Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

9/19 Irizpena

9/19 Irizpena

9/19 IRIZPENA adikzioen arloan lanbide-ibilbidea eta jardun onenak aitortu eta horiek zehaztearen inguruko dekretu proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

Ekainaren 25ean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Osasun Sailaren idazkia sartu zen eta irizpena eskatu zuen “adikzioen arloan lanbide-ibilbidea eta jardun onenak aitortu eta horiek zehazteko dekretu proiektuari” buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Arau honen helburua adikzioen arloan aitorpenak eta aipamenak sortu eta arautzea da, jendaurrean mendekotasunen eremuan pertsonen, erakundeen eta administrazio publikoen jarduera nabarmena balioztatzeko. Halaber, adikzioen gaian pertsona horiek prebentzioaren, laguntzaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren edo ikerketaren arloan garatutako jardun onei balioa eman nahi zaie

Berehala agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamenduari buruzko araudiak xedatutakoari jarraiki. Gizarte Garapeneko Batzordea uztailaren 9an bildu ostean, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin da Batzordearen Osoko Bilkurak lan dezan. Bertan uztailaren 16an aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Adikzioen arloan lanbide-ibilbidea eta jardun onenak aitortu eta horiek zehazteko dekretu proiektuak” zioen azalpena, 11 artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu.

Zioen azalpenean adierazitakoaren arabera, 1/2016 Legeak, apirilaren 7koak, adikzio eta droga-mendekotasunen arreta integralari buruzkoak, (2016ko apirilaren 13ko 69. EHAA) ezagutza garatu eta kudeatzeari buruzko bosgarren tituluan euskal administrazio publiko guztietarako sariak eta ohorezko aipamenak sortzeko aukera aurrez ikusten du. Helburua adikzioen eremuan, prebentzio, laguntza, gizarteratze, prestakuntza edo ikerketaren arloetan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak jendaurrean aitortzea da. Era berean, legeak 64. artikuluan xedatutakoarekin bat, sarien edukia eta ezaugarriak araubidez zehaztuko dira.

Ildo horri eutsiz, 2017-2021erako VII. Adikzioen Planak “4. ardatza. Ezagutza, prestakuntza eta ebaluazioa kudeatzea” atalean denboraldi horretarako jarduera-helburutzat du adikzioen eremuan egindako lanarengatik nabarmendu behar diren ekimenak aitor daitezen bultzatzea (4.4. helburua). Helburua honako ekintzarekin gauzatuko da: «Jendaurrean adikzioak prebenitzean, eskaintza murriztean, arriskuak gutxitzean, laguntzean, gizarteratzean, prestakuntzan edo ikerketan eragin positiboarekin lagundu duten pertsonen ala erakundeen lana edo ibilbidea aitortzeko ekintzak eta ekimenak bultzatzea» (10. ekintza).

25/2018 Dekretuak, otsailaren 20koak, adikzio eta droga-mendekotasunen arreta integralerako legean dauden erakunde-tresnak garatzeari buruzkoak, 24.l) artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari adikzioen eremuan lagundu eta babesteko organoari dagokio adikzioen arloan sariak eta aitorpenak kudeatzea.

Aitorpenen xedea adikzioen eremuan pertsona fisiko edo juridikoen, erakunde publiko ala pribatuen edo administrazio eta erakunde publikoen lanbide-ibilbidea balioztatzea da eta, aldi berean, pertsona ala erakunde horiek adikzioen eremuan prebentzio, laguntza, gizarteratze, prestakuntza eta ikerketaren arloetan garatutako jardun onei balioa eman nahi diete.

Arau proiektu honek hurrengo artikuluak ditu:

1. artikulua. Xedea

2. artikulua. Euskadin adikzioen arloan jardun onenekiko aitorpenak eta aipamenak

3. artikulua. Euskadin adikzioen arloan lanbide-ibilbidearekiko aitorpenak

4. artikulua. Aitorpen eta aipamenen izaera

5. artikulua. Kandidaturak aurkeztea

6. artikulua. Sariak kudeatzea

7. artikulua. Deialdia

8. artikulua. Epaimahaia

9. artikulua. Balorazio eta adjudikazio irizpideak

10. artikulua. Ebazpena

11. artikulua. Aitorpenak eta adierazpenak argitaratu eta zabaltzea

III.- GOGOETA OROKORRAK

III.1. Balioztapen orokorra

Guk iritzia azaltzeko “adikzioen arloan lanbide-ibilbidea eta jardun onenak aitortu eta horiek zehazteko dekretu proiektua” aurkeztu zaigu eta 1/2016 Legeak, apirilaren 7koak, adikzio eta droga-mendekotasunen arreta integralari buruzkoak, agindutakoa betetzen du. Hala, 64. artikuluan xedatutakoarekin bat, “euskal administrazio publikoek sariak eta ohorezko aitorpenak sor ditzakete jendaurrean adikzioen eremuan, prebentzio, laguntza, gizarteratze, prestakuntza ala ikerketaren arloan, egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko ala pribatuen jarduera jendaurrean goresteko”. Xede horrez, “sarien edukia eta ezaugarriak araubidez zehaztuko dira”.

