Berriak > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteazkena, 30 irailak 2015

  • EGABen ustez, egoki da “Dopinaren aurkako legeria mundu mailako kodera egokitzeari buruzko Lege Aurreproiektua”, kontsiderazio batzuekin. Indarrean dagoen legea mundu mailako kodera egokitzean datza, pasa den urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen horretara. 
  • Beste kontsiderazio batzuen artean, kirolariaren behin betiko zigorrari behin-behineko zigorra kentzeko eskatu du EGABek, horrela zigor bikoitza ekiditeko. Arau-hausteen tipifikazioan nahitasuna barne hartzeko ere eskatu du.


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du “Dopinaren aurkako legeria mundu mailako kodera egokitzeari buruzko Lege Aurreproiektua” izapidetzea, aholku-organo honen kontsiderazioekin batera. 

Kontsultatutako ekimenaren helburua indarrean dagoen dopinaren aurkako legea (12/2012, ekainaren 21ekoa) dopinaren aurkako mundu mailako kodera egokitzea da. Era berean, barne hartu nahi du Estatuko eta EAEko Administrazioen arteko Alde Biko Lankidetzarako Batzordeak gai horren inguruan hartu berri duen erabaki bat eta Euskal Herriko dopinaren aurkako erakunde modura aitortu nahi du Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia. 

Dopinaren aurkako mundu mailako kode berria -2013an Johannesburgon egin zen Dopinaren Aurkako Mundu Mailako Konferentziatik eratorria- 2015eko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean eta berritasun garrantzitsuak ekarri zituen dopinaren arloko arau-hausteen tipifikazioari, zigorraldiei eta preskripzio aldiei dagokienez. 

Dopinaren aurkako borroka 

Eusko Legebiltzarrak kirolaren arloko dopinaren aurkako lehenengo lege autonomiko espezifikoa onetsi zuen 2012an. Garai hartan EGABek horren inguruko irizpena eman zuen. Kirolak "pertsonen prestakuntzari eta beren garapen osoari mesede egiten diela eta beren bizi-kalitatea eta gizabanakoaren eta gizartearen ongizatea hobetzen dituela" azpimarratu zuen, eta "dopinak beren balio eta oinarrien antinomia adierazten duela". 

Oraingo irizpenean, EGABek modu positiboan baloratu du dopinaren aurkako mundu mailako kodearen aldaketa nagusiak testuan sartzea eta azpimarratu du dopinaren aurkako borroka "modu integralean ulertu behar dela, prebentziozko neurrien garrantzia aitortuz”. Horrenbestez, araudiak “erakunde profesionalek eta kirolariek kirol errendimendua hobetzeko erabiltzen diren substantzia eta metodoek osasunean izan dezaketen eraginaren gaineko ikerketa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta informazioa" bildu behar ditu batez ere.

EGABen analisiak kontsiderazio zehatz batzuk barne hartzen ditu, besteak beste, kirolariaren behin betiko zigorrari behin-behineko zigorraldia kentzeari buruzkoa, zigor bikoitza ekiditeko; edota arau-hausteen tipifikazioan nahitasuna sartzea.

Amaitzeko, euskal aholku-organoak generoaren ikuspegia eta lengoaiaren hizkuntza ez sexista azpimarratu nahi izan ditu aurreproiektua idazteko, jardute onaren eta Berdintasunaren Legea betetzen denaren seinale.


14/15 Irizpena Dopinaren aurkako legeria Dopinaren Aurkako Munduko Kodeari egokitzeari buruzko Legearen Aurreproiektuari buruzkoa.