan, nolabaiteko terminologia nahasmena sortzen da finantza-laguntza jaso dezaketen enpresen egoeren aldetik; horiek argitzea komeniko litzateke.
    Zioen azalpeneko hirugarren eta laugarren paragrafoetan zehazten denez, dekretuaren eremuan laguntzak jaso ditzaketen eta krisian diren enpresen egoera mota ezberdinak daude: testuinguruari egokitu nahian doikuntza neurriak abiarazi dituzten enpresak; doikuntza soilik zati batez egin dutenak; eta lehiakorrak izanik finantza desorekak dituzten enpresak. Hurrengo lerroaldearen amaieran, ordea, hauxe aipatzen da: “sendotzeko eta garatzeko proiektu berrien finantzazioa”. Badirudi “sendotze” terminoa bat dator aipaturiko paragrafoekin, baina ez du ematen hala denik “garapenerako proiektu berrien” finantzazioaren kasuan. Izan ere, kontuan hartu behar da honako konpromiso hau ezarri duela 3.3. a) artikuluak: enpresak ezin izango du ekoizpena handitu berreskuratze planak iraun bitartean.
    Artikulatuan bertan, nahasmen handiagoa ikusten dugu terminologiaren aldetik. Hauxe dio 3.1. artikuluko lehen paragrafoak: “industria eta finantzak berregituratzeko eta suspertzeko neurriak”, krisian diren enpresa planen barruan daudenak. Bigarrenean, berriz, “berrantolatzeko eta baliabideak zentzuz erabiltzeko neurriak” aipatzen dira. “Berreskuratzea” eta “berrantolatzea” antzekotzat har daitezke, baina “berreskuratzea” eta “suspertzea” ez, ordea.
  • Azkenik, funtsezkotzat jotzen dugu Dekretu honetan arauturiko laguntzak enpresa jarduerari eta enpleguari eustearekin lotzea, betiere I G b-ko inbertsioan, lanbide trebakuntzan eta gaikuntzan eta teknologia berrien ezarpenean oinarrituriko ekoizpen ereduaren aldeko apustuaren baitan, antolaketaren eta kudeaketaren inguruko hobekuntzekin batera.

IV.- GOGOETA ESPEZIFIKOAK

Zioen azalpena

Lehenik eta behin, “Krisian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Zuzentarau Komunitarioei buruzko jarraibide komunitarioak” 2004/C 244/02 Arauan ezarri ziren, eta indarrean jarraitu zuten 2009ko urriaren 9ra arte. Ondoren, luzatu egin ziren 2012ko urriaren 9ra arte 2009/C 156/02 Jakinarazpenaren bidez. Geroago, AELCren Zaintzarako Organoaren 2012ko azaroaren 28ko 438/12/COL zk.ko Erabakiaren bidez luzatu ziren. Erabaki horri esker, estatuko laguntzen arloko arauak eta prozedura-arauak aldatu ziren laurogeita seigarren aldiz. AELCren Zaintza Organoaren estatuko laguntzei buruzko jarraibideen kapitulua, krisian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzkoa, luzatu egingo da arau berriek ordeztu bitartean.

Gure ustez, inguruabar horiek bildu egin beharko lirateke galdetu zaigun Dekretuaren zioen azalpenean, jarraibideok arautzen den arloan duten funtsezko garrantzia dela eta.Halaber, legegileak kontuan izan beharko luke Eskualdeen Batzordearen Irizpen proiektua badela: “Europako enpresa indartsuagoak lortzea hazkunderako eta ekonomi susperraldirako”. Bertan defendatzen denez, arau errazak, berdintasunezkoak eta gardenak hartu behar dira, estatuko laguntzak lagungarriak izan dakizkien enpresei ezegonkortasun aldia gainditzeko, haien industri jakintzaren alde egiteko eta Europako eskualdeetan enpleguari eustea sustatzeko. Irizpen honetan ez gaude gaudimenik ezaren inguruko prozedura formalen xedeko enpresei Jarraibideen aplikazio-eremua murrizteko aukeraren alde. Gainera, enpresa bati eman dakiokeen laguntzaren gehieneko zenbatekoa handitzea eskatzen dugu, 10 milioi eurotik 15 milioi eurora, inflazioa eta BPGaren hazkundea kontuan izateko. Horrez gain, erakunde publikoen ekarpenen kontrapartidak finkatzeko eskatzen dugu (adibidez, dibidenduak berreskuratze-aldian ordaintzea debekatzea).

