Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

15/14 Irizpena

15/14 Irizpena

15/14 Irizpena Euskadiko Hirgarren Sektore Sozialari dagokion Legearen Aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2014ko urriaren 29an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Herri Administrazio eta Justizia Sailaren idazkia sartu zen eta “Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari dagokion Legearen Aurreproiektuari” buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kontsultatzen zaigun ekimen legegileak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen lege-estatutua xedatzea du helburu. Halaber, erakundeak eta sareak sendotzera bideratutako neurriak hartu eta sustatu nahi ditu, baita elkarren artean eta sektore publikoarekin nahiz enpresekin erakundeen kooperazioa eta lankidetza bultzatu ere. Azkenik, gizartean esku hartzearen eremuan, orokorrean, eta eremuarekin zerikusia duten erantzukizun publikoko politika eta sistemetan, bereziki, beren laguntza sustatzea du xede.

Horren kopia berehala bidali zitzaien Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak egin eta iritziak emateko, baita lan-batzorde egokian lantzeko ere, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari dagokion Funtzionamendu Araudiak xedatutakoarekin bat. 2014ko azaroaren 5ean Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin zen Batzordearen Osoko Bilkuran lantzeko. Bertan aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

“Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko Lege Aurreproiektuaren” testuak zioen azalpena, lau kapitulutan banatutako 25 artikulu, bi xedapen gehigarri eta azken xedapen bat ditu.

Zioen azalpenean euskal gizarteak gizarte-sare zabala, anitza eta eraginkorra duela azaltzen da. Hori erakundeek osatzen dute, herritarren ekimen askeen ondorioz. Nolanahi ere, elkartasun antolatua eta herritarren gizarte-partaidetza, oro har, eta gizarte-egoera, -arazo edo –behar batengatik eraginda dauden pertsona, familia, talde edo komunitateena bideratzen dute. Hirugarren Sektore Soziala da.

12/2008 Legeak, abenduaren 5ekoak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, “Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorea” gure antolamenduan sartu zuen, definitu gabe; 283/2012 Dekretuak, irailaren 11koak, Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eratu eta arautzen duenak, berriz, “Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorea” hurrengo moduan definitzen zuen: “erakunde pribatu jakin batzuek osatzen dute: erakunde pribatu horiek formalki antolatuta daude, ez dute irabazteko asmorik eta, nagusiki, gizarte-elkartasuna sustatzen dihardute, hala nola pertsonen parte-hartze soziala, gizarte-eskubideak, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa bultzatzen Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan”.

Hirugarren Sektore Soziala euskal gizartearen oinarrizko aktiboa da, edozein abagunetan -eta, bereziki, krisi ekonomiko, politiko, instituzional, sozial eta baloreei buruzkoaren abagunean- gizarte zuzen, solidario, kohesionatu, parte-hartzaile eta demokratiko bezala egituratu eta gizarte-beharrei modu egokiagoan (osoa, hurbila, pertsonalizatua, parte-hartzailea, etab.) erantzuteko. Horretarako, sektoreek lankidetzan dihardute eta pertsona, familia, talde edo erkidego hartzaileek parte hartzen dute.

Euskal sektore publikoarekin duten harremanari dagokionez, erakundeek erantzukizun publikoaren sistemetan parte hartu dute eta oraindik horretan ari dira. Gizarte-zerbitzuen sisteman, enplegu-sisteman, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sisteman jatorritik beren presentzia oso esangarria izan da. Gauza bera gertatu da gizartearen esku-hartzeari lotutako sistemen (hezkuntza, osasuna…) arteko elkarrekintza-espazioetan. Hala, erantzukizun publikoaren sistemak osatzen dituzte, etxebizitzari buruzko politiken edo osasun- ala hezkuntza-sistemaren kasuetan bezala; bestela, eraikitzen, finkatzen eta zabaltzen parte hartzen dute eta, bide batez, Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzuez hornitzen lankidetzan dihardute, erreferentziazko araudi europarrean definitzen diren modura. Lan berdina egiten dute interes orokorreko beste jarduera batzuetan, zerbitzuez hornitzearekiko desberdinak izan arren.

Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak Hirugarren Sektore Sozialarekin lankidetzan aritzen dira ondorengoak sustatzeko: boluntarioen lana, elkarrekiko laguntza eta gizarte-partaidetza; familien gizarte-laguntza, senitarteko zaindarien zaintza eta herritartasun aktiboan nahiz gizarte-partaidetzan jardutea errazten duen bateragarritasuna; eta erakundeek biztanle guztiak gizarteratzeko gauzatzen dituzten interes orokorreko beste jarduera batzuk.

Lege honek I. kapituluan Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen estatutua xedatzen du. Gizarte-ekimeneko erakunde bezala identifikatzen ditu eta gizarte esku-hartzearen eremuan jarduerak gauzatzen dituzte, erantzukizun publikoko zerbitzuen horniduran partaidetza barne. Izan ere, eremu horretan Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzutzat jotzen dira.

