Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Irizpena 20/15

Irizpena 20/15

Irizpena 20/15, Euskal Autonomia Erkidegoko Diru-laguntzen Araubidearen Lege Aurreproiektuari buruzkoa

cesegab

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2015eko azaroaren 5ean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ogasun eta Finantza Sailaren idazkia sartu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diru-laguntzen Araubidearen Lege Aurreproiektuari buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 3.1. a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

 Lege-aurreproiektuaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak eman eta kudeatzen dituen diru-laguntzak arautu eta kontrolatzea da, batetik, lege-segurtasuna eskaini eta, bestetik, urteetan zehar arloan sortu diren zalantzak argi ditzan lege-esparru orokorra izateko. Hori guztia 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, Diru-laguntzei buruzko orokorrak, xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren diru-laguntzen eremura moldatzeko tresna legegilearen barruan egingo da. Ildo horri jarraiki, egungo araudia ordezkatuko du, hain zuzen ere, Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen Testu Bateratuari dagokion VI. Titulua eta antolamendu osoa, propioa eta diru-laguntzen jardueraren egungo errealitatearen beharrei hobe erantzuten diona zehaztuko da.

Azaroaren 6an lege-aurreproiektua Batzordeko Oso Bilkurako kide guztiei iritsarazi zitzaien, proposamenak eta iritziak bidaltzeko eta horiek guztiak lan-batzordean, hain zuzen ere, Ekonomia Garapenerako Batzordean landu dira, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak xedatutakoaren arabera. 2015eko azaroaren 30ean, abenduaren 1ean eta abenduaren 4an lan-saioan Ekonomia Garapenerako Batzordea bildu zen, irizpenaren aurreproiektuari buruzko proposamena eztabaidatzeko. Ildo horri eutsiz, 2015eko abenduaren 11n Euskadiko EGABren Osoko Bilkuran lantzeko irizpen-proiektua egitea erabaki zen eta aho batez onartu zen

II.- EDUKIA

Kontsultatzen zaigun lege-aurreproiektuaren edukiak zioen azalpena, lau Titulutan banatuta 47 artikulu, Xedapen Gehigarri bat, Xedapen Iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen ditu.

Zioen azalpena

Zioen azalpenak diru-laguntzek duten dualtasuna gogoratzen du; gastu publikoaren modalitate bat dira, baina, aldi berean, administrazioak esku hartzeko modua. Beren helburua interes publikotzat jotzen diren jarduera eta portaera zehatzak sustatzea da. EAEko herri-administrazioak kudeatzen dituen diru-laguntzak arautu eta kontrolatzea garrantzitsua da, batetik, lege-segurtasuna eman eta, bestetik, horien kudeaketa-ibilbidean sortu diren zalantzak ebatz daitezen lege-esparru orokorra eskaintzeko. Horrez gain, diru-laguntzen egungo esparru arautzailea azaltzen du: Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen Testu Bateratuari dagokion VI. Titulua, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bitartez onartutakoa eta 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Orokorra. Aurrekoaren harira, araudia euskal esparruari moldatzea beharrezkoa da.

Azkenik, aurreproiektuaren edukia deskribatzeari ekiten dio.

Xedapen-gorputza

Atariko Titulua xedapen orokorrei buruzkoa da eta bi kapitulu ditu. I. Kapituluak legearen aplikazio-eremua lantzen du. Ildo horri jarraiki, xedea eta EAEko sektore publikoaren erakundeei ematea eta kudeatzea dagozkien diru-laguntzen lege-araubide orokorraren erregulazioa definitzen ditu. Legeak berak zehaztutakoarekin bat, sektore publikoko erakundeak EAEko administrazio orokorra, EAEko erakunde-administrazioaren erakunde autonomoak, sustatzeko berariazko administrazio-ahalmena izanik, erakunde-administrazioaren zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta EAEko sektore publikoko partzuergoak dira.

EAEko sektore publikoaren kide diren beste erakunde batzuetako diru-emateak ordainik gabe 7. artikuluko kudeaketaren eta 15. artikuluko informazioaren printzipio orokorrez arautuko dira. Diru-laguntzaren kontzeptua definitzen da funts publikoen doako ezarpen bezala, legearen eremu subjektiboan aurrez ikusitako edozein subjektuk pertsona publiko edo pribatuaren alde egin badu, gizarte erabilgarritasun eta intereseko jarduera sustatzeko edo helburu publikoa lor dadin bultzatzeko. Halakotzat joko diren eta ez diren ustezko zehatzak jasotzen dira. Azkenik, diru-laguntzei buruzko lege-araubidea eta bereziki Europar Batasuneko funtsen kargura finantzatuak daudenena zehazten da.

II. Kapituluak diru-laguntza publikoekiko xedapen erkideak ditu. Horiei jarraiki, legearen eremu subjektiboak estaltzen dituen subjektuen jarduera diruz laguntzen bada, planifikatu egin behar da eta, horretarako, helburuak, lortu nahi diren ondorioak, aurrez ikusten diren kostuak lortzeko epea, finantzazio-iturriak eta jarraipen- nahiz ebaluazio-ekintzak eta -adierazleak finkatu behar dira. Hori ez da beharrezkoa izango jarduerek plan estrategiko sektorialak edo Gobernu Kontseiluak onartu ondoren Gobernuaren jarduera esangarriak sustatzen badituzte. Xedapen erkideek diru-laguntzak kudeatu eta emateko printzipio orokorrak zehazten dituzte. Halaber, baldintza bezala xedatzen dira diru-laguntza eman baino lehen horren oinarri arautzaileak onartzea, baita beste baldintza osagarri batzuk eta funts europarrekin zerikusia duten diru-laguntzetarako erkidegoko zuzenbidearen ondoriozko espezialitateak ere. Oinarri arautzaileei dagokienez, onartzeko organo eskudunak eta gutxieneko edukia arautzen dira. Diru-laguntzen pertsona onuradunak eta hori lortzeko debekuak, betebeharrak eta erakunde kolaboratzaileak definitzen dira. EAEko Diru-laguntzei buruzko Erregistro Orokorra sortzea aurrez ikusten da, batetik, diru-laguntzak kontrolatu eta jarraitzeko eta, bestetik, gardentasunaren printzipioa betetzeko. Oinarri arautzaileek pertsona onuradunei finantzazio-zenbatekoa eskatzeko aukera izatea aurrez ikusten dute eta araubidez Gobernuak bermeen araubide orokorra zehaztuko du eta hori izango da diru-laguntzen pertsona onuradunek eta erakunde kolaboratzaileek bete beharko dutena, alegia. Aurrekontuaren ekitaldian zehar deialdia duten diru-laguntzen zerrenda erakundeen egoitza elektronikoan argitaratu beharko da. Hori legearen aplikazioaren eremu subjektiboan jasotzen da.