Halaber, orain artean emandako laguntzen eraginaren gaineko balantzea bildu beharko luke zioen azalpenak; Dekretu berriak hartuko du haien lekua. laguntzak baliatu dituzten enpresak, salbatu direnak edo mantentzen lagundutako lanpostuak.Beste autonomia erkidego batzuetako arau baliokideetan, ordea, zenbatu egiten da: hala, esate baterako, Andaluziako arauaren aldaketari buruzko 2011ko maiatzaren 23ko Aginduan, zioen azalpenean, hauxe ageri da: “enpresak salbatzeko eta berregituratzeko laguntzek 81 enpresa ingurutan izan dute eragina eta 3.573 langileren lanpostuei eusteko modua eman dute”.

Izan ere, Dekretu Proiektuaren memoria ekonomikoan, oso gutxi dago garatuta eragin horren gaineko azterketa, noiz-eta 2000tik hona (laguntza horiek abiarazi zituen 300/2000 Dekretuak) nahikoa esperientzia dagoenean atzera begirako azterketa egiteko eta laguntzen eragina eta eraginkortasuna baloratzeko.

Bestalde, zioen azalpenaren hirugarren paragrafoa honela osatzea gomendatzen da:

 

“Enpresa horietako askok doikuntza neurriak abiarazi dituzte egoerari aurre egiteko, merkatuaren errealitate berrira egokitu nahian, kostu operatiboak eta lan kostuak murriztuz eta ekoizpenerako ahalmena antolatuz edo murriztuz”

Gastu operatiboak dira hauek, besteak beste: logistika, bilgarriak, energia, pasiboen gestioa, aseguruak, garbitasuna. Enpresek, gastu horiek murriztu badituzte ere, lan gastuak ere gutxitu dituzte lanpostuak murriztuz. Beraz, soilik gastu operatiboak aipatzea kostuen murrizpenen zati bat bakarrik sartzea da.

Azkenik, zioen azalpena osatzea proposatzen da, amaieran honako paragrafo hau erantsita:

 

“Halaber, 2010eko martxoan, 68/2010 estatu laguntza onetsi zuen Europako Batzordeak. Horren bidez, justifikatutzat jo zituen zenbait laguntza kategoria, krisi ekonomikoari datxezkion zailtasunak konpontzeko; barne merkatu erkidearekin bateragarriak direla iritzi zitzaion, EBFAren 107 artikuluko 3. idatz-zatiko b hizkian aplikatuz”.

2.2. art. Diru-baliabideak

Artikulu horretan ezarrita dagoenez: “modu ordenatuan esleituko dira laguntzak espedientea osatzen den unean… eta, administrazio ebazpenaren bidez, laguntzak ukatuko dira laguntza horiek eman beharreko guztizko zenbatekoa gainditzen badute“. Hala, metodologia jakin bat ezarri da arauan, eta horren arabera, administrazioak jaso ahala ebaluatuko ditu eskaerak eta prozesua eten egingo da kreditu-baliakizunak agortzen direnean.

Krisian dauden enpresak asko direla eta emandako funtsak urriak izan zirela kontuan izanik (Dekretuaren zirriborroan ez da zehazten laguntzen bolumena, baina horrekin batera aurkezturiko Memoria Ekonomikoak 5 milioi eurokoa izango dela zenbatetsi du 2014rako), itxura guztien arabera laster egingo dituzte eskaerak enpresak eta, beraz, litekeena da abiadura lasterketa bihurtzea proposaturiko metodoa, eskaeren kalitatean eragin txarra izango duena eta programaren oso eragin txikia ekarriko duena. Gainera, metodologiaren xedea ez da esleituriko funtsaren ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzea, zeren eta eskaera egiten azkarren dabiltzan enpresek ez baitute zertan izan industria-sarea finkatzeko interesgarrienak.

Horrengatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen dugu krisian diren enpresa guztien beharrei aurre egiteko beharrezko aurrekontuko luzapenak bermatzea, betiere laguntzak eskatu eta beharkizunak betetzen badituzte. Aldi berean, esleipen eraginkorra bermatzeko zenbait irizpen ezarri dira.

3.2. art. Diruz lagundu daitezkeen ekintzak

Gure iritziz, ezarritako eskakizunak ez dira argiak hala nola planean bildutako neurrien aplikazioaren iraupenak “ahalik eta laburrena” izan beharra edo enpresaren bideragarritasuna “zentzuzko epealdian” berrezartzea.

Bestalde, badirudi kontraesana dagoela 2 b) idatz-zatiko eskakizunaren (hots, merkatuaren gaineko azterlanetan ezarritako hipotesiak “oro har onartuak direla”) eta c) idatz-zatiko eskakizunaren artean (“hipotesi optimistak, pesimistak eta bitartekoak” aztertzen ari direla). Gainera, 2) idatz-zati hori ez dago argi idatzita.

Halaber, neurrien iraupena ere zehaztugabea da (hala ageri da Herri Administrazio eta Justizia Sailaren txosten juridikoan). Onuradunen segurtasun juridikoari begira, 5 urtetik gorako epean mugatu edota zehaztu beharko litzateke, esate baterako, beste epe handiago bat justifikatzen bada ekonomiaren edo finantzen aldetik.

Azken batean, eskaerek bete beharreko joko-arauak zein diren jakiteko beharkizun argiak behar direla uste dugu.

4. art. Konpetentziaren behar ez bezalako faltsutzeen kontrako prebentzioa

Hauxe aipatzen da lehenik eta behin: “baldintza komertzialen gaineko balizko eragin txarrak ahalik eta gehien murrizteko xedeaz, kontrapartidak sartu behar dituzte enpresa ertainek”. Hala ere, ez da azaltzen zergatik eragiten dien beharkizun horrek soilik enpresa ertainei.

2. idatz-zatian aipatzen denez, “hauexek izan daitezke neurriok: aktiboen salmenta, merkatuan duten ahalmena edo presentzia txikiagoa izatea eta oztopoak gutxitzea ukituriko merkatuetan sartzean”.

Gure iritziz, aktiboen salmenta eta ahalmena gutxitzea bat dator artikulatuan ezarritako gainerakoekin, doikuntza neurriak baitira.  Alabaina, ez dago argi zelan dauden doituta kasuan –sarreran aipatua- finantza arazoak dituzten enpresak. Baina, horrexegatik ez da ulertzen enpresa ertainetara mugatzea. “Oztopoak gutxitzea ukituriko merkatuetan sartzean” horren kontrapartida, dirudienez, hauxe izan daiteke: kasuan kasuko enpresak posizio oligopolista duela bere merkatuan eta, horri esker, eragozpenak jar ditzake lehiako enpresak ez sartzeko. Kasu horrek 1. idatz-zatiko zalantza argituko luke.

Edozelan ere, zalantzazkoa da enpresa ertain batek oztopoak jarri ahal izatea lehiako enpresei merkatuan sartzeko.

5. art. Onuradunak

Lehenik eta behin, honako hauek hartzen dira soilik laguntzen onuraduntzat 1 b) idatz-zatian: erauzketa-industriak, eraldatzekoak, produktiboak, zerbitzu teknikokoak (produktu-prozesuarekin lotuak) aurrekoekin eta informazioaren eta komunikazioen gizartearen arlokoekin lotuak”, betiere CECA (ikatza eta altzairua) sektoreei eta siderurgi sektoreei ez badagozkie, legeria komunitarioak galarazi egiten baitu.

Dekretuak dakartzan laguntzak aplikatzeko sektore-eremua, gure ustez, oso murriztailea da araudi komunitarioak baimentzen duenarekiko. Izan ere, araudi horretan ez da ezarri ikatzaren eta altzairuaren sektorean aipaturikoetatik harago, Jarraibide Komunitarioen 18. idatz-zatian beren beregi aintzatesten denez. Hauxe aipatzen dute hitzez hitz: “Jarraibide hauek enpresa sektore guztiei aplikatuko zaizkie, ikatzaren eta siderurgiaren sektoreei izan ezik, sektore jakin batean krisian dauden enpresen edozein arau espezifikori kalterik egin gabe”.