Ildo horri eutsiz, erakundeak positiboki definitzen aurrera egiten da, hirugarren sektore edo irabazi-asmorik gabeko ala gobernuz kanpoko sektoretik urrunago eta historikoki eta gaur egun egiten duten ekarpenetik at. Nolanahi ere, ekarpenei dagokienez, legeak gizarte-zerbitzuen eta enplegu-sustapenaren eremuetan, baita gizarte esku-hartzeari lotutako eremu eta sistema desberdinen arteko elkarrekintza-espazioetan (gizarte-osasuna, gizarte-lana, gizarte-hezkuntza, etab.) ere bereziki onartu eta bultzatu nahi ditu Erakundeen ezaugarriak definitu ondoren, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen errolda egitea aurrez ikusten da. Modu berean, erakundeen estatutua eutsi eta ekintzen berri ematen duten printzipioak finkatzen dira eta erakundeekiko sektore publikoaren nahiz enpresen ekintza definitzen da.

Gizarte-partaidetzaren, elkartasunaren eta justiziaren printzipioak, gizarteratzeko orduan erantzukizun bateratua eta erantzukizun publikoa, elkarrizketa zibila nahiz demokrazia parte-hartzailea (gobernamendua), sektore publikoaren eta gizarte-ekimenaren arteko kooperazioa eta gizarteratzera bideratutako jardueren zeharkakotasuna oinarri dira erakunde hauek gizarte esku-hartzearen eremuan erantzukizun publikoaren politika eta sistemetan parte har dezaten eskubidea izateko. Halaber, sektore publikoak beren partaidetza eraginkorra erraztu eta sustatu beharko du.

Gizarte esku-hartzearen eremuan sektore publikoaren eta gizarte-ekimeneko erakundeen arteko kooperazioak bi aldeek garatutako funtzio-multzoarekin (gizarte-beharrak hauteman edo ebaluatzea, zerbitzuen hornitzea, sentsibilizatzea, eskubideak sustatzea, etab. barne) harremana du eta ez da bakarrik funtsatzen gizarte-ekimena herri-politiketan parte hartzeko ahalmenean eta gizarte-ekarpenerako duen garrantzian, baita gizarte-eredu zehatzean, antolatu eta eraginkorrean, demokrazia parte-hartzailea duenean ere. Gainera, era ordezkatzailean, gizartean dauden baliabideak eta gaitasunak modu eraginkorragoan aprobetxatzen dira. Izan ere, hori zaindu eta sustatu behar da.

II. kapituluak elkarrizketa zibilaren printzipioa finkatzen du eta, xede horrez, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak gizarte esku-hartzearen eremuan herri-politikak egin, gauzatu, jarraitu eta ebaluatzeko orduan parte hartuko du. Partaidetza hori, beste bitartekoen artean, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren (Hirugarren Sektore Sozialaren solas-espazio nagusia) eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen bitartez egituratzen da. Era berean, erakunde eta sareen nahiz Arartekoaren arteko lankidetza eta horien partaidetza herri-administrazioen kontsulta-organoetan edo lantalde puntualetan erabiliko dira.

Hala, legeak gizarte esku-hartzearen eremuan gizarte-sektorearen eta sektore publikoaren nahiz beste gizarte-eragile batzuen arteko solas-espazioak finkatzen ditu, baita araudi-prozesuetan eta gizarte-politika publikoak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzeko orduan Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren partaidetza eraginkorra bultzatu ere.

III. kapituluan legeak Hirugarren Sektore Sozialaren eta Euskadiko sektore publikoaren arteko harremanari dagokion espazioa eta norainokoa definitzen aurrera egiten du. Arestian azaldutakoaren harira, elkarrizketa zibilaren printzipioarekin bat, gizarte esku-hartzearen eremuan politikak gauzatzen direnean kooperazioan eta lankidetzan aritu behar da.

Ildo horri eutsiz, legeak zehaztutakoaren arabera, bai erantzukizun publikoaren sistemak eta sistemen arteko elkarrekintza-espazioak kudeatzean, bai erantzukizun zibileko zerbitzuez hornitzean, erreferentziazko funtzioak garatu eta kasua koordinatzean, pertsona eta familiei gizarte-laguntzan lankidetzan aritu behar da. Lankidetza bera beharrezkoa da interes orokorreko beste jarduera batzuk egiteko, nahiz eta erantzukizun publikoko zerbitzuez hornitzearekin zerikusirik ez izan.

Kooperazioaren eta lankidetzaren harreman hori egituratzeko hiru tresna zehazten dira: gizarte-hitzarmenaren araubide bereziak, hitzarmenak eta lankidetza-akordio esparruak. Ordain gisa, jarduerari dagokionez, zenbait betebehar zehazten ditu. Herri-administrazioekin lankidetzan diharduten Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek bete beharko dituzte. Betebehar horiek, modu berean, forma juridikoarekin eta gizarte-ekimeneko erakunde bezala dituzten ezaugarriekin zerikusia izango dute. Helburua erakundeen kudeaketa etiko eta gardena ziurtatzea nahiz horietan gizartearen konfiantza mantendu eta sendotzea izango da.

