Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Irizpena 17/15

Irizpena 17/15

17/15 Irizpena,Turismo Legearen Aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2015eko abuztuaren 3an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren idazkia sartu zen. Haren bidez, Euskal Turismo Legearen Aurreproiektuari buruzko txostena eskatzen zuen, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen  maiatzaren 17ko  8/2012 Legearen 3.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

 Lege aurreproiektu honek, Autonomia estatutuaren 10. 3 artikuluak Euskal Autonomi Erkidegoari turismoaren alorrean ematen dizkion aginpide esklusiboak burutuz, Euskal Turismoaren Antolamenduari buruzko martxoaren 16ko 6/1994 Legea ordeztuko du, Euskadiko turismo alorraren gaur egungo egoerari hobeto egokitzen zaion araudi berriarekin.

Abuztuaren 3an lege aurreproiektua Batzordeko osoko bilkurako kide guztiei helarazi zitzaien, proposamenak eta iritziak bidaltzeko eta horiek guztiak dagozkien lan-batzordeari, hain zuzen ere, Ekonomia Garapenerako Batzordeari jakinarazi zaizkio, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak xedatutakoaren arabera. 2015eko irailaren 22an, Ekonomi Garapeneko Batzordea bildu zen, irizpen aurreproiektuaren proposamen bati buruz eztabaidatzeko, eta Irizpen Proiektua egitea erabaki zen, Batzordearen irailaren 25eko osoko bilkuran aztertu zena eta aho batez onetsi.

II.- EDUKIA

Kontsultatzen zaigun lege-aurreproiektuaren testuak zioen azalpena, zazpi titulutan banatutako 109 artikulu, zortzi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor eta hiru azken xedapen ditu.

Zioen azalpena

Zioen azalpenak, lehendabizi gai horri buruzko euskal legeria deskribatzen du, 1994ko Euskal Turismoaren Antolamenduari buruzko legeak eratutakoa, 2008an aldatu zena ostatu-figura batzuk eguneratzeko eta 2012an, establezimenduak zerbitzu-jarduera gauzatzeko askatasuneko eskema berria euskal antolamendu juridikora iraultzeko. Barne-merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/CE Zuzentarauak eman zuen eskema berri hori.

Horrez gain, turismo-jarduerak eta horren dinamismoak etengabe jasaten duten aldaketa aipatzen du; aldaketak ostatu-figura berriak eratzen ditu, zerbitzuak ematekoak, eta turista-profil berriak ere, zorrotzagoak eta autonomoagoak, legeria egoera berriei egokitzea eskatzen dutenak. Hortaz, legearen aurreproiektuaren helburua errealitate turistikoaren alderdiak islatzea eta eguneratzea da; alderdi horiek araudi espezifikoa sortu behar dela agerian uzten dute, bertotik garapen-araudia ateratzeko eta elkarrekin esparru juridiko orokorra eta homogeneoa osatzeko.

Gainera, turismoaren eta ingurumen-eskakizunen artean dagoen harremana aipatzen du, natura- eta ingurumen-baliabideen bermeak eskatzen dituztenak. Erabiltzailea babestea eta ematen den zerbitzua kalitatezkoa izatea ere aipatzen du, zioen azalpenean adierazten da Legean behin eta berriz agertzen dela ideia hori.

Lege berria egitea eragin duten arrazoiak azalduta, bidezkoa da edukia deskribatzea.

Xedapen-gorputza

I Tituluak, xedapen orokorrak ditu, Legearen helburuari, aplikazio alorrari eta definizioei eta Legearen xedeei buruzkoak.

II Titulua turismo-administrazioari buruzkoa da. Lehendabizi, euskal turismo-politikaren helburuak eta artezkaritza-printzipioak jorratzen ditu. Ondoren, Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioari dagozkion eskumenak ezartzen ditu, turismo gaian eskuduna den organoak burutuko dituena; horrez gain, tokiko turismo-jarduerari buruzko informazioa eta sustapena udalei dagokie. Azkenik, kontsulta edo aholkularitza organoak ezartzen ditu, Euskadiko Turismo mahaiak eta Euskadiko Turismoaren behatokiak eratutakoak.

III Tituluak turismo-baliabideen gaia lantzen du. Kontzeptua definitzen du, Lurralde Plan Sektorial espezifikoan duen sailkapena ezartzen du, oinarrizkotzat jotzen direnen zerrendarekin, aurretiaz oinarrizko izendatuta. Gainera, jarduera turistikoak garapen iraunkorreko esparru batean egin daitezen beharrezkoak diren neurriak ezartzen ditu. Euskadiko turismo-baliabideen antolamenduari dagokionez, Lurralde Plan Sektorialaren bidez egingo da, Euskal Autonomi Erkidegoko lurralde-garapen turistikoaren eredua definituko duena. Antolatu, inbentarioa egin eta erabilera arautzeaz gain, Plan horrek baliabideak eta lurraldea artikulatuko ditu,  kontsumoa produktuetan bultzatzeko. Norako Turistiko izendapena ezartzeko irizpideak definitzen dira, eta Turismoaren alorrean eskuduna den Sailak Euskal Herriko mapa turistiko batean jasoko ditu. Izan ere, Sail honek Norako Turistikoak izendatzeko eskumena ere badu. Norako Turistiko bakoitzeko Zuzendaritza Plan bat egingo da, turismo eragile desberdinek norakoa dinamizatzeko eta horren lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak dituzten jarraibideak, gomendioak eta bideak ezarriko dituena.

IV Tituluak turismo erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren zerrenda ematen du. Horrez gain, aukera ematen du kexak edo erreklamazioak ebazteko arbitraje eskaerak egiteko, kontsumo arbitraje-sistemaren arabera. Establezimenduetan sartzeko eskubidea horri buruzko xedapen batean aztertuko da zehazki; xedapen horretan establezimenduak lokal publiko gisa sailkatzen dira.