I. Tituluak prozedura-motak arautzen ditu: lehiaketaren prozedura eta zuzenean eta norbaiten izenean ematen dituzten prozedurak, aldi bereko lehiaketaren eta ondoz ondoko lehiaketaren prozedurez gain. Gainera, prozedura garatzeko izapideak finkatzen ditu.

II. Tituluak, bakoitza dagokion kapituluan, diru-laguntzen kudeaketa eta justifikazioari buruzko prozedura lantzen du. Ildo horri eutsiz, diruz lagun daitezkeen gastuak arautzen dira, baita pertsona onuradunek diruz lagundutako jarduerak kontratatzea eta diru-laguntzak justifikatzeko orduan nahasiak dauden izapide desberdinak garatzea ere. Aurrekontuaren kudeaketa-prozedurak titulua gastua eta ordainketa onartzeko prozedurarekin eta ordainketak atxikitzeko lege-araubidearekin amaitzen du.

III. Titulua diru-laguntzak ematen direnean berraztertzeko egintzei bideratuta dago eta emate-ebazpenetan deuseztatzeko arrazoiak, ebazpenak berraztertzeko arrazoiak eta jasotako zenbatekoak itzultzea zehazten dira. Modalitate eta prozedura desberdinak kontuan hartzen dira. Halaber, itzulera likidatu edo onartzeko administrazioaren eskubidea preskribatzea arautzen da.

IV. Tituluak diru-laguntzen arloan administrazioaren arau-hauste eta zigorren araubidea du. Aurrekoaren harira, arau-hausteak tipifikatzen dira, dagozkion zigorrak jarri ere bai, organo eskudunak zehazten dira eta zigor-ahalmena erabiltzeko prozedura xedatzen da.

Lehenengo Xedapen Gehigarriak erakundeek ordainik gabe egindako diru-emateei, 2.2. artikuluan aipatutakoei, buruzko araubidea zehazten du.

Bigarren Xedapen Gehigarrian sailburuei atxikitako funtzioak Lehendakaritzako edo Lehendakariordetzako idazkari nagusiek gauzatu ahal izango dituztela xedatzen da.

Xedapen Iragankor Bakarrak Lege berri hau indarrean sartu aurretik Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuak dauden deialdiak beren oinarri arautzaileetan xedatutakoaren arabera arautuko direla aurrez ikusten du.

Xedapen Indargabetzaileak Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioen Legeari buruzko Testu Bateratuaren VI. Titulua eta VII. Tituluko III. Kapitulua indargabetzen ditu.

Lehenengo Azken Xedapenak Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioen Legeari buruzko Testu Bateratuaren artikuluei idazkera berria ematen die.

Bigarren Azken Xedapenak 14/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontrol Ekonomiko eta Kontabilitateari buruzkoa, aldatzen du.

Hirugarren Azken Xedapenak indarraldi mugagabea duten diru-laguntzei buruzko oinarri arautzaileak lege berria indarrean sartzen denetik 12 hilabeteren buruan moldatu behar direla xedatzen du.

Laugarren Azken Xedapenak lege berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean sartzea aurrez ikusten du.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Euskal Autonomia Erkidegoko diru-laguntzei buruzko araubidea arautzen duen lege-aurreproiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko diru-laguntzen lege-araubide oso eta propioa arautzea du helburu.

Gaur egun, diru-laguntzen arloa arautzeko, Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioen Legeari buruzko Testu Bateratuaren VI. Titulua, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bitartez onartutakoa, kontuan hartu behar da. Nolanahi ere, arau hori gaur egun gaindituta dago diru-laguntzen jarduerak duen ustezkoen aniztasun eta garrantziarengatik. Urte hauetan zehar diru-laguntzek beren garrantzia biderkatu dute eta 2016. urteko aurrekontuan ia 1.900 milioi eurora iritsi dira eta, modu berean, sustatu nahi diren jarduerak aniztu dira. Hala, garrantzi berriaren arabera arautzea eta kontrolatzea eskatzen duen ekintza publikoaren instrumentu bihurtu da. Izan ere, diru-laguntzen xede den helburuen kasuistika aberatsa kontuan hartu behar da, erakunde emaileei eta onuradunei lege-segurtasuna eskaini behar die eta oraingo garaiko eskakizunekin bat, gardentasunaren, objektibotasunaren,eraginkortasunaren eta efizientziaren printzipioak bermatu behar ditu.

Orain arte diru-laguntzak Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioen Legean bananduta zegoen eta aurkezten zaigun aurreproiektuak, diru-laguntzak arautzeko arau berezia egiteaz gain, Euskadiko Ogasunaren kontzeptu orokorrari dagozkion gainerako arloetan bezala, 2003. urtetik gauzatzeke zegoen zereginari aurre egiten dio eta EAEko diru-laguntzei buruzko arautegia 38/2003 Legeari, azaroaren 17koari, Diru-laguntzen Orokorrari, moldatzen dio.