IV. kapituluan, legeak Euskal Autonomia Erkidegoko gizartean gizarte-sarea, gizarte-partaidetza eta elkartasun antolatua sendotzen laguntzeko, sektore publikoak Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala susta dezan ekintza aurrez ikusten du. Hala, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeari buruzko estrategia egin eta eguneratzeko konpromisoa hartzen du.

Besteak beste, ondorengoetarako laguntza-neurriak zehazten dira: azpiegiturak garatzeko, inbertsioak egiteko, kudeaketa hobetzeko eta erakundeen jarduera ekonomikoa bultzatzeko, baita Hirugarren Sektore Soziala eta bere ekarpena onartzeko ere, egituratzeko eta erakundeen nahiz sareen artean lankidetzan jarduteko.

Azkenik, Euskadiko herri-administrazioek gizarte esku-hartzearen eremuan enpresa-sektorearen eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko lankidetza sustatuko dute eta, xede horrez, hainbat neurri zehaztuko dituzte, lankidetza gara dadin baldintzak sortzeko. Ildo horri jarraiki, sektore desberdinen arteko kooperazioan aurrera egin nahi da, beharrezkoa baita gizarte zuzenagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa bultzatzeko, baita geroz eta konplexuagoak diren gizarte-beharrei eta gizarte orokorraren erronkei erantzuteko ere.

Arauak hurrengo artikuluak ditu:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea

2. artikulua.- Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren erakundeak

3. artikulua.- Gizarte-ekimeneko erakundeak

4. artikulua.- Gizarte esku-hartzearen jarduerak eta interes orokorreko jarduerak

5. artikulua.- Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren erakundeei buruzko errolda

6. artikulua.- Printzipioak

II. KAPITULUA. SEKTORE PUBLIKOAREKIN ETA BESTELAKO ERAGILEEKIN ELKARRIZKETA ZIBILA ETA BESTE ELKARRIZKETA-TRESNA EDO -ESPAZIO BATZUK

7. artikulua.- Elkarrizketa zibila

8. artikulua. – Euskal herri-administrazioen kontsulta-organoetan eta bere ekintzaren orientazioarekin zerikusia duten ekimen puntualetan partaidetza

9. artikulua.- Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean partaidetza

10. artikulua.- Arartekoarekin komunikazioa eta bere ekimenetan parte-hartzea

III. KAPITULUA. GIZARTE ESKU-HARTZEAREN EREMUKO POLITIKAK GAUZATZEAN KOOPERAZIOA ETA LANKIDETZA

11. artikulua.- Erantzukizun publikoaren sistemetan eta sistemen arteko elkarrekintza-espazioetan kooperazioa

12. artikulua.- Erantzukizun publikoaren sistemak eta sistemen arteko elkarrekintza-espazioak kudeatzeko orduan kooperazioa

13. artikulua.- Erantzukizun publikoaren zerbitzuez hornitzean kooperazioa

14. artikulua.- Erreferentzia-funtzioan eta kasuaren koordinazioan kooperazioa

15. artikulua.- Interes orokorreko beste jarduera batzuekin lankidetza

16. artikulua.- Herri-administrazioen eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen artean kooperazioa eta lankidetza legeztatzeko tresnak

17. artikulua.- Euskadiko herri-administrazioekin lankidetzan jarduten duten Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen betebeharrak

IV. KAPITULUA. HIRUGARREN SEKTORE SOZIALA SUSTATZEA

18. artikulua.- Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko estrategia

19. artikulua.- Euskadiko herri-administrazioen beste maila batzuk sustatzeko neurriak

20. artikulua.- Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko neurriei buruzko txostena.

21. artikulua.- Bestelako eragileei lagundu eta horiekin lankidetzan jardutea, erakundeen interes orokorreko jarduerak sustatzeko ekintzak egiten badituzte eta horiek erantzukizun publikoaren zerbitzuez hornitzearekin zerikusia ez badute

22. artikulua.- Azpiegiturak garatu, inbertsioak egin, kudeaketa hobetu eta erakundeen jarduera ekonomikoa bultzatzeko laguntza-neurriak

23. artikulua.- Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala eta bere ekarpena onartu, egituratu eta erakundeen nahiz sareen arteko lankidetzarako bultzada

24. artikulua.- Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpena kontuan hartu eta herri-sektoreak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean beste neurri batzuk hartu ostean, inpaktua ebaluatzea

25. artikulua.- Euskadiko herri-administrazioek enpresen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren artean lankidetza sustatzea

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia

Bigarrena.- Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko estrategia.

