Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Irizpena 18/15

Irizpena 18/15

Irizpena 18/15, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen dekretu proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- HITZAURREA

2015eko urriaren 29an Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren idazkia jaso zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean. Horren bidez, “Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen dekretu proiektua”ri buruzko txostena eskatu zen, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aurkeztu zaigun arau proiektuaren helburua mugikortasun urriaren ondorioz desgaitasuna duten pertsonentzat ibilgailuen aparkatzeko txartela arautzea da, Ibilgailua aparkalekuan uzteko ezinduentzako txartela arautzen duen abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuak (arau hori ordeztu nahi du) xedatutakoa desgaituentzako aparkatzeko txartela emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuaren eskakizunetara egokituta eta hori hobetuta kasu zehatz batzuetan.

Agiri horren kopia bidali zitzaien berehala Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bidal zitzaten eta horiek bidezko Lan Batzordeari helaraz zekizkion, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamendu-araudian ezarritakoaren arabera. Gizarte Garapeneko Batzordea 2015eko azaroaren 10ean bildu zen, eta, bertan hartu ziren erabakietatik aurrera, honako irizpen proiektu hau egin da, Batzordearen azaroaren 26ko Osoko Bilkurari aurkezteko, eta bertan aho batez onetsi da.

II.- EDUKIA

Dekretuak honako hauek biltzen ditu: 12 artikulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, bi azken xedapen eta hiru eranskin, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren Batasunaren ereduari, txartel hori eskatzeko ereduari eta hori emateko Foru Aldundiek eman behar duten irizpenerako ereduari buruzkoak.

Honako hau azaldu da: 2014ko abenduaren 24an, indarrean sartu da desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretua. Haren helburua mugikortasun urriaren ondorioz desgaitasuna duten pertsonentzat ibilgailuen aparkatzeko txartelari aplikatu beharreko araubide juridikoaren oinarrizko baldintzak ezartzea da, lurralde nazional osoan aparkatzeko txartela berdin erabiltzen dela bermatzeko asmoz. Lehenengo xedapen iragankorrak ezarri du administrazio publiko eskudunek urtebeteko epea izango dutela beren arauak errege dekretu horren aurreikuspenetara egokitzeko, hori indarrean sartzen den egunetik aurrera zenbatuta.

Errege Dekretuak hiru alderdi berri ditu: lehenik eta behin, nolabaiteko begi desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela eskuratzeko daukaten eskubidea aintzatesten du; bigarrenez, eskubide hori aintzatesten du desgaitasuna duten pertsonen taldeko garraioan lan egiten duten ibilgailu egokituen titularrak diren eta Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak aipatzen dituen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko gizarte zerbitzuak, baita azaroaren 29ko Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak aipatzen dituen gizarte zerbitzuak ere, egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzat; eta, hirugarrenez, aparkatzeko behin-behineko txartela emateko aukera dago.

Behin-behineko txartel horrek urtebeteko balioa izango du, eta aldi berdinerako luzatu ahalko da. Txartel hori salbuespen gisa emango zaie, arrazoi humanitarioak kontuan hartuta, pertsonen adinerako normaltzat jotzen den bizi itxaropena nabarmen murriztea modu fede-emailean dakarren eta aparkatzeko txartelaren ohiko eskaera denboraren aldetik bideratzea eragozten duen gaixotasun edo patologia larri baten ondorioz mugikortasun urria duten pertsonei, nahiz eta horri buruzko irizpenik ez izan modu ofizialean.

EAEn abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuak desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen du, eta hori Europar Batasuneko Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko Gomendioak onartutako Batasunaren eredura egokitzen da. Bestalde, Irisgarritasuna Sustatzeko irailaren 4ko 20/1997 Legeak eta Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuak egindako haren garapenak beren-beregi aipatzen dute mugikortasun urria duten pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuetarako 40 aparkalekuko bat edo zatikia, gutxienez, erreserbatu beharra eremu eta espazio irekietan zein erabilera publikoko garaje eta aparkalekuetarako eraikinetan.