V Titulua turismo-jarduerari buruzkoa da, eta Lege Aurreproiektuaren titulurik luzeena da. Lehendabizi, xedapen orokor komunak jasotzen ditu, eta establezimendu askatasuna eta jarduera turistikoa burutzeko askatasunaren araudia ezartzen du.

Informe potestativo previo de cumplimiento de requisitos mínimos deritzona aurreikusten du eta jarduera turistikoa hasteko beharrezkoak diren izapideak zehazten ditu: exijitu ahal zaizkion baldintzak bete izanaren aitorpen-erantzulea aurkeztea. Legeak ezarritako eskakizunak eta aitorpen-erantzulea aurkeztu duenari aplika ahal zaizkion arauak bete izana frogatzen duen administrazio-prozedura arautzen da; eta zehaztasunik eza, gezurrik edo omisiorik egotearen ondorioak.

Era berean, hauxe ere arautzen da: nahitaezko datuen aldaketak eta jardueraren etetea, funtsezkoak ez diren aldaketen aurretiazko jakinarazpena, Euskadiko Enpresen eta Jarduera Turistikoen Erregistroa enpresa turistikoak inskribatzeko, bere establezimenduak edo Euskadin jarduera turistiko baten jabe diren pertsona fisiko edo juridikoak, turismo zerbitzuen ikurrak, berezigarriak eta publizitatea, turismo zerbitzuen eta ezkutuko jardueraren prezioa, legez kanpoko eskaintza eta lan-intrusismoa; baita kaleko salmenta ere, establezimenduen barruan debekatuta dagoena, eta noizbehinkakoa. Kapitulu bat turismo enpresei buruzkoa da, eta bertan guztientzako xedapen orokorrak ezartzen dira.

 Horren ostean, turismo enpresa desberdinak arautzen dira tipologiaren arabera. Ostatu enpresa turistikoak hiru motatan sailkatzen dira, ustiapen-helburuaren arabera. Lehendabizi, ostatu-establezimenduak: hotel establezimenduak, turismo-apartamentuak, kanpinak, landa-turismo etxeak eta landa-etxeak eta aterpetxeak. Bigarrenik, erabilera turistikorako etxebizitzak daude; eta hirugarrenik, erabilera turistikorako logelak etxe partikularretan. Horiek definitu eta arautzen dira. Bidai agentziek, erreserba zentralek eta turismo bitartekariek, eta turismo operadoreek osatzen dituzte bitartekaritza enpresa turistikoak. Gida turistiko lana da turismo arloko lanbidea. Azkenik, kanpaldi askerako eta karabanentzako gune bereziak definitu eta arautzen dira.

VI Tituluak turismo-jarduerak egiten dituzten enpresen edo establezimenduen aplikazio eremua definitu eta ezarri egiten du; eta bere turismo sailkapena eta bereizketa arautzen ditu.

VII Tituluak turismo diziplina jorratzen du: lehendabizi, helburua eta aplikazio eremua ezarriz, gero, turismoaren ikuskapena jorratzen du, eginkizunak eta ahalmenak, eskubideak eta betebeharrak definituz, ikuskapen-jarduera arautuz, ikuskapen-aktak, turismo-enpresen betebeharrak eta turismoko profesionalenak ere, salaketak, kexak eta erreklamazioak. Turismo gaiaren inguruko arau-hausteei dagokienez, horrela sailkatzen dira: arinak, larriak eta oso larriak. Arautzen dira zehapenak, preskripzioa eta iraungipena, eta zehapen prozedura turismoaren alorrean.

Lehenengo xedapen gehigarria zehapenen zenbatekoak eguneratzeari buruzkoa da.

Bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du, aurkako arauzko xedapena salbu, ostatu establezimenduek oraingo taldeak, modalitateak, kategoriak eta espezialitatea mantenduko dituztela.

Hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen du turismo araudian 6/1994 Legeari egindako erreferentziak Lege honi egiten zaizkiola ulertuko dela.

Laugarren xedapen gehigarriak turismo bidexkentzako aurreikuspen espezifikoak ezartzen ditu.

Bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen du administrazioek eta turismo eragileek erabiliko dituzten seinale turistikoak arauzko bidearen bidez zehaztuko direla, baliabideak eta establezimenduak identifikatzeko eta horien berri emateko.

Seigarren xedapen gehigarriak turismo alorrean eskuduna den Sailari ahalmena ematen dio sariak sortu, eman eta aitortzeko, jarduera berritzaileak edo kalitatezkoak aitortu eta sustatzeko.

Zazpigarren xedapen gehigarriak adierazten du arauzko bidea erabiliko dela ostatu-establezimenduen ustiapenaren araubide juridikoa ezartzeko, kudeaketa modalitate desberdinen arabera.

Zortzigarren xedapen gehigarriak Turismo Administrazioari ahalmena ematen dio enpresen edo turismo profesioen ordezkari diren beste administrazio, erakunde edo antolakundeekin hitzarmenak eta jarduteko protokoloak egiteko, ezkutuko jarduera eta eskaintza ilegalarekin bukatzera bideratutakoak.

Lehenengo xedapen iragankorrean arautegian ezarritako indarreko araubidearen aplikazioa aurreikusten da, Lege hau araudiaren arabera garatzen ez bada eta horretan xedatutakoaren aurka ez badoa.

Bigarren xedapen iragankorrean ezartzen da ez dela Lege hau aplikatuko indarrean sartu zenean hasi ziren zehapen-prozeduretan, aplikatzea onuragarriagoa izatekotan salbu.

Lehenengo azken xedapena Turismoaren Antolamendurako 6/1994 Legea indargabetzen du, baita Lege honen aurkako xedapen guztiak ere.

