Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 5/14

Irizpena 5/14

beatriz

1

I.- SARRERA

2014ko maiatzaren 23an, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren idazkia jaso zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, “Emakume Nekazarien Estatutuaren Legearen Aurreproiektuari buruzko txostena eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lege Aurreproiektu honen behineneko aurrekaria EGABren 2012ko ekainaren 15eko irizpena jaso zuen beste aurreproiektu bat da, 2012ko ekainaren 26ko Gobernu Kontseiluan onetsia eta Eusko Legebiltzarrera igorria izapidetzeko. Izapidetzea ez zen burutu, Eusko Legebiltzarra desegin zelako 2012ko abuztuaren 28an.

Irizpenpean jarritako Legearen Aurreproiektuaren xedea hasierako dokumentuan agertzen zen bera da, hots, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa gauzatzea nekazaritzaren sektorean, eta emakume nekazariei bermatzea beren eskubideak erabiltzen dituztela, euren autonomia sustatzeko eta euren posizio soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzeko.

Berehala igorri zitzaien agiriaren kopia Batzordearen osoko bilkurako kide guztiei, euren proposamenak eta iritziak bidal ditzaten eta horien berri emateko Lan Batzorde Iraunkorrari, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduaren Arautegian ezarritakoarekin bat etorriz.

2014ko ekainaren 11n, Garapen Ekonomikoaren Batzordea bildu zen, Irizpen Aurreproiektuaren gaineko lehen proposamena eztabaidatzeko. Egun berean, honako Irizpen Proiektu hau onetsi zuen Batzordeak, eta Euskadiko EGABren osoko bilkurara eraman zen 2014ko ekainaren 30ean. Bertan onetsi zen, aho batez.

 

II.- EDUKIA

Hauexek dakartza Legearen Aurreproiektuari buruzko testuak: Zioen Azalpena, 31 artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta amaierako lau xedapen. Sei titulutan dago egituratuta: Xedapen orokorrak, Nekazaritza ustiategien titulartasuna eta titulartasun partekatua, Emakumeen presentzia nekazaritzaren sektorean, Gizarte eskubideak, Emakume nekazariak aitortzea eta ikusaraztea eta Jarraipen Batzordeari buruzko azken titulua.

 Zioen azalpena

Aipatzen denez, emakumeek nekazaritzaren sektorean pairatzen duten bazterkeriari aurre egin beharrari erantzuten dio emakume nekazarien Estatuaren Legearen Aurreproiektuak, batez ere haien lanbide aitortzari eta gizarte aintzatespenari dagokienez, baita euren eskubide profesional, sozial eta fiskalei dagokienez ere.

Bazterkeria horrek emakume nekazari askoren egungo egoeran du isla. Hala, ustiategien emakume titularren proportzioa handitu bada ere, oraindik ere desorekatua da proportzioa. Berdintasun hori, ordea, ez dator bat emakumeek nekazaritza ustiategietan egiten duten benetako lanarekin, zeren eta askotan ikusten ez diren lanak baitira. Bestalde, kontratazioaren arloan nabarmena da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna, gizonezkoen onuragarri betiere.

Era berean, jardueraren tamaina ekonomikoa handitu ahala, behera egiten du emakumeek hartutako erabakien kopurua, egiaztatu ahal izan denez. Horrela, emakumeek nekazaritzaren arloko erabaki organoetan duten partaidetza gizonezkoena baino askoz txikiagoa da.

Gainera, gizonezkoek ematen dutena baino bi aldiz denbora gehiago ematen dute emakume horiek etxeko lanetan eta zaintza lanetan, haien aisialdirako denboraren kalterako; horrek lanen banaketaren eredu tradizionala iraunarazten du.

Aldi berean, gizonen osasunerako kaltegarriak izan litezkeen alderdiak izango dira laneko arriskuen prebentzioaren ardatza, eta ondoren emakumeengana eta gizonengana zabaldu dira ondorioak, bereizketa faktoreei erreparatu gabe. Agerian utzi dira sexu jazarpenaren eta jazarpen sexistaren balizko egoerak ere; horien ezaugarriak direla-eta, tratamendu espezifikoa behar da.