Egungo krisi ekonomikoa Dekretuan ezarritakoetatik aparteko beste sektore ekonomiko batzuetan izaten ari den eragina ikusita, gure ustez araua, izenburuarekin bat etorriz (“krisian dauden enpresak” esaten da), sektore zerbitzu zabalean aplikatu beharko litzateke, Bruselarekin bateragarria eta, edozelan ere, modu osagarrian, eta beren beregi hartu behar dira Dekretuaren laguntzen onuraduntzat egungo krisiak gogor ukituriko sektoreak hala nola eraikuntza eta merkataritza.

Bada beste muga bat, proposaturiko Dekretuak ezarria krisian diren enpresei laguntzen aplikazioan araudi komunitarioan bildutakoari dagokionez: laguntzen onura jaso ahal izateko finkaturiko ETEren profila.

Legeria komunitarioak onuraduntzat jotzen ditu ETEren definizioa betetzen dituzten enpresa guztiak. Dekretuan, ordea, mugatu egiten da laguntzak eskuratzea: jasoko dituzte laguntzak 5. artikuluko 1 d) idatz-zatian aipaturiko beharkizun osagarriak betetzen dituzten enpresek soilik. Hitzez hitz aipatzen da bertan: “gutxienez hurrengo bi inguruabarretako bi bete behar dituzte laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietan: ekitaldi bakoitzeko langileen batez besteko kopurua 40etik gorakoa izatea, aktiboen partida guztiak 1,5 milioi eurotik gorakoak izatea edo urteko zifraren zenbateko garbia 3 milioi eurotik gorakoa izatea”. Hortaz, enpresa txiki asko gelditzen dira kanpoan.

Egungo egoeran, beharrezkotzat jotzen dugu ahalik eta ETE bideragarri gehienei laguntzea, enpresak salbatzeko eta berregituratzeko programa egokiaren bidez, lehia askea zaintzeko jarraibide komunitarioen barruan. Horregatik, ETE guztiak hartu beharko lituzkete beren baita laguntzek, ez soilik txiki-txikiak edo gutxieneko negozio maila dutenak.

Artikuluan 2. puntura igarota, a) idatz-zatia honela uztea gomendatzen da:

 

“2.– Ezin izango dituzte baliatu Dekretu honetan arauturiko laguntzak:a)    Enpresa sortu berriak, haien hasierako finantza egoera txarra bada ere, bereziki aurreko beste enpresa bat likidatu edo haren aktiboak xurgatu ondoren sortutakoak, salbu eta baldintza hauek betetzen diren enpresak badira:
  1. Enpresa berria sortzea, enpresa proiektua bideragarri egiteko beharrezko baliabideak lortu beharrari erantzuteko.
  2. Lantoki berean kokatuta egotea.
  3. Aurreko enpresaren aktiboen zati handi bat eskuratzea.
  4. Aurreko enpresaren bezeroen Parentzat gutxienez zerbitzuak ematen jarraitzea.
  5. Merkataritza harremanak izatea aurreko enpresako hornitzaileen Parekin gutxienez.
  6. Sozietate berriak eginiko jarduera ekonomiko nagusia bat etortzea aurreko enpresaren negozio-lerroarekin.

Arau honetan ezarritako ondorioetarako, enpresa sortu berria izango da jarduera-sektorean eragiketak egiten hasi ondorengo hiru urteen barruan sortzen dena.

Ondorio berak izateko, ez da aintzat hartuko aktiboak jasotzeko helburu bakarrarekin filiala sortzea enpresak eta, hala denean, enpresa sortu berria izango da haren pasiboa”.

