Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 6/16

Irizpena 6/16

6/16 Irizpena, Enplegurako Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortu duen eta horren kalifikazioa eta izen-ematea erregulatu dituen dekretu proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

 I.- AURREKARIAK

2016ko ekainaren 27an, LANBIDE –  Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazkia sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordera, “Enplegurako Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortu duen eta horren kalifikazioa eta izen-ematea erregulatu dituen dekretu proiektuari” buruzko txostena eskatuz, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Dekretuaren xedea Enplegurako Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortzea da, bai eta beren egoitza sozial eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten enplegurako zentro berezien kalifikazioa bertan inskribatzeko prozedura erregulatzea ere, EAEn errotutako lantokietarako. Eta hori, estatuko araua garatzeko xedez, EAEko antolakuntza- eta funtzionamendu-arauei egokitzeko beharra dela-eta.

Berehala bidali zitzaien dokumentuaren kopia Kontseiluko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bidal zitzaten, eta horiek Lan Batzordeari helarazte aldera, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamendu-araudian ezarritakoarekin bat eginez. 2016ko uztailaren 11n, Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen, eta egindako akordioetatik abiatuta, irizpen proiektu hau egin zuen, Kontseiluko ekainaren 15eko Osoko Bilkurara igo zedin. Hor, aho batez onartu zuten.

II.- EDUKIA

Enplegurako Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortu duen eta horren kalifikazioa eta izen-ematea erregulatu dituen dekretu proiektuak hitzaurrea, 10 artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta bi azken xedapen dauzka.

Hitzaurrean azaldu denez, botere publikoek jardunbide irmo bat garatu behar dute, urritasunen bat duten pertsonen aukera berdintasuna sustatuko duten neurriak hartzeari eta oztopoak gainditzeari begirakoa.

Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta horiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorrak, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartu duenak, honela definitu ditu, 43. artikuluan, Enplegurako Zentro Bereziak (EZB): “xede nagusitzat ondasunen edo zerbitzuen jarduera produktiboa duten eta aldizka merkatuko eragiketetan parte hartzen duten horiek, desgaitasunen bat duten pertsonentzako enplegu ordaindua ziurtatzea eta doikuntza pertsonal eta sozialeko zerbitzuak ematea helburu dutenak, eta, aldi berean, pertsona horien kopuru handiena ohiko enplegu araubidean txertatzeko bitartekoa direnak”.

Uztailaren 17ko 1368/1985 eta abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuekin osatu da gai horri buruzko legezko marko orokorra. Horien bidez arautu da, hurrenez hurren, EZBetan lan egiten duten eta desgaitasunen bat duten pertsonen lan-harreman berezia eta EZBen araudia. Azken arau horrek 7. artikuluan xedatzen duenez, aipatu zentroak sortzeko, administrazioek beren eskumenen eremuan sortuko duten Zentroen Erregistroan kalifikatu eta inskribatu beharko dira horiek.

Gauzak horrela, EZBen Euskal Erregistroa sortzea da arau honen xedea, bai eta horiek kalifikatzeko eta inskribatzeko prozedura arautzea ere. Erregistroa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari atxikita dago. Organo horrek dauzka egotzita organismo autonomoaren programak kudeatzeko eta horiei euskarria emateko eginkizunak, laneratze gaietan.

Arauak, batetik, Enplegurako Zentro Bereziek bete behar dituzten betekizunak erregulatzen ditu, horrelaxe kalifikatu ditzaten eta erregistroan inskriba daitezen. Bestetik, horretarako jarraitu behar den prozedura, inskripzio-liburuaren antolakuntza, segimendurako eta kontrolerako jardunbideak eta, azkenik, erregistrotik kanporatzeko eta erregistroa deuseztatzeko arrazoiak eta prozedura erregulatzen ditu.

Hauek dira arauaren atalak:

1. artikulua Xedea

2. artikulua Erregistroaren izaera juridikoa eta adskripzioa

3. artikulua Enplegurako Zentro Bereziko kalifikazioa eskuratzeko betekizunak

4. artikulua Prozeduraren hasiera

5. artikulua Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

6. artikulua Zuzenketa

7. artikulua Prozeduraren izapidetzea eta ebazpena

8. artikulua Inskripzio-liburua

9. artikulua Segimendua eta kontrola

10. artikulua Erregistrotik kanporatzea eta deuseztatzea

Xedapen gehigarria – Erregistroko datuen tratamendua

Xedapen iragankorra – jada badauden Enplegurako Zentro Bereziak

III.- GOGOETA OROKORRAK

Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta horiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua) –aurrerantzean, Lege Orokorra deituko diogu- testu bateginaren 42. artikulutik 46. artikulura jaso da Enplegurako Zentro Berezien (EZBen) oinarrizko erregulazioa. Arau horrek ezartzen ditu EZBak definitzen dituzten funtsezko ezaugarriak (horien xedea, desgaitasunen bat duten pertsonez osatutako gutxieneko plantilla, doikuntza pertsonalerako eta sozialerako zerbitzuak emateko derrigortasuna…), bai eta ordain ekonomikoak jaso ahal izateko aukera ere. Era berean, zuzen aplikatzeko arauzko garapena aurreikusi du, oraindik egiteko dagoena.