Ondorioz, Legearen lehentasunen artean, hauexek aipatzen dira: Emakume nekazariek titulartasuna eskuratzea sustatzea, haien lana ikusarazteko eta lanaren ondoriozko eskubide guztiak eskuratzea lortu ahal izateko; emakumeen kontratazioa, zeren eta gizonezkoena baino askoz txikiagoa baita; lanen banaketaren eredu tradizionala aldatzeari garrantzia ematea; emakumeen eta gizonen osasunaren gaineko bereizketa faktoreak aintzat hartzea; beharrezko neurriak hartzea emakumeen osasuna bermatzeko nekazaritzako lanetan; eta neurri egokiak abiaraztea nekazaritzaren arloko sexu jazarpenari eta jazarpen sexistari aurre egiteko.

Aipatzen denez, arlo honetako arauen aurrekaririk ez badago ere, hainbat agiritan landutako gomendio eta agindu ugari dago. Bereziki aipagarriak dira honako hauek:

  • Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko uztailaren 7ko 2010/41/UE Zuzentaraua, jarduera autonomoan diharduten gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren aplikazioari buruzkoa.
  • Kontseiluaren 1978ko abenduaren 19ko 79/7/CEE Zuzentaraua, gizarte segurantzaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa pixkanaka aplikatzeari buruzkoa.
  • Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 2006/54/CE Zuzentaraua, lanaren eta enpleguaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunerako aukera-berdintasunaren printzipioaren aplikazioari buruzkoa.
  • 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa.
  • Abenduaren 23ko 17/2008 Euskal Legea, Nekazaritza eta Elikagaigintza politikari buruzkoa. Horren 75. artikuluan agindu da Emakume Nekazariaren Estatutua egitea, eta emakumeenganako ekintza positiboak sustatu beharra aipatzen da.
  • Urriaren 4ko 35/2011 Estatuko Legea, nekazaritza ustiategien titulartasun partekatuari buruzkoa.

Xedapenak

I. TITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea

2. artikulua. Printzipioak

3. artikulua. Tratu-berdintasuna

4. artikulua. Ekintza positiboa

5. artikulua. Aukera-berdintasuna

6. artikulua. Genero-ikuspegia txertatzea

7. artikulua. Definizioak

8. artikulua. Emakume nekazarien aniztasuna

9. artikulua. Askotariko bazterkeria

II. TITULUA: NEKAZARITZA USTIATEGIEN TITULARTASUNA ETA TITULARTASUN PARTEKATUA

10. artikulua. Titulartasuna eskuratzeko eskubidea

11. artikulua. Titulartasun partekaturako beharkizunak

12. artikulua. Titulartasun partekatuaren araubidea

13. artikulua. Titulartasun partekatuaren erregistroa

14. artikulua. Zabalkunderako neurriak

15. artikulua. Laguntzak eta diru-laguntzak

16. artikulua. Esleipenak eta bestelako neurriak

17. artikulua. Emakumeak gizarte segurantzan afiliatzea sustatzea

III. TITULUA: EMAKUMEEK NEKAZARITZAREN SEKTOREAN DUTEN PRESENTZIA

18. artikulua. Sektore publikoan parte hartzea

19. artikulua. Partaidetza soziala eta politikoa

20. artikulua. Emakumeak inoren kontura lan egitea sustatzea nekazaritzaren sektorean

21. artikulua. Hitzarmenak

IV. TITULUA: GIZARTE ESKUBIDEAK

22. artikulua. Erantzukizun partekatua bateratzea

23. artikulua. Osasuna lanean

24. artikulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren kontrako babesa

25. artikulua. Prestakuntzarako eskubidea

26. artikulua. Berdintasunean trebatzea

V. TITULUA: EMAKUME NEKAZARIAK AITORTZEA ETA IKUSARAZTEA

27. artikulua. Emakumeen lana aitortzea

28. artikulua. Azterlanak, ikerketak eta estatistikak

VI. TITULUA: JARRAIPEN BATZORDEA

29. artikulua. Sorrera eta eraketa.