AZKEN XEDAPENA

III.- GOGOETA OROKORRAK

Aldez aurretiko gogoetak

Guk iritzia emateko, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko Legearen Aurreproiektua aurkezten zaigu. Horrekin Gobernuak, 1. artikuluan adierazten duen bezala, honakoak lortu nahi ditu: “Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen lege-estatutua zehaztea; beren antolaketak eta sareak sendotzera bideratutako neurriak hartu eta sustatzea; erakundeen elkarren arteko eta sektore publikoarekin nahiz enpresekin kooperazioa eta lankidetza bultzatzea; eta, oro har, gizarte esku-hartzearen eremuan eta, bereziki, eremuarekin zerikusia duten erantzukizun publikoaren politika eta sistemetan beren ekarpena sustatzea”.

Edukia balioztatzen hasi baino lehen, aldez aurretik honako gogoetak planteatu nahi ditugu.

LEHENENGOA. LEGE-AURREPROIEKTUAREN IZAPIDEAK

Lehenik eta behin, gure kontsulta-funtzioan izan diren gorabeherak idatziz jasoak utzi nahi ditugu. Euskadiko EGAB Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren kontsulta-erakundea dela gogorarazi nahi dugu. Helburua ekonomia- eta gizarte-interes desberdinek Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialetan partaidetza eraginkorra izatea da. Izan ere, hala xedatzen du Batzordearen Legeak 1.1. artikuluan.

Gure funtzioa behar bezala eta zuzenbidearekin bat egiteko, beste erakunde eta eragile batzuen ondoren parte hartu behar dugu. Horren ondorioz, epea zabaltzea eskatu eta lege-aurreproiektuaren testua erakunde eta eragile horien ekarpenak kontuan hartuta bidali zen. Azkenean modu horretan egin da.

BIGARRENA.BEHARREZKOA DEN LEGE-TEKNIKA ONA

Testua trinkoa eta ulertzeko zaila da, agian, arauaren hartzaile nagusientzat izan ezik. Askotan, Legea baino gehiago hitzarmenaren berezko gorputza eta edukia dituAdibidez, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala onartzearen bultzada bezala, 23.1. artikuluan Hirugarren Sektorea ezagutarazteko ekimena bultzatu behar dela aipatzen duenean..

Araua, ordea, herritarrek orokorrean ulertu behar dute, arautzen diren elementuen gainean egon edo ez dauden baztertuta. Bestelakoak arautzen denarekiko eta arautzen den moduarekiko zalantzak sortzen ditu, esan nahi dena ulertzea ez baita lortzen.  Gainera, zaila da artikuluak ulertzen ez diren arauari buruzko irizpena egitea. Orduan, testu beretik egin daitezkeen oso interpretazio desberdinak jokoan sartzen dira.

Batzordeak arautu nahi dena ulertzeko zailtasuna izan badezake (ondoren zenbait adibide aipatzen dira), arauari buruzko irizpena egiteko erantzukizunarekin, zer gerta daiteke herritarrekin, oro har, horren arabera administratzen dela kontuan hartuta.

Adierazi nahi dugunaren lekuko har dezagun 13.4. artikulua. Hala dio: “Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek erantzukizun publikoaren zerbitzuez hornitzeko orduan balio erantsia eskaintzen duten praktikak sustatuko dituzte eta, bereziki, gizarte esku-hartzearen eremuan sektore-arauan aurrez ikusitako kalitate-irizpideei eta arreta-ereduei lotutako horiek guztiak, baita bestelakoak ere, hala nola izan daitekeen irabazia Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen eta irabazi-asmoa duten enpresen gizarte-zereginean edo –helburuan berriz inbertitzea.  Xede horrez, itunak, hitzarmenak edo lankidetza-akordio esparruak kudeatzean praktika horiekin zerikusia duten klausulak (lortzeko baldintzak eta diskriminazio positiboaren neurriak) sartzea aurrez ikusiko da.

Gure iritziz, ez dago argi zer klausula aipatzen dituen edo zergatik adierazten dituen irabazi-asmoa duten enpresak, Hirugarren Sektore Soziala arautzen bada. Horregatik, gure ustez, klausula horiek bakarrik Legeak araututako eremuari buruzkoak (hau da, Hirugarren Sektorea) izan beharko lukete, beraz, irabazi-asmoa duten enpresen aipamena deuseztatzea proposatzen dugu, arauaren xedea ez baitira.

Ezinbestekoa den lege-segurtasunari eragiten dioten beste gai batzuk irudi batzuen definiziorik eza (“erreferentziarena” adibidez) dira. Horrez gain, “gizarte-eragileak” bezalako adierazpenak nori dagozkion ezagutu gabe erabiltzen dira.

Azkenik, arau hau idazteko orduan, adierazpen anbiguoak (sar daitezke, legezta daitezke…) gehiegiz erabiltzen dira eta horrek Lege hau asmoen aitorpenean gelditzeko arriskua sortzen du, administrazioak konpromisorik hartu gabe eta egiazko ondorio legegilerik gabe.