Dekretu honek betekizunak eta erabilera baldintzak gehitzen ditu, baita aparkatzeko txartelaren titularren eskubideak eta betebeharrak ere, abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoak, eta, gainera, aldaketa berriak dakartza horri eta abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuari dagokienez, adibidez, txartela eskuratzeko eskubidearen titularren artean sartzea bizi funtzioetarako ezinbesteko gailu teknikoak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak…) etengabe erabili behar dituzten 3 urtetik beherako pertsonak edo, haien larritasuna dela eta, 4 edo 5 motako desgaitasunaren (patologia larria edo oso larria) balorazioa hartu dutenak.

III.- GOGOETA OROKORRAK

EAEn abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuak desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen du, eta hori Europar Batasuneko Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko Gomendioak onartutako Batasunaren eredura egokitzen da.

2014ko abenduaren 24an, indarrean sartu da abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretua. Haren helburua mugikortasun urriaren ondorioz desgaitasuna duten pertsonentzat ibilgailuen aparkatzeko txartelari aplikatu beharreko araubide juridikoaren oinarrizko baldintzak ezartzea da, lurralde nazional osoan aparkatzeko txartela berdin erabiltzen dela bermatzeko asmoz. Lehenengo xedapen iragankorrak urtebeteko epea ezarri du, administrazio publiko eskudunek beren arauak errege dekretu horren aurreikuspenetara egokitu ditzaten, hori indarrean sartzen den egunetik aurrera zenbatuta.

Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen Dekretu proiektua” guk aztertzeko aurkeztu zaigu. Dekretu horrek 256/2000 Dekretua indargabetzen du; betekizunak eta erabilera baldintzak gehitzen ditu, baita aparkatzeko txartelaren titularren eskubideak eta betebeharrak ere, abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoak; eta, gainera, aldaketa berriak dakartza biei dagokienez, adibidez, txartela eskuratzeko eskubidearen titularren artean sartzea bizi funtzioetarako ezinbesteko gailu teknikoak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak…) etengabe erabili behar dituzten edo larritasun bereziko desgaitasunak dituzten 3 urtetik beherako pertsonak.

EINren “Desgaitasunari, autonomia pertsonalari eta mendekotasun egoerei buruzko inkesta”k (2008) uste du EAEn bizi diren eta desgaitasunen bat duten egoiliarrak 169.400 direla, hau da, 6 urtetik gorako biztanleen % 8,4CES VASCO (2014) Memoria Socioeconómica de la CAPV 2013, Cap. III.2.2 (Condiciones de vida de las personas con discapacidad).. Sexuaren arabera, EAEko 101.200 emakumek eta 68.200 gizonek daukate desgaitasun bat. Horrek 60/40 ratioa dakar emakumeen eta gizonen artean, estatuko ratioaren antzera. Gainera, emakumeen desgaitasun tasak gizonenak baino handiagoak dira 45 urtetik gorako pertsonengan; pertsona gazteengan, berriz, gizonen desgaitasun tasak emakumeenak baino handiagoak dira. Halaber, EAEko etxeen % 18,5ean desgaitasun bat duela adierazten duen pertsona bat, gutxienez, bizi da (% 20an, Estatuko batezbestekoaren arabera),eta kasuen % 18,4an desgaitasuna duen pertsona bakarrik bizi da. Dena den, kasu arruntena desgaitasunen bat duten bi pertsonako etxea da.

Desgaitasun multzo nagusiak mugikortasunari (biztanleen % 6, hau da, 117.000 pertsona baino gehiago, desgaitasuna duten pertsonen % 70 direla), etxeko bizitzari (% 4,9, 97.500 pertsona) eta autozainketei (% 4,3, 82.500 pertsona) eragiten dietenak dira. Izan ere, desgaitasuna duten pertsonen erdiak baino gehiagok mugak dituzte jardueran, hiru arrazoi horietako baten bat dela eta.

Mugikortasun eta joan-etorrien arazoei dagokienez, desgaitasuna duten pertsonen % 42,5ek adierazi dute zailtasunak dituztela kaletik mugitzen direnean, gehienetan (% 32,6) espaloira igotzeko edo hortik jaisteko. Espaloiek eragindako arazoez gain, honako hauek eragindakoak daude: oztopoak gainditzea (% 28,5), kalea zeharkatzea (% 27,2) eta kaleak, bidegurutzeak eta seinaleak identifikatzea (desgaitasuna duten pertsonen % 17,5).