30. artikulua. Funtzioak

31. artikulua. Funtzionamendua

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Landa-garapenerako elkarteak

Bigarrena. Elkarteentzako laguntzak

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. Nekazaritza eta Elikagaigintzari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 14. artikulua aldatzea.

Bigarrena. Nekazaritza eta Elikagaigintzari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 92. artikulua aldatzea.

Hirugarrena. Arauen garapena.

Laugarrena. Indarrean sartzea.

Xedapen Orokorrei buruzko I. Tituluak (1. artikulutik 9.era) Estatuaren xedea eta hura eraentzen duten printzipioak zehazten ditu (tratu-berdintasuna, aukera-berdintasuna eta genero-ikuspegia txertatzea). Era berean, definizioak dakartzan artikulu bat dauka: kontzeptu orokorrak arau honi egokitzeko batzuk, eta zenbait kontzeptu biltzen dituztenak besteak. Izan ere, kontzeptuok beste arau batzuetan zehaztuta egon arren, hemen ere ageri dira, testuaren ulermena eta erabilera errazteko.

II. Titulua. Nekazaritza ustiategien titulartasuna eta titulartasun partekatua (10. artikulutik 17.era): emakumeek nekazaritza ustiategiak eskuratzeari buruzkoa da. Testuari koherentzia emateko, Nekazaritza Ustiategien Modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legean (Titulartasun Partekatuaren Legearen erreformaren ondotik) ezarritako beharkizunak biltzen ditu, baita emakume nekazariek titulartasuna eskuratzea sustatzeko neurriak ere. Titulartasun partekatuak garrantzi handiko tresna izan behar du etorkizunean emakumeen eta gizonen arteko eskubideen berdintasuna lortzeko nekazaritzaren sektorean, eta bizikidetza-unitateko bi kideek lan egiten duten ustiategiek titulartasun mota hau balia dezaten sustatzen du Estatutu honek, ustiategi horiek lehenetsiz laguntzak eta esleipenak ematean, baita emakume nekazariak Gizarte Segurantzan afiliatzeko neurriak ezarrita ere.

III. Titulua emakumeek nekazaritzaren sektorean duten presentziari buruzkoa da (18. artikulutik 21.era). Jarduteko hiru arlo bereizten dira, tratu bereizia jasotzen dutenak: Administrazioa eta haren enpresak; lanbide erakundeak eta elkarteak eta enpresa pribatuak. Ezaugarri komuna dute hirurek: emakumeek nekazaritzaren politikan parte hartzeko eta haien interesen eta beharren aldeko politikak bultzatzeko baliozko solaskidetzat hartuak izateko duten eskubidea benetan bete dadila. Hainbat epetan eskuratzeko modukotzat jotzen diren helburuek ematen dute arloen tratamenduaren ezberdintasuna, baita batez ere helburuok lortzeko nahi diren neurriek ere. Zenbait helburu ezarri ditu Legeak, epeak barne, eta helburuok betetzen direla ebaluatu beharko da.

 IV. Titulua. Gizarte eskubideak (22. artikulutik 26.era): haien espezifikotasuna dela-eta nekazaritzaren sektorean tratamendu espezifikoa beharko luketen zenbait lan-arlo azpimarratzen dira. Hala, erantzukizun partekatua bateratzearen arloan, nekazaritza jarduera ziurtatzeko programak bermatzeko; edo emakumeen kontrako indarkeriaren edo jazarpenaren arazoen aurrean, zeren eta eremu txikiagoan eta bakartuagoan gertatzen baitira horrelakoak landa-eremuetan eta, beraz, zailagoak dira prebentzioa eta arreta.

V. Titulua. Emakume nekazariak aitortzea eta ikusaraztea (27 eta 28. artikuluak): emakumeek nekazaritzaren sektorean egin duten eta egiten duten lana ikusaraztea eta aitortzea lortu nahi du. 4/2005 Legean ezarritakoa bildu eta nekazaritza sektorera egokitzen du, emakumeek bereziki ikusezinak izan diren sektorean egiten duten lanaren errealitatea kontuan hartzen dela bermatzen saiatzeko.