Adibide modura, 8. (euskal administrazioen kontsulta-organoetan eta bere ekintzaren orientabidearekin zerikusia duten ekimenetan parte hartzea), 16.3. (herri-administrazioen eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen artean kooperazioa eta lankidetza formalizatzeko tresnak) eta 22. (azpiegiturak garatu, inbertsioak egin, kudeaketa hobetu eta erakundeen jarduera ekonomikoa bultzatzeko laguntza-neurriak) artikuluak aipatuko ditugu.

HIRUGARRENA. DOKUMENTAZIO OSAGARRIA

Babesten duten oinarrien xehetasunaren bitartez araudi-proiektua, helburuak eta inpaktua behar bezala balioztatzeko, irizpena eskatzearekiko dokumentazio osagarriari dagokionez, “Justifikazio Txostenak” ez ditu espero diren gutxieneko eskeak betetzen eta legearen testuari dagokion “zioen azalpena” gainetik laburtu besterik ez du egiten.

Lege-txostenak behar bezala ohartarazten duen modura, zioen azalpena eta justifikazio-txostena ez dira nahasi behar. Hala, txostenak analisi zabalagoari erantzuten dio. Kasu zehatz honetan, honakoak faltan botatzen ditugu:

  • Hirugarren Sektorea arautuko duen fenomenoaren egoera aztertzea, lege-aurreproiektuari buruzko zioen azalpeneko erretorika guztiak informazio-urritasun hori ez baitu ordezkatzen.
  • Herri-agintariek Hirugarren Sektorean eskuordetu nahi duten “erantzukizun publikoaren sistemen osagarritasunaren” mailarekiko hurbilketa bat. Eta, hain zuzen ere, halabeharrez, arloak eztabaidagarriak eta polemikoak direlako, justifikazio-txostenean izan daitezkeen hautabideen aurkezpen eta azterketa arrazoitua faltan botatzen dira, arreta eskaini nahi zaien beharrei erantzun eta zerbitzu publikoetan eragina ezagutzeko.
  • Noski, “Hirugarren Sektorearen” definizio zehatzetik, osatzen duten “gizarte-ekimeneko erakundeetatik” eta “gizarte esku-hartzearen jarduerari” buruzko kontzeptutik, bestea beste, abiatuta, Legean egiten den hautespen espezifikoaren justifikazioa falta da ere.

Lege-aurreproiektuaren txosten ekonomikoan, bereziki esangarria da arauaren hurbilketa ekonomikorik eta eragin finantzariorik ez egotea, Familia Politika eta Garapen Komunitariorako Zuzendaritzari atxikitako zenbait ekintza laburki aipatzetik urrunago, lege-aurreproiektuaren artikuluetan, zehatz-mehatz 4.3. artikuluan “gizarte esku-hartzearen eremuan erantzukizun publikoaren zerbitzuen laguntzak Interes Orokorreko Zerbitzuak eta, bereziki, Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzuak direla, ohiz izaera ekonomikokoak, kontzeptu horiek Europar Batasuneko erreferentziazko araudian definitutako baldintzetan, bai Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak zuzenean hornitzen baditu, bai ekimen pribatuaren laguntza badute” irakurtzen dugunean.

Arauaren balioztapena

  • Lehenik eta behin, gizarte solidarioa, zuzena, parte-hartzailea eta demokratikoa lortzeko, Batzorde honetan ordezkatutako erakundeek Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren lana onartu eta balioztatzen dutela adierazi nahi dugu.Lege honekin pertsonen alde lanean aritu den ibilbide luzeko gizarte-sare zabal, anitz eta aktiboa duen errealitatea onartzen da, beraz, gizarte zuzen, solidario, kohesinatu, parte-hartzaile eta demokratiko bihurtzeko, euskal gizartearen funtsezko aktiboa da.Zioen azalpenean adierazten den bezala, Autonomia Estatutuarekin bat, lege honek Euskal Autonomia Erkidegoko herri-agintariek pertsonen, pertsona guztien eta sartzen diren taldeen, askatasun eta berdintasuna eraginkorrak nahiz egiazkoak izateko baldintzak sustatzearen eta herritar guztiek Euskal Herriko bizi politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzearen betebeharrari erantzuten dio eta, ildo horri eutsiz, ekimen legegile hau positiboki balioztatzen dugu.
  • Hala eta guztiz ere, gure iritziz, testu honek Hirugarren Sektore Sozialeko lege-estatutu hau ondo garatzeari erreparatu beharko lioke, kontuan hartuta “herri-politiketan parte hartu eta esku hartzeko orduan” horren alde zehatz daitezkeen lehentasunek jada arauetan xedatutakoaren kontrakoak ez dutela izan behar. Nolanahi ere, “lehia” bermatu behar dute, batez ere, herri-baliabide ekonomikoak tartean daudenean.
  • Aipamen berezia merezi du lege-aurreproiektuaren 9. artikuluak (Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean parte hartzea). Izan ere, 8/2012 Legea, maiatzaren 17koa, Euskadiko EGABri buruzkoa, aldatzen du. Lege horrek bereziki Batzordearen konposizioa aldatu zuen eta 4.1.c) artikuluak xedatutakoaren arabera, EGABn “gizarte-ekintzari dagokion hirugarren sektoreko erakundeen” ordezkari bat egongo da.Aurreproiektu honen 9.3. artikuluak, berriz, baldintza berri bat sartzen du eta praktikan egungo EGABren Legea aldatuko luke. Ez lioke bakarrik hirugarren sektore sozialari edo gizarte-ekintzakoari eragingo, baita bertan ordezkatuak dauden ekonomia- eta gizarte-eragile guztiei ere. Izan ere, Enplegu eta Gizarte Politiken Saileko txostenak berak ohartarazten du 8/2012 Legeak 5. artikuluan xedatutakoaren kontra joan daitekeela.
  • Bestalde, Hirugarren Sektore Sozialaren garapenak alderdi kezkagarri batzuk planteatzen ditu, besteak beste, erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak pribatizatzea eta adituen lan-harremanak prekario bihurtzeko arriskua.Horregatik, Lege honek egoera horiek zaindu eta kontrolatzeko formula gehiago aurrez ikusi beharko lituzkeelakoan gaude. Ildo horri jarraiki, gure ustez, 17. artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioekin elkarlanean aritu eta lankidetzan jarduten duten Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen betebeharrak) jasotako betebeharrak ez dira nahikoak soldatapeko langileen lan-baldintzak bermatzeari dagokionez.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

