Agiriak eta lanak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

8/19 Irizpena

8/19 Irizpena

8/19 IRIZPENA edari alkoholiko, tabako-produktu eta nikotina aska dezaketen gailuen eremuan seinaleztapenaren inguruko dekretu proiektuari buruz

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

Ekainaren 25ean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Osasun Sailaren idazkia sartu zen eta irizpena eskatu zuen “edari alkoholiko, tabako-produktu eta nikotina aska dezaketen gailuen eremuan seinaleztapenaren inguruko dekretu proiektuari” buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Arau honen xedea edari alkoholiko, tabako produktu eta nikotina aska dezaketen gailuen publizitatea, sustapena, salmenta, hornidura eta kontsumoa mugatzeko neurriei buruzko informazio-kartelen ezaugarriak eta kokapena arautzea da. Halaber, 1/2016 Legeak, apirilaren 7koak, adikzioen eta droga-mendekotasunen arreta integralari buruzkoak, aurrez ikusitako osasun-ohartarazpenak nabarmendu nahi ditu.

Berehala agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamenduari buruzko araudiak xedatutakoari jarraiki. Gizarte Garapeneko Batzordea 2019ko uztailaren 9an bildu ostean, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin da Batzordearen Osoko Bilkurak lan dezan. Bertan aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Edari alkoholiko, tabako produktu eta nikotina aska dezaketen gailuen eremuan seinaleztapenari buruzko dekretu proiektuak” zioen azalpena, 18 artikulu, xedapen gehigarri bat, iragankor bat, indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu. Era berean, eranskin bat ageri da arauaren artikuluetan arautzen diren kartelen irudiekin.

Zioen azalpenak adierazitakoaren arabera, 1/2016 Legeak, apirilaren 7koak, adikzio eta droga-mendekotasunen arreta integralari buruzkoak, (2016ko apirilaren 13ko 69. EHAA) eskaintza murrizteari buruzko bigarren tituluan hainbat muga aurrez ikusten du edari alkoholiko, tabako produktu eta nikotina aska dezaketen gailuen publizitate, sustapen, hornidura, salmenta eta kontsumoari dagokionez. Era berean, kartelekin seinaleztatu behar dira halako muga edo osasun ohartarazpen batzuk.

Edari alkoholikoei dagokienez, 27. artikuluak xedatutakoaren arabera, 20 gradutik gorako edari alkoholikoen kontsumoa feria, erakusketa eta antzeko jardueretan sustatu behar denean, espazio bereizi eta desberdinduetan egingo da eta bertara ezingo dute adingabeek sartu, adin nagusiko batekin ez badoaz. Sarreran debekuaz ohartarazten duen kartela ipiniko da.

Modu berean, 31. artikuluak ezarritakoarekin bat, horretan ageri diren debekuak eta adierazpenak beren kartelekin joango dira: Adingabeei edari alkoholikoak saldu edo horiez hornitzeko debekua, toki zehatzetan saldu ala hornitzeko debekua, toki zehatzetan 20 gradutik gorako edariak saldu edo horiez hornitzeko debekua, 22:00etatik 7:00etara merkataritza-establezimenduetan edari alkoholikoak saldu ala horiez hornitzeko debekua.

Bestalde, 32. artikuluak xedatutakoaren babesean, 16 urtetik beherakoek debekatuta dute establezimendu publiko itxietan sartu eta horietan egotea, edari alkoholikoak zerbitzatzen badituzte (hala nola, taberna, dantzaleku, diskoteka, ikuskizun edo olgeta areto publikoetan eta, oro har, alkohola kontsumitu edo saltzen den edozein toki edo establezimendu publikotan). Salbuespena da horietara gurasoekin edo pertsona arduradunekin bertaratzea. Aipatutako tokietan ikusgai kartelak ipini beharko dira debekua ohartaraziz.

Tabako produktuei dagokienez, 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, tabako produktuak saldu eta horietaz hornitzea baimenduta dagoen establezimenduetan toki ikusgaian, modu ulergarrian adierazpen-kartelak jarriko dira. Horrez gain, kartelek 18 urtetik beherakoei tabakoa saltzea debekatuta dagoela jakinaraziko dute eta, aldi berean, tabakoa erabiltzeak osasunean sortutako kalteez ohartaraziko dute.

Halaber, tabako produktua makina automatikoen bidez saldu edo ematen bada, makinaren aurreko aldean, argi eta garbi eta ikusgai, azalduko da, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, osasun ohartarazpena tabakoa erabiltzeak osasunean sortzen dituen kalteei buruz, bereziki, adingabeen kasuan (39. artikulua).

Legearen 40. artikuluari jarraiki, sarreran, toki ikusgaian eta modu ulergarrian, legez erretzeko debekua dagoen tokietan tabakoa kontsumitzea debekatuta dagoela iragartzen duten kartelak ipiniko dira. Era berean, nahitaezkoa da erretzaileentzat gaitutako gelak edo guneak seinaleztatzea hoteletan edo antzeko establezimenduetan (41. artikulua).

Azkenik, nikotina aska dezaketen gailuei dagokienez, kartelen bidez jakinarazi beharko da ezinbestez 18 urtetik beherakoei saltzearen debekua, baita makina automatikoen bidez ere (46. artikulua). Halaber, toki zehatzetan ezingo da kontsumitu eta gelak edo antzekoak gaitzeko aukera dago, 47. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Arau proiektu honek hurrengo artikuluak ditu:

1. artikulua. Xedea

2. artikulua. Kartelen ezaugarri teknikoak

3. artikulua. 20 gradutik gorako edari alkoholikoak sustatzen diren guneetan seinaleztapena

4. artikulua. Edari alkoholikoak saldu edo horietaz hornitzea debekatzen den tokietan seinaleztapena

5. artikulua. 20 gradutik gorako edari alkoholikoak saldu edo horietaz hornitzea debekatzen den tokietan seinaleztapena

6. artikulua. Edari alkoholikoak berehala kontsumitzera bideratuak ez dauden merkataritza establezimenduetan seinaleztapena

7. artikulua. Edari alkoholikoak saltzea eta horietaz hornitzea baimenduta dagoen jarduera eta establezimenduetan seinaleztapena

8. artikulua. Edari alkoholikoak zerbitzatzen diren establezimendu publiko itxietan sartzea eta bertan egotea mugatzen duen seinaleztapena

9. artikulua. Tabako produktuak saltzeko eta horietaz hornitzeko baimendutako establezimenduetan seinaleztapena

10. artikulua. Tabako produktuak ematen dituzten makina automatikoetan seinaleztapena

11. artikulua. Nikotina aska dezaketen gailuak merkaturatzeko baimendutako establezimenduetan seinaleztapena

12. artikulua. Nikotina aska dezaketen gailuak saltzeko makina automatikoetan seinaleztapena

13. artikulua. Tabako produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzea erabat debekatuta dagoen tokietan seinaleztapena

14. artikulua. Hotel eta antzeko establezimenduetan seinaleztapena

15. artikulua. Tabako produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzea debekatuta dagoen tokietan seinaleztapena, pertsona erretzaileentzako guneak gai badaitezke

16. artikulua. Pertsona arduradunak

17. artikulua. Arau-hausteak

18. artikulua. Zehapenak

III.- GOGOETA OROKORRAK

Guk iritzia azaltzeko, “edari alkoholiko, tabako produktu eta nikotina aska dezaketen gailuen eremuan seinaleztapenari buruzko dekretu proiektua” aurkeztu zaigu. Nolanahi ere, 1/2016 Legeak, apirilaren 7koak, adikzioen eta droga-mendekotasunen arreta integralari buruzkoak, emandako agindua betetzen du. Bigarren tituluan, eskaintza murrizteari buruzkoan, hainbat muga jartzen dizkio edari alkoholiko, tabako produktu eta nikotina aska dezaten gailuen publizitate, sustapen, hornidura, salmenta eta kontsumoari. Era berean, kartelekin seinaleztatu behar dira halako muga edo osasun ohartarazpen batzuk.

2017-2021erako VII. Mendekotasun Planak adierazitakoari jarraiki, 1/2016 Legea onartzea funtsezko mugarria izan da adikzioak sor ditzaketen legezko substantzien eskaintza murrizteko, publizitatea kontrolatzeko neurriak zorrotzagoak baitira, tabako eta edari alkoholikoen hornidura, salmenta eta kontsumoan muga handiagoak baitaude (lehenengoz debekatuta dago adingabeek alkohola kontsumitzea) eta substantziarik gabeko adikzioen eremuan prebenitzeko neurri bereziak hartu baitira.

Ildo horri eutsiz, kontsultatzen zaigun dekretua positiboki balioztatzen dugu, hiru urteko atzerapenarekin iritsi arren, mugak adieraziko dituzten kartelen forma eta edukiak araubidez berariaz jasotzen direlako, seinaleztapenaren erantzukizuna arautzen delako eta ez betetzearen ondorioz arau-hausteak eta zehapenak definitzen direlako.