Hori egin artean, indarrean jarraituko dute lege hau egin aurretik EZBak erregulatu dituzten arau batzuek. Horien artean nagusia abenduaren 4ko 2273/1985 Legegintzako Errege Dekretua da, EZBen araudia onartzen duena. III. kapituluan ezartzen du, EZBak sor daitezen, halaxe kalifikatu behar direla eta Administrazio Zentralak -edo, bestela, erkidegoetako administrazioek beren eskumenen eremuan- kudeatutako erregistro batean inskribatu behar direla horiek. Bestalde, EZBek, halaxe kalifika ditzaten eta erregistroan sar daitezen, bete behar dituzten oinarrizko betekizunak jaso ditu errege dekretu horrek.

Eta, kontuan hartuta erregistroan inskribatzea beharrezko betekizuna dela EZBek EAEn jardun ahal izan dezaten eta, hala balitz, horientzat aurreikusi diren laguntza ekonomikoak jaso ditzaten, 2273/1985 Errege Dekretuko aurreikuspenak osatzeko asmoa dauka ekimen honek, beste arau ekonomiko batzuek beren erkidegoetan egin dutenaren ildoan, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak 2015eko urriaren 29an onartutako 24/2015 mozioa betearaziz, eta EZBak kalifikatzeko eta erregistratzeko administrazio-markoa sor dezala eskatuz Eusko Jaurlaritzari, sindikatuen eta eragileen parte-hartzearekin batera.

Gure ustez, beraz, aurkezten ari garen dekretu proiektuaren xedea EZBen Euskal Erregistroa sortzea eta horren kalifikazioa eta erregistroa modu osoz eta eguneratuan erregulatzea da; ondo baloratzen dugun ekimena izaki.

Hala ere, honako kontuak adierazi nahi ditugu:

1.- Ohartarazten dugu dekretu hau, esan dugun bezalaxe, behin-behinekoa dela, honi eragin diezaiokeen Lege Orokorraren arauzko garapenaren zain, eta irizpen honetan jorratuko ditugun kontuei eutsi beharko liekeela; hala nola, ohiko enplegurako iragatea sustatzea edo EZBak diru irabazi asmorik gabeko zentrotzat kalifikatzeko betekizunak. Beste alde batetik, bost urte igaro dira dagoeneko gai honen gaineko eginkizun betearazleak eskualdatu zirenetik (2011ko urtarrila).
2.- Lege Orokorraren 43.1. artikuluak xedatzen duen bezala, hau izan behar da EZBen xedea: “ordaindutako enplegua ziurtatzea desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, aldi berean, pertsona horien kopuru handiena ohiko enpleguko araubidean txertatzeko bitartekoa izatea”. Ondorioz, uste dugu ohiko enplegura igarotzen laguntzeko xedea, EZBen xedea, alegia, sendotu beharko litzatekeela dekretu honetan -eta kolektiboari eragiten dion araudi osoan-. Zentzu horretan, proposamen zehatz zenbait egingo ditugu dekretuko atalei buruzko gogoeta espezifikoetan.
3.- Eta desgaitasunen bat duten pertsonen enpleagarritasuna hobetze aldera, baita zailtasun handiagoak dituzten horiena ere, ezinbestekotzat jotzen dugu LANBIDEk (gizarteratzeko eta laneratzeko orduan zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako berariazko enplegu-programak egiteko betekizuna egotzita duen organismoak) kolektibo horrentzako politika aktiboen eredu integratua eta berariazko enplegu-programak gara ditzala, laneratzeari laguntzeko, bai EZBetan, bai ohiko enpresetan, eta dekretu hau eta dekretuak erregulatzen duen erregistroa eredu horren zati izan dadila. Zentzu horretan mintzatu zen Eusko Legebiltzarra 2012ko maiatzaren 24ko saioan, gobernuari neurri egokiak hartzea eskatzearekin bat.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

Hitzaurrea

Garrantzitsua iruditzen zaigu hitzaurreko bigarren paragrafoan EZBen gainean egin den definizioa -Lege Orokorraren 43.1. artikulua errepikatu da hor-: “xede nagusitzat ondasunen edo zerbitzuen jarduera produktiboa duten eta aldizka merkatuko eragiketetan parte hartzen duten horiek”. Izan ere, hain zuzen, EZBek aldizka hartu behar dute parte merkatuko eragiketetan, ohiko enpresekin benetako lehiakortasuna egotea sustatuz.

