Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 5/19

Irizpena 5/19

5/19 Irizpena, Euskadiko turismoko enpresa eta jardueren erregistroaren dekretu-proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

 I.- SARRERA

 Martxoaren 15ean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren idazkia sartu zen eta “Euskadiko turismoko enpresa eta jardueren erregistroaren dekretu-proiektuari” buruzko irizpena eskatzen duen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearenak, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Arau honen xedea Euskadiko turismoko enpresa eta jardueren erregistroa oso-osorik arautzea da, indarreko turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen edukiari egokitzeko.

Berehala dokumentuaren kopia bat bidali zitzaien Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamen eta iritziak eman eta Lan Batzorde egokian lantzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudian xedatutakoarekin bat. 2019ko martxoaren 27an Ekonomia Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau formulatu da apirilaren 5eko Batzordearen Osoko Bilkuran lantzeko. Aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Euskadiko turismoko enpresa eta jardueren erregistroaren dekretu-proiektuak” zioen azalpena, 17 artikulurekin 4 kapitulu, bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu.

Lehenik eta behin, egun turismoa antolatzen duen martxoaren 16ko 6/1994 Legea garatzeko 199/203 Dekretua, irailaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko turismoko enpresa eta establezimenduei buruzkoa, indarrean dagoela azaltzen du. Xedapen horren ordez 13/2016 Legea, uztailaren 28koa, turismoari buruzkoa, onartu zen eta egun indarrean dago. Nolanahi ere, 24. artikuluan Euskadiko turismoko enpresen eta jardueren erregistroari dagozkion ezaugarriak definitzen ditu eta antolamendua nahiz funtzionamendua araubidez zehaztea agintzen du. Horregatik, erregistroak arauketa berria eskatzen du, indarreko legezko arauei moldatzeko.

Zehatz-mehatz esanda, erregistroaren egitura legez aurrez ikusitako turismoko establezimendu eta enpresen tipologiari doitu behar zaio. Duten eraginarengatik, besteak beste, turismo-erabilerarako etxebizitzen gelak eta etxebizitzak berak azpimarratu behar dira. Era berean, turismoko pertsona gidariak inskribatu behar dira, jarduera librea izan arren, gaitu behar baitira eta horri erregistroan inskribatu behar da, kultur ondarearen barruan katalogatuak dauden elementuen barnean jardun nahi bada, 13/2016 Legeak, uztailaren 28koak, turismoari buruzkoak, 64. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Horrez gain, inskribapen-prozedurak definitzea komeni da. Horiek erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bitartez egin daitezke, baita administrazio-ebazpen zehatzen babesean ere, turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legeak hala xedatzen duen kasuetan.

Era berean, erregistroaren arauketak bestelako legezko aurreikuspenetara moldatu behar du, hala nola, zehapen zehatzak inskribatzera.

Edukiari dagokionez, I. kapitulua xedapen orokorren ingurukoa da eta honakoak lantzen ditu: dekretuaren xedea, erregistroaren helburua, lege-araubidea eta egitura, baita erregistroaren pertsona arduraduna ere. II. kapituluak turismoko ostatu eta bitartekaritzako enpresen eta jardueren inskribapena du aztergai. Gainera, inskribapenen helburua eta edukia, egiteko bitartekoak, indargabetzea eta inskripzio-prozedura arautzen ditu.

III. kapituluak turismoko pertsona gidari gaituen inskribapena aurrez ikusten du: inskribapenaren helburua eta edukia, Euskadiko turismo-administrazioak eta bestelako administrazioek turismoko pertsona gigari gaituak inskribatzea eta indargabetzea. Azkenik, IV. kapituluak erregistroaren ondoreak eta publizitatea arautzen ditu, berariaz erregistroan dagoen informazioa lortzearekin batera.