Ondorioz, EAEko sektore publikoan diru-laguntzen jarduera antola dadin hainbeste denboraz luzatu denari aurre egiteko ekimena beharrezkotzat eta positibotzat jotzen dugu. Diru-laguntzen arloa arautzeko testu legegile berezia egitean antzematen dugun beharra eta aukera alde batera utzi gabe, Batzorde honek hainbat gogoeta orokor egin nahi du aurkezten zaigun aurreproiektuaren edukian hobe daitezkeen alderdiei buruz:

Lehenengoa. Irizpen honen xede den legearen aurreproiektuak adierazten duen bezala, Euskadiko sektore publikoak emandako diru-laguntzak arautu eta kontrolatzea oinarrizkoa da lege-esparru orokorra eskaintzeko. Horrek beharrezkoa den lege-segurtasuna emango du eta urteetan zehar kudeaketan sortu diren zalantzak argituko ditu. Laburbilduz, antolamendu egokiagoa eta osoagoa eskaintzeko indarreko araudia hobetu eta osatu behar da.

Aurreproiektuak helburu hori izanik, bai zioen azalpenean, baita justifikazio-txostenean ere, egungo araudiaren indarraldian diru-laguntzen kudeaketan sortutako zalantzak argitzea faltan botatzen dugu, aurreproiektuak erantzuna eman nahi baitie.  Gure iritziz, aurreproiektuak edo, gutxienez, justifikazio-txostenak diru-laguntzen kudeaketaren jarduerari buruzko aldez aurretiko ebaluazioa izan beharko luke. Hautemandako arazoen diagnostikoa eta aurreproiektuak ikuspuntu horretatik proposatzen dituen hobekuntza-eremuak agertu beharko lirateke, aurreproiektuak erantzun nahi dien arazoen eta helburuak lor daitezen egituratu nahi diren formulen arteko koherentzia antzemateko.

Alderdi honetatik hurbil, eta aurreproiektuaren artikuluetan berariaz jasotzen diren diru-laguntzen programak ebaluatzeko eginkizunari eutsiz, egokitzat jotzen dugu diru-laguntzen programen erakunde kudeatzaileek emaitzei, erabilgarritasunari eta gizarte- nahiz ekonomia-inpaktuei eta programak mantendu edo deuseztatzeari buruz egindako analisiaren egokitasuna azpimarratzea eta alderdi hori berariaz aipatzea. EGABk alderdi hori diru-laguntzen eta laguntza-neurrien programei buruz burututako irizpenetan eranstea behin eta berriz gomendatu du. Ildo horri jarraiki, EAEko diru-laguntzen araubidea arautzeko arauan sartzea berariaz onartu nahi dugu.

Bigarrena. Arauaren aplikazioaren eremu subjektiboari dagokionez, berriz ere harrigarria iruditzen zaigu legearen aplikazio-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari mugatu nahi izatea eta, ahal den neurrian, euskal herri-administrazio guztietarako araubide homogeneo arautzailea zehazteari uko egitea.

Batzorde hau planteamendu honekin ez dago ados, legegilea aurreproiektuaren norainokoari buruzko kontzeptuan norberak jarritako muga politikotik abiatzen den heinean eta bere aplikazio-eremutik erakunde erkideen mailan lotura dutenekiko beste euskal herri-administrazio batzuek emandako diru-laguntzak baztertzen dituen neurrian. Hala, foru aldundiek eta tokiko erakundeek emandako diru-laguntzak eremutik kanpo gelditzen dira.

Lege-aurreproiektu honen arloari dagokionez aginpide-eremua kontuan hartuta, lurralde historikoek araubide ekonomiko-finantzarioa arautzeko eta tokiko erakundeen finantza-zaintzarako aginpide garrantzitsuez gozatzen dute. Hala eta guztiz ere, aurreproiektuaren justifikazio-txostenak aipatzen duen bezala, honek abiapuntutzat egungo “statu quoa” hartu du eta horretan lurralde historiko bakoitzak foru-administrazioetako diru-laguntzei buruzko lege-araubide orokorra arautzeko bere foru-araua du. Gainera, diru-laguntzen arloan EAEko egungo araudia tokiko erakundeetarako ez da aplikagarria. Hala, euskal herri-administrazio guztietarako araudi erkide aplikagarria egiteari uko egiten zaio. Batzorde honen ustez azkenekoa litzateke agertoki desiragarria eta horrek izan beharko luke arloan arau berriaren nahia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun desberdinek diru-laguntzak kudeatzean homogeneotasunaren irizpideak finkatzearen alde interes orokorraren arrazoiek ildo horretatik legegilearen ekimena justifikatuko lukete eta administratuen interesei lehentasuna emango litzaieke lege-esparru argiago eta gardenagoaren barruan, arauak hainbeste sakabanatu gabe.

Hirugarrena: 9-3-e), 13 eta 14 artikuluetan xedatutakoa ikusirik, Batzorde honetan eztabaida sortu da nola eta noraino eragin dezakeen araudia, hau da, lege-antolamendua bete eta errespetatzeak diru-laguntzak lortzeko orduan. Edo, beste modu batera esanda, nola eta noraino sustapen-aginpidea erabil daitekeen eta erabiltzen den legezko eginkizunak betetzen direla saritzeko.

Arau horietan diru-laguntzen prozedurari buruzko alderdi desberdinak arautzen dira.  Guztiak oso alderdi garrantzitsuak dira, diru-laguntzaren onuradun izateko aukera erabat baldintzatzen baitute. Onuradunak onartzen dituen esleipen-irizpideak, baztertzeko arrazoiak eta eginbeharrak dira.