Zioen azalpena

  • Lehenik eta behin, zioen azalpenean Hirugarren Sektorearen izena aldatzeko aukerari buruzko azalpena faltan botatzen dugu. “Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorea” izatetik “Hirugarren Sektore Soziala” izatera pasa da. Gure iritziz, lehenengo izena erabiltzen duen araudia dagoenez, aurrekoarekin batera bizi nahi duen izen berriak bakarrik legearen segurtasunik eza sortzera darama. Nolanahi ere, irizpen honetan jada aipatu dugu.
  • 3. orrialdean, hainbat paragrafotan, baita 4. eta 5. orrialdeetan ere, Hirugarren Sektorearen eta osatzen duten erakundeen definizio desberdinak agertzen dira. Elkarren artean kontrakoak ez izan arren, erredundanteak dirudite eta lege-segurtasunik nahiz argitasunik eza eragiten dute, aldez aurretiko Gogoeta Orokorretan aipatu dugun bezala. Are gehiago, xedapen-zatiko artikuluetan (2., 3. eta 4. artikuluak) berriz ere definituko direnean, baina zioen azalpenarekiko idazkera desberdinarekin.Horregatik, gure ustez, zioen azalpenean zenbait “definizio” baztertu beharko lirateke eta 5. orrialdeko azkeneko paragrafoan agertzen dena mantendu: “Lege honek I. kapituluan Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen estatutua xedatzen du. Gizarte-ekimeneko erakunde bezala identifikatzen ditu eta gizarte esku-hartzearen eremuan jarduerak gauzatzen dituzte, erantzukizun publikoko zerbitzuen horniduran partaidetza barne. Izan ere, eremu horretan Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzutzat jotzen dira”.
  • Gure iritziz, 4. orrialdeko lehenengo paragrafoa aldatzea komenigarria da, hobe ulertzeko. Hurrengo idazkera izan zezakeen:
    “Pertsona adinduen, emakumezkoen, pertsona minusbaliatuen, langabezia-egoeran dauden pertsonen, gaixotasuna duten pertsonen, etorkinen, ijitoen eta abarren edo talde horietako kide direnen haiek berak alde diharduten erakundeak dira”.
  • 4. orrialdeko bigarren paragrafoan “…oinarrizko ekarpena eta diferentziala eginez…” adierazpenaren ondoren, honakoa jarri beharko luke: “: a)” eta, “ahalik eta autonomia gehienarekin” eta gero, “b)”, bi-ekarpen moten identifikazioa argiagoa uzteko.
  • 4. orrialdeko hirugarren paragrafoan, gure iritziz, “eta bereziki, murgilduan gauden krisi ekonomiko, politiko, instituzional, sozial eta baloreen abagunean” adierazpena soberan dago.Legea bera eta bere xedea kontuan hartuta, ez da abagunearen arrazoietan oinarritu behar. Halaber, iraunkortasunaren bokazioak ez dirudi egoeraren araberakoa, ezta denbora-tarte bati mugatutakoa ere. Hirugarren Sektorea edozein abagune-motatan eta ez bakarrik krisialdian, baita aldeko egoeratan ere, kontuan hartu beharreko aktiboa dela pentsatzen da. Horren harira, esku-hartze osagarria gizartearen potentzialtasunak “garatzen” laguntzera deituta dago.Are gehiago, Hirugarren Sektorearen izatezko arrazoia azpimarratzeko krisi-abaguneari egindako apelazioa, horren presentzia eta jarduera egungo abagunea baino askoz lehenagokoa denean. “Oportunista” dirudi eta horren bidez herri-aginteei dagokien esku-hartzean eta ekarpenean urritasunak eta murrizketak ordezkatu eta arindu nahi direla uler daiteke.
  • 7. orrialdeko hirugarren paragrafoan, hain zuzen ere, laugarren lerroan ez dirudi zuzena edo, behintzat, ez da ulertzen “… eta kasua koordinatzea,…” adierazpenak esan nahi duena.