Honela dago justifikatuta gehigarri hori: askotan, normalean sozietatearen gaudimenik ezak eragindako enpresa-ixteekin edo konkurtso-prozedurekin batera, aurreko enpresa likidatu eta sozietate berria eratzea exijitzen du enpresa proiektua edo negozioa berregituratzeak edo sustatzeak, diru-baliabideak eskuratzea errazten duen formula juridikoarekin maiz. Formula horri esker, praktikan jar daitezke negozioa abiarazteko eta jarraitzeko ezinbestekoak diren inbertsioak eta berregituraketa. Hartara, lanpostuak mantenduko dira (plantilla osoa ez bada, horren zati handi bat).

7.2. art. Berreskurapen Plana finantzatzeko laguntzak

Gure ustez ez da nahikoa Dekretuan onuradunei itzuli beharreko aurrekinen zenbatekorako milioi bat euroko muga, betiere kontuan hartzen badugu 2000koaren antzeko Dekretuan (300/2000 Dekretua, abenduaren 26koa) orduan handiagoa zen muga ezarri zela.

Bestalde, Dekretu honetan proposaturikoa ez bezala (laguntzaren onuradunak proportzio bereko ekarpena egin behar du bere baliabideekin berregituratze planaren finantzazioan), jarraibide komunitarioan ez da betebehar hori ezarri laguntza emateko, baizik eta hauxe dio hitzez hitz: “ekarpen nabarmena izan behar du”. Hartara, enpresaren tamainaren araberako progresioa ezarri du.Hala, hauxe dio Araudi Komunitarioaren 44. idatz-zatiak: “Printzipioz, berregituratzeko ekarpen egokitzat joko ditu Batzordeak honako hauek: gutxienez %ekoa, enpresa txikiak direnean, gutxienez @koa enpresa ertainak direnean eta gutxienez Pekoa enpresa handiekin. Salbuespenezko inguruabarretan eta zailtasun bereziak badaude (estatu kideak frogatu beharrekoak), ekarpen txikiagoa onar dezake Batzordeak”. Horrenbestez, araudi komunitarioa aplikatzea proposatzen dugu, enpresa txikiei eta ertainei ahalegin progresioa exijitzen diena.

Azkenik, hauxe dio idatz-zati horretako hirugarren paragrafoak: “Laguntzaren itzulketa bermatzeko, enpresa onuradunaren erantzukizun pertsona edozein delarik ere, enpresak adierazi egin behar ditu sozietateak laguntza bermatzeko dituen ondasunak eta eskubideak. Halakorik balego, laguntza ordaindu baino lehen eratu beharko luke bermea enpresa onuradunak”. Paragrafoa ondo ulertzen ez dela deritzogu, argiago idatzi beharko litzatekeela.

11.1. art. Eskabideak eta dokumentazioa

Idatz-zati horri bigarren lerroalde bat gehitzea gomendatzen da (egungo bigarrena hirugarrena izango da):

 

“Eskaera-eredua helbide honetatik deskargatu ahal izango da…, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Saileko Industri Garapeneko Zuzendaritzarena”.

Deigarria da eskaera on-line deskargatzeko aukera ezarri ez izana, are gehiago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoa kontuan hartzen bada.

Bestalde, artikulu horren 3 c) idatz-zatia beste modu batez idaztea gomendatzen da:

 

 “Enpresaren eraketa-eskrituren fotokopia, baita erregistro eskudunean behar bezala inskribaturiko estatutuenak eta ondorengo aldaketenak ere”.

Hala da estatutuak aurkeztea ez delako ezarri; gure ustez, beharrezkoa da segurtasun juridikoko arrazoiengatik.

13. art. Laguntzaren emakidari buruzko ebazpena

Hauxe xedatu da: “Industri Garapeneko Zuzendaritzak administrazio ebazpena eman eta jakinaraziko du sei hileko epean, urteko deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita …  Baldin eta idatz-zati honetako 1. paragrafoan aipaturiko epea amaitzen bada eta ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, eskaerari uko egin zaiola uler dezake enpresak, administrazio organo eskudunak eskaturiko laguntzari buruzko beren beregiko ebazpena eman beharrari kalterik egin gabe “.

Euskadiko EGABk uste du luzeegia dela ebazpena emateko epea, zailtasunak dituzten enpresei laguntzea baita kontua. Gainera, administrazio isilune negatiboa gehitu da, onargarria ez dena; sei hilabete igarotzea eskatzen da horretarako.