Bigarren azken xedapenak Eusko Jaurlaritzari baimena ematen dio beharrezkoak diren Legearen garapen-xedapenak emateko.

Hirugarren azken xedapenak lege berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean indarrean sartzea aurreikusten du.

III.- KONTSIDERAZIO OROKORRAK

Ekimen legegilea balioztatzea

Irizpen honen xede den lege aurreproiektuak Euskadiko turismo-jarduera osorik arautzea du helburu; bai administrazio publikoen paperari eta euren jarduera-printzipioei, bai sektoreko enpresen jarduerari eta euren diziplinaren antolamenduari dagokienez ere. Bere asmoa orain indarrean dagoen Turismoaren Antolamenduari buruzko 6/1994 Legea ordezkatzea da; 1994an promulgatu zen eta aitzindaria izan zen bere garaian. Izan ere, turismo-jardueraren antolamendu bateratua eta sistematikoa jorratu zuen legeria autonomiko goiztiarrenetako bat izan zen.

Hala ere, turismoaren egoera asko aldatu da orokorrean, eta euskal herrian bereziki, lege-testu bien bitartean igarotako hogei urteotan.

Euskadi tradizionalki ez zen norako turistikoa, baina laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran turismoak gora egin zuen. 1997. urtean Guggenheim museoak traktore efektua eragin zuen Euskal Autonomi Erkidegoko turismoaren alorrean; turismoa hazten hasi zen eta turismoa aberastasuna eta enplegua sor ditzakeen ekonomia-jarduera gisa ikusten hasi zen. Ordutik aurrera, turista kopurua era ikusgarrian igotzen hasi zen, batez ere 1998an eta 1999an, eta hurrengo urteetan ere, hazkunde iraunkorra egon zen. Izan ere, 2007an 1997. urteko turista kopurua bikoiztu zen. 2014. urtean marka historikoa hautsi zen turistei dagokienez, zehazki 2.550.614 turista etorri ziren; zifra horrek 1994koaren hirukoitza da ia-ia, orain indarrean dagoen legea egin zen urtea. Eskuragarri dauden azkenengo datuen arabera, 2013koak, turismoa Euskadiren BPGaren % 5,8 da; eta orain dela hamar urte, % 3,3 zen.

Aldi berean, euskal eskaintza turistikoa egituratu eta dibertsifikatu egin da; turismo-balioa eman die baliabide askori eta sektoreko nahiak areagotu dira. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak uste du sektore estrategikoa dela, hazteko gaitasuna duena enplegua eta errentari dagokienez.

Sektorearen bilakaerak eta turismo-jarduerarako sarbidea liberalizatzen duten barne merkatuko zerbitzuen 2006/123/CEE zuzentarauaren  xedapenak gure ordenamendu juridikora iraultzeko beharrak 6/1994 Legearen aldaketak eragin zituzten 2008an eta 2012an, hurrenez hurren.

Sektorearen dimentsioaz gain, agerian daude gaur egungo aldaketa garaiak, eta bereziki, turismoaren forma berrietan. Erabilerak, bitartekoak, tresnak, hedabideak eta abar aldatu dira. Gaur egungo turismoak eta turismoa praktikatzeko erak ez du zerikusirik orain dela urte gutxi batzuetakoarekin.

Turismoa indar ekonomiko oso handia duen zerbitzu-jarduera da eta orain zabaltzen ari da; beraz, beharrezkoa da sektorearen errekerimendu berriei erantzutea: Internet eta baliabide elektronikoen erabilera erreserben informazioan, kudeaketa eta burutzean; gure ordenamendu juridikoan ez dauden ostatu kategoria berriak gehitzea, eta hortaz praktikan arazoak sorrarazten dituztenak; turismo iraunkorra sustatzeko beharra, besteak beste.

Zentzu horretan, uste dugu gai horri buruzko EAEko legeria neurri batean zaharkitua dagoela, eta berriz planteatu beharko da errealitate berria moldatzeko. Hortaz, turismo lege proiektu bat egiteko ekimena egokia eta beharrezkoa iruditzen zaigu, eta positiboa ere. Proiektu horrek sektorea osorik arautuko du, azkeneko urteotan alorrean suertatutako errealitate berriak, baldintzak eta exijentziak kontuan hartuz.

Arauaren balorazio orokorra

Lege berri baten beharra eta aukera adierazi dugu, turismo-jardueraren bilakaeraren alderdi guztietan legeria eguneratzen duena. Horrez gain, Batzorde honek adierazi nahi du egokia iruditzen zaiola nola sektorean dauden kontrako interesak aurretiazko elkarrizketa prozesuetan sartu diren, eta emaitza ona izan dutela iruditzen zaigu.

Gainera, turismoaren euskal politikaren printzipio zuzentzaileetan garapen iraunkorra sartu izana pozten gaitu, baita turismo jarduerak burutzean babesteko beharra eta ingurumenarekiko errespetua txertatzea ere. Batzorde honen 4/2008 Irizpenean, Turismoaren Antolamenduari buruzko 6/1994 Legearen aldaketa egiteko lege aurreproiektuari buruzkoa, adierazi genuen faltan botatzen genuela turismo jarduera garapen iraunkorreko kontzeptuaren arabera burutzeko printzipioa. Turismo-joera berriekin bat etortzeaz gain, printzipio hau betetzea oso lotuta dago sektorearen garapenarekin. Izan ere, turismoa, jarduera ekonomiko gisa, iraunkortasunaren ingurumen-eta gizarte-alderdiekin harreman berezia du, kalitatezko ingurumenaren, norako erkideen idiosinkrazia kulturala mantentzearen, gizarte interakzioaren, segurtasunaren eta ongizatearen menpe dagoelako. Gaizki planifikatutako edo gehiegi garatutako turismoak jarduera turistikoaren erakargarritasuna eta erakartze ahalmena osatzen dituzten aktiboa guztiak suntsi ditzake. Hortaz, ondo deritzogu Turismoaren Euskal Lege berriaren testuan printzipio hori oraingoan sartu izana.