2. artikulua.- Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren erakundeak

Hirugarren Sektorearen mugaketa, 2. artikuluan eta 3. eta 4. artikuluetan jasotakoa, azkenekoa helburu nagusia gauzatzeko bideari buruzkoa, gure ustez, ez da ulertzen.  Elkarren artean oso erlazionatuak dauden kontzeptuen anizkoiztasuna hautematen da. Hirugarren Sektorea osatzen dutenak aipatzen dira eta hurrengoak sartzen dira:

  • Gizarte-ekimeneko erakundeak
  • Hirugarren Sektoreko sareak
  • Eta, salbuespenez, ongintzazko fundazio eta erakunde historikoak edo Hirugarren Sektorearekiko kanpoko forma juridikoak dituzten erakundeak.

Hirugarren Sektorearekiko kanpoko forma juridikoak” aipamenaren harira (2.3 b) artikuluan azaltzen da), ondoren adierazten den moduan paragrafoaren idazkera hobetzea komenigarria litzateke, ez baitago “kanpoko forma juridikoarekin” alderatzeko Hirugarren Sektorearen “berezko forma juridikorik”:

 

“b) Hirugarren Sektorearekiko kanpoko forma juridikoa duten erakundeak, beren gobernu-organoetan nagusiki Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeak badaude eta azkenekoen sozietate-helburua betetzeko eratu badira”.

3.d) artikulua.- Gizarte-ekimeneko erakundeak

Lege-aurreproiektuak xedatutakoaren arabera, “gizarte-ekimenekotzat” jotzeko, erregulazioaren xede diren erakundeek bete behar dituzten ezaugarrien artean honakoak daude: “irabazi-asmorik gabekoak” izatea, hau da, “irabazi ekonomikoak lortu nahi ez izatea eta irudi juridikoa izan daitekeen edozein irabazi erakundearen zereginean edo, gauza bera dena, irabaziak ezin banatu izanean oinarritzea”.

Gure iritziz, definizio honetan “irabaziak lortu” ordez, “irabaziak banatzea” jarri beharko litzateke, irabazi-asmorik ez izateak ez baitu esan nahi irabaziak ezin daitezkeenik lor, ezin daitezkeenik bana baizik. Hala, erakundea sendotzeko berriz inbertitu beharko lirateke.

4.2. artikulua.- Gizarte esku-hartzearen jarduerak eta interes orokorreko jarduerak

Ondoren aipatzen den bezala, artikulu honen bigarren atalean “guztiak” terminoa ezabatzea gomendatzen dugu.

 

“2.- Interes orokorreko jardueratzat jotzen dira gizarte esku-hartzearen jarduera guztiak, irabazi-asmorik gabeko erakundeek gauzatzen badituzte soldatapeko langileekin edo langile boluntarioekin, eskuzabaltasunez eta aske. Zehatz-mehatz esanda,…”

Lege-aurreproiektuaren txosten juridikoak berak azaldutakoari jarraiki, arrazoia ondorengoa da: “automatikoa izateagatik gehiegizkoa izan daitekeela eta zuzenbidearekiko egokiagoa litzatekeela hala kalifikatu baino lehen jarduera zehatzaren azterketa espezifikoa egitea”.

5. artikulua.- Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren erakundeen errolda

Borondatezko langileekin diharduten erakundeen errolda orokorra dagoenez, 5. artikulua osatzeko, sortuko den Hirugarren Sektoreko Erakundeen Errolda, araubidez zehaztutako baldintzetan, arestian aipatu borondatezkoekin egituratuko dela, aipatu beharko litzateke.

6. artikulua.- Printzipioak

Artikulu honetako testu luzeak hartzaile askorentzat (besteak beste, udalen eta foru aldundien antzeko erakundeentzat) betebehar ugari adierazten ditu. Legea denez, aipamen horiek arau, lege eta araudi askotan eragingo dute eta aldaketa zehatz-mehatz jaso beharko litzateke lege-aurreproiektuaren xedapen gehigarri, iragankor eta indargabetzaile guztietan. Hala eta guztiz ere, bi xedapen gehigarri besterik ez daude eta ez dute arazo hori ezta azaletik ere aipatzen; ondorioz, “hirugarrenen” sorta zabal horrek agindu eta betebehar horiek praktikan jartzeko orduan interpretazio-zalantza asko sortuko zaizkio.