Oro har, arauen edukia bere izaerarekin bat dator:

  • 13. artikuluan onuradunen baldintzatik baztertzen dira pertsona onuradunaren baldintza lor dezaten debekatzen duten egoera tasatu eta egiaz larriak dituzten horiek.
  • 14. artikuluan onuradunari oinarrian diru-laguntzaren xedea betetzearekin zerikusia duten eginkizunak ezartzen zaizkio.
  • 9-3-e) artikuluan zehaztutakoaren arabera, oinarriek diru-laguntzak emateko eta haztatzeko irizpide objektiboak izan behar dituzte.

Dena den, artikulu horiek lasaiago irakurri ondoren, zenbait eduki zalantzan jar daiteke, aginduaren arrazoiarekin zuzeneko harremana ez izan arren, ez baita ulertzen halako edukiak zergatik sartzen diren eta komenigarriak izan daitezkeen beste batzuk zergatik ez. Zehazki esanda, hizkuntza nahiz genero-berdintasunaren politikak eta zerga-obligazioak nahiz gizarte-segurantzaren gainekoak betetzeari buruzko araudiez egindako aipamenen inguruan ari gara.

Gure iritziz legeria, legeria oro, onartzen den unetik eta talde bezala hornitu nahi dugun lege-antolamenduan sartzen den momentutik betetzea besterik ez dago. Bestela, desiragarria ez den anomalia zuzentzeko mekanismoak aktibatu behar dira.

Aurreproiektuak diru-laguntza lortzea arau zehatzak betetzearekin lotzen du. Arau bete dadin saritzeko helburu erantsiarekin sustapen-aginpidea erabiltzea egokia izan daiteke ala ez, baina bakarrik arau-mota zehatzei buruz egitea eztabaidagarriagoa da eta, gutxienez, oso justifikazio arrazoitua eskatzen du.  Gainontzean, arrazoiak ezagutu gabe, Batzorde honi ezinezkoa egiten zaio beste batzuen aldean, besteak beste, irisgarritasun, minusbaliotasun, ingurumen, lan-arriskuen prebentzio, lan eta abarri buruzko araudien aldean aurreproiektuan aipatu eginkizunak (hizkuntza, genero, zerga eta gizarte segurantzaren ingurukoak) betetzen direla saritzeari buruzko egokitasuna balioztatzea.

Bereziki, esleipen-irizpideei dagokienez, legeria errespetatzeak ezin du bat izan. Esleipen-irizpideek, batetik, halabeharrez legeriak nahitaezkotzat eskatzen duenetik urrunago hobekuntzak eskaintzen dituztenei eta, bestetik, diru-laguntzen xedearen izaeraren bultzadak erantzuten dituztenei lehentasuna eman behar diete. Diru-laguntzak bilatzen dituen xedeekiko ekarpen berezia egiten dutenak saritu behar dira, legeriaren betetze hutsetik harago. Era berean, orokorrean, lehentasunezko irizpideak zehaztu behar direlakoan gaude, beraz, EAEk gizarte-irizpideak erabiltzeari buruzko hausnarketa orokorra egin behar du eta hori gidalerro argietan egituratu behar da: diruz lagun daitezkeen arau sektorialetan nola sar daitezke eta sartu behar dira? Zer ustezkotan?  Gidalerro orokor horiek falta direnez, diru-laguntza sektorialei buruzko arau bakoitzean tratamendua zatitua eta ausazkoa da eta gizarte-irizpideak modu desberdinean tratatzen dira, herri-aginteek guztiak bultzatu behar dituztenean.

Laugarrena. Batzorde honek egokitzat jotzen du Autonomia Erkidegoko administrazioaren organo eta erakunde desberdinetan gizarte-eragileen partaidetzari eta partaidetzaren finantzazioak diru-laguntzen araudiaren testuinguruan sortzen duen arazoari dagokionez gai bat planteatzea. Autonomia erkidego gehienek partaidetza arautu dute eta xede horrez beren finantzaketa-sistema zehaztu dute. EAEk, ordea, ez dio oraindik gai honi eutsi eta, ondorioz, euskal herri-administrazioaren erakundeetan zuzendaritza- edo kontsulta-organoetan kide bezala parte hartzen duten pertsonek ekarpenak jasotzen badituzte eta horiek aurrekontuei buruzko legean isla badute, diru-laguntzak diren heinean, diru-laguntzen araubide orokorra bete behar dute, horrek planteatzen dituen muga eta eragozpenekin. Erakunde-partaidetza eta finantzaketa aurrez ikusten dituen arautegi berezia egin behar denez, aurre egiten ez zaion bitartean eta, bide batez, gobernuari azkar egin dezan gonbita luzatzen diogu, Euskal Autonomia Erkidegoko diru-laguntzen araubideari buruzko legearen esparrua, gutxienez behin-behinekoz, gizarte-eragileen finantzaketa-araubidearen berezitasunei erantzuteko aprobetxatzea iradoki dugu. Ildo horri jarraiki, lege honekiko xedapen gehigarrian berezitasunekiko xedapen egokiak adierazi beharko lirateke.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

2. artikulua.- Aplikazioaren eremu subjektiboa

Xedapen honek diru-laguntzak emateko subjektuak, lege honen aplikazio-eremukoak, zehazten ditu eta barruan sartzen dira EAEko sektore publikoaren partzuergoak. Gure iritziz, oraindik EAEn sektore publikoa osatzen duten erakundeen definizioarekin euskal sektore publikoari buruzko legea onartzen ez den bitartean, komenigarria da diru-laguntzak arautzen dituen legeak berak partzuergotzat ulertu behar dena zehaztea eta, ondorioz, xedapenean bertan definizioa sartu beharko litzateke.