Dekretuko artikulu askori eragiten dion alderdi bezala, ordea, araututako kartelak ipintzeari buruz eta, bereziki, edariei erreparatuz (3. artikulutik 8. artikulura), ohiz honakoa adierazten da: “kartelak toki ikusgaian jarriko dira, bai establezimendu, zentro, bulego edo tokirako sarbide guztietan, bai horien barrualdean”, baina aipamen berezia egin beharko litzaioke honakoari: nolanahi ere, establezimenduen sarreran jarriko da eta garbi eta garbi ikusiko da lokalaren kanpoaldetik debekuari buruzko kartela.

Gure ustez horrek kokapena eta helburua sendotuko lituzke.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

10. artikulua. Tabako produktuak ematen dituzten makina automatikoetan seinaleztapena

Artikulu honek xedatutakoarekin bat, “tabako produktuak saltzeko makina automatikoen aurreko aldean kartelak (7. eranskineko eredua) instalatuko dira eta ondorengo informazioa izango dute: “Debekatuta dago adingabeei tabako produktuak saltzea edo horiez hornitzea. Erretzeak zure eta inguruneko pertsonen osasuna kaltetzen du, bereziki, adingabeak badira”.

Xedapen honi dagokionez,  tabako produktuak saltzeko makina automatikoetan, baita nikotina aska dezaketen gailuenetan ere (12. artikulua) komenigarria litzateke seinaleztapenean adierazpen bat eranstea eta makinan kartela ipintzea adingabeentzako kontrol sistema nahitaez eraginda egon behar duela azaltzeko, 1/2016 Legearen 39.3. artikuluak agintzen duen bezala, bete dadin.

13. artikulua. Tabako produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzea erabat debekatuta dagoen tokietan seinaleztapena

Artikulu honetako 2. atalean xedatutakoari jarraiki, “kartelak establezimendu, zentro, bulego edo tokietarako sarbide guztietan jarriko dira, erretzea debekatuta badago, baita barrualdean toki ikusgaietan ere. Establezimendu, zentro, bulego edo tokien barrualdean zenbait gune bereizi badaude, bakoitzean informazio kartel bana ipiniko da”.

Tabakoa kontsumitzeko debekua dagoen tokiei buruz, besteak beste, enpresei dagokienez, interpretazio-zalantza egon daiteke “gune” adierazpenaren irismenaren inguruan eta argitzea komenigarria litzateke.

16. artikulua. Pertsona arduradunak

Artikuluan ezarritakoaren babesean, “1/2016 Legeko 88. artikuluan xedatutakoaren arabera, dekretu honetan ezarritako baldintzetan informazio-kartelak kokatzea horiek jarri behar diren establezimendu, zentro, toki, instalazio edo barrutietako titularren erantzukizuna da. Makina automatikoen kasuan, ardura horiek ustiatzen dituenarena izango da.”

Hala, arauaren mamian deskribatzen diren informazio-kartelak izatea kokatu behar diren establezimenduetako titularren  erantzukizuna da. Baieztapen horri eutsiz, gure iritziz artikuluak kontzeptua argitu beharko luke, zalantzak baitaude establezimenduaren titularrari buruz: jabea, ustiatzen duena, ustiapenaren titularra…

Gainera, kontuan hartu behar da 1/2016 Legearen 88. artikuluaren idazkera ez dela berdina. Horretan azaldutakoari jarraiki, arduraduna arau-haustea egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa da, egiletzat hartzen baita eta eransten du berarekin batera, arduraduna establezimenduaren titularra izango dela, beraz, bien artean desberdintzen du. Gure ustez, kontsultatzen zaigun proiektuan ez dago argi oso alderdi garrantzitsua, hain zuzen, arau-haustearen arduraduna identifikatzea.

Xedapen gehigarri bakarra. Kartelak.

Oso positiboki balioztatzen dugu dekretu honek ezartzen dituen eskakizunak bete daitezen erraztea eta, horretarako, xedapen honetan aipatutako web orriaren bitartez kartelen ereduak deskargatu ahal izana.

Aurrekoaren harira, era berean, komenigarria litzateke bide beretik behar bezala seinaleztatzeko argibideak eskuratzea. Horregatik, letra lodiz aipatutakoa  gehitzea gomendatzen dugu:

 

“Xedapen gehigarri bakarra. – Kartelak eta seinaleztapen argibideak.

Dekretu honetan aurrez ikusitakoa bete dadin errazteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Adikzioen Zerbitzuko Adikzioen Zerbitzuari dagokion web orritik kartel-ereduak deskarga daitezke http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/adicciones/inicio/Era berean, web orri horretan seinaleztapen argibideak deskargatzeko aukera dago.”

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren ustez egokia da “edari alkoholiko, tabako produktu eta nikotina aska dezaketen gailuen eremuan seinaleztapenari buruzko dekretu proiektua” izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2019ko uztailaren 16an

O.E. Presidentea

Emilia M. Málaga Pérez