Aurrekoari eutsiz, 2017-2020erako VII. Adikzioen Planak bere ekintzen artean ondorengoa aurrez ikusten du: “Jendaurrean adikzioak prebenitzean, eskaintza murriztean, arriskuak gutxitzean, laguntzean, gizarteratzean, prestakuntzan edo ikerketan eragin positiboarekin lagundu duten pertsonen ala erakundeen lana edo ibilbidea aitortzeko ekintzak eta ekimenak bultzatzea”.

Dekretu berri honen edukiak xedapenak betetzen dituenez, positiboki balioztatzen dugu. Hala eta guztiz ere, ondoren zenbait alderdi aipatu nahi ditugu; bata orokorra da eta arauaren eremu subjektiboa du hizpide; bestea, berriz, berezia da eta dekretua 1/2016 Legearen ildoari hobe egokitzeko planteatuta dago.

III.2. Aitorpen edo aipamenen hartzaile izan daitezkeenak

Nahiz eta 1/2016 Legeak mugarik ipini gabe adikzioen eremuan egindako lanarengatik nabarmendu direnen jarduera jendaurrean goresteko ohorezko aipamenak eta sariak sortzea aurrez ikusten duen, orain aurkezten den araubidezko garapenak bi baldintza eskatzen ditu eta asko mugatzen dute hartzaile izan daitezkeenen eremu subjektiboa (2.2. eta 3.2. artikuluak):

1)      “Euskal pertsona fisiko edo juridiko, erakunde publiko ala pribatu edo administrazio publiko…” izan behar dute (zehaztu beharko litzateke “euskal” terminoa bakarrik administrazioak izendatzeko erabiltzen den edo gainerako subjektuei ere zabaldu behar al zaien).

2)      Jarduna edo ibilbidea EAEn garatu behar da.

Muga horiek araubide  gehiegizkotzat jo daitezke, legean zalantzazko justifikazioa baitute (ezin dakizkioke 64. artikuluari lotu).

Nolanahi ere, desegokia izan daitekeela aipatu nahi dugu: sariaren edo aitorpenaren helburua jardunari edo ibilbideari balioa ematea da, ereduak adikzioen arloan hobetzen edo aurrerapausoak ematen laguntzen duen neurrian. Ildo horri eutsiz, interesgarria da hautagaiak hautatzean aukeren sorta hain lurralde txikira, hau da, EAEra ez mugatzea.

Gure ustez, aukerak zabaltzea interesgarriagoa litzateke, sariaren izen handia sarituenekin elikatzeko.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

2. artikulua. Euskadin adikzioen arloan jardun onenekiko aitorpenak eta aipamenak

Artikulu bereko 4. atalak xedatutakoaren arabera, “aitorpen horretarako hautagaiak ez dira izango aurreko deialdian kategoria honetan saritutako pertsonak edo erakundeak”.

Beren ibilbidearengatik dagoeneko goretsitako pertsona edo erakundeei buruz hurrengo edizioetan hautagai ez izateko aurrez ikusitakoak zentzu guztia izan arren, gure iritziz, jardun onenak aitortzearen inguruan, agian, zentzuzkoagoa litzateke epea zabaltzea eta gorespena aurreko bi edizioetan lortu dutenek ezin lortu izatea. Lau urteko tartea legoke.

Hala ere, gure ustez mekanismoa egituratu beharko litzateke gabezia epe hori saihesteko, salbuespenez, justifikatzen duten gorabeherak ematen direla pentsatzen bada.

5. artikulua. Kandidaturak aurkeztea

Artikulu honetako 1. atalak xedatutakoarekin bat, “aitorpen eta aipamenetarako kandidaturak, bai lortu nahi dituzten pertsona eta erakundeek, bai beste edozeinek (pertsona fisiko edo juridikoa, publiko ala pribatua) aurkez ditzakete”.

Hirugarrenak beste baten kandidatura aurkeztearekin ez gaude ados, pribatutasun arrazoietan oinarrituta (norberak erabaki behar du aurkeztu edo ez). Are gehiago, datu pertsonalekin arazoak egon daitezke.

Gainera, artikulu bereko 5. atalean aurrez ikusitakoarekin ez dator bat, honakoa dioenean: “kandidatura aurkeztean berariaz eta legez onartuko dira baldintzak eta eskakizunak…

Aurrekoaren harira, hurrengo aukerako idazkera egitea proposatzen dugu, letra lodiz nabarmentzen diren aldaketekin:

 

“1. Aitorpenen eta aipamenen kandidaturak lortu nahi dituzten pertsona eta erakundeek aurkez ditzakete. Bestela, beste edozeinek (pertsona fisiko edo juridiko, publiko ala pribatu) susta ditzakebetiere, ustezko honetan, datuak babesteari buruzko araudia errespetatuta”. 

Bestalde, artikulu honetako 4. atalak zehaztutakoaren arabera, “ezingo dute parte hartu epaimahaiko kideek, ezta lehenengo mailako senitartekoek ere”.

Gure iritziz erantsi beharko litzateke ezingo luketela parte hartu kide diren erakundeek ere ez.

Eta, ildo beretik, 8.1. artikuluan (epaimahaia) azaldu beharko litzateke epaimahaia osatzen duten sei pertsonek hautagaiekin ez dutela loturarik izango.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren ustez egokia da “adikzioen arloan lanbide-ibilbidea eta jardun onenak aitortu eta horiek zehazteko dekretu proiektua” izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2019ko uztailaren 16an

O.E. Batzordeburua

Emilia M. Málaga Pérez