Bestetik, aipatu nahi dugu turismo sektorearen legerian erabilera turistikoko etxebizitzak gehitu direla. Azkenengo erreformaren ostean, Hiri Errentamenduei buruzko Legeak ez zituen erabilera turistikoko etxebizitzak arautzen. Horregatik, arautze esparrua behar zuten eta egokia da jarduera turistikoa arautzen duen legean kokatzea.

Gainera, zorionez merkatu turistikoan agertu diren ostatu-modalitate berriak arautuko ditu. Horrela, legeriak aurreikusten dituen eta legeriak ezarritako exijentzien menpe dauden ostatu modalitateekin bidegabeko lehia egotea saihestuko da.

Azkenik, uste dugu positiboa dela diziplina-araudia aldatzea azkenengo urteotan turismoaren sektorean egon diren aldaketei egokitzeko eta eragile turistikoei, turismo zerbitzuen erabiltzaileei eta ingurumenari ere berme hobeak eskaintzeko. Hala eta guztiz ere, horri buruz gogoratu beharra dago esfortzua egin dela legeak babestu beharrekotzat jotzen dituen interesak babesteko, eta Legean aitortutako betebeharrak eta eskubideak betetzen direla bermatzeko. Praktikan, esfortzu hori beharrezkoak diren finantza eta giza baliabideen eskutik joan beharko da, legeak ezarritako lege-araubidea betetzen delako egiaztatze, kontrol eta ikuskapen lanak egiteko, eta isuna. Sektore hau hedatzen ari da, eta dimentsio eta konplexutasun handiagoa du. Europako zerbitzuen zuzentarauak sektore honetan ezarritako jarduerarako sarbide askatasuneko araubideak aldez aurretiko kontrolak kendu ditu. Horrek konpentsazio egiaztatze-mekanismoak eta geroko kontrola burutzea eskatzen du, eta arau-hausleei zehapen eraginkorra jartzea ere. Lege aurreproiektu honetan jasotako nahien arrakasta legearen inplementaziorako eskuragarri jartzen diren baliabideen menpe egongo da; hortaz, giza- eta finantza-baliabideak optimizatu beharko dira lege-testuan administrazio turistikoari esleitzen zaizkion lanak era eraginkor eta efikazean egiteko.

Goian adierazitakoari kalterik eragin gabe, eta ondoren azalduko diren kontsiderazio zehatzak gorabehera, gauza batzuk zehaztu nahi ditugu testua hobetzeko:

1. Testua arautzailea da. Ahalik eta segurtasun juridiko handiena eta araubide osoa emateko asmoan, testuan dauden erregulazio batzuk araudikoak dira. Horrekin, geldialdia eragiten da eta malgutasuna galtzen da etorkizunean sektorearen aldaketei moldatzeko beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko. Lege-oinarri on batekin, araudiak dira egokitzapen horiek ahalbidetzen dituztenak; baina ezin izango dira egin  jadanik Legean badaude. Testu osoan ikus daiteke erregulazio zehaztua lortzeko joera, eta horren adibide argia dugu 21. artikulua; horrek aitorpen-erantzulea aurkeztearen ondorengo egiaztatze administratiboko prozedura zehatz-mehatz arautzen du, baita zehaztasunik eza, gezurrik edo omisiorik dagoela ikustearen ondorioak ere. Edo 4.4. artikulua, zeinak Euskadiko barne eta kanpo proiekzioaren sustapena nola egin behar den zehazten duen, turismo baliabideen sustapenean turismo eskaintza edo marka global gisa.

2. Gainera, arau-zehaztasuna lortzeko ahaleginak beste distortsio batzuk eragiten ditu, esaterako, lehentasunak eta funtsezko printzipioak iluntzea. 4.1 artikulua dugu horren adibide: honelako lege sektorial batean nahitaezkoa da politikaren (turistikoa) printzipio gidariak zeintzuk diren argitzea, eta gutxienez hogei ezartzen badira, birtualtasuna galtzen dute. Gauza bera gertatzen da 4.3. artikuluan Euskadiko turismo-eskaintzaren lehentasunak ezartzean: zaila da 10 turismo-eskaintza motei dagokien lehenespena era eraginkorrean gauzatzea.

3. Aurrekoaren aurka, zuzenean turismoari lotutako jarduerak egiten dituzten Euskadiko administrazio publikoen arteko koordinazioari dagokionez, legearen aurreproiektuak ez du arautzen, ezta pixka bat ere, jarduera horiwk nola burutu. Izan ere,  “…indarrean dagoen legerian aurreikusitako edozein formula” esaten du (4.9. art.), hau da, lege sektorialetik berezko koordinazio esparrua diseinatzeari uko egitea.

Hala ere, egia da hurrengo lerroan honakoa esaten dela: “arau bidez xedatuko da bere natura, osaera eta funtzionamendua”; horrek iradokitzen du Batzorde edo topagune-organoaren ohiko formulan pentsatzen ari dela, eta kasu horretan, lege honetan bere nahitaezko alderdiak arautu beharko ziren.

IV.- KONTSIDERAZIO ESPEZIFIKOAK

4. artikula. Politika turistikoa. 2. Atala

Atal honek sektore honetan ematen diren zerbitzu eta kalitate turistikoaren sustapena aipatzen du, eta ekintza batzuk adierazten ditu. Batzorde honek hau sartzea proposatzen du; sariak eta aitorpen turistikoak ematea bere eskumenen alorrean”. Izan ere, zerbitzuaren kalitatea aitortzeko mekanismo bat dira, eta ematen diren zerbitzuak eta euren kalitatea hobetzeko pizgarria ere.

 e) Turismo zerbitzuetan bikaintasuna lortzera bideratutako edozein ekintza publiko edo ekimen pribatu babestea, adibidez sariak eta aitorpen turistikoak ematea bere eskumenen alorrean”.