Bestalde, 13.3. puntuko bi bertsio ezberdin daude jasotako testuan; horietako bat aukeratu beharko da.

16.3. art. Laguntza itzultzea

Itzul daitekeen aurrerakina da emandako laguntza. Bost urteko epea ezarri da laguntza itzultzeko, eta berregituratze plana amaitu ondorengo ekitaldiak sortuko du lehen itzulketaren kalkulua, hala elkarren ondoan bost ekitalditan.

Halako moldez kalkulatuko da enpresa onuradunak urtero ordaindutako zenbatekoa non heren bat finkoa izango baita eta bi heren itzulketa aldakorrekoa izango baitira: Cash-Flow-aren aren arabera (zergen, amortizazioen eta horniduren ondorengo etekina) edo ekitaldiko negozioaren zifraren zenbatekoaren %5, Kontuen Plan Orokorraren definizioaren arabera. Kopuru horien txikiena itzuliko da, baina inola ere ez da izango ekitaldiko negozio zifraren zenbatekoaren %2tik baino txikiagoa.

“Cash-flow” aipamenaren ordez gaurkotasun handiagoko kontzeptuak erabiltzea gomendatzen dugu hala nola EBITDA (earnings before interests, taxes, depreciation, and amortization), hots, emaitza, interesak, zergak, horniduren balio-galera eta amortizazioak kontuan izan gabe.

Gainera, hauxe esaten da: “aurrekinaren zati hori behar baino lehen ezeztatuta amaituko zati aldakorra nahitaez itzuli beharra, edo bost urteko epea igarotakoan ezarritako formulak aurrekin osoa berreskuratzea ahalbidetu ez duelako”.

Geure buruari galdetzen diogu ea horrek esan nahi duen bost urte igarotakoan funts galdurako diru-laguntzarekin berdinetsiko dela laguntza. Hala bada, itzultzeko epea handitzea proposatzen dugu esleituriko laguntza guztiz berreskuratu arte.

19. art. Ez-betetzeak

19. artikulu honetan hainbat kausa gehitzea gomendatzen da, bigarren paragrafoan ezarritakoa osatuz, zertarako-eta proposaturiko araudiaren hainbat artikulutan ezarritako zioen numerus apertus delakoa zehazteko eta ezartzeko, edo artikulatutik ondoriozta daitezkeenak. Gure ustez, beren beregi utzi behar dira jasota.

a) Laguntza jasotzeko eskaturiko baldintzak faltsutuz edo laguntza jasotzea galaraziko zuketenak ezkutatuz lortzea laguntza.

b) Osorik edo zati batez ez betetzea helburua, jarduera edo proiektua edo laguntzaren emakidaren oinarrirako jokabidea ez izatea.

c) Nahitaezko justifikazio beharra ez betetzea.

d) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, baita onuradunek hartutako konpromisoak ere, noiz-eta horren ondorioz ezin egiazta daitekeenean jasotako funtsei emandako erabilera, helburua betetzea eta pizgarriak jaso dituzten jardueren errealitatea eta erregulartasuna.

e) Jasotako laguntzak likidezia soberakina sortzen duenean enpresaren alde eta berregituratze prozesuarekin lotuta ez dauden jarduerak egiteko modua duenean.

Bigarren xedapen gehigarria

Bigarren xedapen gehigarria eranstea gomendatzen da, erregistroa sortzea bilduko duena edo, seguru asko dagoeneko sortuta dagoela aurreikusita, laguntza horiek erregistroan inskribatzea, testu honekin:

Bigarren xedapen gehigarria. Laguntzen erregistroa

Dekretu honen itzalpean emandako laguntza guztiak agerraraziko dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko diru-laguntza eta laguntza publikoen erregistroan, eta araudian ezarritako datuak bilduko dira”.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABk egokitzat jotzen du “Krisian dauden enpresak berregituratzeko eta suspertzeko laguntzak ezartzeko Dekretu Proiektua”, organo aholku-emaile honek eginiko gogoetekin.

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 14an

Firmas