VI. Titulua eta azkena (29. artikulutik 31.era): Lege horretan xedatu dena betetzearen gaineko Jarraipen Batzordea sortzen du. Izaera teknikoa ematen saiatu dira eta, hala, ezarri den osaeraren arabera, Nekazaritza edo Abeltzaintzako zuzendariaren kargu publikoa baino ez dago. Kasu honetan ere, eskuordetzea aurreikusten da, eta irizpide tekniko bera erabiliz, txostenak ebaluatu eta egiteko eginkizun zehatzak esleitu zaizkio Batzordeari.

Lehen xedapen gehigarria estatutuak Landa Garapenerako Elkarteetan egokitzeko epeari buruzkoa da.

Bigarren Xedapen Gehigarria elkarte eta erakundeentzako laguntzei buruzkoa da.

Xedapen Indargabetzaileak indarrik gabe utzi du Nekazaritza eta Elikagaigintzari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 76. artikulua.

Amaierako Lehen Xedapenak Nekazaritza eta Elikagaigintzari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 14. artikuluko 3. atala aldatu du.

Amaierako Bigarren Xedapenak Nekazaritza eta Elikagaigintzari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 92. artikulua aldatu du.

Amaierako Hirugarren Xedapenak ezarri duenez, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek eta Lurralde Historikoetako foru organoek beharrezko aldaketak onetsiko dituzte beren arauetan, Lege honetan ezarritakoari egokitzeko hiru urteko epean, indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita.

Amaierako Laugarren Xedapena Legea indarrean sartzeari buruzkoa da.

 

III.- GOGOETAK

Gure kontsultapean jarritako dokumentua zehazki irakurri ondoren ikusten denez, Batzorde honek 2012ko ekainaren 15ean jakinarazitako aurreproiektua du oinarri testuak.

Izan ere, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren txosten juridikoak dakarrenez, 2009-2012 legegintzaldian Lege Proiektua izan zen testua du oinarri aurreproiektu honek, eta horrexegatik, azken bertsioaren testuak “dagoeneko bilduak ditu komenigarritzat jotako ondoz ondoko organo informazio-emaileen ekarpenak”.

Horrenbestez, Irizpen honetan berriz aipatzen dira Batzorde honek orduan eginiko gogoetak, eta aplikatzekoak dira orain aurkezturiko testuan ere, eta ondoren gogoetaren bat egiten du azken aurreproiektuaren zenbait berrikuntzaren inguruan.

III.1 Gogoeta orokorrak

Hauxe da gure inguruko lurraldeetako landa-eremuan ikusten den ezaugarri komuna: motelagoa dela emakumeen eta gizonen arteko eskubideen berdintasuna aitortzeko prozesuaren eboluzioa.

Hala, nekazaritzaren eremuan hainbat emakumek egin dute lan nekazaritza ustiategian eta ez dira titular gisa ageri.

Era berean, emakumeek etxeko lanetan eta zaintza lanetan ematen duten denbora gizonena baino bi aldiz gehiago da, emakumeen aisialdiaren kalterako.

Bestalde, kontratazioaren arloan nabarmena da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna, gizonezkoen onuragarri betiere. Gainera, deigarria da honako hau: emakumeek nekazaritzaren eremuko erabaki organoetan duten partaidetza gizonezkoena baino askoz txikiagoa dela eta, jardueraren tamaina ekonomikoa handitu ahala, behera egiten duela emakumeek hartutako erabakien kopuruak.

Aldi berean, gizonen osasunerako kaltegarriak izan litezkeen alderdiak izan dira laneko arriskuen prebentzioaren ardatza, eta ondoren emakumeengana eta gizonengana zabaldu dira ondorioak, bereizketa faktoreei erreparatu gabe. Ildo horretan, sexu jazarpena eta jazarpen sexista ere aipatu behar dira.

Hori esanda, galdetu zaigun Legearen Aurreproiektua izateko aukera baloratuko dugu, zeren eta emakume nekazarien eskubideak biltzen baititu eta herri administrazioek eskubideok benetan erabiltzen direla bermatzeko dituzten betebeharrak zehazten baititu, baita emakumeek eta bereziki emakume gazteek lanerako aukerak izateko ere. Aukera horiei esker, hala nahi badute, landa-eremuetan jarraituko dute eta belaunaldien arteko errelebua bermatuko da.