2.1.d) artikuluari dagokionez, honakoa gehitzea iradoki dugu:

2.1. artikulua.-Honako legea ondorengoek kudeatu eta emandako diru-laguntzei aplikatuko zaie:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-administrazioaren organismo autonomoek.
c) Erakunde-administrazioaren zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, sorrera-legeak edo estatutu-arauek berariaz sustatzeko administrazio-ahalmena eman dieten neurrian.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoek. Lege honek xedatzen duenerako sektore publikoko partzuergotzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak edo bere erakundeek, zuzenean edo zeharka, kapitalean gehiengoan parte hartzen badute baliabide propioak eratzean edo beren jarduerak gehienean finantzatzean”

3. artikulua.- Diru-laguntzaren kontzeptua. 3. atala.

3.3. atalari dagokionez, 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, diru-laguntzei buruzko orokorrak, xedatutakoari erantzuten diola jakitun izanik, baztertzearen bidetik gardentasuna nahikoa bermatua ez gelditzeak kezkatzen gaitu, bereziki, 3.3.e) artikuluan aurrez ikusitako kontraprestazioei dagokienez. Gure iritziz, horiek plangintzaren, ebaluazioaren eta erregistroaren eginkizunak bete behar dituzte, gardentasun nahikoa bermatzeko.

9. artikulua.- Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak. 1. atala.

Zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan eta EAEko sektore publikoko partzuergoetan diru-laguntzak emateko orduan oinarri arautzaileak onartzeko organo eskudunei dagokienez, sorrera-arauak edo estatutu-arauak xedatutakoa kontuan hartuko dira, baina argiago gelditzeko komenigarria litzateke xedapenean aginpidea atxikitzea, badaezpada, gaiari buruz berariazko aipamenik ez badago.

“9.1. artikulua.- Orokorrean, sailburuak eta erakunde autonomoetako buruak edo zuzendariak dira beren eremuetan diru-laguntzak arautuko dituzten oinarriak onartzeko organo eskudunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sektore publikoko partzuergoen eremuan, diru-laguntzak arautzeko oinarriak onartzea sorrera-arau edo estatutu-arauarekin bat datozen organo eskudunei dagokie. Berariaz araututa ez badago, aginpide hori diru-laguntzak emateko eskumena onartua duen organoarena izango da edo, bidezkoa bada, erakunde edo partzuergo horietako sailburu eta buru edo zuzendariena.

9. artikulua.- Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, 3. atala.

9-3-g) atalak aipatutakoaren arabera, oinarriek ebazpena egiteko epea zehaztu behar dute, baina epeari buruz gutxi gorabeherako irizpiderik ez du aipatzen. Hala administrazioaren aukerakoa da erabat. Desiragarria litzateke irizpideren bat zehaztea (eskaeren bolumena, balioztatzeko zailtasuna, etab.) epearen egokitasuna eta proportzionaltasuna justifikatzeko.

9. artikulua.- Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak. 4. atala.

9-4. artikuluan oso egokitzat jotzen dugu eskatutako baldintzak betetzen direla justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu ordez aitorpen arduratsua eskatzea, prozeduraren izapideak arinduko bailituzke.

Baina sentitzen dugu ordezkapenak bakarrik aldi baterako efektuak izatea, aurreproiektuak, nolanahi ere, diru-laguntzak emateko ebazpena egin baino lehen egiaztapen-dokumentazioa aurkeztea aurrez ikusten baitu. Aitorpen arduratsuak behin betiko izan beharko lukeelakoan gaude.

Gure ustez “aitorpen arduratsuak” zerbitzuak ezarri eta zirkulatzeari dagokionez lizentziak, baimenak, etab. emateko baliozkoak badira (123/2006 Zerbitzuen Zuzentarauaren aginduz), nahikoa izan beharko lukete diru-laguntzak izapidetzeko, gutxienez, baldintza zehatzei buruz.

9. artikulua.- Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak. 6. atala eranstea. Oinarri arautzaileak irisgarritasun unibertsalaren baldintzetan jakinarazteko, indarreko araudiarekin bat atal berria eranstea proposatzen da.

 

9.6. artikulua.- Oinarriei buruzko jakinarazpena irisgarritasun unibertsalaren baldintzetan egin beharko da, indarreko araudiarekin bat.

10. artikulua.- Diru-laguntzak emateko organo eskudunak. 3. atala.

Aurreko artikuluari buruz azaldutakoarekin bat, lege-aurreproiektuaren aurreikuspenak EAEko zuzenbide pribatuko erakundeen edo sektore publikoko partzuergoen sorrera-arauak edo estatutuek berariaz alderdi hori kontuan hartzen ez duten kasuetan diru-laguntzak emateko organo aginpideduna jasotzea proposatzen dugu.

 

10.3. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sektore publikoko partzuergoen eremuan diru-laguntzak ematea organo eskudunei dagokie, beren sorrera-arauarekin edo estatutuekin bat edo, nolanahi ere, sailburuei eta erakunde ala partzuergoetako buru edo zuzendariei.

15. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Diru-laguntzei buruzko Erregistro Orokorra. 3b) atala.

Hirugarren atalak b) hizkian Diru-laguntzei buruzko Erregistro Orokorraren gutxieneko edukia zehazten du. Aurreproiektuak pertsona onuradunen zerrenda, zenbatekoa, xedea edo helburua adieraziz, kokatzen du. Halaber, aurreproiektuak informazioa argitaratzean “datu bereziki babestuak” agertzeren inguruko aurreikuspena egiten du. Kasu horretan, bereizi ondoren argitaratuko litzateke informazioa. Gure iritziz aurreproiektuak “datu bereziki babestutzat” jotzen dituenak argitu beharko lituzke, kontzeptu zehaztugabea baita. Bere esanahia datuak babesteko legeak xedatutakoaren baldintzetan ulertu behar bada, komenigarria da xedapenaren testuan berariaz zehaztea edo indarreko araudia aipatzea.