9. artikulua: Ingurumena babestu eta errespetatzeko betebeharra

1-. Babesteko betebeharraren eta ingurumenarekiko errespetuaren izenpean, xedapen honek ezartzen du garapen iraunkorreko esparruan, jarduera turistikoak ingurumen eta natura babesteko araudiaren arabera diseinatu, gauzatu eta sustatuko direla. Xedapen horri ingurumenaren ebaluaziorako araudiarekiko errespetua gehitzea proposatzen dugu, turismo alorreko proiektu eta jarduketa tipologiak beren beregi jasotzen dituena; uste dugu erreferentzia bat izan behar duela mota honetako eta helburu hauek dituen xedapen batean.

9.1 art. Jarduera turistikoak, garapen iraunkorreko esparruan, ingurumen eta natura babesteko araudiaren arabera diseinatu, gauzatu eta sustatuko dira, baita ingurumenaren ebaluaziorako araudia betez ere.

2-.  Xedapen honen 7. atalak hauxe dio:

9.7. artikulua. Ostatuen instalazioak, azpiegituren sorkuntzak edo kasuaren arabera, administrazio lizentzia edo aurretiazko jakinarazpen araudiaren menpe dauden jarduera turistikoen sustapenak edo garapenak, baliabide naturalak babesteari buruzko legerian xedatutakoa errespetatuko dute (flora, fauna, habitat eta babestutako eremuak), baita ingurumena ebaluatzeko legeria ere. Horrez gain, legeriak biodibertsitatea babesteko tresnen inguruan xedatutakoa ere errespetatuko dute, bai espazio eta bai espezieei dagokienez.

atalean ezarritako agindu bera adierazten d,u eta ez du horren inguruko gehiagorik adierazten:

9.1 art. Jarduera turistikoak, garapen iraunkorreko esparruan, ingurumen eta natura kontserbatzeko araudiaren arabera diseinatu, gauzatu eta sustatuko dira.

Hortaz, eta testua arintzeko, bi paragrafoetako bat ezabatzea proposatzen da.

 14. artikulua.- Erabiltzaile turistikoen eskubideak

 f) atalak, honakoa esaten du:

f) Indarreko legerian ezarritako terminoetan lasaitasunaz eta intimitateaz gozatzea, eta kontratatutako zerbitzua ondo ematea saihestu dezakeen edozein arazoren inguruko informazioa jasotzea. Era berean, eskubidea dute indarreko araudiaren aurkako publizitate jarduerek kalterik ez eragiteko.

Uste dugu f) atalak ulermen arazoak sorrarazten dituela. Zein publizitate jardueraz ari da?  Zer esan nahi du kaltea eragiteak alor honetan?  Zehaztu gabeko kontzeptu juridiko gehiegi erabiltzen direla uste dugu, eta beharrezkoa da araua gehiago zehaztea. Zehastasun handiago hori xedapen honetan sartzea proposatzen dugu.

15. artikulua. Establezimenduetara sartzeko eskubidea

Xedapen honek “lokal publiko” izendapena ematen die establezimendu turistikoei, eta horrek zalantzak sortzen dizkigu landa-turismo etxeak edo ostatuak bezalako establezimenduetan zehazki nola aplikatuko den. Izan ere, ostatu-figura hauek, definizioz, jabeak eta ostalariak elkarrekin bizi diren etxe-partikularrak izaten dira. Uste dugu beharrezkoa dela “lokal publiko izaera” deritzonaren esanahia eta eragina argitzea, figura konkretu hauei dagokienez eta euren loturaren mailari dagokionez.

16. artikulua.- Erabiltzaile turistikoen betebeharrak

Xedapen honetan erabiltzaile turistikoen betebeharren zerrenda agertzen da; eta c) eta h) ataletan aurreikusitako betebeharren inguruko bi kontsiderazio berezi sorrarazi dizkigu:

1.- Kontratatutako zerbitzuaren prezioa ordaindu behar izateaz gain, uste dugu egokia dela salbuespen bat gehitzea: aurretiazko akordioa badago, ez da bete beharko.

c) Kontratatutako zerbitzuaren prezioa faktura aurkezterakoan ordaintzea, edo, hala badagokio, adostutako tokian, unean eta moduan. Hala eta guztiz ere, kexa edo erreklamazio bat egiteak ez du esan nahi ordaindu behar ez denik, aurretiaz adostu bada izan ezik.

 2.- h) atalean jasotzen den salbuespena

h) Kontratatutako zerbitzuen erabilerarako eskubidea ez lagatzea beste hirugarrenei, antolamendu juridikoak baimentzen badu izan ezik.

Kontratutako zerbitzuen erabilerarako eskubidea hirugarrenei lagatzea antolamendu juridikoan baimenduta egon ahal izateari dagokionez, baliteke zerikusi gehiago izatea zerbitzuen kontratuarekin antolamendu juridikoarekin baino. Izan ere, erabilerarako eskubidearen lagapenaren baztertzea kontratuak berak ezartzen duenaren menpe dago.

h) Kontratatutako zerbitzuen erabilerarako eskubidea ez lagatzea beste hirugarrenei, kontratuak baimentzen badu izan ezik.    