Inkesta horrek desgaitasuna duten pertsonek garraio publikoarekin dituzten zailtasunak nabarmentzen ditu, haien autonomia eta bizi-kalitatea neurri handian mugatzen baitituzte: % 51,6k adierazi dute zailtasunak dituztela garraio publikoarekin. Zailtasun nagusiak ibilgailuetara igo eta horietatik jaistea (% 37,5) eta geltokietara, geralekuetara eta nasetara heltzea (% 26,8) dira.

Ehuneko horiek desgaitasuna duten pertsonen bizitzan mugikortasunari lotuta dauden kontuen eraginaren hurbilketa eskaintzen dute.

Batzorde honek EAEko administrazio publikoek kolektibo horren bizi-kalitatea hobetzeko daukaten konpromisoa aitortzen du, aparkatzeko txartelen erregulazioa funtsezko ekintza positiboa dela haien irisgarritasun unibertsala eta komunitatean parte hartzea errazteko, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onetsi duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak 1/2013 LEDren 2.g) artikuluaren arabera, ekintza positiboko neurriak dira “berariazko neurriak, desgaitasunetik ondorioztatutako desabantailak saihestu edo konpentsatu nahi dituztenak eta desgaitasuna duten pertsonen izatezko berdintasuna areagotzeko edo lortzeko eta politika, ekonomia, gizarte, hezkuntza, lan eta kultura arloetako bizitzaren eremuetan erabat parte hartzeko helburua daukatenak”.30. artikuluan (Ibilgailuak aparkatzen laguntzeko neurriak) xedatu bezala.

Halaber, positibotzat jo da orain aurkeztu zaigun dekretu proiektua, gaur egun txartel hori eskuratzeko eta erabiltzeko baldintzak arautzen dituen araua hobetzen baitu eta, aldi berean, estatu mailan homogeneizazio eskakizunetara egokitzen baita.

Hala eta guztiz ere, uste dugu beharrezkoa dela dekretu horretan aparkatzeko txartelen erabilera zuzena bermatzen duten eta gehiegizko erabilera saihesten duten mekanismoak eta baldintzak gehitzea, betiere esku hartzen duten administrazioen arteko koordinazioaren bidez. Behar hori aipatu dugu jarraian, berariazko gogoeten barnean.

Eta, alde horretatik, uste dugu dekretuak berariazko artikulu batean bildu beharko lukeela komenigarria dela udal bakoitzak baliabide eta baldintza egoki eta nahikoak bermatzea, txartelen titularrek arauaren 8. artikulutik ondorioztatutako betebeharrak betetzen dituztela zaindu eta kontrolatzeko.

Halaber, dekretuak gehitzen dituen berritasunen bidez aparkatzeko txartela eskuratu dezaketen pertsonen taldea handitzen dela kontuan hartuta, uste dugu komenigarria dela aparkalekuen kopurua gehitzea 40 aparkalekuko bat edo zatikia egotea dakarren ratiotik. Horrela, benetako proportzioa ez da murriztuko erabiltzaileentzat.

Jarraian, dekretu proiektu honen artikuluak aldatzeko beste proposamen batzuk emango ditugu, dekretua hobetzen lagunduko omen dutenak.

IV.- BERARIAZKO GOGOETAK

Zioen azalpena

Dekretu proiektuaren zioen azalpenean estatu esparrua aipatzen da, eta, zehatzago, martxoaren 2ko 339/1990 LEDk onetsitako Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen artikuluak. Horrek 7. artikuluan hiri bideetako aparkalekuen bidezko banaketa udalaren zirkulazio ordenantzaren bidez arautzeko eskumena esleitzen die udalei, arreta berezia jarrita mugikortasun urria daukaten eta ibilgailuek erabiltzen dituzten desgaitasuna duten pertsonen beharrizanetan, haien gizarteratzea errazteko asmoz.