Lehenengo xedapen gehigarriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko legedia betetzeko, dekretu hau aplikatzearen ondoriozko dokumentu guztietan sexuaren aldagaia sartzea aurrez ikusten du; bigarren xedapen gehigarriak, ordea, arau berria indarrean sartzen denean, egun indarrean dagoen erregistroaren egoera lantzen du. Xedapen indargabetzaileak erregistroa arautzen zuen aldez aurreko dekretua indargabetzen du. Lehenengo azken xedapenak gerorako uzten du turismoan interesgarriak diren jarduerak egiten dituzten enpresa eta establezimenduen erregistroan sartzeko arauketa. Bigarren azken xedapenak turismoaren arloan sail aginpidedunaren pertsona titularrari baimena ematen dio, erregistroaren egitura eta konposizioa alda dezan. Amaitzeko, hirugarren azken xedapenak dekretua indarrean sartzea aurrez ikusten du.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Guk iritzia emateko “Euskadiko turismoko enpresa eta jardueren erregistroari buruzko dekretu-proiektua” aurkeztu zaigu. Horren bidez, 13/2016 Legeak, uztailaren 28koak, turismoari buruzkoak, 24. artikuluan emandako agindua betetzen da. Izan ere, turismoko enpresen eta jardueren erregistroak bete behar dituen ezaugarri nagusiez gain, 10. atalean xedatutakoaren arabera, “erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua… araubidez zehaztuko da”.

Dekretu honek orain arte indarrean egon dena ordezkatu eta eguneratzearekin batera, lege-agindua betetzen duenez, positiboki balioztatzen dugu.

Orokorrean, turismo-araudia (oinarrizko legea eta araubidezko garapenak) sektorearen aldaketa eta berrikuntzekiko eguneratu eta egokitzearen oso alde gaude, gure herrialdean gero eta garrantzi handiagoa baitu, bai ikuspegi ekonomikotik, baita gizarte-eraginaren ikuspuntutik ere.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

3. artikulua. Lege-araubidea

Artikulu honen 2. atalak xedatutakoaren arabera, “erregistroa turismoaren arloan zuzendaritza eskudunari atxikiko zaio”.

Bestalde, 13/2016 Legeak, uztailaren 28koak, turismoari buruzkoak, 24.1. artikuluan xedatutakoarekin bat, erregistroa “turismoaren arloan Eusko Jaurlaritzako sail aginpidedunari atxikiko zaio”, beraz, argiago gelditzeko, egungo legegintza-jardunari jarraiki, ondoren aipatutakoaren ildotik atala ikuskatzea proposatzen dugu:

“2. Erregistroa turismoaren arloan Eusko Jaurlaritzako sail aginpidedunari atxikiko zaio eta, horren barruan, arloa kudeatzen duen atalari”.

7. artikulua. Inskripzioen edukia

Dagokion inskripzioan informazioa osatzeko, jarduera garatuko den establezimendu edo higiezinarekin komunikazioa erraztuko duela kontuan hartuta, artikulu honetako 2. atalean letra lodiz nabarmentzen den testua gehitzea gomendatzen da:

2. Nolanahi ere, inskripzioan gutxienez ondorengo datuak izendatuko dira:

a) Turismo-jardueraren titularra bada, pertsona fisikoa edo juridikoa identifikatzen duten datuak. Hala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta, izanez gero, merkataritza-izena adieraziko dira.
b) Jarduera garatzen den establezimendu edo higiezinaren posta-helbidea eta, bidezkoa bada, web orria, izanez gero.
c) Telefono-zenbakia, posta elektronikoaren helbidea eta posta helbidea, jardueraren pertsona titularrarekin zuzeneko komunikazioa izateko.
d) Bidezkoa izanez gero, establezimenduaren edo enpresaren mota, modalitatea, espezialitatea eta kategoria edo sailkapena.
e) Ostatu-edukiera, halako enpresen kasuan.”

 Hirugarren xedapen gehigarria eranstea

Segurtasunari begira, xedapen gehigarri bat eranstea gomendatzen da honako testuarekin:

“Izapidetzen ari diren prozedurak

Turismoko enpresen eta jardueren inskripzioak dekretu hau indarrean sartzen denean hasiak badaude, hasi ziren unean indarrean zegoen araudiarekin bat izapidetu eta ebatziko dira”.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABren ustez egokia da “Euskadiko turismoko enpresen eta jardueren erregistroari buruzko dekretu proiektua” izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2019ko apirilaren 5ean

Batzordeburuaren O.E.  Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos  Emilia Málaga Pérez