Horrela, askotariko helburu operatiboak ditu Legeak: Emakume nekazariek titulartasuna eskuratzea sustatzea, emakumeen kontratazioa erraztea, emakume baserritarrek erabakiak hartzeko organoetan direla eta parte hartzen dutela bermatzea; lanen banaketaren eredu tradizionala aldatzeko eginkizuna azpimarratzea (ustiategiko lana, etxeko lana eta aisialdia); emakumeen eta gizonen osasunaren gaineko bereizketa-faktoreak aintzat hartzea eta neurri egokiak hartzea; eta neurri egokiak abiaraztea sexu jazarpenari eta jazarpen sexistari aurre egiteko.

Funtsezko xedeari gatxezkiola, Batzorde honek uste du zenbait alderdi hobetu daitezkeela Aurreproiektuan. Horien artean, hauexek aipa daitezke:

1.      “Euskadiko nekazaritza administrazio”en gainean aipaturikoa zehaztea

“Euskadiko nekazaritza administrazioak” aipatzean, ona izango litzateke bere baitan biltzen duena zehaztea. (“Euskadiko administrazioak” delako aipamenak dudarik uzten ez badu ere, tartean sartutako NEKAZARITZA kalifikazioak eskumenen eremu materiala zehazten du, euskal administrazio guztiek eratxikita ez dutena).

2.      Ez da aurreikusten Estatutua betetzen dela bermatzeko mekanismoa

Ikusten dugunez, zenbait eskubide aipatzen dira Aurreproiektuan, baina ez da eskubideok eraginkortasunez betetzen direla bermatzeko prozedurarik edo mekanismorik aurreikusten, ezta eskubide-urraketak edo eraginkortasunik eza zuzentzeko eta zehazteko ere.

Aipaturikoak duen garrantzia kontuan izan, Estatutuan TITULU ESPEZIFIKOA sartzea proposatzen dugu, non lehen sektorean lan egiten duten emakumeen eskubideak zein diren aipatuko baitira artikulu batean.

 

“Nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako jarduera egiten duten emakumeen funtsezko eskubideak dira honako hauek:

  1. Errespetuz tratatuak izatea.
  2. Sexuagatik zuzenean edo zeharka baztertuak ez izatea.
  3. Sexu irainik edo jazarpenik ez jasatea.
  4. Nekazaritza ustiategiaren titulartasuna berdintasunean eskuratu ahal izatea.
  5. Nekazaritza erakundeetako edo administrazioetako gobernu eta ordezkaritza organoetan gizonezkoen baldintza berdinetan parte hartzea, baita lehen sektorean diharduten pertsona juridiko, publiko edo pribatuen baldintza beretan ere.
  6. Presentzia orekatua izatea kide anitzeko eta zuzendaritzako organoetan, Lege honen 7.12. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta baldintza berdinetan erabiltzea eskubidea.
  7. Baliozko solaskidetzat legitimatuta egotea.
  8. Ordezko zerbitzua izatea laneko ezintasunean.
  9. Aisialdia, denbora librea eta atsedena.
  10. Laneko osasuna.
  11. Genero-indarkeriaren prebentziorako informazio eta arreta baliabide irisgarriak eta kalitatezkoak izatea.
  12. Genero-indarkeriaren biktima izanez gero herri administrazioen arreta jasotzea, baita erasoa jasan baino lehenagoko baldintzetan lanean jarraitzea ere.
  13. Gizonezkoen aurretik kontratatua izatea Lege honetan xedaturikoaren arabera.

Zigorra jaso dezakeen ez legezko kasua izateari kalterik egin gabe, administrazio zehapena izango da funtsezko eskubideok benetan erabiltzea galaraztea edo eskubideok urratzea. Eskubide horien erabilera urratzen edo galarazten duenak zehapena jasoko du, 1398/1993 Errege Dekretuan eta arauetan ezarritako prozeduraren arabera.

Eta aurreko artikuluan ezarritakoa betetzen dela zaintzeko eta berme handiagoa izateko, artikulu gehigarri hau proposatzen da:

 

Eskubideen ukaezintasuna.

Ezdeusa izango da zuzenbide osoz Lege honetan eta arau osagarrietan aintzatetsitako eskubideak erabili aurretik uko egitea, baita eskubidearen aplikazioa baztertzeko eginiko itun oro ere. Lege honen edo haren araudi osagarrian ezarritakoaren kontra iruzur eginez gauzaturiko ekintzek ez dute galaraziko itzuri nahi den araua aplikatzea.”

3.      Finantzazioa eta Memoria Ekonomikoa

Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren txosten juridikoak dakarrenez, Lege Proiektu hartan sartutako aldaketen berri ematen da Memoria Ekonomikoan, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak (KEB) planteaturiko oharrak zirela-eta.

Hala ere, KEBren txostena irakurri ondoren (azkena, 2014ko apirilaren 30ekoa), ikusten dugunez, txosten horretan berriz ere aipatzen dira oharrak, aurreproiektu hartarako 2012ko urtarrilaren 25eko txostenean ere eginak, eta gainera, testu berrian sartutako berrikuntzen gaineko zenbait ohar erantsi dira.

KEBk orain ere uste du agiriak zehaztasuna falta duela eta zenbait anomalia tekniko juridiko dituela. Are gehiago, Bulegoak Memoria Ekonomikoa kritikatzen du: ez dutela nahikoa daturik aurreproiektua zentzuzkoa dela baloratzeko, ikuspegi ekonomikotik eta geroko aurrekontuen egoeren barruko bideragarritasunaren aldetik. KEBk gomendio bat dakar, Batzorde Juridiko Aholku-emaileak berak aurreko aurreproiektuari eginikoa: memoria ekonomikoak zehaztasunez azal dezala aurrekontuan zein ondorio duen araua aplikatzeak administrazio autonomikoarentzat eta foru administrazioentzat”.

Euskadiko EGABk 2012ko ekainaren 15eko bere irizpenean ildo bereko planteamenduak egiten zituen, eta berriz ere aipatuko ditugu orain.

Gure ustez, erraztasunak emateko zenbait neurri ezartzeko eskaera egiten zaio Aurreproiektuan Euskadiko nekazaritza administrazioei. Alabaina, Sailaren Memoria Ekonomikoarekin eskainitako informazioarekin, gure ustez ez da bermatzen aurreikusitako neurriak abiaraztea.

Ildo horretan, komenigarri irizten diogu Estatuan bertan araupetzeari, burutuko diren neurriak zehaztuz, zeren eta, osterantzean, nekazaritza administrazio guztiak behartuko baikenituzke, haien ahalmena eta baliabideak edozein direla ere.

Halaber, laguntzak eta diru-laguntzak aipatzean, nekazaritzaren eremuarekin lotutakoak direla zehaztea proposatzen dugu, zeren eta, bestela, edozein eremutako lehentasunak ezartzen direla ematen baitu.

III.2 Gogoeta espezifikoak

I. TITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

 3. artikulua. Tratu-berdintasuna

  • 1. puntua. Gure iritziz, puntu honetan adierazitako debekua ez da administrazioetara mugatu behar eta, beraz, honelaxe bildu behar litzatekeela proposatzen dugu:

 

“Debekatuta dago Euskadiko nekazaritza administrazioek, erakundeek edo pertsona juridikoek pertsonen sexuan oinarrituriko bazterkeria oro, zuzenean nahi zeharka, horretarako erabilitako modua edozein dela ere”.

II. TITULUA: NEKAZARITZA USTIATEGIEN TITULARTASUNA ETA TITULARTASUN PARTEKATUA

17. artikulua. Emakumeak gizarte segurantzako afiliazioaren araupetzea sustatzea

Lehenik eta behin, artikuluaren tituluan hauxe gehitzea proposatzen dugu: “araupetzea”.

Bigarrenik, azken paragrafoko azken zatia kentzea proposatzen dugu:

 

“Egitarau horiek aplikatuko zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko nekazaritza ustiategien titularrak edo titularkideak diren emakumeei, betiere norberaren konturako langileen edo autonomoen Araubide Berezian sartzen badira Gizarte Segurantzaren nekazaritzako norberaren konturako langileentzako Sistema Bereziaren bidez, edo une jakin batean egokitu dakiekeenaren bidez, bereziki Gizarte Segurantzan sartzeak erretiro-pentsio baterako eskubidea emango ez diela kalkulatzen denean.”