Alde horretatik, adierazi nahi dugu 2015eko urriaren 31ko BOEn argitaratu dela “Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu bategina” onetsi duen urriaren 30eko 6/2015 LED, 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua indargabetzen duena. Azken xedapen bakarrari jarraikiz, LED eta hori onesten duen testu bategina indarrean sartuko dira «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hiru hilabeteren buruan. Hala ere, «Zehapen araubidea» izeneko V. tituluaren «Trafiko arloko arau-hausteei buruzko informazioaren mugaz haraindiko trukea» izeneko V. kapitulua eta V., VI. eta VII. eranskinak indarrean sartuko dira «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta biharamunean.

Nahiz eta 7. artikuluaren edukia ukitzen ez den, uste dugu orain baloratu dugun dekretuak arau berritasun berri hori aipatu beharko lukeela.

1. artikulua. Xedea

Artikulu horren testua honela osatzea gomendatu da:

“Dekretu honen xedea da mugikortasun urriaren ondorioz desgaitasuna duten pertsonentzat ibilgailuen aparkatzeko txartela arautzea, Europako eredu uniformearen arabera.”

2. artikulua. Mugikortasun urriaren ondorioz desgaitasuna duten pertsonentzat ibilgailuen aparkatzeko txartela zehaztea

Txartelaren xedea sartzeko lekutik edo helmugatik ahalik eta hurbilen dagoen lekuan aparkatzeaz gain, irisgarritasun araudian biltzen diren baldintza tekniko zehatzetan (neurriak, kokapena, seinaleztapena…) egin ahal izatea dela kontuan hartuta, uste dugu komenigarria dela 2. artikulua honela osatzea:

“Mugikortasun urriaren ondorioz desgaitasuna duten pertsonentzat ibilgailuen aparkatzeko txartela (hemendik aurrera, aparkatzeko txartela) dokumentu publikoa da, mugitzeko erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko betekizunak betetzen dituzten pertsonek sartzeko tokitik edo helmugatik ahalik eta hurbilen dagoen lekuan aparkatzeko daukaten eskubidea egiaztatzen duena, indarreko irisgarritasun araudian ezarri bezala.”

 7. artikulua. Eskubidearen titularrak

Lehenik eta behin, 4. idatz-zatiak honako kasu hau aipatzen du: “bizi funtzioetarako ezinbesteko gailu teknikoak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak…) etengabe erabili behar dituzten 3 urtetik beherako pertsonak edo, haien larritasuna dela eta, Balorazio Zerbitzuaren 4 edo 5 motako desgaitasunaren (patologia larria edo oso larria) balorazioa hartu dutenak…

Gure ustez, hobeto zehaztu edo definitu beharko litzateke zeri buruz ari den artikulu hori “4 edo 5 motako” desgaitasunaz hitz egiten duenean, sailkapen hori adierazten duen araua, behintzat, aipatuta.

Bigarrenez, 5. idatz-zatiak xedatu du honako hauek ere eskubidearen titularrak direla: “desgaitasuna duten pertsonen taldeko garraioan lan egiten duten ibilgailu egokituen titularrak diren eta [...] autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko gizarte zerbitzuak [...] egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak…”.

Gure ustez, pertsona horiek, fisikoak zein juridikoak, aparkatzeko txartela eskatzeko berariazko eranskina falta da (erantsi denak ez du balio).

5. artikulua. Aparkatzeko txartelaren titularrentzat erreserbatutako aparkalekuak

Bai dekretu proiektuak bai estatuko dekretuak 40 aparkalekuko bat edo zatikia erreserbatu beharra mugatzen dute herriguneetako jarduera zentroetara. Baina irisgarritasun araudiak (EAEn, 20/1997 Legea) erreserba hori ezarri du eremu guztietan, eta ez bakarrik herriguneetako jarduera zentroetan.

Uste dugu irisgarritasunaren arloko araudiaren aplikazioa babestu behar dela. Hori dela eta, artikulu horren 1. idatz-zatia honela osatu beharko litzateke:

“1. 1056/2014 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, herriguneetako jarduera zentro nagusiek berrogei aparkalekuko bat edo zatikia izan beharko dute, aparkatzeko txartelaren titularrek erabiltzeko erreserbatuta eta diseinatuta dagoena, bizitegietarako edo lantokietarako diren aparkalekuak alde batera utzita. Aparkaleku horiek arauz ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dira, mugikortasun urria duten pertsonentzat eremu eta espazio irekietan, baita erabilera publikoko garaje eta aparkalekuetarako eraikinetan  ere.”

6. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta erabilera baldintzak

Lehenik eta behin, 3. idatz-zatiak honako hau ezarri du: “3.5 artikuluak aipatzen duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren alde emandako aparkatzeko txartela bakarra, pertsonala eta besterenezina izango da, mugikortasun urria duten pertsonen taldeko garraiorako bakarrik erabiltzen den ibilgailuaren matrikulari lotuta egongo da, eta bakarrik izango da eraginkorra, ibilgailuak 3. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. idatz-zatiek aipatzen dituzten egoeretako baten batean dauden pertsonak benetan garraiatzen dituenean ”. Uste dugu gehitu behar dela txartela bakarrik izango dela eraginkorra, mugikortasun urria duten pertsonak ibilgailuetan sartu eta horietatik irteteko.

Bigarrenez, 4. idatz-zatiak honako hau xedatu du: “aparkatzeko txartelaren balioa titularrak txartela emateko eskatzen diren betekizunei eustearen baldintzapean egongo da”.

Gogoeta orokorretan txartelaren erabilera egokiaren beharrezko bermeari buruz adierazitakoa errepikatu ondoren, uste dugu komenigarria dela puntu honetan gehitzea administrazioek modu koordinatuan hartuko dituztela betekizun horiei eustea bermatzeko beharrezko neurriak.

7. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak

Lehenik eta behin, artikulu horren 1.e) idatz-zatian “geldialdia”ren ordez “aparkalekua” esatea gomendatzen dugu, geldialdia bi minutura mugatzen baita eta, batez ere, desgaitasuna duen gidaria bada, denbora tarte oso laburra baita. Uste dugu, artikulu horren 2. idatz-zatiak ezartzen dituen mugak kontuan hartuta, aldaketa horrek ez diola inolako eragozpenik eragingo zirkulazioari edo oinezkoen mugimenduari:

“e) Geldialdia Aparkalekua bideko edozein tokitan, arrazoi justifikatuengatik eta ezinbesteko denboran, baldin eta oinezkoei edo trafikoari eragozpenik sorrarazten ez bazaie eta agintaritzaren agenteen jarraibideen arabera”

Horrez gain, uste dugu 1.f) idatz-zatia ere honela aldatu beharko litzatekeela:

“f) Egoiliarrentzako zirkulazio mugatua daukaten bide, arlo edo hiri espazioetarako sarbidea, helmuga horien barneko edo eremu horretatik hurbil dagoen puntu batean badago”

 10. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura

Lehenik eta behin, ontzat jotzen dugu pertsona fisikoa bizi den edo pertsona juridikoaren egoitza soziala dagoen Udala izatea txartela eman behar duena, Foru Aldundiko Balorazio Zerbitzuaren aldez aurreko irizpenaren ondoren, artikulu honetan zehazten den prozeduraren arabera.

Bigarrenez, 3. idatz-zatiak honako hau ezarri du: “3. artikuluaren 1. eta 4. idatz-zatien artean zehaztutako pertsona fisikoei dagokienez, Udalak eskaeraren kopia bidaliko dio dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen arloan eskuduna den Sailari, Balorazio eta Orientabide Zerbitzuaren bidez, 45 egun naturaleko epean txartela emateko derrigorrezko irizpen loteslea egin dezan Ezintasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritako balorazio irizpìdeen arabera. Irizpen hori Foru Aldundietako Balorazio eta Orientabide Zerbitzuek egin ahalko dute Dekretu honen III. eranskinean gehitu den eredu orientagarriari jarraiki.”

Testu hori nahasia iruditzen zaigu, eta uste dugu esan nahi dena honako hau dela: Balorazio eta Orientazio Zerbitzuen irizpena III. eranskinaren ereduari jarraiki eman ahalko da. Beraz, idatz-zati hori berrikustea gomendatzen dugu.

Horrez gain, komenigarria izango litzateke 3.5 artikuluan zehazten diren eta udalaren eskumenekoak ez diren zerbitzuak ematen dituzten pertsona juridikoen kasua arautzen duen 4. idatz-zatian gehitzea emandako txartelen eta horien identifikazio zenbakiaren zerrenda edo erregistroa prestatu beharra, haien erabilera modu eraginkorragoan kontrolatzeko.