Era berean, 6.a) artikuluak hirugarren paragrafoan irabazi-asmoa duten enpresak zer modutan sartuko liratekeen legearen eremuan (“irabazi-asmorik gabeko irudi juridikoen bitartez”) azaltzen du, nahiz eta atal bereko azkeneko paragrafoan, itxuraz, irabazi-asmoa duten enpresen aipamena berdina ez izan. Gure iritziz, horrek lege-segurtasunik eza sortzen du, are gehiago, zioen azalpenari edo, besteak beste, 2. artikuluari erreparatuz, enpresa horiek legearen eremutik kanpo geldi daitezkeela ondorioztatu.

Aurrekoari eutsiz, arau honek Hirugarren Sektoreko erakundeak gainditzen dituzten hirugarrenak (irabazi-asmoa duten enpresak) nahasten dituenez, alegazio bereziak ezagutu behar dira, bai patronalaren ikuspegitik bai enpresaren sindikatuen ikuspuntutik, arau hau irizpide handiagoz balioztatu ahal izateko.

11. artikulua.- Erantzukizun publikoaren sistemetan eta sistemen arteko elkarrekintza-espazioetan kooperazioa

Artikulu honek erantzukizun publikoaren sistemen kooperazioa arautzen du a) kudeaketan, b) horniduran, c) erreferentziaren irudiari lotutako funtzioak egitean eta d) pertsonen eta familien gizarte-laguntzan.

Erabiliko diren tresna zehatzekiko aipamena faltan botatzen da, “kooperazioaren bitartez gauzatuko da, Lege honek eta sistema bakoitzaren araudi arautzaileak aurrez ikusitako baldintzetan…” adierazpenetik ondoriozta daitekeena modu zehatzagoan “ikusi” ahal izateko.

17. artikulua.- Euskadiko herri-administrazioekin elkarlanean aritu eta lankidetzan jarduten duten Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen betebeharrak.

Hirugarren Sektoreko erakundeek eta, bereziki, Gizarte Ekintzari atxikitakoek egungo gizartean oso zeregin garrantzitsua dute. Ildo horri jarraiki, gizarte-eske ugariri erantzun eta konponbidea ematen diote eta, askotan, herri-administrazioekin erantzukizunak partekatzen dituzte. Funtzio garrantzitsu hori garatzeko finantzaketa publikoa eta pribatua jasotzen dute.

Horregatik, lege-aurreproiektu hau aukera bat izan daiteke, aplikazio-eremuko erakundeen gardentasuna –artikulu honen b) atalak betebehar bezala zehazten du “gardenak izatea eta kontu ematea, barruan eta kanpoan”- eta praktika onak sustatzetik urrunago. Izan ere, kontabilitatearen printzipio orokorrekin bat, urteko kontuak egitearen betebeharra zehatz daiteke, baita kanpoko ikuskaritza izatearena eta sozietatearen gobernu-organoak onartu behar izanarena ere.

IV. kapitulua. Hirugarren Sektore Soziala sustatzea (18. artikulua eta hurrengoak)

Garatu beharreko jarduera guztiak zehazteko, “Euskadiko Hirugarren Sektorea Sustatzeko Estrategia” egin beharko da. Horregatik, Legearen aginduak azken hartzaileentzat eraginkorrak izatea zaila izango da, estrategian eta horretan aurrez ikusten diren plan eta programetan jasotzen ez badira.

18.4. artikulura iritsi arte “diru-laguntzen eta laguntzen” terminoak agertzen ez direla ohartarazi behar da. Estrategiari itxaron beharko zaio “sareak funtzionarazteko,… baita lurraldez gaindiko eremuan interes orokorreko jarduerak egiteko ere… urtero sustatuko dituzten diru-laguntza nominatiboak eta laguntzen deialdiak” ezagut daitezen.

21.1. artikulua.- Bestelako eragileei lagundu eta horiekin lankidetzan jardutea, erakundeen interes orokorreko jarduerak sustatzeko ekintzak egiten badituzte eta horiek erantzukizun publikoaren zerbitzuez hornitzearekin zerikusia ez badute

Hurrengo aldaketa proposatzen da, artikuluak norainoko orokorragoa izateko:

 

“Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek beste eragile edo erakunde pribatu batzuekin lankidetza bultzatu ahal izango dute, horiek Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko ekintzak gauzatzen badituzte. Arreta berezia jarriko zaie aurrezki-kutxen eta bestelako finantza-erakundeen gizarte-lanei, honakoa zehaztuz:…“

V.- ONDORIOAK

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko Legearen aurreproiektuari dagokion irizpena amaitzeko, berriz azpimarratzen dugu aurreproiektuaren oinarri diren printzipio eta irizpide orokorrak partekatzen ditugula.

Irizpen honetan azaldutako gogoeta orokor eta bereziei dagokienez, kontuan hartu behar direla nabarmentzen dugu. Bereziki erreparatuko zaio Hirugarren Sektore Sozialak Batzordean parte hartzeari.

 

Bilbon, 2014ko azaroaren 7an

 

O.E. PresidenteaJuan María Otaegui Murura Idazkari NagusiaFrancisco José Huidobro Burgos
 juan mari  francis