Bestetik, esperientziak ezberdintasun ugari adierazten ditu, askotan oso nabarmenak, emandako diru-laguntzen zenbatekoen eta azkenik likidatutakoen artean. Horregatik, erregistroa aldizka eguneratzea garrantzitsua da. Bertan emandako eta likidatutako zenbatekoak, baita izan daitezkeen aldaketak ere jasoko dira, arrazoiak barne.

19. artikulua.- Emateko prozedurak. 2. atala.

Aldibereko lehiaketaren prozedurak arautzeko xedapenak duen idazkerarengatik ulergaitza da eta, ondorioz, argiagoa gelditzeko berriz formulatzea eskatzen dugu.

20. artikulua.- Hasiera, 1. atala.

Prozedura hasteko erreferentziazko data deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta egun bera izan ordez hurrengo eguna izatea arrazoizkoagoa da, legezko epeetan zenbatzen den bezala, beraz, xedapenaren testuari aipamen hori eranstea proposatzen da.

 

21.1. artikulua.- Lehiaketaren eta aldibereko lehiaketaren araubidean diru-laguntzak emateko prozedura betiere ofizioz hasten da. Prozeduraren hasiera-datatzat deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguna jotzen da. Hori emateko prozeduraren oinarri arautzaileetan sartua egon daiteke.

20. artikulua.- Hasiera, 3) atala eta 5. atala eranstea:

Xedapen honetan deialdien gutxieneko edukia jasotzen da oinarri arautzaileetan sartuak ez daudenean eta j) eta k) bi atal berri eranstea beharrezkotzat jotzen dugu ebazpenaren eta jakinarazpenaren epearekin eta ebazpenak balioztatzeko irizpideekin.

 

20.j) artikulua Ebatzi eta jakinarazteko epea
20.k) artikulua Eskaerak balioztatzeko irizpideak

Bestetik, gardentasunaren eta publizitatearen arrazoiak direla-eta, deialdiak, aldi berean, erakunde deitzailearen web orrian eta, hala badagokio, egoitza elektronikoan eta egokitzat jotzen diren beste bitarteko elektroniko batzuk erabiliz argitaratu beharko lirateke. Hain zuzen ere, 20. artikuluari atal berri batean eranstea proposatzen dugu.

 

5) “Era berean, diru-laguntzei buruzko deialdia erakunde deitzailearen web orrian eta, bidezkoa bada, egoitza elektronikoan nahiz egokitzat jotzen diren beste bitarteko elektroniko batzuetan argitaratu beharko da”.

22. artikulua.- Ebazpena eta jakinarazpena, 3. atala.

Batzorde honek ebazpenean eskaera gaitzesteari buruzko arrazoiak jasotzearen beharra eranstea proposatzen du, ebazpenak arrazoitu behar baitira.

 

22.3. artikulua.- Ebazpenak, pertsona eskatzailea edo diru-laguntza ematen zaien eskatzaileen zerrenda izateaz gain, idatziz jasoak utziko ditu berariaz xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zer xedapenen arabera ematen den eta diru-laguntzari buruzko oinarri arautzaileetan eskatzen diren gainerako baldintzak, baita gaitzetsi diren eskaerak eta gaitzesteko arrazoiak ere. Baldintzak deialdiaren oinarrietan jada zehaztutako edukiak erreproduzitzea badira, ebazpenean alde batera utz daitezke eta horien ordez egoitza elektronikora deialdirako eta oinarrietarako lotura azalduko da.

26. artikulua.- Emandako diru-laguntzen publizitatea

3. atalak xedatutakoarekin bat, diru-laguntza eman izana ez da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo egoitza elektronikoan argitaratu beharko, pertsona onuradun zehatzaren alde ematea eta zenbatekoa legezko maila duen arauaren babesean ezarria dagoenean.

Gure iritziz, gardentasunari begira, halako diru-laguntzak ematen direnean, argitaratu beharko lirateke, gutxienez egoitza elektronikoan, bai eman izana, baita zenbatekoa ere.

30. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen gastuak, 3. atala.

Gure ustez beharrezkoa da idazkeran ahalegina egitea xedapen honetan azpimarratu dugun testuaren zatia ulergarria suertatzeko. Nolanahi ere, zalantzak sortzen ditu eta, dirudienez, diru-laguntza ematen duen administrazioak aukera-tartea du.

 

30.3. artikulua.- Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratu txikirako zehaztutako zenbatekoak gainditzen dituenean, betiere hirugarrenekin kontratatu behar bada, pertsona onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatuko dizkie hornitzaile desberdinei obrarako, zerbitzua eskaintzeko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu baino lehen, ezaugarri bereziengatik merkatuan egiten, eskaintzen edo hornitzen duten nahikoa erakunde ez dagoenean izan ezik edo gastua diru-laguntza eman baino lehen egina dagoenean salbu.

32. artikulua.- Diru-laguntza publikoak justifikatzea, 2. atala eta 9. atala eranstea.

Batzorde honen iritziz diru-laguntza ordaintzeko ehunekoetan zehaztapena sartu behar da. Diru-laguntzak ordaintzeko ehunekoak kontuan hartu behar dira, askotan ehuneko batekin hasten baita eta gainerako diru-laguntzaren zenbatekoa txostenaren ondoren ordaintzen baita. Horregatik, ordaintzearen betebeharrak hurrengoaren araberakoa izan beharko luke: diru-laguntzaren aldez aurretiko ordainketa-ehunekoak edo diru-laguntza ematen duen erakundearen bigarren ordainketa.