11. artikulua. Aparkatzeko txartelaren indarra eta berriztapena

Lehenik eta behin, artikulu horren 1. idatz-zatiak honako hau xedatu du: “mugikortasun edo begi zorroztasun urria duten pertsonei emandako aparkatzeko txartelak eta taldeko garraiorako erabiltzen diren ibilgailu egokituetarako aparkatzeko txartelak bost urteko aldirako emango dira”.

Gure ustez, ez lirateke parekatu beharko zerbitzuak ematen dituzten erakundeak eta desgaitasuna duten pertsonak. Horregatik, 3.5 artikuluak arautzen dituen kasuetarako txartelaren indarra urtebetekoa izan beharko litzateke.

Bigarrenez, 2. idatz-zatian honako hau adierazi da: “Balorazio eta Orientazio Unitateek egindako irizpena behin betikoa bada, txartela berritzeko administrazio prozedura interesdunak eskatuta abiaraziko da, Balorazio Unitateen irizpen berria eskatu behar izan gabe, Udalek beren-beregi eskatzen dutenean izan ezik”.

Azpimarratutako testuari dagokionez, gure buruari galdetzen diogu zein kasutan eska dezaketen Udalek Balorazio eta Orientazio Unitateek egindako irizpena. Irizpiderik ez egoteak hautazko jokabideak ekar ditzake. Hori dela eta, Udalek irizpena eskatzeko kasu zehatzak ezarri beharko lirateke.

LEHENENGO XEDAPEN OSAGARRIA. Aparkatzeko behin-behineko txartela ematea

Gure ustez, xedapen horretan arautzen den aparkatzeko behin-behineko txartela eskatzeko berariazko eranskina falta da (erantsi denak ez du balio).

BIGARREN XEDAPEN OSAGARRIA. Osasun zerbitzu eta establezimenduetan aparkalekuak erreserbatzea

Honako hau xedatu da: “aparkalekuen kopuru nahikoa erreserbatuko da osasun zerbitzu eta establezimenduetan mugikortasun urriaren ondorioz desgaitasuna duten pertsonentzat eta, aparkatzeko behin-behineko txartela izanda, osasun tratamenduak, laguntza eta zainketak erregulartasunez behar dituzten pertsonentzat”.

5. artikuluari buruzko gogoetan adierazitakoa errepikatuta, xedapenaren testua honela osatzea iradokitzen dugu:

“Aparkalekuen kopuru nahikoa erreserbatuko da osasun zerbitzu eta establezimenduetan mugikortasun urriaren ondorioz desgaitasuna duten pertsonentzat eta, aparkatzeko behin-behineko txartela izanda, osasun tratamenduak, laguntza eta zainketak erregulartasunez behar dituzten pertsonentzat, irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudian mugikortasun urria duten pertsonentzat ezarritako aparkalekuen gutxieneko kopurua betetzeari kalterik egin gabe.”

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Aurreko ereduaren arabera inprimatutako aparkatzeko txartelak

Honako hau xedatu da: “Administrazio Publikoek aurreko ereduaren arabera inprimatutako aparkatzeko txartelak ematen jarraitu ahalko dituzte urtebetean, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatuta, eta txartel berrien balio bera izango dute”.

Uste dugu, nahiz eta txartel horiek inprimatuta egon eta kostua eragin duten, horiek emateak nolabaiteko nahastea ekar dezakeela erabiltzaileen artean. Gainera, urtebeteko epea luzeegia izan daiteke.

Horregatik guztiagatik, ordezko testua proposatzen dugu:

 “Administrazio Publikoek aurreko ereduaren arabera inprimatutako aparkatzeko txartelak ematen jarraitu ahalko dituzte urtebetean, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatuta, eredu berriak izan arte, eta txartel berrien balio bera izango dute”.

Nolanahi ere, eredu berria sei hilabeteko gehieneko epean erabilgarri egon beharko da”.

V.- ONDORIOAK 

Euskadiko EGABk egokitzat jo du “Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen dekretu proiektua” bideratzea, kontsulta organo honek egin dituen gogoetak gehituta.

 

Bilbon, 2015eko azaroaren 26an.

 

 

OE Presidentea Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez