Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 3/14

Irizpena 3/14

3/14 IRIZPENA 327/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena, bigarrenez aldatzeko dekretu-proiektuari buruzkoa.

CES Vasco

CES Vasco

Bilbao

1

I.- SARRERA

2014ko martxoaren 17an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren idazkia sartu zen eta “327/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena, bigarrenez aldatzeko dekretu-proiektuari” buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren babesean.

2011. urtean lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren eremuan lan-legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak transferitu ostean, kontsultatzen ari zaigun ekimen legegilearen helburua 327/2003 Dekretuan dauden hainbat aurreikuspen horri moldatzea da. Era berean, prestakuntza-jarduerara bideratutako instalazioei eta erakunde laguntzaileentzako diru-laguntzen zenbatekoei dagokienez, aldaketak sartu nahi dira. Horrez gain, prestakuntza-ekintzak gauzatu eta diru-laguntzak justifikatzeko aurreikuspen berriak sartzen ditu.

Berehala dokumentuaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei igorri zitzaien, proposamenak eta iritziak bidaltzeko eta horien berri zegokion Lan Batzordean emateko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak xedatutakoari jarraiki. 2014ko martxoaren 27an Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, Irizpen Proiektu hau egin da Batzordeko Osoko bilkurak apirilaren 11n lantzeko. Horretan aho batez onartu da.

 

II.- EDUKIA

“327/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena, bigarrenez aldatzeko dekretu-proiektuari” buruzko testuak sarrera, 9 artikulu, xedapen iragankorra, xedapen indargabetzailea eta azken xedapena ditu.

Nahiz eta lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren eremuan lan-legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak transferitu, oro har, araudiaren ikuspegitik aldaketarik edo garapenik ez duela eskatzen azaltzen da; ildo horri eutsiz, nahikoa da arauak sistematikoki edo modu integratzailean interpretatzea. Beste alderdi batzuei dagokienez, berriz, aldaketak sartu behar dira: prestakuntza-jarduerara bideratutako instalazioetan eskatzen diren baldintzak moldatzen dira, erakunde laguntzaileentzako diru-laguntzen zenbatekoa aldatzen da eta prestakuntza-ekintzak gauzatzeko nahiz diru-laguntzak justifikatzeko aurreikuspen batzuk eransten dira.

Dekretu honen artikuluek 327/2003 Dekretuaren hurrengo artikuluak aldatzen dituzte:

1. artikulua. 17.3. artikulua “Erakunde laguntzailearen eta prestakuntza-bitartekoaren motaren arabera aldez aurretiko baimenerako baldintzak”

2. artikulua. 18.3. artikulua “Aldez aurretiko baimena eskatzeko dokumentazioa”

3. artikulua. 30.2 k) artikulua “Eskaerak eta dokumentazioa”

4. artikulua. 37.5. artikulua “Ekintzak hasi eta gauzatzea”

5. artikulua. 39.2 k) artikulua “Erakunde laguntzaileen betebeharrak”

6. artikulua. 43.1. artikulua “Laguntzaren zenbatekoa eta hori kuantifikatzeko irizpideak”

7. artikulua. 43.4. artikulua “Laguntzaren zenbatekoa eta hori kuantifikatzeko irizpideak”

8. artikulua. 43.9. artikulua “Laguntzaren zenbatekoa eta hori kuantifikatzeko irizpideak”

9. artikulua. 47.1. artikulua “Epeak eta ordaintze-moduak”

III.- GOGOETA OROKORRAK

a) Prozedurari buruzko aldez aurretiko gogoetak

Aldez aurretik, paradoxa dirudi dekretu-proiektua EGABi bidaltzea, jendaurrean hainbat hedapen-jardunaldiren bitartez aurkeztu denean. Horietan Lanbidetik kudeatzeko nola jardungo den zehazteaz gain, prestakuntzaren ikuspegitik, landuko dituen espezialitateak xedatu dira. Horrek zalantzan jartzen du Batzorde honen kontsulta-zeregina eta, ondorioz, kontsulta izapide hutsa besterik ez da.

Gainera, gure iritziz ez da bidezkoa, ezta egokia ere lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren eremuan lan-legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak EAEri duela hiru urte transferitu ondoren (araua justifikatzen duen argudioa da), edukia ikusirik, araudi-proiektu hau “premiazko prozedura” erabiliz EGABi kontsultatzea.

b) Arauaren balorazioa

Guk iritzia emateko, 327/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena, bigarrenez aldatzeko dekretu-proiektua aurkezten zaigu. Horrekin Gobernuak 2011. urtean lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren eremuan lan-legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak EAEri transferitu ostean, Dekretua moldatu nahi du eta, aldi berean, prestakuntza-jarduerara bideratutako instalazioei eta erakunde laguntzaileentzako diru-laguntzaren zenbatekoei buruzko aldaketak sartzen ditu.

Gainera, zioen azalpenean aipatzen den bezala, “prestakuntza-ekintzak gauzatzeari eta diru-laguntza justifikatzeari buruzko aurreikuspen berriak eransten dira”. Helburu hori Batzorde honek egokitzat jotzen du. Dena den, gure ustez proposatutako arauak urritasunak ditu eta ondoren azalduko ditugu.

  • Lehenik eta behin, dekretu honek, gure Erkidegoan lanerako prestakuntzan erreferentzia izatera deituak, beharren diagnostiko bat eskatzen du, definitzeko, prestakuntza planifikatzeko, lehentasunak, helburuak eta lortu nahi diren emaitzak xehatzeko. Halaber, esperotako emaitzak deskribatu behar dira, beharrezko ekintzak zehazteko.
  • Era berean, faltan botatzen dugu beste programa batzuekin koordinatzea, adibidez, gaitasuna onartzeko tresnekin. Horiei esker, prestakuntza-ibilbideak programatu ahal izango dira, lan-esperientziaren bitartez lortutako gaitasunekin, egiaztapen-prozesua amaitzen dela bermatzeko. Horrez gain, esleipen-prozesuetan gardentasunaren printzipioa bermatzeko ahalegina egin behar da.
  • Bestalde, 327/2003 Dekretuaren aldaketa aurkeztutakoa baino urrunago joan beharko litzateke. Ildo horri eutsiz, lehenik eta behin, prestakuntza-plan guztiak batera baloratzeko sistema (kostu/ordu, irakatsi beharreko prestakuntza saritzea, instalazioak, zentroaren curriculum vitaea -betiere Lanbideren programa-diseinuan oinarrituta-) izan beharko luke. Hala, ez litzateke lehia ez-lehiakorrean oinarritu behar. Horretan, eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera ebazten dira, funts eskuragarriak agortu arte.

c) Araudi-aldaketa justifikatzea

Bestalde, arau honetan jasotzen diren aldaketek lan-aukerak eta laneratzea hobetzeko neurrien multzoa ez dute hartzen, dekretuaren titulutik ondoriozta zitekeen bezala. Esklusiboki prestakuntza-jarduera lantzen dute, jardueraren kudeaketari lotuta, osagai tekniko-administratibo hutsarekin.

Xehetasun hori azpimarratzea baliteke garrantzitsua ez izatea, 327/2003 Dekretuak duela hamaika urte arautu zituen eremuen zabaltasuna kontuan hartuta, Irizpen honen proiektuak prestakuntza-jarduera ez diren gainerako eremuetan aldaketak egitea baztertzen baitu. Horren harira, Gobernuak jatorrizko erregulazioa egokitzat jotzen duela pentsa daiteke. Uste sendo hori dekretu-proiektuaren sarreran baieztatzen da, ondorengoa aipatzen duenean: “urte hauetan zehar hartutako esperientziak ereduak… argitaratu zen unean bezain egokia jarraitzen izaten duela frogatu du”.

Jatorrizko arauaren baliozkotasuna baieztatuta, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren eremuan lan-legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak EAEri transferitu ondoren, proposatutako aldaketak Estatuko araudi erregulatzaileari moldatzeko justifikatzen dira. Moldapen hori beharrezkoa da 327/2003 Dekretuaren babesean, EAEk prestakuntza-ekintzen sorta guztia, Profesionaltasunaren Ziurtagiriak lortzera bideratutakoak barne, eskaini eta finantzatu ahal izateko.

Dena den, planteatutako zenbait aldaketa ez da “derrigorrezko ondorioa”, arrazoitzen den bezala; Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren beraren aukerari erantzuten dio. Kasu horietan, justifikazioa ezagutu beharko genuke araua baloratu ahal izateko:

  • Ildo horri jarraiki, adibidez, dekretu-proiektuaren 3. artikuluak, 327/2003 Dekretuaren 30.2. artikulua (eskaerak eta dokumentazioa) aldatzen duenak, jatorrizko arauaren hiru tarteko “urkila” desagerrarazten du, taldeko prestakuntza-ekintzetan 20 partaideren gehieneko muga bakarra planteatzeko.
    Transferentzia onartzeak aldaketa arrazoitzen duen zuzeneko ondoriorik ez dakar, prestakuntza-ekintzek ezaugarri desberdinak izaten jarraituko baitute, partaideek bezala.
  • Gauza bera gertatzen da dekretu-proiektuaren 5. artikuluarekin. Horrek 39.2. artikuluaren (erakunde laguntzaileen betebeharrak) aldaketa jasotzen du, hain zuzen ere, kontzeptu zehatzetarako gutxieneko gastu-ehunekoa aldatzen du. Nolanahi ere, justifikazioa dekretu berriaren sarreran arrazoitu beharko litzateke.
  • Era berean, 327/2003 Dekretuaren 43. artikuluko (laguntzaren zenbatekoa eta hori kuantifikatzeko irizpideak) aldaketek, dekretu-proiektuaren 6., 7. eta 8. artikuluan jasotakoek, gure iritziz, jatorrizko araua bortxatu gabe hobetzen dute eta indarreko dekretuak aldaketak behar dituela argi uzten dute.
    Bereziki, 43.4. artikuluan 7. artikuluak sartzen duen aldaketa (lehen “prestakuntza ez-presentzialari” zegokion eta orain “teleprestakuntzaren irakaskuntza-modalitateari” dagokio) oso erradikala da, adierazitako irizpide orokorra aplikatuz, modalitate honetako kostu-mota berezien aipamen xehatua desagertzen baita, nahiz eta jatorrizko arauan adierazi.
    Horrez gain, diru-laguntzen moduluen zenbatekoak orokorrean murriztu dira, beraz, onartu eta irakasten den prestakuntza-ekintza bakoitzean gutxiago gastatuko da. Bi kasuetan, Estatuko araudia aipatu beharko litzateke, aldaketa horiek egitera behartzen baitu.

IV.- GOGOETA ESPEZIFIKOA

8. artikulua. 327/2003 Dekretuko 43. artikuluari (“Laguntzaren zenbatekoa eta hori kuantifikatzeko irizpideak”) 9. paragrafoa eransten zaio.

Batzorde honen ustez, ikastaroen “likidazio ekonomikorako” artikulu honen xehetasunak, kudeatzeko orduan egiaz operatiboa eta eraginkorra izateko, zehaztasun handiagoa eskatzen du. Artikulu honen arabera, prestakuntza-ekintza amaitutzat jotzen da, enplegua aurkitu dutelako utzi behar duten langabetuen kasuan. Horren harira, esaterako, nork eta nola interpretatuko du “utzi behar izana”, gaur egun “enplegua aurkitu izanaren” espresiopean, behin-behinekotasunaren eta partzialtasunaren artean, guztia sar baitaiteke.

Gainera, enplegua aurkitu duelako ikastaroa utzi duen langile langabetuari ziurtagiria ematearen ikuspegitik, “ikastaroa egin izanaren” aipamenik faltan botatzen da, nahiz eta alderdi garrantzitsu hau gero garatuko dela iragartzeko izan.

Gure iritziz, arauaren tituluak aldarrikatzen duen lan-aukeren hobekuntza pertsonetan egiaztatzen da eta euskarrietako bat, hain zuzen ere, jasotako prestakuntza (partziala ere bai) legez frogatzea da eta, horretarako, ebaluazio-proba egokiekin aprobetxamendua gainditu beharko da.

V.- ONDORIOAK

Lehenik eta behin, Euskadiko EGABek ondorioztatzen du 327/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena, bigarrenez aldatzeko izapidea ez dela modu egokian egin, Irizpen honen gorputzean azaldu den bezala.

Edukiari dagokionez, justifikazioak ezagutzen ez ditugun aldaketak hauteman dira. Izan ere, justifikazio horiek baloratzeko beharrezkoak dira. Derrigorrez bete behar den Estatuko araudiarekiko moldapen hutsetik at eredu-aldaketa bat dirudienaren aurrean, azalpen-txostena faltan botatzen da.

 

Bilbon, 2014ko apirilaren 11n

 

 

 

Batzordeburuaren oniritzia_Juan Mª Otaegui Murua

Idazkari nagusia_Francisco José Huidobro Burgos