 

32.2. artikulua.- “Justifikazio-kontua egitea pertsona onuradunaren edo erakunde laguntzailearen nahitaezko egintza da eta pertsona aitortzailearen erantzukizunpean, gastu-frogagiriak edo lege-baliozko beste edozein dokumentu izango ditu, diru-laguntza publikoaren xedea bete dela egiaztatzeko. Justifikazio-kontuaren itxura, nahitaezko galdeketak barne, eta egiteko epea diru-laguntzei buruzko oinarri arautzaileek zehaztuko dituzte, horien ordaintze-ehunekoak kontuan hartuta.
Oinarri arautzaileek aurreikuspenik ez badute, kontuak diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren aitorpena eta beren kostua izango dute eta gastu bakoitza bereizita azalduko da. Jarduera egiteko epea amaitzen denetik gehienez hiru hilabeteren buruan aurkeztu beharko da. Era berean, aitorpenean diru-laguntzaren pertsona onuradunei buruzko datuak, hala badagokio, sexuaren arabera bereizita sartu beharko dira.

Bestetik, diru-laguntza justifikatzeko arauek plantea daitezkeen salbuespenezko egoeratan justifikazioa luzatzeko aukerarik ez dute eskaintzen eta horrek legearen ikuspegitik ziurtasunik eza sor dezake. Halaber, emandako diru-laguntza baliogabetu gabe akats txikiak konpontzeko aukera ez da aurrez ikusten. 32. artikuluari, diru-laguntzen justifikazioa arautzen duenari, atal osagarri bat eranstea proposatzen da eta aipatu bi ustezkoak kontuan hartuko ditu.

 

32.9. artikulua.- “Diru-laguntzaren xede izan den proiektua, jarduera edo portaera onartzea oinarri arautzaileetan, deialdietan edo ebazpenetan ala zuzenean ematen diren hitzarmenetan xedatutako epeetan justifikatu beharko da. Salbuespenez, behar bezala motibatu diren arrazoi justifikatuengatik, aurrez ikusitako epean ezin badaiteke gauza edo justifika, organo emaileak, betiere emandako epea baino lehen, hori luzatzea erabaki dezake. Diru-laguntza egiaztatzeko organo emaileak onuradunak aurkeztutako justifikazioan konpon daitezkeen akatsak antzematen baditu, jakinaraziko dizkiote eta zuzentzeko epea emango diote.”

33. artikulua.- Gastua onartu eta ordaintzeko prozedura

2. atalean xedatutakoaren arabera, “diru-laguntza emandako xedea bete dela justifikatu ostean ordainduko da”, baina ez da eperik zehazten. Praktikan askotan gertatzen da arrazoizko epeak baino askoz geroago egiten direla ordainketak, beraz, arau horretan epea xedatzea iradoki dugu. Izan ere, hilabetekoa izan daiteke.

35. artikulua.- Emateko ebazpena baliogabetzea

Xedapen honek hitzez hitz hala dio:

35.1. artikulua.- Emate-ebazpena baliogabetzeko arrazoiak ondorengoak dira:

  • a) Herri-administrazioen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian nulutzat jotakoak.
  • b) Kreditua ez izatea edo nahikoa ez suertatzea, gasturako baimenik ez izatea ala hori desegokia gertatzea.

Gure iritziz kreditu “desegokitzat” jotzen dena zer den argitu behar da, ulergaitza baita. Era berean, gure ustez araubidez garatzen denean, arrazoi horrengatik emate-ebazpenaren baliogabetzea hasi eta justifikatzeko administrazioak aurkeztu beharko duen dokumentazioa zehaztu beharko da, babesgabetasun-egoerak edo legearen segurtasunik ezak saihesteko.

36. artikulua.-  Ebazpena berraztertu eta itzultzeko arrazoiak, 1. atala:

Xedapen honen 1. atalean diru-laguntza emateko ebazpena berraztertzera eta, bidezkoa bada, itzultzera bideratuko duten ustezko desberdinak jasotzen dira. Ondoren, hainbat aldaketa proposatzen da. Kasu batzuetan ustezkoak jasotzeko ordenari buruzkoak dira, beste batzuetan, berriz, edukia bera aipatzen dute.

 

36.1. artikulua.- Halaber, berraztertu eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak nahiz diru-laguntza ordaindu zenetik zenbatzen hasita berandutze-interes aplikagarriak itzuliko dira honako kasuetan:
a) Diru-laguntza horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo saihestuko luketen horiek ezkutatuz lortzea.
b) Justifikazioren eginkizuna ez betetzea edo Lege honek eta, bidezkoa bada, oinarri arautzaileek xedatutako baldintzetan nahikoa ez justifikatzea.
c) Diru-laguntzaren xedea kontuan hartuta, jardueraren edo proiektuaren helburua oso-osorik ez betetzea.
d) Diru-laguntza ematearen ondorioz ezarritako baldintzak ez betetzea.
e) Lehen honek 42. artikuluan xedatutakoari jarraiki, egiaztapen eta kontrol finantzarioaren jarduerak burutzearekiko erresistentzia, aitzakia, oztopatzea edo horiei uko egitea.
f) Lege honen 27. artikuluan dauden publizitatearen neurriak hartzeko eskakizuna ez betetzea.
g) Diru-laguntza bakoitzaren oinarri arautzaileetan aurrez ikusitako gainerako ustezkoetan.
h) Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikulutik 109. artikulura bitartean xedatutakoaren babesean, berraztertzea eta itzultzea eskatzen duen erabakia hartzea.

Lehenik eta behin, gure iritziz b) hizkian jasotzen den ustezkoak a) hizkian agertu beharko luke, diru-laguntza lortzeko baldintzei buruzkoa denez, denboran justifikatzeko eginkizuna ez betetzearen aurrekoa baita. Bigarrena ondorengoa da eta, ondorioz, aipatutakoa lehenengo tokian agertu beharko litzateke.