Zentzu horretan, ideia indartu dadila proposatzen dugu, adierazizegokitzen den hitzarmen kolektiboa aplikatuz egiten dela parte-hartze hori.

3. artikulua Enplegurako Zentro Bereziko kalifikazioa eskuratzeko betekizunak

Lehenik eta behin, desgaitasunen bat duten pertsonak ohiko enpleguan txertatzeko xedearen inguruan egin dugun gogoeta orokorra berretsiz, komeni da h) letra eranstea artikuluko bigarren paragrafoari, EZBko kalifikazioa eskuratzeko betekizunen zerrendan, honako betekizun honekin:

“h) Zentroan desgaitasunen bat dutenen plantilla ohiko enplegura igarotzea errazteko konpromisoa hartzea”

Bigarrenik, diru irabazi asmorik gabeko EZBen modalitatea erregulatzen da artikuluko hirugarren paragrafoan, eta zenbait betekizun bete behar ditu. Beharrezkotzat jotzen bada EZBen kalifikazioan bereizketa egitea, uste dugu aipatu zentroek eskaintzen duten “erantzun sozialaren” inguruan biratu behar duela horrek funtsean, diru irabazia egon ala ez gorabehera.

Ildo horretan, desgaitasun motaren eta mailaren arabera aztertu beharko lirateke desgaitasunen bat duten pertsonek lanean txertatzeko dituzten beharrak, eta EZBek beharrizan horiei ematen dieten erantzunaren maila baloratu, kalifikazio berezia eman ahal izateko hautemandako beharrei erantzun handiagoa ematen dietenei edo pertsona horiek ohiko enplegura eraginkorki bideratzen dituztenei.

Nolanahi ere, EZBen kalifikazioa diru irabazia edukitzearen ala ez edukitzearen arabera ematen denean, iruditzen zaigu 3.3. artikuluak xede horretarako ezartzen dituen betekizunak birpentsatu beharko liratekeela:

  • Hau da lehenengo betekizuna: “zentroaren xede sozialaren helburu nagusia desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzea izan behar da”. Akatsa dagoela uste dugu, izan ere, edozein EZBrako betekizuna da hori [3.2.b) artikuluan ezartzen denaren arabera]; beraz, ezin daiteke “betekizun gehigarritzat” eratu diru irabazi asmorik gabekotzat jotzeko.
  • Ondorioz, hau da EZBa “diru irabazi asmorik gabekoa” dela adierazteko eskatzen den betekizun bakarra: “etekin edo soberakin guztiak xede sozialera edo egiturak hobetzera bideratu daitezela” (3.3. artikulua). Bada, xede berberari heltze aldera, eta dirua irabazteko asmorik ez egotea beste bide batzuetatik indargabetu ez dadin, beste betekizun bat gaineratzea proposatzen dugu:

” Diru irabazi asmorik ez egotearekin bat datorren gehieneko soldata-arkua edukitzea”

5. artikulua Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

EZBen eginkizunari, hau da, desgaitasunen bat duten pertsonak ohiko enpleguan laneratzen laguntzeko eginkizunari buruzko gogoeta orokorra errepikatuz, artikuluaren h) letran 8. puntua eranstea gomendatzen dugu, EZBak erregistroan inskribatzeko eskaerarekin batera aurkeztu behar den memoriaren nahitaezko eduki gisa, honako testuarekin:

8. Inskribatzeko eskaera egin aurretik ibilbidea egina duten Enplegurako Zentro Berezien kasuan, azken bost urteetan Enplegurako Zentro Berezitik ohiko enplegura igaro diren eta desgaitasunen bat duten pertsonen ziurtagiria

9. artikulua Segimendua eta kontrola

Berriro ere, eta EZBek desgaitasunen bat duten pertsonak ohiko enpleguan laneratzen laguntzeko duten eginkizun garrantzitsuari dagokionez, gomendatzen dugu EZBek egiten dituzten jardueren gaineko segimendu- eta kontrol-memoriako edukiei, artikuluko 2. paragrafoan erregulatutakoei, b) letran, zentro horietako plantillaren inguruko inguruabarrak zehaztekoan, aurreko urtean ohiko enplegura igaro diren eta desgaitasunen bat duten pertsonen zerrenda eranstea.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egoki ikusi du “Enplegurako Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortu duen eta horren kalifikazioa eta izen-ematea erregulatu dituen dekretu proiektua” izapidetzea, aholkularitza-organo honek egin dituen gogoetekin.

 

Bilbo, 2016ko uztailaren 15a

 

 

Presidentearen oniritziarekin Idazkaritza Nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez