Berriak > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 23 uztailak 2015

Ekainaren 26ko osoko bilkuran onartu da 2014ko Memoria Sozioekonomikoa; hau da, araudian ezarritako epeen barruan onartu da. Orain Eusko Jaularitzak, Eusko Legebiltzarrak eta Sozietate Zibilak berak dute memoria; beraz, EGABek 2014. urte osoko ekonomia eta gizarte alderdiei buruz zein ikuspegi duen jakingo dute. 

Erakunde aholku-emaile honetan dauden erakundeen adostasuna eta jarrera komuna lortzeko ahalegina islatzen dira txosten hau egiteko prozesuan; hau da, gizarte zibil antolatuko ordezkarien eta ekonomi eta gizarte eragileen adostasuna. Euskal Autonomia Erkidegoko egoera sozioekonomikoaren gaineko baterako gogoeta eta diagnostiko partekatu horiek are gehiago izan behar dira aintzat, kasu askotan kontrako interesak dituzten erakundeetakoak direlako eta, beraz, gatazkan sar daitezke, are gehiago krisi ekonomikoaren ondorioz bizi izaten ari garen garaian. 

Memoriaren edizio honetako alderdi garrantzitsuenetako batzuk jarraian azaltzen dira:


Ekonomia: hazkundera itzultzea

Gaur egungo egoeran ahultasunaren eta ziurgabetasunaren zantzuak agerian egon arren, jarduera ekonomikoa apurka-apurka haziko dela erakusten digun inflexio-puntu batean gaude. 2013. urtean hasitako susperraldiak aurrera egiten jarraitzen du eurogunean, eta Espainian sumatzen den egoerari erreparatuz gero, badirudi jarduera ekonomikoa suspertu egingo dela.

 

EAEri dagokionez, uneko egoerari buruzko informazioak berretsi digu susperraldira itzuliko garela eta barneko eskariak gora egingo duela; hain zuzen ere, enplegua berreskuratzeko, euskal enpresa eta familien palanka-efektuaren desagerpenerako, finantzatzeko kostuaren murriztapenetarako, kanpoko sektorearen bulkada-efekturako eta konfiantzaren berrezarpenetarako joerak eusten dio horri.

 

Susperraldiko testuinguru honetan, EGABek euskal enpresa sarearen dimentsioagatik kezkatuta dagoela adierazi du; izan ere, horri buruz hausnartzeaz gain, jardutea ere beharrezkoa da. Uste dugu politika publikoak, bereziki, berrindustrializaziora zuzendu behar direla, eta, horretarako, krisialdiaren aurreko garaian industria-sektoreak BPGan zeukan kuota berreskuratzea izan beharko litzateke jomuga.


Enplegua: behin-behinekotasunak eta lanaldi partzialak gora egin dute

2009. eta 2013. urteen artean, ia-ia ehun mila lanpostu galdu ziren Euskadin, kopuru osoaren % 10. Gero, 2014. urtean inflexio-puntu positibo bat sortu zen, nahiz eta sortutako enplegua behin-behinekotasunagatik zehazten den; izan ere, 2014. urtean sinatutako kontratuen % 5ek bakarrik izan zen mugagabea. Gainera, kontratazio partziala ere ageri da, krisiaren aurreko egoera bikoiztuz, eta langabeziaren eboluzio negatiboa ere bai, biztanle aktiboen zenbatekoak gora egin baitu.


Euskadin, langabezia tasa % 15etik hurbil dago, eta epe luzeko langabezia (langabeak % 57,4 izatetik % 65 izatera iritsi dira 2013. eta 2014. urteen artean) eta langabezia-prestazioen epeak amaitzea ugaritu da; hori dela eta, enpleguko politika aktiboak are garrantzitsuagoak dira lan-merkatuan sartzeko eta gizarte ongizatea lortzeko funtsezko elementu gisa. 30 urtetik beherako gazteen langabeziaren bilakaera kezkagarria da, krisiaren hasieratik boskoiztu egin delako eta Europar Batasunean eredu diren herrialdeetakoa baino askoz okerragoa delako.


Hezkuntza: Lanbide Heziketa teknikoa sustatzea

Hezkuntzari dagokionez, hezkuntzaren inguruko adierazleak nahiko egokiak dira. Zientzia eta Teknologiako goi-mailako graduazio-tasa eta ikasle bakoitzak egiten duen gastua altuak dira. Bestalde, irakasle bakoitzeko dagoen ikasle kopurua egokia da. Eskolaratze-tasak, eskola behar baino lehen uztearen tasak, ikaskuntza iraunkorrarenak eta biztanle gazteen prestakuntza-mailak EBko bataz besteko xede edo mailarekin bat egiten dute. Eta helduen ikasketa-maila eta ikaslearen adinaren egokitasunaren tasa hobetzen ari dira.


Testuinguru horretan, EGABek Lanbide Heziketan izan den matrikulazioaren igoerari buruz hausnartzen du (Batxilergokoa baino txikiagoa izaten jarraitzen du), baita emakumeek lanbide-heziketako ikasketetan duten parte-hartzeari buruz ere; batez ere, profil teknikoa dutenean, laneratzeko aukera gehiago baitute. 

 

Egiaztatu dugu EAE oso bideratuta dagoela goi-mailako hezkuntzara, eta komenigarritzat jotzen da egitura ez hain lineala izatea, hau da, malgutzea eta inguruneak eduki ditzakeen unean uneko beharrizanei erantzuteko moldatzea. Horrez gain, LHn profil teknikoak gehiago sustatu behar dira eta eskari handiagoa baina laneratze maila txikiagoa duten arlo profesionalen aurretik jarri.


Galera demografikoa

Euskal Autonomia Erkidegoak galera demografikoari aurre egin behar dio kopuru absolutuetan; izan ere, kaltetu egin dute, bai lanerako adina duten biztanleen segmentuaren beherakadak, bai adineko taldeek progresiboki gora egiteak.

 

Jaiotza-tasa Europako herrialde gehienetan baino txikiagoa da, eta familia-bizitza eta lana bateratzeko zailtasunak galga besterik ez dira. Beraz, euskal herritarrak, gizarte- eta ekonomia-eragileak eta botere publikoak arreta handiagoz jabetu beharko lirateke EAEn nagusi den lan-kontziliazioaren gaineko sistemaren egungo ahultasunaz.

 

Immigrazioari erreparatzen badiogu, egiaztatu dugu etorkinen familien bizi-baldintzak narriadurak pairatzen ari direla, batez ere, erkidegoz kanpoko pertsonen bizi-baldintzak. Horren haritik, esan behar da aipatutako taldearen pobrezia-tasa % 50 ingurukoa dela.


Pobreziak eta bizi-itxaropenak gora egin dute

Krisialdiak azken urteetan izandako eragina begi-bistakoa da. Benetako pobreziak biztanleen % 5,9 hartzen du, 127.000 pertsona inguru, eta 1,7 puntu igo da, 2008. urtearekin alderatuz gero.

 

EGABek krisialdiaren ondorioei buruz ohartarazten du, 2008. urtera arteko aurrerapenak kinka larrian jartzen hasi baitituzte. Hala ere, EAEko pobreziaren eta bazterkeriaren arriskuak tasa erlatiboki txikietan jarraitzen du EBren baremoaren arabera: euskal gizarteak babes sozialeko egiturak eta birbanaketa-mekanismoak sortzeko egiten duen ahalegin kolektiboaren lagin bat da, gizarte-kohesioa oso handia ahalbidetzen duena. Hain zuzen ere, hori da EGABek nabarmendu eta mantendu nahi duena.

 

Beste alde batetik, bizi-itxaropenak gora egin du Euskadin, bai gizonena, bai emakumeena. Alabaina, neurri handi batean, mendekotasuneko bizi-itxaropenaren igoeraren kontura hasi da, batik bat, emakumeen kasuan. EGABren ustez, egoera horri irtenbidea emateko behar-beharrezkoa da zahartze aktiboa sustatzen duten politika publikoak bultzatzea, halakoek sorraraz baititzakete gizarteratze-era berriak nagusientzat, bai eta jarduera ekonomikoaren hobi berriak azaleratu ere. 


Gizarte babesa: batezbestekoaren gainetik

Gizarte babesari dagokionez, EAEk aldeko posizio garrantzitsua du Europako testuinguruan. Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren eta DSBEren gastua eta onuradun kopurua Espainiako batezbestekotik askoz gorago geratu dira: EAE Estatuko funts guztien % 41,8 da (estaldura-tasa milako 34 da, eta Estatuko batezbestekoa, aldiz, milako 5,48).

 

Hala eta guztiz ere, EGABek uste du sistemak lanerako bidea erraztu behar duela, laneratzea politika aktiboen bidez hobetuz; bereziki, epe laburrean, langabezia-prestazioak agortu dituzten langabeen kopuruak gora egitearen ondorioz, babeserako beharrak haziko baitira.


Horrenbestez:

  • Gizarte eta ekonomia ikuspegiari erreparatuz gero, 2014. urtea zaila suertatu da. Hala ere, jarduerak eta enpleguak goranzko joera nabaria izan dute urteko lau hiruhilekoetan.
  • Susperraldi hori 2015. urteko lehenengo hiruhileko datuekin sendotu da, eta, berehalako aukerak hobetu direnez, horizonte itxaropentsuago bat aurreikus daiteke.
  • Gure erkidegoko egoera ekonomiko eta sozialak Europako herrialde nagusiekin bat egiten du.
  • Etorkizuneko erronkak garrantzitsuak izango dira, gure produkzio-ereduari eta lortutako ongizatearen estatuaren sendotzeari dagokienez.