Gero, b) hizkiari (a) hizki bihurtzea proposatzen duguna) aurreproiektuak emandako idazkera aldatzea proposatzen dugu. Batetik, diru-laguntza deialdiaren baldintzak betetzen direnean ematen dela jakina baita, beraz, erakunde aginpidedunak egiaztatu behar du eta baldintzak betetzen ez direla ziurtatzen bada ez da emango. Ondorioz, diru-laguntza eskatutako baldintzak bete gabe lortzen bada, itxuraz, eskatutako baldintzak betetzea faltsutzen da, “eskatutako baldintzen ez betetze” hutsa baino gehiago eta, funtsean ustezko desberdinak dira. Bestetik, aurreproiektuaren idazkerak administrazio-akatsarengatik berraztertzea babesten baita eta planteatzen dugun idazkeran bakarrik faltsutuz gero berraztertuko litzateke.

c) hizkiko ustezkoari dagokionez, gure ustez ez-betetzeak “osoa” izan behar duela zehaztea ezinbestekoa da. Izan ere, zati batean ez betetzearen ustezkoa ez da aurrez ikusten. Kasu horretan, oso-osorik itzultzea zaila eta proportzioz kanpokoa izango litzateke. Horregatik, edozein zalantza saihesteko, komenigarritzat jotzen dugu ez-betetzeak osoa izan behar duela zehaztea.

Azkenik, e) hizkiari dagokionez, erresistentzia, aitzakia, oztopatze edo uko egitetzat jotzeko jardueren izaera zehaztea proposatzen dugu. 42. artikuluari jarraiki, egiaztapen eta kontrol finantzariorako dira eta ez kontrol hutserako.

36 bis artikulua:- artikulu gehigarria eranstea, “zati batean itzultzea” izenburupean.

Artikulu gehigarria sartzea proposatzen dugu hurrengo hitzekin:

 

1. “Diru-laguntza zati batean itzuli behar bada, emateko baldintzen ez-betetzeen mailaketa-irizpideei eta proportzionaltasunaren printzipioari erreparatuko zaie.
2. Oinarri arautzaileetan finkatzen diren mailaketa-irizpideek kontuan hartu beharko dituzte, besteak beste, diruz lagundu den ekintzaren gauzatze-ehunekoa eta onuradunen aldetik helburuaren nahiz eginkizunen betetze-maila”.

l) eta m) hizkietan 9.3. artikuluak xedatutakoarekin bat eta 36.1.a) artikuluari buruz arestian aipatu den argudioari eutsiz, gehiegizkoa da emandako diru-laguntzaren helburua edo justifikazioa zati batean betetzen ez bada, diruz lagundutako jardueren edo helburuen zatia bete denean, diru-laguntza oso-osorik itzuli behar izatea. Horregatik, betetze/ez-betetzearen mailaketa-irizpideak aurrez ikustea proposatzen da, zati batean betetzen ez denean diru-laguntzaren itzultze partziala aurrez ikusi eta modulatzeko.

40. artikulua.- Berraztertu eta itzultzeko prozedura. 4. atala eranstea.

Atal berria eranstea proposatzen da hurrengo idazkerarekin:

 

40.4. artikulua.-“Itzultze-prozeduraren ebazpenak administrazio-bidea amaituko du, diru-laguntzak emateko eta ebazteko organo eskudunek administrazio-bidea agortzen ez dutenean izan ezik. Halakoetan, gorantz jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da hierarkian gorago dagoenaren aurrean”.

Itzultzeko administrazio-prozedurak administrazio-bidea amaitzen al duen ez da aipatzen eta, beraz, klausula batean administrazioaren bidean errekurtsoa jartzeko aukera argitu behar da.

Zigor-araubidea, 44. eta 45. artikuluak

Zigor-araubideak, bakarrik legez arau daitekeenak, gure ustez zehaztasun eta garapen handiagoa eskatzen du. Horrez gain, egoera batzuk zorroztasun gehiegiz kalifikatzen dira eta puntu batzuen proportzionaltasuna ez da egokia. Horri buruz pentsatu beharko litzateke.

Adibide modura, arau-hauste oso larritzat jotzen da jasotako funtsen justifikazioa epez kanpo aurkeztea (44-2-1. artikulua) eta oso zigor larriak ditu (45-1-1. artikulua), beste autonomia erkidego batzuen araudian arau-hauste hori arina denean.

Bestetik, 44-2-1. artikuluak xedatutakoaren babesean, arau-hauste oso larria da, pertsona onuradunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, diru-laguntza ematearen ondorioz ezartzen diren eskakizunak ez betetzea. Xede horrez, eskakizunak dira 14. artikuluko zerrendan agertzen direnak eta oso garrantzi desberdina dute. Ildo horri jarraiki, kalifikazio bera dute diru-laguntza ematea oinarritzat duen jarduera ez egitea eta mintzaira ez-sexista ez erabiltzea eta, noski, zigorra berdina da: isuna, bost urtez diru-laguntza lortzeko eskubidea galtzea eta administrazioarekin kontratatzeko debekua bost urtez ere bai (45-1-3. artikulua). Horrek proportzionaltasun egokiari buruzko zalantzak sortzen dizkigu.

Halaber, gure iritziz 44-2-1. artikuluan xedatutakoarekin bat “ezarritako eskakizunak ez betetzea” blokera bidaltzea ez da aproposa. Ildo horri eutsiz, zehatz-mehatz zehaztu beharko litzateke arau-haustetzat jotzen den jokabidea eta dagokion zigorra egotzi beharko litzaioke, zigor-araubideari eskatu behar zaion zorroztasunari erantzunez.

 V.- ONDORIOAK

 Euskadiko EGABren ustez Euskal Autonomia Erkidegoko Diru-laguntzen Araubideari buruzko Legearen Aurreproiektua izapidetzea egokia da, irizpen honetan egiten diren oharrekin.

 

Bilbon, 2015eko abenduaren 11n.

 

 

O.E. Batzordeburua Idazkari Nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Pérez Málaga