III. TITULUA: EMAKUMEEK NEKAZARITZAREN SEKTOREAN DUTEN PRESENTZIA OREKATUA

Titulua aldatu dela ohartarazi behar dugu: igorritako Aurreproiektuan “orekatua” hitza agertzen da.

IV. TITULUA: GIZARTE ESKUBIDEAK

22. artikulua. Erantzukizun partekatua bateratzea

Gure ustez, ez da iraunkorra ordezpen zerbitzuak bermatzea artikuluan azaldutakoaren arabera. Eta edozelan ere, komenigarria izango litzateke jakitea zeinen pentzura diren aipaturiko zerbitzuen gastuak.

23. artikulua. Osasuna lanean

4. puntuari dagokionez, hauxe gehitzea proposatzen dugu:

 

4.- Nekazaritzaren sektoreko politiketan, estrategietan eta laneko segurtasun eta osasun planetan, hauexek ezarriko dira: emakumeek eta gizonek balioen, rolen, egoeren, baldintzen, igurikapenen eta beharren aldetik dituzten ezberdintasunak, eta osasunaren arloan maila parekagarriak lortzeko helburuak, xedeak eta jarduketak sartuko dira. Nolanahi ere, hauexek egin beharko dira:b)      Lanpostuak, tresnak, ekipoak, laneko prozesuak, arropa, oinetakoak, etab. diseinatzean, emakumeen eta gizonen ezberdintasunak kontuan hartzea bultzatzea

Izan ere, garrantzizkoak dira emakumeentzako taila espezifikoak arropetan eta oinetakoetan.

24. artikulua. Indarkeriaren eta jazarpenaren kontrako babesa

Lehenik eta behin, landa-eremuaren inguruabar espezifikoak kontuan izanik, gure ustez Legeak neurri zehatzak ezarri beharko lituzke eskubidearen erabilera bermatzeko. Neurrion artean, hauexek aipa daitezke: lur-bankuak, harrera-etxebizitzak landa-eremuan, adingabekoek beren ingurutik mugitu behar izan eza dezaten.

Bigarrenik, komenigarri irizten diogu datuen isilekotasuna bermatu beharra aipatzeari testuan.

 

3.- Euskal administrazioek bermatu egin beharko dute nekazaritzaren sektorean lan egiten duten emakumeek, jazarpen sexistaren edo sexu jazarpenaren biktimak badira, informaziorako eta arretarako baliabide irisgarriak eta kalitatezkoak dituztela, betiere erabateko isilekotasuna bermatuta. Nolanahi ere, mekanismoak ezarri beharko dituzte sexu jazarpenaren edo jazarpen sexistaren biktimak diren emakume nekazariek arreta hori eskuratzeko modua izan dezaten.

VI. TITULUA. JARRAIPEN BATZORDEA

29. artikulua. Sorrera eta eraketa.

1. puntuak ez ditu barne hartzen nekazaritzako enpresa elkarte nagusiak, nekazaritza sindikatuen antzeko kopuruan, eta, horregatik, honelaxe dioen j) azpiatala gehitzea proposatzen dugu:

 

j) Hiru pertsona, nekazaritzako enpresa elkarte nagusien ordezkaritzan.

30. artikulua. Funtzioak

  • 2. puntuan, ez da ezarri txostena nekazaritza administrazioari igortzea. Igorketa hori sartzea proposatzen dugu.
  • 3. puntuan esaten denez, diskriminazio positiboko neurriak proposatuko ditu Batzordeak, baina ez du esaten zeinentzat den proposamena. Zehaztu beharko litzatekeela deritzogu.

 

Bestalde, eta Legearen Aurreproiektuaren artikulatuetan “ekintza positiboa” adierazpena sistematikoki eta zuzen erabiltzen bada ere, 3. puntu honetan “diskriminazio positiboko neurriak” erabiltzen da. Ildo horretan, komenigarria da nabarmentzea Europar Batasunak aspaldi egin zuela “diskriminazioa” hitza soilik Zuzenbidearen kontrako kasuetan erabiltzearen aldeko apustua, halako moldez non aurreko “diskriminazio positiboa”ren ordez “ekintza positiboa” adierazpena jarri baitzen.

Hala dela egiazta daiteke pertsonen tratu-berdintasunaren printzipioaren aplikazioari buruzko ekainaren 29ko 2000/43 CE Zuzentarauan, arraza edo etnia jatorria edozein dela ere, baita lanean eta enplegatuan tratu-berdintasunerako eremu orokorra ezartzeari buruzko azaroaren 27ko 2000/78 CE Zuzentarauan ere.

Horregatik, komenigarria izango litzateke “diskriminazio positiboa” barik “ekintza positiboa” jartzea.

  • Puntu bat gehitzea proposatzen dugu, non Jarraipen Batzordearen eginkizunetako bat hauxe ezarriko baita: 19.4. artikuluan aipaturiko salbuespenei buruzko aginduzko txostenak ematea.

 

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Gure ustez, beharrezkoa da zehaztea Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 76. artikulua indargabetzeko zioa.

AZKEN XEDAPENAK

  • Bigarrena.Nekazaritza eta Elikagaigintzari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 92. artikulua aldatzea.

 

Puntu bakoitzean pertsona edo pertsonak gehitzea proposatzen dugu, baita i) puntuan “Nekazaritzakoak” barik “Nekazaritza-elikagaigintzakoak jartzea ere.

 

2.- Kide hauek osatuko dute kontseilua:

a) Nekazaritza eta elikagaigintzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko pertsona titularra; presidentzia lanak beteko ditu, eta kontseiluan jorratu beharreko gaien deialdia egin eta ezartzeko arduraduna izango da.

b) Sail bereko Kontseilariaren Kabineteko Zuzendaritzaren pertsona titularra; presidenteordearen eginkizunak beteko ditu.

c) Nekazaritza eta elikagaigintzaren arloan eskumena duten Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko saileko bi pertsona, gutxienez zuzendari lerruna dutenak.

d) Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bat, gutxienez zuzendari lerruna duena.

d) Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bat, gutxienez zuzendari lerruna duena.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat, gutxienez zuzendari lerruna duena.

g) Eudeleko ordezkari bat.

h) 88. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera nekazaritza profesionalen erakunde nagusi bakoitzeko ordezkariak, gehienez bost ordezkari erakundeko.

i) Euskadiko ekoizleen elkarteetako ordezkariak, lege horren 89.2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

j) Euskadiko nekazaritza eta elikagaigintza industrien elkarteetako ordezkariak, haiek adostasunez izendatuak eta txandaka jardun dezaketenak.

k) Autonomia Erkidegoko Basozaleen Konfederazioko ordezkari bat.

l) Euskadiko Nekazaritza-elikagaigintzako Kooperatiben Federazioko ordezkari bat.

m) Nekazaritza ustiategiei aholkuak emateko aintzatetsitako erakundeetako ordezkari bat, horiek adostasunez izendatua eta txandaka jardun dezakeena.

n) Emakume Baserritarren Batzordeko ordezkari bat. 

 

  • Hirugarrena.Arauen garapena.

 

Gehiegi irizten diogu hiru urteko epea emateari Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei eta Lurralde Historikoetako foru organoei Lege honetan ezarritakoari egokitzeko.

  • Azkenik, beharrezkotzat jotzen dugu beste azken xedapen bat ematea, zertarako-eta, Lege honek eskubideen urraketari buruzko zehaztapena eta araudia bilduz gero, zehaztapen eta araudi hori azken xedapenean bilduta egiteko.

 

IV.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABk egokitzat jotzen du emakume nekazarien Estatutuaren Legearen Aurreproiektuari buruzko izapidetzea, organo aholku-emaileak egin dituen gogoetak barne. Hauxe gomendatzen dio gobernuari: aztergai dugun arloko Foru Dekretuaren berrikuspena proposatzea, halako moldez non Legea bateragarria izango baita Foru Dekretu horrekin.

Bilbon, 2014ko ekainaren 30ean.

Firmas eusk