18. artikulua.-  Establezimendu askatasuna eta jarduera turistikoa burutzeko askatasuna

Europar Legebiltzarreko eta Kontseiluko abenduaren 12ko 2006/123/CE zuzentaraua onartzeak eta indarrean sartzeak, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoa, euskal arau sektorial asko aldatzera behartu zuen, (orain indarrean dagoen Turismo Antolamenduko Legea bezalaxe, orain lege aurreproiektu honek ordezkatu nahi duena); eta zerbitzuak emateko jarduerentzako esparru arautzaile gardena ezartzen du. Horrek Estatu Kideak justifikatu gabeko oztopoak ezabatzera behartzen ditu, Zuzentarauak estaltzen duen zerbitzu jarduerak burutzean eta sarbidean diskriminatzaileak edo neurrigabekoak direnak. Gainera, honetara ere behartzen ditu: prozedura juridiko eta administratiboak sinplifikatzera, informaziorako eta beharrezkoak diren izapide administratiboak egiteko leihatila bakarra eratzera, eta administrazioekin elkarlanean aritzera, kontrolak bikoiztea saihesteko eta enpresek duten karga administratiboa murrizteko.

Hortaz, turismo jarduera askeari jarritako edozein mugak (erantzule-aitorpena aurkezteko beharraren bidez izan, edo jakinarazpena edo lizentzia bidez izan) lege estaldura behar du. Zentzu horretan, transkribatutako paragrafoaren idazketa anbiguoa da; arau-igorpen nahasgarri bat egiten duelako. Hortaz, ezabatzea proposatzen dugu.

 18.1. art. Jarduera turistikoa gauzatzea askea da aplikagarria den eta indarrean dagoen legeria betetzea bada. Horrela, turismo zerbitzuak eman nahi dituen edozein pertsona Euskadin ezarri ahal izango da; aurretiaz aitorpen-erantzulea edo jakinarazpena aurkezten badu eta beharrezkoa den gaikuntza lortzen badu, bere kasuan, araudian ezarritako terminoetan.

20. artikulua. Jarduera turistikoa hastea. 2. Atala

Bere azkeneko paragrafoan ezartzen du jarduera turistikoa hastearen aitorpen-erantzulea sinatu beharko duten pertsonak; eta uste dugu, lehendabizi turismo-enpresaren ordezkari legala aipatu beharko litzatekeela, eta lege aurreikuspenean jartzea proposatzen dugu.

 20.2. artikulua. Azkeneko paragrafoa. Turismo-enpresaren ordezkari legalak sinatu beharko du aitorpen hau, edo jabeak. Gainera, bidezkoa bada, jabeak aurretiaz establezimendu edo enpresa horren kudeaketa eskatu dion pertsona juridiko kudeatzaileak.

21. artikulua.- Egiaztatze administratiboa

21.1 artikuluak, eta batez ere bere azkeneko paragrafoak, beltzez nabarmenduta, egiazko zalantzak sortzen dizkigu:

21.2. artikulua. Turismo alorrean eskudunak diren organoek jarduera hasierako aitorpen-erantzulean edo eransten edo gehitzen den dokumentuan dauden datuetan nahitaezkoa den zehaztasunik eza, gezur edo omisioren bat dagoela ikusten badute, edo beharrezkoa den dokumentazioa eskuragarri ez badago edo aplikagarriak diren baldintzak betetzen ez badira, inskripzioa baliogabetuko da. Hortaz, ezin izango da jarduera turistikoarekin jarraitu egitate horiek ezagutzen diren unetik, egindako lege-erantzukizuna gorabehera, dagokion prozeduraren instrukzioa aurretiaz egin beharko da; prozeduran entzunaldia emango zaio interesdunari.
Prozedura horrek bajaren ebazpen zioduna ekarriko du, Erregistroko inskripzioa baliogabetzea, baita establezimendua ixtea edo jarduera burutzea debekatzea ere. Era berean, egoera hauek adierazten dituen ebazpenak, erantzuleari egoera juridikoa bihurtzeko betebeharra ezar diezaioke, jardueraren hasiera baino lehen.
Euskadiko turismo administrazioak, behin aurreko atalean aipatutako zehaztasun eza, gezurra edo omisioa ikusita, dagokion zehapen-prozeduraren instrukzioa hasiko du.

Lehenik eta behin, artikulu honen izenburua, “egiaztatze administratiboa”, ez omen dator bat aginduaren erregulazio nuklearrarekin; inskripzioa baliogabetzeko eta establezimendua ixteko edo jarduera burutzea debekatzeko prozedura arautzen duena. Bigarrenik, xedapenak bi prozedura omen ditu (bata, aipatu berri duguna, eta bestea, zehapen-prozedura).  Uste dugu nahitaezkoa dela argitzea bi prozedura desberdinen aurrean gauden, edo, ordea, zehapen-prozedura bakarra den, zehapen osgarriekin (testuaren 100. artikuluan arautzen direnak), edo kautelazko neurriak (103. artikuluan araututakoak).

39. artikulua. Establezimendu mota desberdinak elkarrekin ustiatzeko bateragarritasuna. 1.d) atala

Atal honetan ostatu turistikoko establezimendu mota desberdinak elkarrekin ustiatzeko aukera izateko bete behar den baldintzetako bat definitzen da. Hain zuzen ere, erabilera erkideko azpiegituren arauzko baldintzak betetzeari buruzkoa, areto eta jantokiak zehaztuz etab. Ez da batere zehatza, berez zehaztasuna eskatzen duen testuinguru batean. Horregatik, ezabatu behar dela uste dugu.

41. artikulua.- Lekapen araubidea

41. artikuluak aurreikusten du turismo administrazioak, aparteko kasuetan, ostatu-establezimendu konkretu bati, Lege honen garapen-xedapenetan ezarritako eskakizunetako edo gutxieneko baldintzetako batzuk  lekatu ahal dizkiola. Hirugarren atalean horrela aurreikusten ditu lekapenak orekatzeko faktore konpentsatzaileak:

41.3 art. Lekapen horiek konpentsazio faktoreekin orekatu beharko dira, adibidez, zerbitzu osagarrien eskaintzarekin edo taldea eta kategoriaren arabera dagozkien baldintza gehigarriekin.

Gure aburuz, manu horrek zuhurtziarakotasun eremu handiegia uzten du Administrazioaren esku. Zeintzuk dira bere taldea eta kategoriaren arabera dagozkion zerbitzu osagarriak edo baldintza gehigarriak? Uste dugu legegilea zehatzagoa izan behar dela gai honetan, edo behintzat, zuhurtziarakotasun hori mugatzea ahalbidetzen duten irizpide espezifikoak eskaintzea, Horregatik, 3. ataleko 41. artikulua zentzu horretan alda dadin proposatzen dugu.

 49. artikulua. Kontzeptua

1.- Xedapen honetan antzeko izaera duten bi figura definitzen dira, landa-turismo etxeak eta landa-etxeak.

49. artikulua. Kontzeptua

1. Landa-turismoa turismo ostatu-zerbitzuak ematean datza, jatekoa barne edo ez; zerbitzua nekazari eta abeltzainek ematen dute euren baserrietan, eta baserriak nekazaritza eta abeltzaintza ustiapen baten barne egoten dira.

Nekazaritza eta abeltzaintza ustiapen gisa ulertzen da indarreko legerian ezarritakoa.

2. Landa-etxeak dira, landa eremuan dauden establezimenduak eta prezio bidez, ostatu zerbitzu bate ematen dutenak, jatekoa barne edo ez, dauden lekuko arkitektura bereizgarriko eraikinetan.

Irakurketa horretatik, galdera bat bururatzen zaigu: landa-turismoaren definizioan, zergatik ez da aipatzen zerbitzua “prezio bidez” ematen dela eta landa-etxearen definizioan, ordea, bai? Ez dakigu diferentzia horrek baldintza edo ondorioren bat eragiten duen, eta argitu beharra dagoela iruditzen zaigu.

2.- Landa-turismo etxeen arazoei lotuta, auzi orokorrago bat aipatu nahi dugu, erreflexua lor dezakeena, dagokion araudi-garapenean eta Legearen testuan ere bai; horrela, praktikan sarritan suertatzen den egoera bat ebatzi. Landa-turismo etxeek jarduera “logelen alokairua” edo “etxe osoa” modalitatean gauzatu dezakete euren jarduera, oinarrizko erkide araubidea eta modalitate bakoitzean dauden baldintza espezifiko batzuk errespetatuz. Hala ere, askotan, landa-turismo etxea “logelen alokairua” modalitatean baimenduta egonda ere, dagoen eskaeraren aurrean, batez ere urteko garai zehatz batzuetan, “etxe osoa” gisa alokatzen dira. Modalitate bientzako ezarritako lege eta araubide eskakizun guztiak betetzeko eta ostatu mota hauen jabe eta bezeroen interesak legalki eta era seguruan bateratzeko irtenbidea hauxe izango litzateke: “alokairu mistoa” modalitatea sortzea landa-turismo etxeentzat eta horien jabeei jarduera “logelen alokairua” zein “etxe osoa” modalitatean burutzeko aukera ematea.

50. artikulua. Betekizunak

Lehenengo ataleko bigarren paragrafoaren idazketan aldaketak egitea proposatzen dugu, zehatzagoa eta argiagoa izateko.

50.1. artikulua. Bigarren paragrafoa. Era berean, turismo eskaera konkretu baten araberako espezialitatea izan ahalko dute (kiroletakoa, gastronomikoa, etab.), edo bereizten eta desberdintzen dituen beste edozein kontzeptu-elementuren araberakoa”.

50.1. artikulua. Bigarren paragrafoa. Era berean, turismo eskaera konkretu baten araberako espezialitatea izango dute, kiroletakoa, gastronomikoa, edo bestelakoak, edo bereizten eta desberdintzen dituen beste edozein kontzeptu-elementuren araberakoa”.

51. artikulua. Kontzeptua eta aplikazio eremua. 1. Atala

Aterpetxeak, definizioz, ohe bat baino gehiagoko logela bat dagoela esan nahi du. Hortaz, xedapenean agertzen den “nagusiki” adierazpena ezabatu ahalko zen, ez duelako ezer gehitzen figuraren definizioan.

51.1 art. “Aterpetxetzat joko dira orokorrean publikoari, sarritan eta modu profesionalean eta prezio bidez, ostatu zerbitzuak ematen dizkietenak, plazaka banatutako logeletan, taldeko logeletan edo edukiera anitzekoetan, mantenu zerbitzu gehigarriekin edo horiek gabe. Horrez gain, aterpetxe horiek aisialdi, naturarekiko harremanak sustatzeko heziketa jarduerak edo kirol-jarduerak eskaini ahal dituzte”.

57. artikulua.- Bidai agentzientzako eskakizunak

Euskadin instalatu nahi diren bidai agentziek bete beharko dituzten eskakizunak ezartzea da xedapen honen helburua eta xedapenak ondorengo ataletan jasotzen dituen baldintzak bete izanaren aitorpen-erantzulearen aurkezpena aipatzen du.

Hala ere, hurrengo atalek partzialki baino ez dituzte aipatzen aitorpen-erantzulearen izapidetzeak adierazten dituen eskakizunak. Horrela, beren beregi aipatzen da jendeari arreta emateko espazio identifikagarria, baita fidantzak ere (zerbitzuen europar zuzentarauaren 7. artikulura joz, 90/314/CEE zuzentaraua), baina ez da beste eskakizunik aipatzen, erantzukizun zibileko aseguru bat edukitzea bezalaxe, xedapenaren bigarren atalean aipatzen den arau-garapenean jasotakoak.

Bidai agentziek bete behar dituzten eskakizunak nahitaezkoak dira, eta ezin dira lege-testuan partzialki aurreikusi, baizik eta sakon jaso, bete beharreko  geroko arau-garapena kaltetu gabe. Horrenbestez, gomendatzen dugu xedapen hau bidai agentzia bat instalatzeko ezarri diren eskakizun guztien zerrendarekin aztertzea; eskakizun horiek betetzea “aitorpen-erantzulean” aitortu behar da jarduera hasteko.

64. artikulua.- Turismo gidak

1.- Erabilgarria eta egokia iruditzen zaigu legearen aurreproiektuaren helburuak kontuan hartuta, Euskadin gida turistikoaren figura lehendabizi arautzen duena, lege testuak, “turismo gidatzat” jo behar denaren definizioa ematea, turismo alorraren beste figura batzuk deskribatzen dituen legez. Zentzu horretan, xedapenaren lehenengo atalaren lehenengo paragrafoan honako definizioa sartzea proposatzen da:

64.1 Art. Profesionalki honetan diharduten pertsonek egiten duten jarduera, sarritan eta ordainduta, Euskadiko kultur intereseko ondasunak eta gainerako baliabide turistikoen ondare historikoa, naturala edo gastronomikoa interpretatu edo horri buruz informatzeko zerbitzuak emateagatik. Zerbitzuok turista eta bisitan datozenei ematen zaizkie, bi hizkuntza ofizialetan edo beste edozein atzerriko hizkuntzan.

2.- Artikulu honen 2. atalari dagokionez, berriz idaztea beharrezkoa dela uste dugu, edukia argiagoa izan dadin, ulermen zailtasunak eta gidentzako zerbitzuak emateko askeak diren lekuen eta ez direnen arteko desberdintasunaren inguruko zalantzak argitzeko. Hori batetik, eta bestetik, profesional mota hauen establezimendu askerako eskakizunen, zerbitzuak emateko askatasuna eta langileen aldi baterako lekualdaketen artean dagoen aldea ezagutzeko, zerbitzuak emateko esparru transnazionalean.

67. artikulua, Kanpaldi librea, 2.atala

1.- Gure ustez, hau litzateke xedapen honen segida zuzena: lehendabizi, “kanpaldi librea” definitzea; gero, horren debekua, eta azkenik, debeku horren salbuespena. Hortaz, 2. eta 3. atalen ordena alderantzikatu beharko zen.

2.- Oraingo bigarren atalean, hirugarren atala izatea proposatu duguna, naturgune babestuak aipatzen dira. Horietan beharrezkoak izango dira ingurumen baimenak edo txostenak, eta natura 200 sarea eta abar aipatzen dira. Baimena edo beste eskakizun batzuk bete behar dituzten egoerak, arauan jaso beharko dira beren beregi eta ezin dira, aipatu dugun bezala, zehaztasunik gabe adierazi.

Hortaz, adierazpen hori kentzea proposatzen dugu edo horren ordez, erreferentzia egin nahi den kasua zehazki aipatzea.

93. artikulua.- Arau-hauste larriak, 25. Atala

25. atalean jasotako arau-hausteak ez du berariazko sailkapena eta 25. artikuluan xedatutakoren arabera, honek aurreikusitakoa betetzen ez duela adierazten da. 93. artikuluak turismoaren sektoreko arau-hauste larriak sailkatzen ditu eta horrek lege testuan jarrera arau-hausleak zehaztea eskatzen du. Beraz, 25. artikuluko kasua zehazki deskribatzea proposatzen dugu. Horrela izan liteke:

93,25. art. Kaleko salmenta eta noizbehinkako salmenta baimentzea turismo establezimenduetan, edo kaleko salmenta egiten den bidai edo irteeretan geldialdiak antolatzea, 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.

94. art.- Arau-hauste larritzat jotzen dira:

Aurretiko kontsiderazioan sakonduz, ikusi dugu 94. artikuluak zehaztu gabeko zenbait kontzeptu juridiko dituela, egite zigorgarria ziurtasunez ezagutzea ahalbidetzen ez dutenak. Hortaz, tipizitate printzipio galgarriaren aurka joan liteke, baita Administrazioaren zigor-ahalmenaren alorraren aurka ere.

94,1. art.- Turismo araudiaren arau-hausteak Euskadiko irudi turistikoari edo bertako norako turistikoei min nabaria edo kalte larria eragiten dietenean.

EEko 53.1 artikuluak debekatzen du legegileak administrazio aginpideei aukera gehiegi ematea EEko 15 artikulutik 18. artikulura jasotzen den edozein eskubide mugatzeko: murrizte hauek araudian zehaztuko dira zehazki, biztanleek aurreikusteko moduan.

Art. 99. Zehapenen kuantifikazioa

99. artikulua a) Arau-hauste arinak ohartarazpenarekin edo 10.000 eurora arteko isunarekin. Ohartarazpen zehapena bidezkoa izango da arintzat sailkatutako arau-hausteetan, horren izaerak ez duenean isuna jartzera behartzen eta betiere, arau-haustean berrerortzerik ez badago.

Legetik, berez, ez da ondorioztatzen arau-hauste arinak noiz eskatzen duen isuna; hortaz, Administrazioari emandako aukera, arau-hausteak isuna jartzera noiz behartzen duenean erabakitzekoa, gehiegizkoa iruditzen zaigu, hori zehazteko irizpiderik ez dagoelako. Aukera hori mugatzeko, arau-hauste arinen kasuan isuna noiz jarri behar den zehazten laguntzen duten irizpideak legearen aurreproiektuan sartzea proposatzen dugu.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABk egokitzat hartzen du Turismo Legearen Aurreproiektua izapidetzea, honako Irizpenean egindako oharrekin.

 

Bilbon, 2015eko irailaren 25ean

 

 

O.E. Presidentea

Francisco José Huidobro Burgos

Idazkari Nagusia

Emilia Málaga Pérez